Txikipedia:Plaken tektonika
From Wikipedia, the free encyclopedia
Plaka tektonikoak Lurraren azala edo goiko geruza, eta, zehazkiago, litosfera osatzen duten zati edo blokeak dira; izan ere, Lurraren azala puzzle erraldoi moduko zerbait dela esan genezake: hainbat puskatan apurtuta dago, hainbat zatiz osatuta. Lurraren azala ez da pieza bat bakarra. Bada, plaka tektonikoak puzzle erraldoi horretako piezak bezalako zerbait direla esan genezake.
Plaka horiek Lurraren mantuaren gainean flotatzen dute, ur gaineko baltsa edo plataforma batzuen antzera. Eta, gainera, zurrunak dira, baina ez finkoak; hau da, mugitzen dira, hain zuzen ere mantuaren gainean flotatzen daudelako; hori bai, oso oso poliki mugitzen dira. Gainera, mantua bera mugitzen diren material malguez eginda dago: magma delakoa, hau da, harri urtu beroak gorantz mugitzen dira, Lurraren goiko alderantz; eta, hozten direnean, beherantz, Lurraren barrurantz. Horrek ere eragiten du plaka tektonikoen mugimendua.
Bloke horien mugimenduaren eraginez, plakak batzuetan elkarrengana hurbildu egiten dira eta talka ere egiten dute; eta, beste batzuetan berriz, urrundu egiten dira batzuk besteetatik. Mugimendu horien eraginez sortu dira mendilerroak (Himalaia, Andeak, Alpeak edo Pirinioak, adibidez); eta haiengatik gertatzen dira lurrikarak, bi plakak talka egiten dutenean batak bestearen kontra. Sumendiek ere badute zerikusirik plakekin; izan ere, plaken arteko zirrikituetatik, Lur barruko magma igotzen da lurrazalera, eta orduantxe sortzen dira sumendiak edo gertatzen dira sumendien erupzioak.
Bestalde, Lurraren historia geologikoan kontinenteek izan dituzten forma eta kokapen desberdina ere azaltzen du plaka tektonikoen mugimenduak. Kontinenteen jitoa deitzen zaio mugimendu horri.