Microsoft Word
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Microsoft Word testuak prozesatzeko softwarea da, Microsoftek 1983tik gaur arte garatua. Microsoft Office aplikazio-paketean sartuta dago, Microsoft 365 online harpidetza-softwarearen zati gisa, baita garai bateko Microsoft Works paketean ere.
Bere funtzio nagusiak dira testuak, gutunak, txosten akademikoak eta, oro har, dokumentuak tratatzea, idaztea eta zuzentzea. Word eta bere docx formatua industriako estandarrak dira, eta testuak idazteko mundu osoan gehien erabiltzen den programa da. Hala ere, Word ez zen izan lehen testu-prozesadorea, WordStar izan zen, DOS-entzat sortua 1978an.
Microsoft Word Charles Simonyik garatu zuen, jatorriz IBM ordenagailuentzat, MS-DOS sistema eragilearekin, 1983an. Word 1.0 (1989) bertsiotik aurrera Microsoft Windowserako egon zen eskuragarri, eta 1985ean MacOS Classic-erako.
Urteetan zehar, Word aldatu egin da. Lehen edizioetan pantailan orri bat eta menu grisak soilik izatetik, azken urteotan elkarlanerako tresna bihurtu da; izan ere, azken bertsioetan, online eta hainbat gailuren bidez lan egitea posible baita. Horretan, informazioa OneDriven gordetzeak lagundu du.
Azken bertsioa Word 2021 da, Windows eta Mac-erako.
Remove ads
Historia
Microsoft Worden lehen bertsioa 1981ean garatu zuten Charles Simonyi eta Richard Brodie programatzaileek, Bill Gatesek eta Paul Allenek kontratatu ondoren. Bi garatzaile horiek lehenago Xerox Bravo testu-prozesadorean lan egiten ari ziren, WYSIWYG ("What You See Is What You Get", euskaraz, “Ikusten duzuna da jasotzen duzuna”) teknikaren bidez garatutako lehen sistemetan. Teknika horri esker, erabiltzaileak pantailan aurrez ikus zezakeen dokumentuaren azken formatua.
Lehen bertsioa, Word 1.0, 1983ko urrian merkaturatu zen Xenix eta MS-DOS plataformetarako. Oso oinarrizkoa izan zen hasieran, eta ondoren, antzeko lau bertsio gehiago kaleratu ziren, salmentetan eragin handirik izan ez zutenak.
Windowserako Worden lehen bertsioa 1989an kaleratu zen, eta ingurune grafiko batean lan egiteak nabarmen erraztu zuen erabilera, baita salmenten gorakada ere.
Windows 3.0 merkaturatu zenean, 1990ean, hazkunde handia gertatu zen. Word 1.0 izan zen lehena, gero Word 2.0 (1991) eta Word 6.0 (1993).
Ondorengo bertsioetan, Word Windowsen bertsio-zenbaki berak erabiltzen hasi zen; horren adibide dira Word 95 eta Word 97.
Windows 2000 (1999) atera zenean, Worden bertsio homologoa ere sortu zen. Word 2002 bertsioa Microsoft Office XP paketearen garai berean sortu zen, 2001ean. Urtebete geroago, Microsoft Word 2003 bertsioa kaleratu zen. Ondoren, Microsoft Word 2007 aurkeztu zen, Office 2007 paketeko gainerako programekin batera. Bertsio horretan, Microsoftek beste aldaketa bat egin zuen Office programen historian: Ribbon interfazea aurkeztu zuen, aurrekoak baino sinpleagoa eta intuitiboagoa (nahiz eta aurreko bertsioetara ohitutako erabiltzaileek kritika ugari egin).
2009an, Microsoft Word lider absolutua izan zen merkatuaren sektore horretan, 500.000 erabiltzaile inguru zituelarik (2008ko zifrak);[1] eta 25 urte bete arren,[2] lidergoan jarraitzen zuen, nahiz eta sarean oinarritutako testu-prozesadoreak eta kode irekiko soluzioak nagusitzen hasi ziren.
2009ko abuztuaren 11n, AEBetako epaitegi federaleko Leonard Davis epaileak ebazpen bat eman zuen, eta horren arabera 60 eguneko epean Microsoft Worden salmenta debekatu behar zen Estatu Batuetan.[3] Epaileak ebatzi zuen Microsoftek i4i enpresa kanadarraren EE.UU. 5.787.449 patentea nahita urratu zuela.
Patente horrek dokumentuen egitura eta edukiaren banaketa (adibidez, SGML edo XML) deskribatzen zituen, eta teknika hori lehen aldiz 1998an erabili zen i4i-ren S4 izeneko XML gehigarrian.[4]
Ebazpenaren ondorioz, Microsoftek 40 milioi dolar ordaindu behar izan zizkion i4i-ri, eta zenbateko hori 2009ko martxoan ezarritako 200 milioi dolarreko aurreko epaiari gehitu zitzaion.
Microsoftek larrialdiko eskaera bat aurkeztu zuen erabaki hori bertan behera uzteko, eta adierazi zuen auziaren oinarrizko patentea AEBetako Patente Bulegoak behin-behinean baliogabetzat jo zuela berrikuspen batean.[5]
Remove ads
Bertsioak
MS-DOSerako bertsioak
- 1983 Word 1
- 1985 Word 2
- 1986 Word 3
- 1987 Word 4, Microsoft Word 4.0 PCrako izenaz ere ezaguna
- 1989 Word 5
- 1991 Word 5.1
- 1993 Word 6.8
Microsoft Windowserako bertsioak
- 1989 Word para Windows 1.0 eta 2, "Opus" kode-izena
- 1990 Word para Windows 1.1 eta 3.0, "Bill the Cat" kode-izena
- 1990 Word para Windows 1.1a
- 1991 Word para Windows 2.0, "Spaceman Spiff" kode-izena
- 1993 Word para Windows 6.0, "T3" kode-izena ("6" izena jarri zitzaion produktu bera irudikatzeko, eta baita WordPerfect, garaiko testu-prozesadore lehiakide nagusia)
- 1995 Word para Windows 95, Word 7 izenaz ere ezaguna (hemen ospea lehertu zen, gaur egun arte)
- 1997 Word 97, Word 8 izenaz ere ezaguna
- 1999 Word 2000, Word 9 izenaz ere ezaguna
- 2001 Word 2002, Word 10 edo Word XP izenaz ere ezaguna
- 2003 Word 2003, Word 11 izenaz ere ezaguna, baina ofizialki Microsoft Office Word 2003 deitua
- 2007 Word 2007, Word 12 izenaz ere ezaguna, baina ofizialki Microsoft Office Word 2007 deitua
- 2010 Word 2010, Word 14 izenaz ere ezaguna, baina ofizialki Microsoft Word 2010 deitua
- 2013 Word 2013, Word 15 izenaz ere ezaguna, baina ofizialki Microsoft Word 2013 deitua
- 2016 Word 2016, Word 16 izenaz ere ezaguna, baina ofizialki Microsoft Word 2016 deitua
- 2019 Word 2019, Word 17 izenaz ere ezaguna, baina ofizialki Microsoft Word 2019 deitua
- 2021 Word 2021, Word 18 izenaz ere ezaguna, baina ofizialki Microsoft Word 2021 deitua
Apple Macintosherako bertsioak
- 1985 Word 1 Macintosherako
- 1987 Word 3
- 1989 Word 4
- 1991 Word 5
- 1993 Word 6
- 1998 Word 98
- 2000 Word 2000
- 2001 Word v.X, Mac OS X-erako lehen bertsioa
- 2004 Word 2004
- 2008 Word 2008
- 2011 Word 2011
- 2012 Word 2012
- 2016 Word 2016*
- 2021 Word 2021
*2016tik aurrera, Windowserako eta Mac-erako bertsioa berdina da, nahiz eta Windows bertsioetako ezaugarri natibo batzuk falta dituen, makroak sortzea, adibidez.
UNIXerako bertsioak
- Microsoft Word UNIX sistemetarako 5.1
Remove ads
Fitxategi-formatuak
DOC formatua
Microsoft Word-ek formatu natibo itxi eta oso erabilia erabiltzen du, DOC izenekoa (.doc fitxategi-luzapena darabil). Microsoft Word-en hedapen zabalagatik, formatu hori de facto estandar bihurtu da formatudun edo formaturik gabeko testuak, edota irudiak transferitzeko. Erabiltzaile askok nahiago dute formaturik gabeko testurako testu laua edo grafikoetarako JPG bezalako beste aukera batzuen aurretik; hala ere, formatu horrek beste batzuekin alderatuta tamaina handiagoa izatearen desabantaila du.
Bestalde, Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO) Office Open XML formatua aukeratu du formatudun testua trukatzeko estandar gisa, eta horrek desabantaila ekarri dio .doc formatuari.
Word 2007tik aurrera, formatu berri bat erabiltzen da, .docx. Aurreratuagoa da eta dokumentua are gehiago konprimatzen du. Hala ere, oraindik posible da fitxategiak .doc formatuan gordetzea. Office 2007an sortutako dokumentuak Officen aurreko bertsioetatik irekitzeko gehigarri bat instala daiteke, Microsoften webgunetik eskuragarri dagoena.
RTF formatua
RTF formatua (ingelesezko Rich Text Format edo "Testu aberastuaren formatua") Microsoften eta Applen arteko datu-trukerako akordio gisa sortu zen, Applek ordenagailu pertsonalen merkatua menderatzen zuen garaian. Word-en .doc formatuaren lehen bertsioak RTFtik eratorriak ziren. Orain ere, Microsoften programa batzuk, WordPadek, adibidez, RTF erabiltzen dute zuzenean formatu natibo gisa. RTF formatuko dokumentuak .rtf luzapena du.
Testu-formatu bateragarria da, hau da, Word-en edozein bertsiotatik beste hainbat bertsiotara migra daiteke, eta baita beste hainbat testu-prozesadoretatik eta programatutako aplikazioetatik ere. Word-ek ere erabiltzen du DLLen bidez inplementatutako formatuetara inportatzeko eta esportatzeko. Bigarren formatu natibotzat har daiteke.
RTF testu bati formatua emateko modu berezi bat da, desberdintasunak alde batera utzita, HTML edo TeX izan daitezkeen bezala, testuaren artean kode partikularrak txertatuz. Ez da dokumentuan komando edo kontrolik sartzen, DOC formatuan egiten den bezala, horiek beste programa edo prozesadore batzuk irekitzeko gaitasuna ken baitezakete. Dokumentu bat RTFn nola formateatuta dagoen ikusteko, nahikoa da fitxategia ASCII formatuko edozein testu-editoreekin irekitzea, adibidez, Windows-eko Ohar-blokarekin.
Beste formatu batzuk
Word-ek pluginen antzeko mekanismo bat du beste formatu batzuk ulertzeko. WordPerfect de facto estandarra zen garaian garatu zen, hari merkatu-kuota kentzeko asmoz. Liburutegi dinamiko bat (DLL) instalatzean oinarritzen da, formatua inplementatzeko.
Microsoftek Converter SDK (Software Development Kit) bat ere argitaratu zuen, Word 6.0 bertsioaren erabiltzaileei onartzen ez ziren formatuetarako euskarria idazteko aukera emateko.
Orain Microsoft de facto estandarra denez, SDK hori jada ez da interesgarria Microsoft enpresarentzat eta bertan behera utzita dago. Microsoften webgunetik deskarga daiteke, baina soilik Word 6.0 eta Word 95-i egiten die erreferentzia.
Word-en 2010etik aurrerako bertsioetan, PDF dokumentu gisa gordetzeko aukera ematen du, Fitxategia > Esportatu ibilbidean.
Remove ads
Logoen galeria
- Logoa (2025-gaur egun)
- Logoa (2019-2025)
- Logoa (2013-2019)
- Logoa (2010-2013)
- Logoa (2007-2010)
- Logoa (2003-2007)
- Logoa (1999-2003)
- Logoa (1995-1999)
- Logoa (1993-1995)
- Logoa (1991-1993)
- Logoa (1987-1991)
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads