Txikipedia:Espazioaren esplorazioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Espazioaren esplorazioa Unibertsoan dauden planeta, izar eta bestelako objektuen berri izateko gizakiek egiten duten ikerketa da. Horretarako, hainbat bide ditu: astronomia izeneko zientzia, espazioan behatzeko teknologia (teleskopioak, adibidez); baina baita espaziora egindako bidaiak, haietako batzuk astronautekin eta beste batzuk tripulaziorik gabe, Lurretik gidatutako zunda edo espazio-ontziekin.
Antzinako zientzialari batzuk ere saiatu ziren espazioa edo Unibertsoa ikertzen, Lurretik irten gabe, noski, hori ezinezkoa baitzen. Baina XX. mendean, zientzialariek espaziora gailuak bidaltzeko gaitasuna lortu zuten. Horrela, 1957tik aurrera, 5.000 gailu baino gehiago jaurti dira espaziora, informazioa biltzeko; haien artean, tripulatutako espazio-ontziak, tripulaziorik gabeko espazio-zundak eta sateliteak daude. Sobietar Batasuna (orain Errusia) eta AEBak izan ziren espazioa esploratu zuten lehen herrialdeak. Orain, berriz, beste herrialde asko sartu dira espazioaren esplorazioan.