Hylobatidae
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hylobatidae primate hominoide familia da, siamang edo giboi gisa ere ezagutzen dena.[1][2]
Hylobatidae | |
---|---|
Miozeno-gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Primates |
Superfamilia | Hominoidea |
Familia | Hylobatidae Gray, 1870
|
Generoak | |
| |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Mugimendua | brachiation (en) |
Masa | 8,5 kg |
Eguneko zikloa | eguneko |
Beste hominoideengandik bereizten dira, batez ere, tamaina txikiagokoak direlako, gorputzaren tamainari dagokionez, beso luzeak dituztelako, zuhaitzetako bizimodu bereziagatik, brakiazioa lokomozio-mota nagusi gisa erabiltzeagatik eta bikote monogamiakoetan oinarritutako gizarte-antolakuntzagatik[3]. Beste hominoide batzuk bezala, garezurreko barrunbea bolumen handikoa dute; betzuloak handiak dituzte eta espezie batzuek deiak areagotzeko aukera ematen dien zaku gularra dute lepoan[4][5]. Egunez lortzen dute janaria, eta espezie gehienak fruta mamiz elikatzen dira batez ere[6], elikadura hostoekin eta ornogabeekin osatuz[7].
Asiako hego-ekialdeko lurralde gehienetan bizi dira, oihan tropikal euritsuan zein subtropikalean[8], batez ere behe-eremuetan[9]. Batez beste, lau partaideko talde txikiak osatzen dituzten gizarte- eta lurralde-animaliak dira, bikote monogamo batek eta haien seme-alabek osatuak[10]. Lurralde hori aktiboki babesten dute, eta balizko arerioak urruntzen dituzte erakustaldien bidez, batez ere ahotsezkoak: talde bakoitzeko helduek bikoteka abisu-kanta ozenak abesten dituzte[6].
Familiako espezie guztiak galzorian daude, Asiako hego-ekialdeko giza populazio gero eta handiagoak euri-oihana soildu, hondatu eta zatikatu die, lurra hainbat jarduera ekonomikotara eskaintzeko. Gizakiaren presentziak populazioaren txikitu dieten beste hainbat jarduera ere bultzatu ditu, hala nola ehiza, haragia aprobetxatzeko edo sendagai tradizional gisa edo maskotatzat saltzeko edo zoologikoetan erakusteko[11]. IUCNren Zerrenda Gorrian, espezie gehienak gartzeko arriskuan sailkatuta daude eta bi arrisku larrian daude[12]. Bi urtean behingo The World's 25 Most Endangered Primates 2016-2018 argitalpenean ere, espezie bat ageri da[13].