From Wikipedia, the free encyclopedia
Artikulu hau Pharomachrus mocinnori buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ketzal».
Ketzal (hegaztia) | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) [1] | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Trogoniformes |
Familia | Trogonidae |
Generoa | Pharomachrus |
Espeziea | Pharomachrus mocinno de la Llave, 1832[2]
|
Banaketa mapa | |
Errute denbora | 18 egun |
Ketzala (Pharomachrus mocinno) Pharomachrus generoko animalia da. Hegaztien barruko Trogonidae familian sailkatua dago.
Erdialdeko Amerikako hegazti igokaria da, goialdean luma berde distiratsuak eta behealdean gorriak dituena.[3]
Nahuatl hizkuntzatik dator ketzal izena. Quetza hitzak "tente" esan nahi du eta quetzalli "luma tentea" da. Hortik quetzaltotōtl sortzen da, "luma tentedun txoria". Azken honen laburdura da quetzal, euskarazko grafian ketzal[4].
Tamaina ertaina duen hegazti bat da, 36-40 cm-ko luzera eta 210 gramotako pisua duena. Arrak isats luzea du eta 63 cm hartu ditzake[5]. Luma berde irisatuek estaltzen dute gorputza, urre koloreko isladak eta urdin-moreak dituena. Irisazio horrek basoan kamuflatzen laguntzen diete eguraldi euritsuetan[6].
Hegaztietan ohikoa den bezala arra koloretsuagoa da eta emea aldiz apalagoa.
Arraren kasuan burua ere berdea da, gorputzaren kolore berekoa, eta moko hori txikia du, hau ere lumaz estalita zati batean. Gandor txiki bat ere azaltzen du hainbat luma tentez osatua. Bularraldea gorria da eta hegotako azpialdeko luma zuriak azaltzen zaizkio. Isatsa luma luze fin berdeek osatzen dute.
Emeek gorputz berdea dute, burua arrea eta moko beltza. Hegoetako lumek isats laburra ia estaltzen dute. Quetzalí esaten diote bertan.
Ketzal kumeek azkazal bestigialak dituzte hegoen artikulazioan eta heltzerakoan galdu egiten dituzte.
Fruitujalea da ketzala. Tarteka intsektuak ere jaten ditu dietaren osagarri gisa, liztorrak, inurriak eta larbak bereziki. Ahuakatea jaten dute bai eta Lauraceae familiako fruitu txikiak ere[7]. Zuhaitz adarren muturretan dauden fruituak atsegin dituzte bereziki[8]. Fruitu txiki hauek osorik irensten dituzte eta ondoren berrahoratu eta haziak kanporatzen dituzte. Honek landarearen hazien sakabanaketan laguntzen du.
Helduek nagusiki fruituak jaten dituzte baina txitek intsektuak jaten dituzte proportzio handiagoan[8].
Hegazti bakartia den arren ugalketa garaian bikote monogamoa osatzen du. 6-10 hektarea arteko lurraldea izaten du.
Ugalketa garaia martxoa eta apirila artean da Mexikon, martxoa eta maiatza artean Guatemalan eta maiatza eta ekaina artean El Salvadorren[9]. Emeak zuhaitz enborrean egindako zulotxo bat egiten du 60 metrotik gorako altueran[6] eta barruan bi arrautza jartzen ditu. Kolore urdin argia izaten dute arrautzek. Guraso biek erruten dute, arrak egunez eta emeak gauez. Egunez arraren isatsa zulotik atera eta gorantz kurbatzen da, zuhaitzean dagoen iratze baten itxura hartuz.
18 egun igarota jaiotzen dira txitak eta gurasoek fruitu, intsektu, sugandila eta igel txikiz elikatzen dituzte. Emeak denbora gutxira alde egiten du eta arraren ardurapean gelditzen dira txitak harik eta beren kabuz bizitzeko gai diren arte.
Ketzalek bi kumaldi egiten dituzte, habiaren galera ratioa oso handia baita, %70 ingurukoa[10].
Ketzala ia galzorian dagoela kontsideratzen da. Mexikon bereziki iraungipen arriskuan dago[11]. Guatemalako Baja Verapaz departamentuan bada ketzalen ugalketarako biotopo bat. Toki turistiko aipagarria ere bada.
1871ean Guatemalako hegazti nazionala izendatu zen eta gaur egun haren armarrian agertzen da[12]. Guatemalako txanpona ere ketzala da (GTQ)[13].
Mesoamerikako aintzinako kulturetan Quetzalcoatl izeneko jainkoa agertzen da. Cóatl hitzak sugea esan nahi du eta jainkoa beraz "Lumadun sugea" da. Airetako jainkoa zen eta nahua herrientzat jainko nagusia zen. Nobleek ketzalaren lumak jartzen zituzten buruan. Hegaztia hiltzea debekaturik zegoenez harrapatu eta luma pare bat kendu ondoren askatu egiten zuten. Gaur egun eremuko hainbat hizkuntzatan ketzal hitzak "sakratua" esan nahi du.
Ketzalaren inguruko kondaira ugari daude. Ezagunenetako batean Tecún Umán kʼicheʼ printze gerlariarena dago. Pedro de Alvarado espainiar konkistatzailearekin aurrez aurre borrokan ari zela espainiarrari lantza sartu zion bularrean, baina honek altxatu eta ezpataz hil zuen kʼicheʼ printzea. Orduan ketzal bat zauriaren gainean pausatu zen eta haren izpiritua eraman zuen. Horregatik dauka bularraldea gorria ketzalak[14]. Borroka izan zen lekua Quetzaltenango deitzen da gaur egun.
Maien kondaira batek dio ketzalak lehen oso ongi abesten zuela baina espainiar konkistatzaileak iritsi zirenetik ixildu egin zen. Berriz abestuko du lurraldearen askatasuna lortuko denean[15].
Azkenik Kretazeo garaiko pterosauro bati Quetzalcoatlus izena eman zaio.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.