Frantziako aktore tragikoa (1821-1858) From Wikipedia, the free encyclopedia
Elisabeth-Rachel Félix aktorea, Rachel edo Mlle. Rachel izenez ezaguna (Mumpf, Suitza, 1821eko otsailaren 21a – Le Cannet, Frantzia, 1858ko urtarrilaren 3a)[1] aktore tragiko handia izan zen, Sarah Bernhardt-en eredua.
Rachel Félix | |||
---|---|---|---|
1842 - 1849 | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Élisabeth Rachel Félix | ||
Jaiotza | Mumpf, 1821eko otsailaren 28a | ||
Herrialdea | Frantzia | ||
Heriotza | Le Cannet, 1858ko urtarrilaren 3a (36 urte) | ||
Hobiratze lekua | Père Lachaise hilerria Grave of Élisabeth Rachel Félix (en) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia | ||
Familia | |||
Aita | Jacob Félix | ||
Ama | Esther Hayer | ||
Ezkontidea(k) | Alexandre Colonna-Walewski (en) | ||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||
Haurrideak | |||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Parisko Kontserbatorioa | ||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Irakaslea(k) | Joseph Isidore Samson (en) | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | antzerki aktorea | ||
Enplegatzailea(k) | Comédie-Française Théâtre des Variétés-Amusantes (en) | ||
Izengoitia(k) | Rachel, Mlle Rachel eta Élisa Félix | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | judaismoa | ||
Elisabeth Rachelen aita Jacob Félix (1796-1872) izan zen, Metz-en jaiotako kale-saltzaile judua; eta ama, Esther-Thérèse Hayer (1798-1873), Gerstheim-en jaioa. Élisabeth Félix Mumpfen (Suitza) jaio zen. Familia Endingen-era (Argovia) zihoala, juduak onartzen zituen eskualdeko herri bakarrera, amak ezin zuenez aurrera egin, neka-neka eginda zegoelako, Mumpfeko ostatu batean gelditu behar izan zuten, eta bertan jaio zen Elisabeth. Bigarren alaba izan zen, Sarah-en ondoren, eta haien ostean, seme bat, Rafael, eta hiru alaba jaioko ziren.[2]
Oso familia pobrea zen: herri batetik bestera ibiltzen ziren, kalez kaleko saltzaile gisa, bizirauteko ezer gutxi irabazteko. Élisabeth Félix, gaztetan, Hirsingue-n bizi izan zen, Alsaziako hegoaldean, Sundgau izeneko herrialde tradizionalean (pays traditionnel de France).
Garai hartako hainbat familia behartsutan ohikoa zen bezala, aitak lanean jarri zituen seme-alabak haien diru-sarrerak emendatzeko: Élisabeth eta Sarah ahizpa nagusia, gitarra batez lagunduta kantatzen zuten bitartean, diru eskean ibiltzen ziren familiak, Parisa joan aurretik, korritu zituen herrietako kaleetan (Alsazian, gero Besançon-en, Lyon-en, Saumur-en…). 1831n Parisa iritsi ziren. Hasieran Mauvais-Garçons kaleko etxe prekario batean bizi izan ziren, eta gero Marché-Neuf plazan, Île de la Cité-n.
Analfabetoa izan arren, Élisabeth Félixek Alexandre-Étienne Choron musikariaren eta Saint-Aulaire aktorearen klaseak hartu ahal izan zituen, eta baita arte dramatikoko ikastaro batzuk ere Parisko Kontserbatorioan. Bere familiaren beharrak asetzeko, 1837ko urtarrilean debuta egin zuen Théâtre du Gymnase Marie Bell antzokian. Zuzendariak, Delental-Poirsonek, Rachel izen artistikoa hartzera behartu zuen, ordutik aurrera bere bizitza pribatuan ere erabiliko zuen izena.
1838ko martxoan, 17 urte besterik ez zuela, Théâtre-Français-en entzunaldi bat egin zioten, eta baita bertan onartu ere. Berehala lortu zuen arrakasta handia. Bere debutean, Pierre Corneilleren Horazio tragediaren Camilleren papera antzeztu zuen. Emanaldiaren lehen gauean 735 libera bildu zituzten eta hemezortzi egun geroago 4.889,50 libera.
Rachel Félixen interpretazioek laster famatu zuten aktorea, eta ikusleen maitazarrea ekarri zioten. Corneille, Racine eta Voltaireren tragedietako emakume heroien paperak antzeztean lortu zuen arrakastak tragedia klasikoa berriz ere modan jartzea eragin zuen, drama erromantikoa bazter utziz. Bere mendeko emakume famatuenetako bat izan zen, aktore eta emakume eredu berri bat sortu zuena. Horrela erretratatu zuen, beste batzuen artean, Jean-Auguste Barre eskultoreak.
Hala ere, paradoxikoa izan arren, nahiz eta talentu ukaezina izan zuen, Rachel Félix ez zen izan aho batez miretsia aktore gisa. Hala, Victor Hugok, "Rachel pasiorik gabe miresten zuenak", Frédérick Lemaître aktorea aipatu ohi zuen: "Rachel... perfekzioa, eta besterik ez!".[3]
1850ean, Prusiako erregeak, Frederiko III.ak, harrera egin zion aktoreari eta estatua bat eraiki zuen haren omenez Potsdametik gertu dagoen Île aux Paons uharteko gazteluko parkean. Monumentua, baina, naziek suntsitu zuten 1935ean.[2]
Victor Hugok miretsi egiten zuen, eta Gustave Flaubertek honela idatzi zuen bere jardunaz:
Zakarrenak hunkitu egiten ziren, traketsenei ere zirrara egiten zien, emakumeek txalo egiten zuten palkoetan, publikoak eskuak jotzen zituen eskularrurik gabe, aretoa ostikoka ari zen zoruan; eta lerro hauek arineketan idazten ditudan bitartean, oraindik ere aztoraturik eta liluraturik, nire belarrietan irauten du 'tragedienne' handiaren ahotsak eta begien aurrean haren imintzioak.
Alfred de Musseten lagun egin zen. Idazleak, 1839an, Rachelen deskribapen ederra egin zuen bere amabitxi Jaubert andreari idatzitako gutun batean. Idatzia Paul de Mussetek argitaratu zuen 1859an Un souper chez Mademoiselle Rachel izenburupean. Mussetek, aktorea hil ondoren, À Mademoiselle Rachel poema idatzi zuen. Honela zioen azken lerroetan: “Nire talentua zure lorian zegoen; nire kemena, zure begietan".
Londresen, Louis Napoléonekin, bi urte geroago Errepublikako presidente eta gero enperadore bihurtuko zenarekin, bildu zen. Maitasun harremana izan zuen Napoléon-Jérôme Bonaparterekin (Napoleon III.aren lehengusu germaniarra), eta baita Napoleon I.aren seme naturala zen Colonna Walewski kondearekin ere. Francisco de Orleans, Joinvilleko printzea (Luis Felipe erregearen semea), ere bere maitaleetako bat izan zen.
Rachel Félixek bi seme izan zituen: Alexandre (1844ko azaroaren 3a-1898ko abuztuaren 20a), Walewski kondearekin (Napoleonen eta Marie Walewskaren semea), eta Victor Gabriel (1848ko urtarrilaren 26a-1888ko urriaren 19a), Arthur Bertrandekin (Bertrand mariskalaren semea).[4]
Rachel 1858ko urtarrilaren 3an hil zen, 36 urte zituela, tuberkulosiak jota. Bere azken orduetan, Shema Yisrael otoitza errezitatzen aritu zen Nizako konsistorio israelitaren hamar ordezkarik lagunduta. Hilzorian zegoela, Sarah ahizpari eskatu zion Lazare Isidor Frantziako errabino handiari deitzeko, bere ondora etor zedin, baina beranduegi iritsi zen.[2][5]
Parisko Père Lachaise hilerriko sail juduan (7. dibisioa) dago ehortzirik. Kristautasunera konberti zedin presio handiak jasan arren, baita bere azken orduetan ere, arbasoen fedea gorde nahi izan zuen bizitzako hogeita hamazazpi urteetan.[2][6]
1840an, Madame Recamierren etxean Châteaubriand-i Rachel aurkeztu zioten. Idazlea, orduan 70 urte baino gehiago zituena, kexu agertu zen aktorea ezagutzean:
—Tamalgarria, benetan, batek hil behar duenean halako gauza eder bat jaiotzen ikustea. — Baina, bizkonde jauna, zenbait gizon ez dira inoiz hilko!— erantzun zion.[6]
Rachelen heriotzak, ustekabean, irudi-eskubideei buruzko jurisprudentzia garatzen lagundu zuen. Antzezlearen ahizpa Sarah-k Senako Auzitegi Zibilean helegite bat aurkeztu zuen Rachel bere heriotza-ohean irudikatzen zuen marrazki bat, eszenako argazki bat erabiliz egina[7], argitaratu zutela jakin zuenean.[8] Tribunalak, 1858ko ekainaren 16an, gai horri buruzko historiako lehen epaietako bat eman zuen.[9]
1851n, Charlotte Brontëk, Rachel Londresko Lecouter aretoan Adrienne antzelana jokatzen zegoela aprobetxatuz, bere editorearekin batera haren emanaldi batera joatea erabaki zuen. Handik gutxira, beste obra batean ikusi zuen, Horace-n, alegia. Agian, hura ez zen izango frantses aktorea interpretatzen ikusi zuen lehen aldia, Charlotte, 1842an Bruselan egon baitzen Rachelek La Monnaie antzokian zenbait emanaldi eman zituenean.
Bere garaikide gehienak bezala, Charlotte ere liluraturik zegoen aktorearekin, hainbesteraino ezen Villette bere azken eleberriaren Vashti pertsonaia bihurtzea erabaki zuen.[10]
Valencienneseko farfailezko arropa sarri janzten zuenez, XIX. mendean sortutako farfailezko ehungailuei eman zien izena: "Rachel makinak".[11]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.