Otto Skorzeny
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Otto Johann Anton Skorzeny (Viena, 1907ko ekainaren 12a - Madril, 1975eko uztailaren 5a) austriar ingeniari eta militarra izan zen. Waffen-SSetako koronela Bigarren Mundu Gerran, operazio bereziak egin zituen Hitlerrentzat, eta "Europako gizon arriskutsuena" deitura eman zioten Aliatuek.[1]
Remove ads
Bizitza
Otto Skorzeny Vienan jaio zen 1907ko ekainaren 12an. Vienako Unibertsitatean ingenieritza ikasten ari zelarik, 15 mensur edo ezpata-duelutan borrokatu zen. Horietako batean jasandako zauriaren ondorio zuen masaileko orbain (Schmiss) ikaragarria. 1931n, Austriako alderdi naziaren kide egin zen.
1939an, Bigarren Mundu Gerra hasi zelarik, Luftwaffe-n erroldatu nahi izan zuen, baina pilotua izateko handiegia zenez, Adolf Hitlerren guardia pertsonalean sartu zen. 1941ean, Bizargorri Operazioan parte hartu zuen. 1942ko abenduan, zauri bat jaso zuen buruan eta Berlinera eraman zuten. Ondoren, hainbat operazio berezi egin zituen Hitlerrek zuzenean aginduta. Ezagunena Benito Mussoliniren askapena izan zen, 1943ko uztailaren 25ean, aliatuek Gran Sasso mendiguneko Campo Imperatoren bahituta zutenean.[1] 1944ko urrian, Hungariako erregeorde Miklós Horthy kargutik kendu zuen komandoaren burua izan zen, eta baita Greif operazioarena ere.[2]
Gerra ostean espetxeratua, gerra krimenengatik epaitu zuten Dachaun 1947an, baina kartzelatik libratzea lortu zuen. Hala ere, desnazifikazio prozesura behartu zuten. 1948an, bere kontaktuak baliatuz, ihes egin zuen. Espainian errefuxiatu zen Francoren babesean, beste nazi asko bezala. SSetako zenbait kide ohik sortutako ODESSA sare handian jardun zuen, gizateriaren aurkako krimenengatik epaituak izan behar ziren Hirugarren Reicheko buruzagiei Hego Amerikara ihes egiten laguntzen.[1]
Espainian Madrilen eta Mallorcan bizi izan zen, eta arma trafikoan jardun zuen. Afrikako, Ekialde Ertaineko eta Hego Amerikako gobernu askorekin zituen negozioak, eta Juan Domingo eta Eva Perónen laguna zen. Besteak beste, Markina-Xemeingo Esperanza y Cía enpresan egindako morteroak eta granadak esportatzen zituen.[1] Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidentearen aholkularia izan zen, eta Israelgo Mosadentzat ere lan egin zuen.[3]
Markina-Xemeinen errotutako Wilhelm Mallet arma-trafikatzailearekin harreman estua izan zuen, eta Lea-Artibai eskualdean izandako aldietan, Lekeition ostatu hartu ohi zuen.[4]
Madrilen hil zen, 1975eko uztailaren 5ean, birikako minbiziaren eraginez.
Remove ads
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads