Txikipedia:Sumendi
From Wikipedia, the free encyclopedia
Sumendiak mendi-itxurako egiturak dira, tontorrean zulo bat dutenak. Tontorreko zulo horri krater edo sumendiaren ahoa ere deitzen zaio.
Sumendiek, barruan, magma izaten dute (harriak, urtuta), eta, sumendia pizten denean (erupzioan sartzen denean), laba bero-beroa irteten da kraterretik, baita gasak eta errautsa ere. Fenomeno hauen multzoari eta, sumendien jarduerari, "bolkanismoa" deitzen zaio.
Sumendiak piztuta daudenean, aktibo daudela esaten da; itzalita daudenean, berriz, inaktibo edo lo daudela esaten da. Azkenik, badira sumendi batzuk iraungita daudenak, hau da, antzinatik inolako aktibitaterik izan ez dutenak eta etorkizunean ere izango ez dutenak.
Sumendiek, oro har, urteak eta urteak ematen dituzte itzalita. Baina, batzuetan, bat-batean pizten dira, eta ez dago jakiterik zenbat denbora emango duten piztuta: ordu batzuetako kontua izaten da batzuetan; urteetakoa, besteetan.
Milaka sumendi daude munduan, 5.000 inguru, lehorrean eta itsaspean. Baina, beti, leku jakin batzuetan egon ohi dira: lurrazala osatzen duten plaka tektonikoen ertzetan; plaken mugimenduak eta haien arteko talkak izaten dira sumendien erupzioak eta lurrikarak eragiten dituztenak.
Gure inguruan, Europan, oso ezagunak dira Vesuvio eta Etna sumendiak. Biak Italian daude, lehena lo eta bigarrena tarteka aktibo.