Samia Halaby

Palestinar artista From Wikipedia, the free encyclopedia

Samia Halaby
Remove ads

Samia A. Halaby (Jerusalem, 1936) palestinar-estatubatuar artista bisuala da, ekintzailea, hezitzailea eta akademikoa. 1950 hamarkadaren amaieraz geroztik, arte ibilbidea hasi zuenetik, bere lana erakutsi du Europa, Asia eta Ipar zein Hego Amerikako museotan, galerietan eta arte-azoketan. Mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetan aurki daiteke bere lanaren zati handi bat, hala nola, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan, Parisko Arabiar Munduko Institutuan eta Birzeiteko Palestinar Museoan.

Datu azkarrak Bizitza, Jaiotza ...


Ameriketako Estatu Batuetako Mendebalde Erdian formatu zen akademikoki, Diseinu titulua lortu zuen Cincinnatiko Unibertsitatean, Pintura masterra Michigango Estatu Unibertsitatean eta Arte Ederretako masterra Indianako Unibertsitatean, eta Estatu Batuetako mundu akademikoan lan egin zuen artea irakasten 20 urtetik gora, horietatik hamarkada bat eman zuen Arte Eskolan irakasle elkartu gisa Yale Unibertsitatean (1972-1982). Hawaiiko Unibertsitatean, Indianako Unibertsitatean, Cooper Union unibertsitatean, Michigango Unibertsitatean eta Kansas Cityko Arte Institutuan ere irakatsi zuen.[1][2]

Halaby New Yorken bizi da 1970eko hamarkadatik, eta oso aktibo egon da hiriko eszena artistikoan, batez ere irabazi-asmorik gabeko arte-espazio independenteen eta artistek zuzendutako ekimenen bidez. Gainera, ezkerreko mugimenduek sustatutako hainbat auzitan parte hartu du. Ekintzailea izan da denbora luzez, eta 2019an Samia A. Halaby Fundazioa sortu zuen langile eta palestinar klasearen askapen mugimenduei babesa emateko.[3]

Remove ads

Biografia

Halaby Jerusalemen jaio zen 1936an, Palestinako Britainiar Mandatuan. Asaad Halaby eta Foutonie Atallah Halabyren alaba da. Aita umezurtz geratu zen eta gazte-gaztetatik hartu behar izan zuen anai-arrebak mantentzeko ardura ekonomikoa. XX. mendearen hasieran hasi zen Jerusalemen lehen taxi-zerbitzua ematen, eta Goodyear Tire and Rubber Company enpresako banatzailea zen Lind & Halaby Ltd. enpresako zuzendari izatera iritsi zen. Bere ama Ramallahko Lagunen Eskolan hezia zen. "Familiaren entziklopedia" deitzen zitzaion. Bi anaia nagusi ditu, Sami doktorea eta Fouad Halaby doktorea, eta ahizpa gazteago bat, Nahida Halaby doktorea.[4]

Halabyk Palestinako bere bizitzako oroitzapen bisual biziak gordetzen ditu, batez ere Jerusalemen bere amona Maryam Atallah zuen lorategiko zuhaitz eta hostoenak. Txikia zenean, kolore eta forma sinestesikoak esperimentatzen zituen, familiako kide batzuekin elkarlotzen zituenak: Bere ahizpa iridiszente biribila eta hori/zuri kolorekoa zen; bera zen alboko trenbide gorri metaliko iluna. 1948an, Halabyk eta bere familiak Jaffa hirian zuten etxetik ihes egin behar izan zuten, Israelgo Estatuaren sorreraren ondorioz. Berak 11 urte zituen. Familiak Libanora ihes egin zuen eta Beiruten bizi izan ziren 1951ra arte, azkenean Cincinnatin, Ohion, kokatu ziren arte.[5]

Remove ads

Pintura-estiloa

Halabyk abstrakzioan egiten du lan batez ere, baina marrazketa figuratiboko estilo dokumentala ere erabili izan du orientazio politikoagoko lanetan, Kirán Qasm telesailean, esaterako. Gerraren aurkako hainbat auzitarako dozenaka kartel eta pankarta politiko diseinatu ditu eta The Design of Dissent argitalpenean agertzen da. Azken berrogeita hamar urteetan egindako lanak lotura estua izan du abstrakzio-printzipio ugariak naturan ikuspegi materialista baten bidez kokatzearekin. Bere pinturetako batzuk sortu zituen abstrakzioaren zenbait aplikazio historikoren metodo eta formetan oinarrituta, hala nola errusiar konstruktibistenak, eta arte tradizional arabiarren eta arkitektura islamiarraren adibideetan. Palestinako eta bere ingurune naturaleko kultura bisuala ere ageri da bere pinturetan, baita New York hiriko dinamismoa ere, mugimenduan dauden pertsonen eta kale jendetsuen irudietan esperimentatzen den bezala.[6][7][8]

Abstrakziora egin duen hurbilketak natura hil geometrikoaren ikusizko propietateak aztertzen dituzten lanetatik hasi eta luzamendutik libre dauden abstrakzio handiagoak sortzeko mihise pieza elkartuen forma askeko pinturetaraino hartzen ditu. 2020an, bere ekoizpena 3.000 lan baino gehiagok osatzen zuten, besteak beste, pinturak, bitarteko digitalak, hiru dimentsioko eskultura zintzilikatuak, artista liburuak, marrazkiak eta edizio mugatuko artista grabatuak.

Irakaskuntzatik erretiratu ondoren, arte elektronikoaren formekin esperimentatzen hasi zen, bere kabuz Basic eta C lengoaiak Amiga konputagailu batean eta geroago PC batean nola programatu ikasiz. Ikusleek zuzeneko pintura konputarizatuaren prozesua ikus zezaten programak sortzeko, musikarien laguntza izan zuen inprobisazio-saioetan inspiratutako arte zinetikoko aurkezpenak egiteko. Bere Pintura Zinetikako Taldeak bira luzea egin zuen 1990eko hamarkadaren amaieran eta bere bideo-lanak mundu osoan zehar erakusten jarraitzen dute.[9][10]

Kolore abstraktua (1963-1965)

Thumb
Indianako Unibertsitateko graduatuen erakusketa, 1963

Ikasle gisa eman zituen azken egunetan eta hurrengo aldian, Halabyren pinturak kolore laua zuen ezaugarri; lan horietan, aldi bereko argitasun- eta kontraste-erlazioak minimalistetan eta Josef Albersen lanean eta Interaction of Color (Kolorearen interakzioa) liburuan inspiratzen ziren. Formari dagokionez, obra giza bizitzaren gainazal angeluzuzenen mende zegoen funtsean, izan hormak, leihoak, idazteko papera, etxeak, txartelak edo leunki eskegitako ehunak. Eskala- eta kokapen-aniztasuna, ikusten dugun mundua aztertzeko moduen abstrakzioa izan zen, argi eta garbi. Denbora-tarte labur hartan, Bloomington utzi eta Honolulun irakatsi zuen Hawaiiko Unibertsitatean. Ondoren, Kansas Cityra joan zen, Kansas Cityko Arte Institutuan irakastera, eta han aritu zen bigarrenez irakasle gisa.[11]

Natura hil geometrikoa (1966-1970)

1965. urteaz geroztik, ikusten duguna nola behatzen eta interpretatzen dugun jakiteko kezka zientifikoa sortu zitzaion. Honela idatzi zuen: "Hutsetik hasiera berria izan behar nuela sentitzen hasi nintzen eta nire maisu-maistrak eta nire iragana nire pentsamenduetatik ezabatu behar nituela". Horretarako, Halabyk museoetan ikusten zuena eta artearen historiaz zuen ezagutza zituen oinarri bere pentsatzeko modu berria garatzeko. Rembrandt aztertu zuen, bai eta erretratuetan argia eta kolorea nola erabiltzen zituen ere, eta bereziki txundituta geratu zen Kansas Cityko Museoko maisu-maistra zaharren bildumarekin. Azterketa luze eta frustragarri baten ondoren, leiho bateko leiho-barreneko laranja txiki batek Halabyren arreta bereganatu zuen eta horrela hasi zen bere serie berria. Inspirazio hori Kansas Cityko Nelson-Atkins Arte Galeriako bildumako Petrus Christus maisu flandestarraren Ama birjina Umearekin etxe baten barruan (1467-69) pinturari egotz dakioke. Garai hartan, Halabyk Kansas Cityko Arte Institutuan irakasten zuen eta lehen urteko ikasleentzako programa esperimental bat zuzentzen zuen.[11][12][13]

Idazteko zuen interesa geroago deskribatu zuenean, Halabyk kontatzen du museora itzuli zela artistek historikoki ertzak nola tratatzen zituzten aztertzeko. Cincinnatiko Unibertsitatean jaso zuen prestakuntza sakonari esker, perspektibaren akatsak ulertu zituen. Zehatz-mehatz jakin nahi nuen zer ikusten dugun gure begiak objektu esferiko edo zilindriko baten gainazala zeharkatzen duenean, ertzera iristen denean eta, gero, urruneko hondo batera salto egiten duenean. Erantzunik aurkitu ez zuenez, ikusten dugun modua gure hezkuntzaren ondorio dela konturatu zen. Milaka urtetan, artistek aurkikuntza txiki ugarirekin lagundu dute, eta horiek sortzen dute ikusten irakasten digun kultura bisualaren monumentua, Halabyk "konjugazio bisuala" deitzen duena. Erronka handia bihurtu zen hori, pinturak esplorazioa izan behar zuela azpimarratzen baitzuen, ez performancea.[14]

Helizeak eta zikloideak (1971-1975)

Thumb
Ebaketa-uhinak, 1973
Thumb
Marrazki helikoidala, 1972

Natura hil geometrikoen serieak bere jakin-mina ase zuenez, puntu kritiko batean kokatu zen bere bide artistikoan. Bi norabidetako bat esploratu zezakeela sentitzen zuen: edo norbanakoan eta bere baitan edo kanpoko bizitzan zentratu. Lehenengo bidea lagun baten erretratua eginez probatu zuen, baina berehala bigarrena hartzea erabaki zuen. Ni-az kanpoko bizitzaren ideia interpretatzen zuen bere edukia markoaz kanpo hedatzen duen pintura gisa.

Erreferentzia gisa, Halabyk geometriari buruzko bigarren eskuko hainbat liburu erosi zituen, horietako batzuk hodien instalazioari buruzkoak. Hiru dimentsioko hodi konplexuen osagarriak osa zitzaketen forma lauak nola moztu erakusten zuen liburu batek, kurba helikoidalen eta, geroago, zikloideen trazadurak liluratzera eraman zuen. Halabyk paper koadrikulatuko orri handitan marrazten zituen kurba horiek, eta, gero, sekzioak hautatzen zituen margotzeko.[11]

Serie helikoidalaren erdian zegoela, Yaleko Unibertsitatean kontratatu zuten titulartasun/postu finko baterako. New Haven-era (Connecticut) joan zen bizitzera, eta estudio bat alokatu zuen hiriaren erdialdean. Han osatu zituen Helicoidal eta Cicloidal serieak.

Hegaldia diagonalean (1974-1979)

Yaleko Arte Eskolan irakasten ari zela, Diagonal Flight - Hegaldia diagonalean serie berrian lan egin zuen Halabyk. Izenburua bururatu zitzaion haur batzuk korrika zihoazela besoak luzatuta jolasean ikusten zituenean, motor hotsak eta hegazkin itxurak eginez. Bere buruari galdezka aritu zitzaion zein norabidetara okertu behar zuten bere pintura berrien horizonte diagonalek. Haurrek, gehienak eskuinak izanik, beren hegaldia eskuinerantz makurtu zuten. Berehala erabaki zuen ohitura naturalei jarraitzea.[11]

Nahiz eta natura hil geometrikoetatik sortzen den konjugazioaren ideiari segitzeko konpromezuaren kontzientzia izan, Halaby perspektibaren eta itzalaren irrazionaltasuna probatzen ari zen, gure trebetasun "hezien" arabera irakurri ezin dugun itzala zehaztasunez duen espazio bat sortuz. Nola ikusiko lukete ikusleek itzaleztatutako zilindro bat, bi muturretan pinturaren perimetrotik kanpo zabalduko balitz? Zilindroaren sakonerari buruzko informazioa hain modu zehatzean emango lukete mutur zirkularrek, ezen ez bailitzateke ikusgai izango. Emaitza izan zen eskala erlatibo bihurtu zela eta pinturen espazioa erraz irakur zitekeela askotariko koloretako horizonte gisa, hegazkin bateko leihotik ikus zitezkeenak bezala. Geometriak eta neurrien konbergentziak bere pentsamenduan nagusitzen jarraitu zuten.

Harkaitzaren kupula (1980-1982)

1979an, Diagonal Flight - Hegaldia diagonalean seriearen amaierara iritsi zela sentitu zuen. Norabide berriekin esperimentatu beharrean, denboraldi labur batez margotzeari utzi zion eta gero oparo pintatu zuen, nahiz eta ondoren une horretan ekoitzi zuen lan guztia suntsitu. Bere ibilbidean une garrantzitsu bat izan zen, non bere bizitza artistikoaren bigarren fase handira igaro zen: abstrakziora. Funtsean, azaltzen du Halabyk, ikuspegi beraren jarraipena zen baina denboraren laugarren dimentsioa gehituta.

Azkenik, Harkaitzaren Kupula seriea 1966an Jerusalemera egindako bisita batean inspiratu zen. Berrogeita bost graduko lerro diagonalak ertzetatik ateratzen dira; diamanteen puntak, berriz, perimetroan neurtutako kokapenetan hasi eta amaitzen dira. Horri, arte arabiarrean inspiratutako zilindro eta testurak gehitu zizkion, inkrustazioekin.[15]

Udazkeneko hostoak eta hiriko sagarrak (1982-1983)

Thumb
Dena urdin, 1982
Thumb
Mahastian saltoka, 1982
Thumb
1989ko zirriborroen koadernoaren orria

Urte batzuk lehenagoko ikerketetan oinarritutako beste serie labur bat da Udazkeneko hostoak eta Hiriko blokeak izenekoa. Udazkeneko hostoetako zainen arteko zeluletan zuen ikuspegiak eta New Yorken ezagutzen zituen eta elkarri lotuta zeuden hiriko blokeekin zuen antzekotasunak osatu zuten serie honen oinarria. Garai hartan, Halaby New Yorken bizi zen eta New Havenera bidaiatzen zuen Yaleko Arte Eskolan irakasteko.[16]

Giza eraikuntzan angelu zuzena nagusi zela ohartu zen, baina autobideen eta hiri-blokeen hazkundean laukizuzen horiek askotan hondatu egiten ziren eta, beraz, lurraren formazio naturalek ezarritako beharrek zapuztu egiten zituzten laukizuzen horiek. Astigar-hosto baten zainen arteko zelulen antza zuten. Zubiek ibaiak angelu zuzenetan gurutzatu eta gero lurraren formazioaren arabera tolesten zituzten moduak ere, inspirazioaren parte izan ziren. Bere margolanak, natura bezain ederrak izateko, naturatik bertatik ateratako printzipioen arabera hazi behar zirela erabaki zuen. Serie hau bakarra egiten duena da berak naturan ikusi zuen hazkunde-prozesuan oinarritzen dela.[17]

Hazten ari diren energia-formak eta -zentroak (1984-1992)

Hazkundearen printzipioen imitazioarekin lotutako ideiak izan ziren nagusi haren sormenean 1980ko hamarkadan. Lerroak eta formak elkarri aktiboki aldatzen uzten hasi zen. Lerro batek ebakitzen duen forma bat bitan bana daiteke. Forma bat jasotzen zuen lerro bat formaren ingeradan isla zitekeen. Pinturaren koloreak, konposizioak eta perimetroak ere parte hartzen zuten hazkunde-prozesu horretan. Halaby bere bidea aurkitzen hasia zen ikusteko modu berri baten eta abstrakzioa egiteko modu berri baten bidez, naturaren printzipioak imitatzen zituena, ez bere itxura. Haren obra nabarmenagoa egin zen mugimendu askeko keinuetan eta exekuzio intuitiboagoan; haren ideiak, aldiz, sendo egituratuta zeuden.

Pintura zinetikoa (1983-1995)

Indianako Unibertsitatean graduondoko ikasle izan zenetik, informatikak liluratuta, Halaby arteak bere garaiko teknologiarekin zuen harremanean zentratzen hasi zen. Irakaskuntza utzi ondoren, arte elektronikoko formekin esperimentatzen hasi zen 1980ko hamarkadan, Basic eta C lengoaiak programatzen bere kabuz ikasiz. Emaitzak programa laburrak izan ziren, mugimenduan zeuden irudi abstraktuekin eta soinuarekin bakarrik funtzionatzen zutenak, berak pintura zinetikoak deitzen zituenak.[10]

Urte batzuk geroago, 1990eko hamarkadaren hasieran, PC batean programatzen hasi zen, eta teklatua pintura abstraktuko piano bihurtu zuen. Programa honek ere Pintura Zinetikoa izena hartu zuen eta ez zen argitaratu, baizik eta bere tresna pribatua izaten jarraitu zuen. Musikariekin zuzenean jotzeko erabili zuen. Kevin Nathaniel Hylton musikari multiperkusionista kolaboratzaile nagusi izan zuen bere programa erabiliz jendaurreko interpretazio prozesuan. Hasan Bakr musikariarekin Kinetic Painting Group osatu zuen eta Broadwaytik kanpoko leku askotan jo zuten, askotan beste musikari batzuek lagunduta.[18]

Pintura abstraktua (1991-2000)

Thumb
Halaby bere estudioan, 2016

1990eko hasieran, bere obra osoa berrikusi zuen eta pinturan espazioa sortzeko garaia zela ondorioztatu zuen, pintzel marketan soilik oinarrituz, obraren eraikuntza bloke gisa. 1980ko hamarkadaren hasieran itzala eta perspektiba kendu zituen; oraingoan forma kendu zuen. Tamaina eta kolore ezberdinetako pintzel markak bakarrik banatzea espazioa irudien erreferentziarik gabe sortzeko zaila eta aldi berean generatiboa izan zen.

Nola ikusten dugun jakiteko erreferentzia berriak sortzen hasi ziren. Halabyk askotan aipatzen zuen nola gure begiek leku batetik besterako fokua aldatzen duten oinez goazela eta gure ingurua aztertzen dugunean. Horrela, pinturaren gaia aldatu zen, nola begiratzen dugun da kontua, eta ez begiratzen duguna. Ikusleek pintzelaren markak pintura batean nola banatzen diren ikusten dutenean, munduari begiratzeko dituzten ohiturak ezagutzen dituzte, eta, guztiz argi ez dauden moduetan, espazio erlatiboaren esperientzia bat sortzen da pintura abstraktu batean.

Ohetilatik libre (2000-2008)

Bere ibilbide luze eta emankorrean, Halabyk beti mantendu ditu irudiaren planoa eta fokuan duen perimetroa konposizio-elementu nagusi gisa. Milurteko berriarekin batera, deuseztatzeko aukera aztertzen hasi zen. Emaitza bastidorerik gabeko lan sorta izan zen. Aldez aurretik margotutako mihise zatiak josiz, moztu eta eraberritzen zituen. Pintura mozketa aurretik eta ondoren aplikatzen zuen, eta mihise pusken bi aldeetan. Banakako piezak, askotan, berez margoak balira bezala tratatzen zituen. Piezak elkartzen zituen bitartean, askotan, hostoak zuhaitz ederrak sortzeko egituratzen diren moduaren edertasunak inspiratzen zuen.

Lorategi esekiak

Hanging Gardens edo Loretoki Esekiak, Halaby-ren "bastidorerik gabeko" pinturatik sortu zen, margotutako mihisearen zatiak moztuz eta birkonbinatuz. Kasu honetan, piezak lotu beharrak eraman zuen jostera. Piezak bata bestearen atzetik lotzeko metodoek zuhaitzen hostoak eta adarrak hazten ari zirelako sentsazioa sortu zuten. "Esplorazio estetiko horretan hain murgilduta nengoen, non zuhaitzak egiten ari banintz bezala sentitzen bainintzen, eta ez nintzen konturatu zuhaitzen laborantzaren printzipiorik garrantzitsuena nire puntada leun zintzilikatuekin kontraesanean dagoela. Hortik sortu zen lorategi esekien ideia".

Bilaketa intuitiboa (2008tik aurrera)

Ayyam galeriarekin lanean hasi zenean, Halaby bere intuizioan fidatzen hasi zen, bere esperientziaren osotasuna ustiatu nahian eta bilatu gabe hazkundea prozesu ezaguna edo esplorazio planifikatua izatea. Bere bidaia luzean ikasitako guztiaren oihartzunak ordura artekoak baino mihise handiagoetan agertzen ziren. Aldi horretan horma-tamainako gutxienez hamar lan egin zituen. Naturaren edertasunaz eta gizateriaren eraikuntzaz baliatzen den efusio aberatsa dira forma abstraktu hutsean.

2024an, Halabyk bere lehen atzera begirakoa programatua zuen Estatu Batuetan, Bloomington Indianako Unibertsitateko Eskenazi Arte Museoan, baina erakusketa 2023ko abenduan bertan behera geratu zen. Unibertsitateak "segurtasun kezkak" aipatu zituen ikuskizuna bertan behera uzteko arrazoi gisa. Halabyk, ordea, uste zuen, iturri beraren arabera, bere programa bertan behera uzteko arrazoia izan zela Israelek abiatutako gerran (2023-2024) palestinarren ahotsak ezabatzea.[19][20]

Urte horretan bertan, bere obra Veneziako 60. Bienalean erakutsi zen lehen aldiz.[21][22]

Thumb
Halaby eta pintura zinetikoko taldea Siriako Mona Atassi galerian egindako emanaldi batean, 1997
Remove ads

Erreferentziak kultura bisualean

Arabiar eszena garaikidean eta Estatu Batuetan egoitza duen komunitate aktibistan izan duen aintzatespena dela eta, Halaby beste artista batzuen artelan askoren objektua izan da. Ammar Al-Beik zinemagile eta artista kontzeptual siriarraren 2008ko Samia filma, grabatutako elkarrizketa baten inguruan sortu zen. Al-Beik-ek Halaby-ren beraren irudiak ditu, Zisjordaniara egindako bidaia batekoak. Han egin zuen egonaldia kontatzen du, eta, gero, amonak Jerusalemen duen apartamentura egindako bidaia bat dokumentatzen du. Hau Al-Beik-en beraren sekuentziekin lotzen da, zeinak palestinar izaera modernoa esploratzen duten.[23]

2011n, Khalil Rabah artista kontzeptual palestinarrak Halabyren erretratu bat sartu zuen bere ready-mades eskala handiko proiektuan, arte palestinar garaikidearen historiaren ikuspegi orokor "subjektibo" gisa aurkeztu zena. Rabah-ren erretratua Halaby-ren artxiboko argazki batean oinarrituta dago, 1960ko hamarkadan egin zuen lehen erakusketetako batean eginikoa.[24]

Palestinako arteari buruzko beka

Akademiko independente gisa, XX. mendeko Palestinako artea dokumentatzen lagundu du, hainbat testuren bidez. Horien artean aipatzekoak dira 2001eko Liberation Art of Palestine: Palestine Painting and Sculpture in the Second Half of the 20th Century liburua, baita 2012ko Jerusalem Interrupted: Modernity and Colonial Transformation 1917-Present liburuko "The Pictorial Arts of Jerusalem During the Cented of The First Century" izenburua duen kapitulua ere. Palestinako artearen inguruan AEBetan egindako hainbat erakusketen bitartez lagundu du ere. AEB. Gaiaren inguruko hitzaldi ugari ere eman ditu Estatu Batuetako eta mundu arabiarreko beste hainbat galeria eta unibertsitatetan.[25]

2000ko hamarkadaren hasieran, Station Arte Garaikideko Museoak Houstonen antolatutako eta James Harithas, Tex Kerschen eta Gabriel Delgado komisario zituen Made in Palestine (Palestinan egina) erakusketa historikoan paper erabakigarria izan zuen. Halabyk modu aktiboan lagundu zien komisarioei artista palestinarrak ikertzen, bai Estatu Batuetan eta baita mundu arabiarrean ere, Sirian hildako Mustapha Hallaj eta Jordaniako Abdul Hay al Mussalam bezalako artistak aurkeztuz, adibidez. Estatu Batuetako museo batean egin zen arte palestinarraren lehen erakusketa izan zen eta bira bat egin zuen herrialde osoan zehar.[26][27]

Halabyk DePaul Arte Museorako antolatu zuen 2004ko The Subject of Palestine (Palestinaren gaia) erakusketa honela deskribatu zuen Chicago Tribunek: "Gaur egungo 16 artista palestinarren lana aurkezten zuen erakusketa; beraz, informazio gutxien duten ikusleak ere zerbait garrantzitsua ikusi eta ulertu izanaren sentsazioarekin irtengo dira handik". Aipamenak DePaul Arte Museoa zoriontzen jarraitzen zuen, "bere aurkezpen zorrotzagatik".[28]

Remove ads

Halabyren lana biltzen duten bilduma publikoak

Palestinako arte erakusketak

  • Art of Palestine (Palestinako Artea) (2005), Zeitgeist Gallery, Cambridge, MA (komisarioa)
  • The Subject of Palestine (Palestinaren gaia) (2004), Depaul Arte Museoa, Chicago, IL (komisarioa) (gero Jerusalemgo Funtsaren Galeriara bidaiatu zuen Washington D. C.-n 2005ean)
  • Palestine: Art of Resistance (Palestina: erresistentziako artea) (2003), Tribes Gallery, Manhattan, NY (Zena El-Khalil eta Janine Al-Janabi komisarioak)
  • Williamsburg Bridges Palestine (2002), Williamsburg Art & Historical Center, Brooklyn, NY (Zena El-Khalil komisarioa)
  • Palestinian Art (Arte Palestinarra) (2001), Union DC 1707ren egoitza, Manhattan, NY (komisarioa)
Remove ads

Pintura Zinetikoko Taldearen emanaldiak eta aurkezpenak

  • Third and Fourth International Symposiums on Electronic Art (1993, 1994), Minneapolis, MN, EE AEB.
  • Brooklyn Museum of Art (1994), AEB.
  • Philadelphia College of Art (1997), AEB.
  • Galerie Le Pont (1997), Aleppo, Siria
  • Atassi Gallery (1997), Damascus, Siria
  • Sakakini Art Center (1997), Sakakini Art Center, Ramallah, West Bank
  • Beirzeit University (1997), BeirZeit, West Bank
  • Darat al Funun (1997), Aman, Jordania
  • Lebanese American University (1998), Beirut, Libano
  • Lincoln Center (1998)
  • Williamsburg Art and Historical Center (1998), Brooklyn, New York
  • Taipéi Fine Arts Museum (2023), Taipéi, Taiwan
Remove ads

Erreferentziak

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads