Euskal Kantagintza Berria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Kantagintza Berria euskal kulturako mugimendua izan zen, 1961etik 1980ko hamarkadara arte Euskal Herrian jardun zuena. Nova Cançó Catalana-ri jarraituz sortu zen, euskal kultura azpiratua zegoen garai hartan. Euskal abesti herrikoiak jendartean entzuten ez zirenez, kanta zahar horiek hartu eta jantzi berriekin aurkeztu zituzten, bai eta euskal abestietan politika eta gizarte gaiak sartu ere, euskaldun jendea pizteko, «zegoen egoeratik esnatzeko».[1]
Formaren ikuspegitik, Kataluniako, Frantziako eta Ameriketako hainbat egile abeslari hartu zituzten eredutzat. Edukiaren aldetik, Nova Cançó mugimenduan bezala, gizarte injustiziak salatu eta bertako hizkuntza aldarrikatu zuten, Frankismo garai hartan. Baina, Katalunian ez bezala, Euskal Herrian elebakarra izan zen kantagintza hori (hain zuzen ere, euskaratik datorkio euskal izendapena). Katalunian elebitasunera jo zuen hainbat kantarik (Joan Manuel Serratek, kasu).[2]
XIX. mende bukaeratik zetorren kantagintza tradizionalean, abestaldeen kantu polifonikoa zen nagusi: abesbatzak, zortzikoteak, kantutegi tradizionaleko abestiak, musika klasikoaren ildoari jarraitzen zioten zenbait tenorino eta opera abeslari... Kantagintza Berriak, ideologia berriak sartzeaz gain, kantautorearen irudia ekarri zuen agertokira. Taldeetan abesteko ohituraren aurrean, kantautoreak «bakardadearen aroa» hasi zuen, JosAnton Artzeren hitzetan; kantautorea bakarrik dago taulen gainean, munduari, bizi dituen arazoen aurrean, askatasun mezu bat kantatzen.[3]