Ijitoak Euskal Herrian
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ijitoak (egiptanotik eratorria, «Egiptokoa»[1]), buhameak (bohemiarretik), motxaileak edo erromaniak Erdi Aroan Euskal Herria iritsi zen etnia bat da, ziurrenik Indiako ipar-mendebaldetik[2]. Ijitoen presentziaren lehenengo testigantza 1435ekoa da[3] eta geroztik jazarpen eta ez-ulertuetan oinarritutako historia izan dute[4].
Euskal kulturan eragina izan dute, ia sei mendetako eraginaren ondorioz. Alde batetik, euskararen egitura sintaktikoa eta erromanieraren hiztegia batzen zituen erromintxela izeneko nahasketa hitz egin dute[5]. Bestetik, inauterietako pertsonaiak ere sortu dituzte, Zuberoako maskaradako buhamea[6] edo kaldereroak ijitoen parodian oinarritutako jaiak dira[7]. Kaskarotak ere ijito eta agoten nahasketaz sortutako taldea zen[8]. Ijitoen aurkako sentimenduaren ondorioz, euskaraz ijito hitza maltzur eta iruzurti hitzen sinonimotzat hartzen du Euskaltzaindiaren hiztegiak[1].
Gaur egun talde heterogeneoa da, jatorri eta kultura ezberdinetakoa. Zenbat ijito dagoen zehaztea zaila da, baina Euskal Autonomia Erkidegoan 14.000 inguru dira (3.000 Araban, 8.000 Bizkaian eta 3.000 Gipuzkoan)[9]. Nafarroan 7.000 inguru dira, 2007an egindako estimazio baten arabera[10]. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina komunitate garrantzitsuak daude gaur egun eta 1.000 baino gehiago izan daitezke[11].