Txakur
From Wikipedia, the free encyclopedia
Txakurra, zakurra edo ora[1] (Canis lupus familiaris[2] otsoen azpiespezietzat hartzen denean eta Canis familiaris[3] espezie ezberdin gisa hartzen denean)[4] ugaztun haragijale bat da. Caninae taldeko kidea da[5] eta lur-lehorreko haragijalerik ugariena da[6][7][8][9][10]. Txakurrak eta otsoak (Canis lupus) txaxoi-ahizpak dira; izan ere, txakurrak etxekotu zirenean existitzen ziren otsoak ez dira gaur egungo otsoak bezalakoak[11][12]. Hertsiki, gaur egungo otso zein txakurren arbasoa desagertua dago[13]. Txakurra izan zen etxekotutako lehen animlia[14] eta milurtekoetan zehar hautespen artifizial bidez hainbat ezaugarri izateko aukeratu ditu gizakiak[15].
Txakur | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Canidae |
Generoa | Canis |
Espeziea | Canis lupus |
Azpiespeziea | Canis lupus familiaris Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Haginkadaren indarra | 117 |
Entzumen frekuentzia | 67 hertz ā 45.000 hertz |
Gizakien eta txakurren arteko lotura luzeak txakurren portaera sakonki aldatu du, gizakien behar ezberdinetara egokitzeko[16]. Txakurrak ere almidoi handia duen dieta batera egokitu dira, beste kanidoak ez bezala[17]. Ikerketen arabera, gizakiengan soziabilitatea handitu eta inteligentzia erlatiboki jaisten duten eremu genetikoetan mutazioak dituzte txakurrek[18][19]. Txakurrek bariazio handia izan dute tamainan, kolorean eta forman[20]. Txakurrek paper oso ezberdinak dituzte gizakien ondoan; ehiza, abeltzaintza, leretatik tiratzea, zaintza, poliziak laguntzea, adiskidetasuna edo ezgaituak laguntzea dira lan horietako batzuk. Duen papera dela eta, askotan "gizakiaren lagunik onena" etiketa eman zaio.