From Wikipedia, the free encyclopedia
Sudango Bigarren Gerra Zibila Sudango gobernuaren eta Sudango Herriaren Askapenerako Armadaren arteko gatazka armatua izan zen, 1983an hasi eta 2005ean amaitu zena. Hein handi batean, 1955–1972 bitarteko Sudango Lehen Gerra Zibilaren jarraipena izan zen. Hego Sudanen hasi zen arren, Nilo Urdinera eta Nuba mendietara ere hedatu zen. 22 urte iraun zuen, eta bi milioi pertsona inguru hil ziren, gehienak zibilak, gerrak eragindako gosete eta eritasunengatik. Beste lau milioi lagun desplazatuak izan ziren, eta giza eskubideen urraketa ugari gertatu zen. Gerra amaitu eta sei urte geroago Hego Sudan independizatu zen.[1][2]
Sudango Bigarren Gerra Zibila | |||
---|---|---|---|
Hego Sudan Sudango maparen barnean | |||
Data | 1983ko ekainak 5–2005eko urtarrilak 9 | ||
Lekua | Nilo Urdina, Nuba mendiak, Hego Sudan | ||
Emaitza | Hego Sudanen independentzia 2011ko erreferendumaren ondoren | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Galerak | |||
1–2,5 milioi hildako (gehienak zibilak) |
1972ko Addis Abebako akordioak amaiera eman zion Sudango Lehen Gerra Zibilari. 1983an, ordea, Gaafar Nimeiry jeneralak xaria (lege islamikoa) ezarri zuen Sudan osoan, hegoaldeko biztanleak kristauak edo animistak zirela kontuan izan gabe. Neurri horren ondorioz, John Garang jeneral kristauak Armada utzi eta Sudango Herriaren Askapenerako Armada (SPLA) sortu zuen herrialdearen hegoaldean, Khartumgo gobernuaren aurka borrokatzeko.[3][4] Lehen Gerra Zibilean gertatu bezala, bi aldeek erabili zituzten haur soldaduak.[1]
1985ean, estatu kolpe batek Gaafar Nimeiry eraitsi zuen, baina haren ondorengoek ez zuten lege islamikoa kendu. 1986an, Sadiq al-Mahdiren gobernuak elkarrizketak abiarazi zituen SPLArekin. 1988an, SPLAk eta Batasunaren Alderdi Demokratikoak (DUP) bake plan bat adostu zuten, besteak beste xaria geldiaraztea eskatzen zuena. Sadiq al-Mahdiren gobernuak bake plana onartu zuen 1989ko otsailean; baina ekainean estatu kolpea jo zuten militarrek, Omar al-Bashir buru, akordioa errefusatu zuten. Garai hartan, matxinoen esku zeuden Equatoria, Bahr el Ghazal eta Nilo Garaia, eta indar handia zeukaten Darfur, Kordofan eta Nilo Urdina probintzietako hegoaldean; gobernuak, berriz, mendean zituen hegoaldeko hiri batzuk, hala nola, Juba, Wau eta Malakal.[2]
Gerraren eta lehortearen ondorioz, 1991n gosetea hedatu zen Sudanen.[2][5] Urte horretan, zatiketak gertatu ziren SPLAren barnean: John Garangek erregimen politiko berria ezarri nahi zuen Sudan osoan, baina beste buruzagi batzuek herrialdearen hegoaldea independente bihurtzea proposatu zuten.[6] Fakzioen arteko liskarrak jazo zirenez gero, matxinoek sinesgarritasuna galdu zuten. 1993an, SPLA United izeneko koalizioa eratu zuten hiru talde nagusiek. Etiopiak, Eritreak eta Ugandak eman zioten laguntza koalizio horri.[2]
1999an petrolioa sartu zen gatazkaren jokoan. Urte horretan hasi ziren erregaiaren esportazioarekin, eta petrolio putzu gehienak hegoaldean zeuden. SPLA gerrillaren eta Sudango Armadaren arteko borrokaldiak berean zirauen bitartean, gobernua hegoaldeko lurraldeetako biztanleak kanporatzen saiatu zen. 2001ean armadak hiru astez bonbardatu zituen Nuba mendiak.[3]
2001eko uztailean, Sudango gobernuak onespena eman zion Egiptok eta Libiak eginiko bake proposamenari, eta bakerako bidea ireki zuen. 2002ko urtarrilean, Nuba mendietan sei hilabeterako su-etena hitzartu zuten, eta uztailean oinarrizko bake akordio bat sinatu zuten Kenyako Machakos hirian.[3] Azkenik, 2005eko urtarrilaren 9an Bake Itun Zehatza (Comprehensive Peace Agreement, CPA) izenpetu zuten Sudango Errepublikako gobernuak eta Sudango Herriaren Askapenerako Mugimenduak Kenyako [[Naivasha]n.[2] Sinaturiko akordioaren arabera, hegoaldea xariatik salbuetsi, sei urterako administrazio autonomo bat ezarri, eta ostean hegoaldearen independentziarako erreferenduma egin beharko zen.[3][7] 2011ko urtarrilaren 9-15 bitartean egin zen independentziarako galdeketa, eta herritarren %98,7k baiezkoaren alde bozkatu zuten.[8]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.