Eboluzio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Biologian, eboluzioa belaunaldiz belaunaldi populazio baten herentzia karaktere batzuk beste batzuk baino ohikoagoak bihurtzean datza[1][2]. Ezaugarri hauek ugalketa bidez gurasoengandik kumeetara igarotzen diren geneen edo aleloen espresioak dira. Edozein populaziotan ezaugarri ezberdinak egon ohi dira, mutazio, birkonbinazio genetiko edo beste edozein aldakortasun genetiko dela eta[3]. Hautespen naturala (hautespen sexuala barne) edo jito genetikoa bezalako prozesu-ebolutibo batek aldakortasun horren gainean parte hartzen duenean gertatzen da eboluzioa, ezaugarri horietako bat ohikoagoa edo arraroagoa bilakatzen populazio batean[4]. Eboluzio prozesu honek sortu du existitzen den biodibertsitate osoa, antolamendu biologikoko maila guztietan, izan espezieen artekoa, banakako organismoen artekoa edo molekulen artekoa[5].
Hautespen naturalaren araberako eboluzioaren teoria zientifikoa lehen aldiz Charles Darwinek eta Alfred Russel Wallacek eman zuten aditzera XIX. mendearen erdialdean,eta xehetasun handiz azaldu zuen Darwinek 1859ko Espezieen jatorriaz liburuan[6]. Eboluzioa hautespen naturalaren bidez lehen aldiz demostratu zen behaketa bidez, ikusi zenean normalean biziraun dezaketenak baino kume gehiago sortzen direla. Gainera, organismo bizidunen hiru faktu hauetan ere oinarritzen da:
- ezaugarriak aldakorrak dira indibiduoen artean, izan morfologian, fisiologian zein portaeran (aldakortasun fenotipikoa),
- aldaera horien ondorioz ugaltzeko eta bizirauteko aukera ezberdinak daude (egokitasun diferentziala), eta
- ezaugarri diferentzial horiek belaunaldiz belaunaldi igaro daitezke (egokitasunaren heredabilitatea)[7].
Honela, belaunaldi bakoitzeko kideek, aukera gehiago dute bizi ziren esparruan biziraun eta ugaltzeko hobeak diren ezaugarriak zituztenen kideen ondorengoak izateko. XX. mendearen hasieran, eboluzioaren inguruko beste ideia batzuk, adibidez mutazionismoa edo ortogenesia, gezurtatu ziren; aldi berean, eboluzio darwinista genetika klasikoarekin batu zen eboluzioaren teoria sintetiko berria sortzeko. Teoria honetan, eboluzioak mendeliar aldakortasun genetikoaren gainean eragiten du hautespen naturalak. Teoria honek duen azalpen gaitasun handiagatik eta aurresateko boterea dela eta, biologia modernoaren printzipio zentraletako bat bilakatu da, biodibertsitaterako azalpen bateratu bat emanez.[8][9][10]
Lurraren gainean dauden eta egon diren izaki bizidun guztiek arbaso komun unibertsal bat dute,[11][12][13] orain dela 3.500 eta 3.800 milioi urte inguru bizi izan zena[14]. Erregistro fosilean grafito biogenikotik[15] mikrobio fosiletara[16][17][18], eta horietatik izaki zelulaniztunetara doan progresio bat ikus daiteke. Lurreko biziaren historian zehar biodibertsitatea ezaugarritu da espezie berrien sorreraren bidez (espeziazioa), espezieen aldaketen bidez (anagenesia) eta espezieen galeraren bidez (iraungipena)[19]. Arbaso komun gertukoa duten izaki bizidunek ezaugarri morfologiko eta biokimiko antzekoagoak dituzte, eta horren bidez eraiki daitezke zuhaitz filogenetikoak[20].