Ubide
Ura eramateko gizakiak egindako bidea / From Wikipedia, the free encyclopedia
Ubidea edo kanala ura eramateko erreten artifiziala da, gizakiak egina[1]. Tutu edo hodiak ez bezala, estali gabe daude. Kanalen portaera hidraulikoaren deskribapena hidraulikaren funtsezko zati bat da, eta haren diseinua ingeniaritza hidraulikoaren arlokoa da, ingeniaritza zibilaren eta nekazaritza-ingeniaritzaren espezialitateetako bat. Kanalak ur gezakoak izaten dira gehienetan, baina Korintoko kanala edo Suezko kanala adibidez, itsasora irteten direnak, gaziak dira. Ubide txiki bati erreten esaten zaio[2].
- Artikulu hau garraiobideari buruzkoa da; Bizkaiko udalerria gaitzat duena beste hau da: «Ubide (Bizkaia)»
- Artikulu hau garraiobideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kanal (argipena)».
Oro har, bi motakoak dira:
- Ura garraiatzekoak: eramandako ura gizakien kontsumorako edo nekazaritzan lurzoruak ureztatzeko erabiltzen dituzte. Horretarako, emari handia izan ohi dute. Sakonunean igarotzean, akueduktu itxura izan dezakete.
- Bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko ur-bide nabigagarriak: nabigazioa errazteko eginak, kontinente barnekoak eta kontinentea itsasoarekin edo bi itsaso lotzen dituztenak. Horregatik, emari txikikoak dira.
Kasu gehienetan, ingeniaritza-lan hauek dike, esklusa eta konportak (urateak) dituzte, ur maila eta emaria egokitzeko.