Sony
Japoniako enpresak From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Sony Group Corporation (ソニーグループ株式会社, Sonī Gurūpu Kabushiki_gaisha) eta SONY gisa ezaguna Tokion (Japonia) egoitza duen enpresa multinazionala da. Munduko fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat da kontsumo-elektronikan: audioa eta bideoa, informatika, argazkigintza, bideo-jokoak, telefonia mugikorra eta produktu profesionalak, besteak beste. 2021ean, 74. postua lortu zuen Fortune Global 500 zerrendan, diru-sarreren arabera neurtutako mundu osoko enpresen eskalafoi bat. Bestetik, munduko 96. enpresa gisa kokatu zen merkatu kapitalizazioaren ondorioz.[1] XXI. mendearen hasieran, Sony zerrenda horretako lehen hogeita hamarren artean egon zen hainbat alditan.[2]
Hainbat hamarkadan zehar, Akio Moritak eta Masaru Ibukak, Sonyren sortzaileek, bikote osagarria osatu zuten. Moritaren harreman publiko eta marketin zentzu argiari eta Ibukaren berrikuntza-espirituari esker, konpainiak nazioartean aurrera egin zuen.[3] Orduz geroztik, Sonyk elektronikaren munduari egindako ekarpenak garrantzitsuak izan dira. Adibidez, 1950ean enpresak lehen soinu-grabagailua aurkeztu zuen Japonian, lau urte geroago lehen transistore japoniarra fabrikatu zuten eta hurrengo urtean, 1955ean, munduko lehen transistore-irratia garatu zuen. Ondorengo hamarkadetan, enpresak hainbat produktu garatu zituen, Trinitron telebista-seriea, Betamaxa, Walkmana, disko konpaktua, Handycama edo PlayStationa, besteak beste, munduan zehar ospetsuak egin zirenak.[4] Are gehiago, 1980 eta 1990eko hamarkaden artean, Sony lider izan zen sektore teknologikoan, eta garrantzitsuenetako bat maila globalean.
Emaitzak eta merkatu-kapitalizazioa kontuan hartuta, Sonyk 2000. urtean bizi izan zuen bere momentu hoberena, Nobuyuki Idei presidentearen zuzendaritzapean, urte bereko otsailean bere akzioen prezio altuena lortuz (akzioko 156 dolarreko balioa eta 150 000 milioi dolarretik gorako merkatu-balioa), une horretako munduko enpresa teknologiko baliotsuena izanik.[5][6] 2010ean, PlayStation esparru errentagarriena bihurtu zen Sonyrentzat, Finantza-zerbitzuak (konpainiaren finantziazioak eta beste jarduera batzuk biltzen dituen esparrua) atzean utziz. Aldiz, Sony Mobile adarrak galerak izan zituen.
2008ko finantza-krisiaren ondoren, Sonyk trantsizio bat izan zuen bere antolaketan, urtero sortzen zituzten galerak amortizatzeko, besteak beste, VAIO dibisioa salduz (higiezinen zati bat eta langile kantitatea murriztuz).[7][8][9] 2012ko ekainaren 4an, Sonyk 1980tik izan duen akzio-jaitsierarik handiena izan zuen, akzioko 12 dolar..[10] 2011n, Playstation 3ko sisteman hackeatu zuten,PlayStation Network, galera ekonomikoak eta arazo legalak eragiten.[11] 2014rako enpresak zenbaki gorritan jarraitzen zuen, ia porrot eginda.[12]
2012ko apirilean Sonyko CEO izendatu zutenetik, Kazuo Hiraik kudeaketa zorrotza egin zuen, enpresaren maila bakoitzean berrantolaketak eginez, sinergia berriak sortuz dibisioetan. Hala, esparru osasungarrienak bultzatu zituen: Sony Interactive Entertainment, Sony Pictures, Sony Music bezeroentzako finantza-laguntzako zerbitzuak eta Interneteko zerbitzuak. Ondoren, Kontsumo-elektronika dibisioa ere berregituratu zuen.[13] Honela, 2015erako Sonyk, 6 urtez jarraian zenbaki gorriak izan ondoren, enpresak berriro irabaziak ematea lortu zuen.[14]
2012tik 2019ra bitartean, Kazuik aldaketa handiak lortu zituen, zinema eta telebista sailetik hasita, non zinta eta telesailen ekoizpena murriztu zituen haien errentagarritasuna handituz. Musika arloan, salmentak eta kontratuak handitzea lortu zuen latindar artista ospetsuekin. Bestetik, elektronikako gailuen barruan, PlayStation 4ren arrakastarekin, belaunaldiko kontsolarik salduena bihurtu zen, 2013-2020 bitartean 108 milioi unitate baino gehiago salduz.[15] Honela, PlayStation Network lineako zerbitzuak ere salmenta ikaragarriak lortu zituen alderdi digitaletan.[16][17][18]
35 urtez Sonyrentzat lan egin eta 2012tik konpainiako CEO izan ondoren, Kazuik 2019ko ekainean CEO izateari utziko ziola iragarri zuen, honen ordez, noizbehinkako aholkularitza lanak egiteko. Bere ordez Kenichiro Yoshida jarri zen, orduko konpainiako finantza-kontseilaria.[19] Kenichiroren agintean, 2 aurrerapen izugarri lortu zituen Sony Interactive Entertainment-en eta Interneteko zerbitzuen esparrua indartzeko. Bata, Insomniac Games[20] bideo-jokoen garatzaileari 229 milioi dolarren erosketa egitea eta bestea, 400 milioi dolar erostea Bilibili plataforma txinatarraren akzioetan (plataforma horren akzioen % 5). Hau, txinako Streaming merkatuan sartzeko saiakera bat izanik.[21]
2020ko abenduaren 9an, komunikatu baten bidez, Sonyk baieztatu zuen akordio batera iritsi zela AT&T-rekin, Crunchyroll-en jabe berria izateko.[22] Horrela, $1175 milioi dolarreko tratua lortu zuen, eta Sony nazioarteko animazio-streaming-eko lehen lehiakidea bihurtu zen, streaming-eko bi plataforma garrantzitsuenak baititu (Crunchyroll eta Funimation). 2021eko urtarrilean, COVID-19 pandemia gorabehera, Sonyk urteko diru-sarrerak eta akzioen balioa hobetzea lortu zuen, 20 urtean lehen aldiz 100 dolar baino gehiagoko akzioak lortuz. Merkatuan balio handiena duen Japoniako laugarren enpresa bezala kokatu zen, 127.000 milioi dolarreko kapitalarekin.[23]
Remove ads
Sony izenaren jatorria
Konpainiarentzako izen baten bila ari zirela, haien inizialak erabiltzea pentsatu zuten, TTK (Tokyo Tsushin Kogyo). Hori ez egiteko lehen arrazoia Tokio Kyuko tren-konpainia izan zen, TKK izenez ere ezaguna. Konpainiak Totsuko akronimoa erabili zuen orduan noizbehinka Japonian, baina Moritak Estatu Batuetara egindako bisitan zehar konturatu ziren estatubatuarrek arazoak zituztela izena ahoskatzeko. Tenporalki erabili zen beste izen bat, Tokio Teletech, Estatu Batuetan izen bereko konpainia bat jada existitzen zela ohartu ziren arte.[24]
Sony izenaren jatorria hainbat kontzepturen konbinazioaren emaitza da: horietako bat sonus latinezko hitza, hots, "soinu" hitzaren oinarri etimologikoa. Beste bat sonny boy da, Japonian urte haietan espiritu libre eta abangoardistako pertsona bat deskribatzeko erabiltzen zen espresio herrikoia. Izen berriak ezin hobe zekarren gogora konpainiaren espiritua: kemenez eta mugarik gabeko sorkuntzarako grinaz beteriko gazteena. Bestetik, ingelesezko sunny (‘eguzkitsu’) hitzarekin ere lotuta dago.[25]
Sony markako lehen produktua, TR-55 irrati transistorea, 1955ean agertu zen, baina konpainiaren izena artean aldatu gabe zegoen. 1958ko urtarrilean egin zuten.[26]
Aldaketa gertatu zenean, oso ezohikoa zen japoniar enpresa batek letra erromatarrak (Rōmaji) erabiltzea bere izena idazteko, kanjiz idatzi beharrean. TTK bankuko nagusiak, Mitsui, ez zuen gustuko izen hori. Sony Electronic Industries edo Sony Teletech bezalako izen bat nahi zuten. Akio Morita, ordea, tinko zegoen, ez baitzuen nahi enpresaren izena industria jakin bati lotzea. Azkenean, Ibuka eta Mitsui Bankeko presidenteak oniritzia eman zuten.[27]
Remove ads
Historia
Hasierak
Akio Morita fisikariak Masaru Ibuka ingeniaria ezagutu zuen Bigarren Mundu Gerrako Japoniako ikerketa-batzordean. Hala ere, bide desberdinak hartu zituzten eta 1945eko udan Japoniak amore eman aurretik kontaktua galdu zuten. Irailean Ibuka Tokiora itzuli zen, aliatuen bonbardaketekn ondorioz suntsituta geratu zena, eta biltegi batzuen hirugarren pisuan, Totsuken izeneko enpresa sortu zuen (Tokioko telekomunikazioak ikertzeko institutua).[28]
Gerraosteko Japonian, enpresak erradioak konpontzen zituen eta uhin laburreko bihurgailuak edo egokigailuak fabrikatzen zituen, eta hauek, uhin ertaineko erradioak erraz bihur zitzaken edozein luzeratako uhin "superheterodino" edo hartzaile, hauen eskaria azkar hazten zelarik. Egokigailuek arreta erakarri zuten, eta Asahi Shimbun egunkariak horri buruzko artikulua argitaratu zuen.[29]
Morita, berriz, Aichiko prefekturara itzulia zen. Egun batean Ibuka aipatzen zuen zutabea irakurri zuen eta berehala bere lagunari idatzi zion, Ibukak erantzun eta Tokiora joateko eskatu zion. Horrela, 1946ko maiatzaren 7an Ibuka eta Morita elkartu ziren Totsuko (Tokioko telekomunikazio ingeniaritza enpresa) sortzeko. Konpainiak 190.000 ¥ kapitalizatu zituen, eta, ondoren, gobernuaren bulegoei «huts-hodizko voltmetro» bat hornitzen hasi zen.[29]
1950eko eta 1960ko hamarkadak

1950ean, Totsukok Japoniako lehen grabagailu magnetiko analogikoa argitaratu. Garai horretan, gainera, enpresa, berriak ziren transistoreak esploratzen eta erabiltzen hasi zen. 1955ean, Sony markako lehen produktua merkaturatu zen, transistoretan oinarritutako irrati-errezeptorea, eta 1957an antzeko beste aparatu bat, baina poltsiko-tamainakoa, jarri zen salgai, garai hartako munduko irratirik txikiena.[30] Moritak Bell Labsi egoera solidoko teknologiari dagokion lizentzia erosi zion, eta horri esker, Sonyk arrakasta lortu zuen transistorearen historia markatu zuen irratiaren bidez.[31]
1958an, konpainiak enpresaren izena aldatzea erabaki zuen, Sony Corporation izena hartzeko. Bi urte geroago, enpresak munduan fabrikatu zen lehen telebista eramangarria merkaturatu zuen, eta 1968an, Trinitron telebista sortu zuen. Hau teknikoki konplexua izan arren, irudi-kalitate hain azpimarragarria eskaintzen zuen, ezen, denborarekin, fabrikatzailearen produkturik ezagunenetako eta errentagarrienetako bat bihurtu zen. Hilabete batzuk geroago lehen U-matic magnetoskopio garatu zuen (erreprodukziorako bakarrik), eta 1972an U-Matic koloretako lehen bideokasete grabagailua aurkeztu zuen, telebista sintonizadore batekin zetorrena. Gailu horrek aukera ematen zuen kanal bateko programazioa grabatzeko eta, aldi berean, beste kanal batean telebista ikusteko.[32][33][34]
1970eko eta 1980ko hamarkadak

1970ean, Sony izan zen New Yorkeko burtsan kotizatu zuen lehen enpresa japoniarra. 1971n kolorezko lehen bideo-grabagailua aurkeztu zuen. Bitartean, hurrengo urtean aurkeztuko zuen formatu handiko pantailetarako lehen bideo-proiektorea garatu zuen. 1975ean Betamaxa sortu zen , SL-6300 modeloarekin, Ibukaren kontzeptua izan zen, eta arrakastatsua izan zen, baina pixkanaka merkatuan zuen nagusitasuna galdu zuen JVCk gidatutako VHS formatuarengatik. Egoera horren arrazoia, Sonyk bere formatuaren erabilera beste konpainia batzuekin partekatzeari uko egin izana da; horregatik, fabrikatzaile gehienek VHS formatua aukeratu zuten.[35][36]
1979an Sony-k estereo personal ospetsua sortu zuen,Walkman bezala ezagutu zena, bere motako lehena izan gabe, prezio eskuragarriari eta erabilgarritasunari esker segmentu horretan nagusitu zen. 2009an, Times aldizkariak esan zuen Walkmanaren produkzio urteetan zehar 200 millioi unitate akumulatu saldu zirela, industria diskografikoa astindu zuela eta jendeak musika esperimentatzeko zuen modua guztiz aldatu zutela.[37][38]
1979an, Sony eta Philipsek Disko Trinkoaren (CD) garapenean funtsezkoak izan ziren erabaki bateratuak argitaratu zituzten, hala nola, hauek 115 milimetroko diametroa izatea. 1980ko ekainean, bi enpresek CD eta CD-Rom guztietarako estandarrak proposatu zituzten, eta 1986rako, CD erreproduktoreak gehiago saltzen ziren euskarri analogikoak erreproduzitzen zituztenak baino.[39]
1980ko hamarkadan, Sonyk eskuko bideokameraren merkatuan berrikuntza handiko hainbat modelo garatu zituen. HVC-F1a (1981); BMC-100a (1983), Beta sistemako barne-grabagailua zuen lehena; 1CCD-V8a (1985), 8mm-ko zintetan bideoak grabatzeko gai zena, eta 1989an lehen Handycam-a merkataratu zen, 790 gramoko pisuarekin. Bitartean, enpresak Betacam bideo-zinta profesionalen sistema garatu zuen, osagaika grabatzen zuena etxeko Betamax formatuan erabiltzen ziren hazbete erdiko zinta berean. Sistema hori geroago garatu zen, eta 1986eko Betacam SPa sortu zuen.[40][41]

1990eko eta 2000ko hamarkadak
1990eko hamarkadaren erdialdean, enpresa hainbesteraino “amerikanizatu” zen, non Sonyren nazioarteko Batzorde exekutiboa ez zen Tokion biltzen, New Yorken baizik, eta enpresaren "hizkuntza ofiziala" ingelesa izatera pasatu zen. 1990etik, Sonyren alderdi estatubatuarra Japoniakoa baino produktu gehiago saltzen hasi zen eta 1993an Sony Corporation of America-k konpainiaren operazio estatubatuar guztiak multzokatu zituen, bere produktuen zati handi bat Estatu Batuetako bere fabriketan ekoitziz.[42]
Sonyren nazioartekotzeak bere irudi korporatiboaren hedapena ekarri zuen, eta hori nabari izan zen hainbat ekimenen bidez, hala nola Sony Center eraikitzearekin, Berlingo Harresiaren erorketaren ondoren 1990ean hasitako Alemaniako bateratze-prozesuaren testuinguruan. 2000. urtean inauguratu zenean, Potsdamer Platz konplexua Alemaniako hiriburuaren berpizkundearen sinbolotzat hartu zen.[43]
Aldi berean, enpresak produktu berriak garatzen jarraitu zuen finkatu zen industria-sektoreetan. Gainera, 1994an, bideo-kontsolen alorrean sartu zen PlayStationaren bidez, izan ere, CD-ROM unitatea zuen lehena izan zen arrakasta izaten . Berrikuntzek VAIO ordenagailuekin eta Cyber-shot kamera digitalekin jarraitu zuten, 1996an hasi baitzen horien ibilbidea. Sonyk, gainera, Blu-ray formatua ezarri zuen —Philips-ekin batera garatua—, eta Toshiba enpresaren HD DVD formatuari gailendu zitzaion 2000. urtean.[44][45][46]
2004an, Sonyk munduko kontsumo elektronikoaren merkatuaren %14 kontrolatzen zuen, Matsushita (gaur egun, Panasonic), Hitachi eta Philips enpresen aurretik. Hala ere, 2008ko finantza krisiaren erdian, Sonyk lehen aldiz galerak izan zituen urte fiskal batean.[47][48]
2010eko eta 2020ko hamarkadak
2011ko Martxoan Japoniako lurrikara eta tsunamiak herrialdeko hornikuntza-katea geldiarazi zuen, eta bere industriako funtsezko sektoreen produkzioa amildu zuen. Ondorioz, apirila eta ekaina bitartean, Sonyk 142 milioi euroko galera garbia izan zuen. Honek ez zuen galarazi 2013an PlayStation 4 aurkeztea, mahai gaineko bere laugarren kontsola. 2020ko azaroan, konpainiak PlayStation 5 merkaturatu zuen. Bitartean, Sonyk VAIO dibisioko konputagailuak fabrikatzeari utzi zion 2014an, eta bere telebista-saila konpainia independente bihurtu zuen.[49][50]
2020an, konpainiak Sony Europe filiala bateratu zuen egoitza Amsterdamen duen enpresa subsidiario berri batekin, eta hara joan zen Londrestik, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteak eragin zitzakeen arazoak saihesteko.[51]
2023an 113 000 langile zituen guztira.[52]
Remove ads
Enpresa kudeaketa
Hasieran, Sonyk Japoniako enpresa-kudeaketaren printzipioen arabera jardun zuen. Enpresaren azalean “amerikartzea” eman bazen ere, enpresaren barne-funtzionamenduak japoniar ereduan oinarrituta jarraitzen zuen, non kultura tradizionalak nagusiekiko errespetua ezartzen duen. Sonyk zuzendaritza-modu hori mantendu ahal izan zuen, sortzaileen nortasun indartsuari eta hauek ematen zuten errespetu eta konfiantzari esker. Arrakastan edo porrotean bukatzen zuten erabaki guztiak, beti Masaru Ibuka edo Akio Morita izan zituzten abiapuntu.[53]
Moritak bere ingeniariak arriskuak hartzera bultzatzen zituen produktu berriak sortzerakoan. Honetaz gain, bere enpresari sormen eta berrikuntza betekizunak ere ezarri zizkion, markari ospea eman zizkiotenak. “Sonyren espiritua” indartzera eta langileak lanera motibatzera bideratutako bere esaldien artean daude: “Anbiziorik edo jakin-minik gabeko pertsonak alferrikakoak dira” edo “Akatsak egin ditzakegu, baina inoiz ez bi aldiz berdina”.[35][47]
Negozio-unitate estrategikoak
Sonyk hainbat negozio-unitate estrategiko ditu:
Bere produktu elektronikoengatik ezaguna, Sonyk produktu-lerro ugari eskaintzen ditu arlo askotan. Bere gorenean, "olagarro korporatibo" bezala izendatu zuten bere enpresa zabalengatik, aseguru pribatuetatik hasi eta produktu kimiko, kosmetiko, etxeko erosketa eta Tokion egoitza duten jatetxe frantsesetaraino, eta are gutxiago bere negozio nagusiak, elektronika eta entretenimendua esaterako. Negozio unitate asko garatu ondoren ere, Sony Chemicals eta Vaio PC barne, Sonyk oraindik hainbat negozio zuzentzen ditu.
2020tik aurrera, Sony negozio-segmentu hauetan dago antolatuta: Game & Network Services (G&NS), Music, Pictures, Electronics Products & Solutions (EP&S), Imaging & Sensing Solutions (I&SS), Financial Services eta beste batzuk. Oro har, negozio-segmentu bakoitzak bitarteko balore-zorroa kudeatzeko zenbait sozietate izaten ditu, non horiekin zerikusia duten enpresa guztiak biltzen diren horietan; esate baterako, Columbia Records, Sony Music Group-en parte dena, enpresa subsidiario bat eta, aldi berean, Sony-ren musika-negozioetarako balore-zorroa kudeatzeko sozietate bat, SMEJ-rekin batera.
Elektronika
Audioa
Walkman audio estereoko erreproduzitzaile eramangarri bat izan zen, zein 1979an izan zen lehen aldiz merkaturatua, eta Sonyk milioika unitate saldu ditu. Hasieran, etxeko ekipo baten antzeko soinu-kalitatea lortzeko aukera ematen zuen, hainbesterako bolumena izan gabe. Walkmanaren hedapen zabalak ere erabat aldatu zuen disko-jogailuen negozioa, eta lehen kolpea eman zion binilozko diskoari, kasetea erreproduzitzeko errazagoa eta merkeagoa baitzen. Walkmana laurogeiko hamarkadako sinbolo bat da.
Ondoren, Walkman marka disko trinkoen (CD), Atrac formatuko disko trinkoen eta audio digital konprimituko erreproduzitzaileetara hedatu zen, baita Sony Ericssonen multimedia telefono mugikorretara ere.
Argazkia eta bideografia

Sonyk 1981etik kamera digitalen prototipoak sortu zituen Mavicarekin (Magnetic Video Camera), eta, ondoren, kamera digitalen bere linea sortu zuen 1996tik, Cyber-shot markaren izenarekin. Bere lehen modeloa DSC-F1 modeloa izan zen, 0.31 megapixeleko konpaktua.[54]
2006an, Sonyk bere produktu-maila handitu zuen, bere lehen reflex kamera digitala (Alfa 100 DSLR) eta Sony Ericsson lehen mugikorra (Cyber-Shot bereizgarria, K seriea) merkaturatzean.
Sony α linea garatzeko, Sonyk Konica Minoltaren kameren fabrikazio dibisioa eskuratu zuen. Hala ere, 2013an merkaturatua izan zen Sony α7k markatu zuen inflexio-puntu bat erabiltzaile aurreratuei zuzendutako argazki-teknologiarako.[55]
Sonyk fabrikatutako zenbait bideo-kamera mota ere badaude.
Informatika


Sony 1982an egin zuen bere agerpena informatikaren munduan, SMC-70 izeneko 8 biteko konputagailu pertsonal batekin, zeintzuk haren atzetik, SMC-777 (erabiltzaile hasiberriarentzat) eta NWS-830 (garatzaileentzako lan-estazio bat) dauden, besteak beste.[56]
1996an, VAIO markaren lehen zatia kaleratu zuen, Sonyren konputagailu pertsonalen linea berria. 2014an, Sonyk VAIO dibisioa Japan Industrial Partners-era aldatuko zuelaren beri eman zuen.[57]
Telefonia mugikorra
2003an Suediako Ericsson Mobile Comunicationsekin arrisku partekatuko enpresa bat sortu ondoren Sony eta Ericssonek beraien mugikor markari eman zioten leku, Sony Ericsson, zeinek mundumailan izugarrizko arrakasta izan zuen. 2012ko urtarrilak 9an CES 2012an Sony Ericsson Mobile Comunications deitzetik Sony Mobile Comunicatons deitzera pasatuko delaren berri eman zuten gama altuko 2 terminal merkaturatzearekin batera. Sony Xperia S eta Sony Xperia Ion, hasiera batean biak AT&T USAn eskuragai.
Bideoa
Sonyk BRAVIA telebista-marka merkaturatzen du, zein koloreen bizitasunagatik eta bereizmen handiagatik egin ziren ezagun.
Erdieroaleak eta osagaiak
Sonyk hainbat erdieroale eta osagai elektroniko ekoizten ditu: irudi-sentsoreak (Exmor), irudi-prozesadoreak (Bionz), laser-diodoak, LSI sistemak, seinale mistoko LSI sistemak, OLED panelak, etab. Konpainiak presentzia handia du irudi-sentsoreen merkatuan. Sonyk fabrikatutako CMOS irudi-sentsoreak oso erabiliak dira kamera digitaletan, tabletetan eta telefono adimendunetan.
2018an, Sonyk satelite bidezko komunikazioen merkatura batu eta satelite txikietarako laser bidezko komunikazio-produktuak garatuko zituela iragarri zuen.
Entretenimendu interaktiboa

PlayStation (PS) Sony Interactive Entertainment-ek sortu eta garatutako bideokontsol-sailen izena da. Bideokontsolen bosgarren, seigarren, zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren belaunaldietan egon dira, eta enpresa sustatzailea merkatuan dago gaur egun, PlayStation 5arekin.
Serieko lehen kontsola PlayStation izan zen, zein lehena izan zen 100 milioi ale saldu zituena [58]. Bere oinordekoa, PlayStation 2, orain arteko kontsolarik salduena da, 2014ko urtarrilean saldutako 150 milioi unitate baino gehiago lortuz[59], PlayStation 3ak 80.000.000 kontsola baino gehiago saldu ditu mundu osoan[60]. PlayStation 4ak, 2013ko azaroan kaleratua, 100 milioi ale baino gehiago saldu dituena. Eta azkena, 2020ko azaroan kaleratutako PlayStation 5a, 2023ko urrian jada 46 milioi ale baino gehiago saldu dituena.
Bere lehen bideo-kontsola eramangarria PlayStation Portablea (PSP) izan zen, 2011ko irailaren 14ra arte 51 milioi unitate baino gehiago saltzea lortu zuena[61]. Bere oinordekoa PlayStation Vita izan zen, 2012ko otsailaren amaieran 1,2 milioi ale saldu zituena.[62]
PlayStation Now Sonyren harpidetza-zerbitzua da, hodeian jolasteko eta PSrako eta ordenagailurako deskargatzeko.[63]
Ibilgailu elektrikoak eta bateriak
2014an, Sonyk NRG Energy programan parte hartu zuen, EV karga-aparkalekuetarako. Sony ibilgailu elektrikoentzako litio-ioizko baterien negozioan dago; 2016ko uztailean, Sonyk iragarri zuen konpainiak bere bateria-negozioa salduko zuela.
Waymo eta Apple iCar bezalako informazio eta komunikazio teknologietako erraldoiak ibilgailu elektriko eta auto autonomoetan ari dira lanean, Teslarekin lehian; Sony US$842 000 ZMP konpainian inbertituz sail honetan sartzen ari da. 2018an, Toyota Sony markako irudi-sentsoreak erabiltzen hasi zen gidariari laguntzeko sistema aurreratuan[64]. 2020ko urtarrilean, Sony-k ibilgailu elektrikoaren kontzeptu bat sortu zuen zuen, Vision-S izenekoa. Oraingo honetan, Sony-k adierazi zuen bere helburua dela automotorraren sektorerako teknologia garatzea, batez ere gidatze autonomoari eta entretenimenduari dagokienez.[65]
Droneak
2021ean, Sonyk iragarri zuen bere lehen dronea, Airpeak S1, merkaturatu zuela aurresalmentan, dron profesionalen esparruan eta bideo-sortzaile profesionalei zuzenduta. Urruneko kontrolaren bidez erabiltzen da, eta Airpeak Plus izeneko hodeiko zerbitzuaren hautazko harpidetza barne hartzen du.
Robotika

1990eko hamarkadaren amaieratik, Sonyk hainbat robot fabrikatu ditu, horien artean, AIBO izeneko txakur itxurako robota, Rolly izeneko robot musikala eta QRIO izeneko robot humanoide bat. Arlo honetan aitzindaria izan arren, Sonyk 10 urtez utzi zion robotikarekin lotutako operazioak egiteari, finantza-zailtasunengatik, 2016an berpiztea erabaki zuen arte.[66]
2015ean, Sony ZMP INC. abiaraztaile autonomo batekin elkartu zen Aerosense izeneko aireko zaintza eta ikuskapen dronen fabrikatzaile bat ezartzeko.[67] Sonyk, 2021ean, Airpeak markako dron bat zabaldu zuen, enpresaren arabera Sony Alpha kamera bat izan dezakeen bere motako txikiena, eta bere kabuz sartu zen droneen negozioan.[68]
2019an, Londresko Diseinu Jaialdiaren barruan, Sony Design Affinity in Autonomy erakutsi zuen, Victoria eta Albert Museoko Prince Consort Gallery-n ingurumen-arte kontzeptualeko instalazio bat, enpresak AI eta Robotikaren etorkizunari buruz zuen ikuspegia irudikatzen zuena.[69][70]
Entretenimendua (ikus-entzunezko edukiak)

Sony Pictures Entertainment
1989an Sonyk Columbia Pictures erosi zuen eta Sony Pictures sortu zuen. Gainera, Sonyk kable eta satelite bidezko 4 telebista-kanalen lizentzia du, eta mundu osoan daude eskuragarri:
- Sony Entertainment Television, AEBko telesailetara dedikatua Latinoamerikan eta Indian soilik, Espainian berriz AXN Whitek ordeztu zuen.
- AXN (siglek Action eXtreme Network esan nahi dute, hau da, ‘muturreko ekintzarako kanala’), filmei, ekintza- eta abentura-telesaileei eskainia.
- Animax, animeari eskainia, 24 orduz Japonian bakarrik. Latinoamerikan, Espainia/Portugalen, Afrikan eta Ekialdeko Europan ez jarraikoa izan zen. Asian, berriz, seinalea KC Global Media Asiari saldu zioten.
Sony Music Group
1988ko urtarrilean, Sonyk CBS Records erosi zuen, Sony Music Entertainment sortzeko. Ondoren, 2004an, BMG Entertainmenten % 50a erosi zuen, Sony BMG Music Entertainment sortzeko, eta 2009an BMG Entertainment guztia erosi zuen, zeini Sony Music Entertainment-era bildu zen, Sony marka indartzeko.
Remove ads
Lehia-posizioa
Patenteak
2023an, Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundearen (OMPI) PCTren Urteko Txostenak, munduko hamaseigarren postuan sailkatu zuen Sony, PCTren Sistemaren esparruan egindako patente-eskaeren kopuruari dagokionez; 2023an 1433 patente-eskaera argitaratu ziren.[72]
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads