RNA mundua
Biziaren eboluzioan, DNA eta proteinak agertu aurreko garaietan, RNA-molekulak erreplikazioaz eta funtzio katalitikoez arduratzen zirela proposatzen duen hipotesia / From Wikipedia, the free encyclopedia
RNA munduaren hipotesia biziaren sorrera azaltzen duen hipotesietako bat da. Hiru domeinuen sistemako kiderik sinpleenek ere DNA erabiltzen dute euren geneak kodetzeko, eta RNA eta proteina kopuru handi bat instrukzio horiek "irakurri" eta hazi, mantendu eta autoerreplikatzeko.
Aurkitu zenean erribozima izeneko RNAzko molekulak bere buruaren kopiak katalizatu ditzakeela eta, aldi berean, proteinak sor ditzakeela pentsatu zen hasierako bizi osoa RNAn oinarritua egon zitekeela[1]. Hipotesi horren arabera RNA mundu bat eratu ahal izan zuten, non indibiduoak zeuden baina ez espezieak, mutazioak eta geneen transferentzia horizontalak eragingo baitzuen belaunaldi bakoitzaren genomak ez izatea euren gurasoenak bezalakoak[2]. Beranduago, DNAk RNA ordeztuko luke, askoz egonkorragoa delako eta, beraz, genoma luzeagoak egin ditzakeelako, organismo bakar batek dituen gaitasunak biderkatuz[3]. Erribozimak dira, gaur egun, erribosomen konponente nagusia, zelula modernoen "proteinen fabrikak"[4].
Euren burua kopiatzeko gai diren RNA molekula larriak sortu dira, artifizialki, laborategietan[5], baina hau prozesu natural ez biologiko baten bidez sor daitekeenaren dudak daude[6][7][8]. Agian lehen erribozimak azido nukleiko sinpleagoz eratu ziren, peptido azido nukleiko, treosa azido nukleiko edo glizerol azido nukleikoa kasu, eta beranduago RNAk ordezkatu[9][10]. Beste erreplikatzaile batzuk ere proposatu dira RNA munduaren aurretik, tartean kristalak[11] edo sistema kuantikoak[12].
2003an proposatu zen sulfato metal prezipitatuen poroek RNA sintesia lagundu zezaketela 100 °C inguruan, ozeano hondoko iturri hidrotermalen presioetan. Hipotesi honen arabera, proto-zelulak metalezko substratu horren poroetara loturik egongo lirateke lipidozko mintzak garatu arte[13].