Industria Iraultza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Industria iraultza XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran Britainia Handian sortu eta mundu osora zabaldu zen aldaketa teknologiko, sozioekonomiko eta kulturala izan zen. Horri esker, industrian eta makinerian oinarritutako ekonomiak eskulan tradizionalaren lekua hartu zuen. Oihal-industrian zein altzairua ekoizteko tekniketan hasita, kanalen nahiz errepideen (eta, geroago, burdinbideen) sorkuntzak eta hobekuntzak produktu berrien salerosketa erraza eta azkarra ahalbidetu zuten. Hasiera batean ikatzez hornitutako lurrun makinek zein oihal industriako mekanizazioak ekoizpen ahalmena handitu zuten. Metal hutsezko makineriak eta lanabesek beste industriak mekanizatzeko prozesua erraztu zuten XIX. mendeko lehen bi hamarkadetan.[1]
Industria Iraultzaren garaia zehazterakoan historialariak ez datoz bat. Eric Hobsbawmen arabera, 1780ko hamarkadan sortu eta 1830ekoan edo 1840koan "lehertu" zen. T. S. Ashtonek, aldiz, 1760 eta 1830 bitartean gauzatu zela dio.
Mendebaldeko Europara eta Ipar Amerikara hedatu zen XIX. mendean zehar, eta, hortik, mundu osora. Gizartearen gaineko eragina egundokoa izan zen, eta askotan Neolitoko Iraultzarekin alderatzen da.[2]
1850 inguruan Bigarren Industria Iraultza deritzona sortu zen, etapa honetan, elektrizitateak eta petroleoak, ikatzaren lekua hartu zuten energia iturri bezala, elektrizitatearen aurkipenarekin eta aplikazioekin batera teknologiaren garapen izugarria egon zen lurrunontzien eta burdinbideen garapenak ekonomia eta teknologia bultzatu ahala. Geroago, XIX. mendearen bukaeran, barne errekuntzako motorraren eta argindarraren sorkuntza zirela eta, garapen ekonomiko eta teknologiko hori sakondu egin zen.[3]