Lipizzan zaldi
From Wikipedia, the free encyclopedia
Lipizzan edo lipizzandar zaldia (kroazieraz: Lipicanac, txekieraz: Lipicán, hungarieraz: Lipicai, italieraz: Lipizzano, eslovenieraz: Lipicanec), Habsburgoko monarkiaren Lipizzan garaño zaldi arraza bat da. Orokorrean gris kolorekoa, mota barrokoko arraza bat da lipizzandar zaldia, indartsua, poliki heltzen eta iraupenagatik nabarmentzen dena. Arraza Vienako Espainiako Zaldiketa Eskolarekin (Austria) lotuta dago oso, non zaldiek zaldi-heziera klasikoaren goi-mailako eskolako mugimenduak erakusten dituzten, jauzi oso kontrolatuak, estilizatuak eta «lur gaineko aireak» bezala ezagutzen diren beste mugimendu batzuk barne. Espainiako Zaldiketa Eskolako zaldiak, batez ere, Piber Federal Stud-en, Graz ondoan (Austria) hazitakoen artean aukeratzen dira, eta zaldi-heziera klasikoaren printzipioetan oinarrituta eta ehunka urteko metodo tradizionalak erabiliz izan dira heziak[1].
Lipizzandar arraza XVI. mendean sortu zen. Bere izena sortutako lehen behor-haztegietako batetik dator, Lipicatik (Eslovenia) gertu zegoena (italieraz «Lipizza» idatzia); garaian Austria-Hungariako parte zen, eta, gaur egun, Esloveniako herrixka da, non, oraindik, lipizzandar zaldiak hazten diren. Arraza, askotan, desagertzeko arriskuan egon da Europa txikitu zituen gerrengatik: Lehen Koalizioaren Gerra Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerra. Walt Disneyren Miracle of the White Stallions filmak ospetsua egin zuen Bigarren Mundu Gerran Amerikako tropek egindako lipizzandarren erreskatea.
Gaur egun, zortzi garaño aitortzen dira arrazaren oinarri klasiko gisa, guztiak XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran erditutakoak. Lipizzandar moderno guztiek zortzi garaño horien odol-lerroak jarraitzen dituzte, eta ugaltze-garaño guztiek beren odol-leinuaren aita-fundatzailearen izena daramate beren izenenetan. Era berean, behor-lerro klasikoak ere ezagutzen dira, hainbat arraza-erregistrok 35 arte aitortuta. Zaldi gehienak lipizzandar Nazioarteko Federazioko kide diren erakundeen bidez erregistratzen dira, zeinak 19 herrialdetako eta Europako 9 estatuko haztegietan ia 11.000 zaldi biltzen dituen. Lipizzandar gehienak Europan bizi dira, Ameriketan, Hegoafrikan eta Australian kopuru txikiagoak badira ere.