Lorde
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Lorde —jaiotzako izen-deiturez, Ella Marija Lani Yelich-O'Connor— (Auckland, Zeelanda Berria, 1996ko azaroaren 7a) abeslaria eta musikagilea da. Pop abeslaria den arren, bere musika estilo propioa garatu du, barnerakoia eta eduki liriko handia duena.

Remove ads
Bizitza
Ella Marija Lani Yelich-O'Connor Aucklandeko Tapanuka barrutian jaioa, hiri bereko Devonport barrutian hazi zen.[1] Aita irlandarren ondorengoa zuen; eta ama, kroaziarren ondorengoa.[1] Horren ondorioz, Lordek naziotasun bikoitza du, Zeelanda Berrikoa eta Kroaziakoa.[2]
2009. urtean, Lordek Belmont Intermediate School ikastetxeko talent show delakoa irabazi zuen, bere adiskide Louis McDonaldekin bikote eginda, eta horri esker Radio New Zealand irratiko Jim Mora's Afternoons saioan zuzenean bi abesti kantatu zituzten.[3] Ella & Louis izena hartu eta cover-ak kantatuz Aucklandeko taberna eta kafetegitan hainbat emanaldi egin zituzten. McDonalden aitak grabazioak diskoetxeetara bidali zituen, eta UMG diskoetxeak hartu zituen. UMGk Frances Dickinson ahots entrenatzailearekin urtebeteko klaseak ordaindu zizkion Lorderi, eta denbora horretan bere abestiak sortzen hasi zen.[4]
2012an EP bat atera zuen, The Love Club, interneten argitaratua. 60.000 deskarga izan zituen. 2013an, UMGk disko fisikotzat argitaratu zuen.[5] EPko singlea zen Royals abestia Zeelanda Berriko eta Australiako zerrendetan bigarren postura iritsi zen. Horren ondoren, nazioartean zabaldu zen, eta 10 milioi kopia saldu zituen.[6] Estatu Batuetan lehen postura iritsi zenez, hori lortzen duen artista gazteena bihurtu zen, hamasei urte baino ez baitzituen Lordek.[2] Bi Grammy sari eskuratu zituen: bakarkako pop emanaldi onenarena, eta urteko abesti onenarena, hain zuzen ere.[7]
2013an bertan, aurreneko disko luzea atera zuen, Pure Heroine. Royals abestia ere barnean zegoen, noski. Milioi bat kopia saldu zituen; debuteko diskoarekin salmenta kopuru hori lortu duen bigarren emakumezko abeslaria da, Adele britainiarraren ondoren.[8] Disko horrek ere pop disko bokal onenaren Grammy saria jaso zuen. Time aldizkariak 2013ko eta 2014ko nerabe eragin handikoenen zerrendan sartu zuen.[9][10] Diskoa aurkezteko, bi urteko kontzertu bira egin zuen munduan zehar: guztira 103 kontzertu. Afrikan ez, gainerako kontinente guztietan izan zen.
2017ko martxoan, "Green Light" singlea atera zuen, eta berehalako arrakasta izan zuen. NME musika aldizkari britainiarrak eta The Guardian egunkariak urteko abesti onena izendatu zuten.[11] Ekainean, bigarren diskoa plazaratu zuen, Melodrama. Estatu Batuetako Billboard 200 zerrendan lehen postua eskuratu zuen,[12] bai eta Zeelanda Berriko, Australiako eta Kanadako zerrendetan ere. Munduan zeharko beste kontzertu bira bat hasi zuen.[13] 2018ko ekainean, Israelen ematekoa zuen kontzertua bertan behera utzi zuen, palestinarrekiko elkartasuna erakusteko.[14]
Remove ads
Diskografia
- The Love Club (2012) - EPa
- Pure Heroine (2013)
- Melodrama (2017)
- Solar Power (2021)
- Virgin (2025)
Sariak
- New Zealand Music Awards:
- 2013: Royals abestiarengatik, abesti onena, bideoklip onena
- 2013: urteko errebelazioa, entzuleen aukera eta nazioarteko arrakasta handiena
- 2014: Pure Heroine diskoarengatik, diskorik onena, emakumezko artista onena, entzuleen aukera, nazioarteko arrakasta handiena
- 2014: Team, urteko abesti onena
- 2014: Royals, urteko abestirik salduena
- 2015: Yellow flicker beat urteko abesti onena
- 2015: nazioarteko arrakasta handiena
- 2017: Melodrama urteko disko onena
- 2017: Green light urteko abesti onena
- 2017: urteko bakarlari onena, urteko pop artista onena, entzuleen aukera, nazioarteko arrakasta handiena
- MTV Europe Music Awards:
- 2013: Zeelanda Berriko artista onena
- 2014: Zeelanda Berriko artista onena
- Grammy Sariak:
- 2014: Royals abestiagatik, urteko abesti onena eta pop bakarlari interpretazio onena
- World Music Awards:
- 2014: urteko musika alternatiboaren emanaldi onena, urteko artista onena eta Australasiaan salmenta handienak izan dituena
- Billboard Music Awards:
- 2014: artista berri onena eta Royals rock abesti onena
- BRIT Awards:
- 2014: nazioarteko emakumezko artista onena
Erreferentziak
Kanpo loturak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
