t.A.T.u.
From Wikipedia, the free encyclopedia
t.A.T.u. (idazkera zirilikoz, Тату) 1999. urtean sortutako talde errusiarra da. Taldea Ivan Xapobalovek sortu zuen Moskun eta Lena Katina eta Julia Volkova abeslariek osatzen dute. 2000ko hamarkadan Errusia eta Ekialdeko Europa guztia asaldatu eta herritarren morala azpikoz gora jarri zuten. Mundu osoko errusiar talde ezagunena da eta abeslarien hasierako estetikak ere marka sakona utzi du Japonia eta Mexiko bezalako herrialdetan.
t.A.T.u. | |
---|---|
Abeslariak 2003. urtean | |
Datuak | |
Jatorria | Mosku, Errusia |
Musika mota | Pop, pop rock, rock alternatibo eta elektroniko, synthpop, techno, dance pop [1] |
Urteak | 1999-2011, 2014 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Neformat, Universal, Interscope, T.A. Music, Soyuz Music, Misteriya Zvuka, Coqueiro Verde, Pelo Music |
Taldekideak | |
Lena Katina Julia Volkova | |
Informazio gehigarria | |
www.tatu.ru | |
Hasiera batean, abeslariak bikote homosexual moduan aurkeztu ziren, baina 2003. urtean ateratako t.A.T.u.-ren anatomia dokumentalean aitortu zutenez, ekoizleek behartutako itxura besterik ez zen izan. Urte batean, taldea Errusia eta Ekialdeko Europa osoan egin zen ezagun 2000an argitaratutako Ja Soxla S Uma abestiari esker. 2001ean Ivan Xapovalovek Universal Music diskoetxarekin kontratu bat sinatu eta urte berean t.A.T.u.-ren lehenbiziko diskoa atera zen, 200 Po Vstretxnoi. Izugarrizko arrakasta izan ostean, 2002. urtean, ingelesezko bertsioa kaleratu zen, 200 km/h in the Wrong Lane. Disko honek eta abeslarien jarrera probokatzaileak munduan zehar ezagun bihurtu zituen. Diskoko abesti ospetsuenen artean aipatzekoak dira All the Things She Said, Not Gonna Get Us eta How Soon Is Now? bertsioa. 2003. urtean Eurovision Abesti Txapelketan parte hartu zuten Ne Ver, Ne Boisia abestiarekin eta hirugarren postua lortu zuten. Ivan Xapovalov produktorearekin hautsi ostean, Dangerous and Moving eta errusierazko Liudi Invalidy diskoak argitaratu zituzten. Nahiz eta lehenengo diskoarekin lortutako arrakastatik urrun gelditu ziren, diskoko All About Us abestiak ospe handia lortu zuen 2005. urtean.
Gaur egun, hirugarren diskoa kaleratu ostean, Lena Katina eta Julia Volkova abeslariek atsedenaldi bat hartzea erabaki dute beraien bakarlari karrerak sendotzeko asmoz; ez dute t.A.T.u. taldea bertan behera uzteko asmoa adierazi [2][3].