Enzebra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Enzebra edo enzebroa, (gaztelaniaz: cebro edo encebra; katalanez: cebre, asturieraz: cebron, cebro, galizieraz eta portugesez: zebro, zebra edo zebron[1]), zenbait adituren arabera Equus hydruntinus edo Europako basastoa, (nahiz eta horri buruz hainbat teoria ezberdin izan),[2] ekido baten izena da, Iberiar penintsulako zenbait eskualdetan, Euskal Herria barne, garai historikoak arte bizi izandakoa. Enzebroaren inguruko gehiena arkeozoologiak, historiak eta toponimiak oraindik argitu gabeko misterioa da. [3]. Hiru zientzien ekarpena beharrezkoa baita abere horren inguruko misterioa argitzeko.[4] Horregatik, bereizi beharrekoak dira, alde batetik, arkeologiak eta paleontologiak ondo dokumentatutako Equus hydruntinus, Europako basastoa, azken ikerketen arabera onagroaren azpiespezie bat izan zena, eta, bestetik, askoz ezezagunagoa den agiri zaharretako iberiar enzebroa. Garai batean enzebroa Kriptozoologiaren gai bat zela uste zen, baina egun zientzialari denek onartzen dute benetako animalia izan zela
Enzebra | |
---|---|
Pleistozeno-0,0004 Ma | |
Ekaingo zaldi marrazkiak. Tarpanaren teoriaren defendatzaileek testuetako enzebrak hemen marraztutako hainbat zaldi motekin lotzen dituzte. | |
Sailkapen zientifikoa | |
Regàlia, 1904
| |
Erdi Aroko kronikek enzebra etxeko astoaren antzeko aberea bezala deskribatzen dute, baina altuago, sendoago eta indartsuagoa ere. Gainera oso arina zen lasterkan eta pertsonekiko aldarte txarrekoa zen, nahiz eta hainbat testutan etxekotutako enzebroak agertzen diren, zela zaldiak bezala erabilita. Ilaje urdinxka zuen ("arratoi ilea" delakoa, hau nahiko ohikoa da Erdi Aroko deskribapenetan enzebroari dagokionez).[5] Enzebrek antzinako ekido arrazen ezaugarriak zeuzkaten, hala nola bizkarrean barrena mando-marra beltza. Antza muturra ere beltza zeukan, eta hanketan zebra-marrak, nahiz eta hankak beheko partean beltzak izan ere. Jendeak erruz ehizatzen zituen hedatuak zeuden eskualdeetan, eta gainera haien haragia oso preziatua zen, jakia bezala zein botikatzat erabiltzeko ere. Abere hauen larruarekin garai haietan oso estimatuak ziren "cebrunos" edo "zebrunos" izeneko oinetakoak ere egiten zituzten.
Nahiz eta esan bezala antzinako testuetan zein toponimian enzebroaren eta bere kideko izen eta aipu ugari agertu, abere hau erabateko ezezaguna izan da zientziarentzat duela gutxi arte. Fray Martín Sarmiento izeneko fraide eta naturalista espainiarrak 1571. urtean espezie hau Iberiar Penintsulan ugari izan zela atzeman zuen, eta enzebroari buruzko bere teoria eman zuen liburu batean (benetako zebrak zirela), baina bere liburua argitaratu gabe egon zen, eta ondorioz ezezaguna izan zen hainbat ikerlarik 2011. urtean argitaratu zuten arte. Gainera Sarmientok bere ikerketarako soilik toponimoak eta hainbat testu zahar erabili zituen, besterik gabe.
Carlos Nores asturiar ikerlariak (enzebroari buruzko liburu baten egilea) azaldu duenez: «Garrantzitsuena da animalia hau izan, izan zela, eta inor ez zen konturatu».
Enzebrak XII. mendean oraindik zabalpen handiko lurraldea zeukan Iberiar Penintsulan, baina XIV. menderako hego ekialdean besterik ez zuen irauten. XV. mende inguruan galdu omen ziren azken populazioak gehiegizko ehiza zela medio. Batzuek ordea gehiago luzatzen dute iraungipen data, eta tarpanaren teoriaren defendatzaileek, enzebroaren oinordeko zuzenak egungo sorraia arrazako zaldiak direla diote. Eurasiako gainerako lekuetan Equus hydruntinus goi eta erdi pleistozenoan galdu zen.
Bi teoria nagusi eta kontrajarri daude iberiar abere misteriotsu hauen inguruan. Batzuek diote iberiar enzebroak garai historikoak arte iraundako tarpan zaldi basatiak zirela. Beste aditu batzuek, ordea, zenbait froga paleontologiko erabiliz, basa abere horiek Europako basastoak zirela mantentzen dute, hau da, Equus hydruntinus direlakoak. Egiaztaturik dagoena zera da; Erdi Aroan Portugalen, Galizian, Gaztelan eta Leonen zebro eta Aragoiko Erresuman (Katalan Herriak barne) enzebra edo zebra izeneko abereak agertzen direla sarritan agirietan. Bereziki ehizari buruzko agirietan, zeren eta antza ehizagai ohikoak ziren enzebroak, orein edo basurdeen parean. Nabarmentzekoa da era berean zebra, enzebra edo antzeko hitzak leku askotako toponimian agertzen direla Iberiar penintsula guztian barrena; bereziki hego eta mendebaldean, baina ez bakarrik hor. Esate baterako, Euskal Herrian ere agertzen dira toponimo horiek.
Zestoako Ekaingo harpeko hainbat abere-marrazkiri buruzko iritzi kontrajarriak daude. Hainbatek defenditzen dute bertan islatutako zenbait animalia ez direla zaldiak, enzebroak baizik. Hau enzebroa antzinako zaldi mota bat ez bazen. Esan beharra dago Europan bertan eta Euskal Herritik gertu, labar artearen hiru edo lau marrazki ezagutzen direla onagroak irudikatuz, Okzitaniako Lascauxen eta Trois Freresesen. Aipatutako Ekaingo abereekin alderatuz gero, nahiko ezberdinak dira marraztutako animaliak, eta seguruen Equus hydruntinus islatzen dute.
Esan bezala, gurean ere zenbait toponimo mantendu dira abere hauen izena gardenki agertzen dutenak, beste batzuen esanahia zalantzazkoa izanik. Cebron, Cebror, Balzebreda, Zibria edo Zibiria, Zibirain edo Zibriain, Altazabro basoa... Baliteke enzebroak euskal izen propioa izatea, egun ezezaguna zaiguna, eta horregatik abere horren hainbat toponimo izatea, identifikatu gabeak. Edo, besterik gabe, zibro edo zebro izenak antzinako iberiar hizkuntzetan amankomuna zen, antzineuskara barne.