Vietnamgo Gerra
From Wikipedia, the free encyclopedia
Vietnamgo Gerra (vietnameraz: Chiến tranh Việt Nam) edo Indotxinako Bigarren Gerra —Vietnamen Ameriketako Estatu Batuen aurkako Erresistentzia Gerra edo, besterik gabe, Estatu Batuen Gerra izenez ezaguna— Vietnam, Laos eta Kanbodian garatutako gatazka izan zen, 1955eko azaroaren 1etik[oh 1] 1975eko apirilaren 30ean Saigon erori zen arte[5]. Indotxinako Gerretako bigarrena izan zen, ofizialki Ipar Vietnam eta Hego Vietnamen artekoa. Iparraldeak Sobietar Batasunaren, Txinaren[20] eta beste estatu komunista batzuen babesa zuen, eta hegoaldeak, berriz, Ameriketako Estatu Batuena eta beste aliatu antikomunista batzuena[64]. Gerra Hotzaren garaiko ordezkari bidezko gerratzat hartzen da. Ia 20 urte iraun zuen, eta Estatu Batuen parte-hartze zuzena 1973an amaitu zen[65]. Gatazka inguruko herrialdeetara ere hedatu zen, Laosko Gerra Zibila eta Kanbodiako Gerra Zibila areagotuz, hiru herrialdeak 1975ean estatu komunista bihurtu ziren arte.
Vietnamgo Gerra | |||
---|---|---|---|
Gerra Hotza | |||
Goitik behera eta ezker-eskuma: Huey helikoptero estatubatuarrak Hego Vietnamgo ARVN tropak garraiatzen, 1970 • Estatubatuar marineak su-jaurtigailua erabiltzen, 1967 • Hueko sarraskian hildako zibilen lurperatzea. • Ipar Vietnamgo soldaduak ekintzan, 1966 inguruan. • Bi Douglas A-4C Skyhawk USS Kearsarge (CVS-33) urpekontzien aurkako itsasontziaren inguruan, 1964an. • My Laiko sarraskia. | |||
Data | 1955eko azaroaren 1a – 1975eko apirilaren 30a[oh 1][5] | ||
Lekua | Hego Vietnam, Ipar Vietnam, Kanbodia, Laos | ||
Emaitza | Ipar Vietnamen garaipena | ||
Lurralde-aldaketak | Ipar eta Hego Vietnamen bateratzea, Ipar Vietnamen agindupean. | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
| |||
|
Frantzia 1954an Indotxinatik erretiratu ondoren —Indotxinako Lehen Gerran galdutakoan—, Viet Minhek Ipar Vietnamen kontrola hartu zuen eta AEBek Hego Vietnamgo Estatuari laguntza finantzarioa eta militarra eman[66][oh 9]. Viet Congek (VC, iparraldearen gidaritzapeko Hego Vietnamgo fronte komunak) gerrilla gerra hasi zuen hegoaldean. Vietnamgo Herri Armadak (PAVN) —Ipar Vietnamgo Armada izenaz ere ezaguna; inglesezko akronimoaren arabera, NVA— gerra konbentzionalagoa hasi zuen AEBetako eta Hego Vietnamgo Indar Armatuen (ARVN, ingelesez) aurka. 1958an, Ipar Vietnamek Laos inbaditu zuen eta Ho Chi Minh bidea ezarri zuen VC hornitzeko eta indartzeko[67]:16. 1963an, iparraldeak 40.000 soldadu bidali zituen, hegoaldean borrokatzera[67]:16. AEBen parte hartzea areagotu zen John F. Kennedy presidentearen garaian, 1964an, mila bat aholkulari militar izatetik 23.000ra igaro baitzen[68][39]:131.
Tonkingo Golkoko gertakariaren ondoren, 1964ko abuztuan, AEBetako Kongresuak Lyndon B. Johnson presidenteari Vietnamen presentzia militar estatubatuarra emendatzeko botere zabala ematen zion ebazpen bat onartu zuen, gerra deklarazio formalik gabe. Johnsonek, lehen aldiz, borroka-unitateak zabaltzea agindu zuen, eta AEBetako tropen kopurua izugarri handitu zuen, 184.000 arte[68].
Estatu Batuetako eta Hego Vietnamgo indarrak aireko nagusitasunean eta su-potentzia ikaragarrian oinarritu ziren bilaketa eta suntsiketa operazioak egiteko: hor, lurreko indarrek, artilleriak eta aireko erasoek parte hartu zuten. Estatu Batuek ere eskala handiko bonbardaketa estrategikoen kanpaina bat egin zuten Ipar Vietnamen aurka[39]:371–374[69], eta beren indarrak nabarmen handitzen segitu zuen, nahiz eta aurrerapen gutxi egin. 1968an, Ipar Vietnamgo indarrek Tet erasoaldia abiatu zuten; haientzat porrot militarra izan zen arren, garaipen politiko bihurtu zen, AEBek gerrari ematen zioten laguntza bukatzea eragin baitzuen[39]:481. Urtearen amaieran, Viet Congek lurralde gutxi zuen eta PAVNren parean zegoen[70]. 1969an, Ipar Vietnamek Hego Vietnamgo Errepublikako Behin-behineko Gobernu Iraultzailea izendatu zuen. Operazioek herrialdeen arteko mugak zeharkatu zituzten eta Estatu Batuek Ipar Vietnamek Laosen eta Kanbodian erabiltzen zituen hornikuntza ibilbideak bonbardatu zituzten.
1970ean, Norodom Sihanouk Kanbodiako erregea kargutik kendu zutenean, Vietnamgo Herri Armadak herrialdea inbaditu zuen (Khmer Gorriek hala eskatuta) eta, ondoren, AEBen eta ARVNren kontrako erasoa gertatu zen, Kanbodiako gerra zibila areagotuz. 1969an Richard Nixon AEBetako presidente hautatu ondoren, vietnamdartze politika hasi zen: haren arabera, gatazka ARVN zabaldu bat borrokatzen zen, eta indar estatubatuarrak erretiratu egiten ziren, barne-oposizio gero eta handiagoaren aurrean. AEBetako lurreko indar gehienak 1972. urtearen hasieran joan ziren, eta beren operazioak aireko eta artilleriaren laguntzan eta aholkulari eta material bidalketetan geratu ziren. 1973ko urtarrileko Parisko Bake Akordioek indar estatubatuar guztien erretiratzea ekarri zuten[71]:457; akordioak ia berehala hautsi ziren, eta borrokek beste bi urtean segitu zuten. Phnom Penh Khmer Gorrien eskuetan erori zen 1975eko apirilaren 17an, eta 1975eko udaberriko erasoaldiak Saigon PAVNren eskuetan erortzea ekarri zuen apirilaren 30ean: horrek gerraren amaiera markatu zuen. Ipar eta Hego Vietnam hurrengo urtean elkartu ziren.
Giza kostu handia izan zuen: Vietnamgo 966.000[32] eta 3 milioi[60] soldadu eta zibil artean hil zirela kalkulatzen da, 275.000-310.000 kanbodiar[61][62][63], 20.000-62.000 laostar [60] eta 58.220 soldadu estatubatuar ere hil ziren[oh 8].
Haren amaierak boat people (ontziz ihes egin zuen jendea) sortu eta Indotxinako errefuxiatuen krisi handiena ekarri zituen, milioika errefuxiatuk Indotxinatik alde egin baitzuten: horietatik 250.000 inguru itsasoan hil ziren. Behin boterean, Khmer Gorriek Kanbodiako genozidioa egin zuten eta haien eta Vietnam bateratuaren arteko gatazkak azkenean Kanbodiako eta Vietnamgo gerra piztu zuen. Horren ondorioz, 1979an Khmer Gorrien gobernua erori zen: horri erantzunez, Txinak Vietnam inbaditu zuen, 1991ra arte iraun zuten ondorengo mugako gatazkekin. Estatu Batuetan, gerrak Vietnamgo Sindromea deitu zena sortu zuen, AEBek atzerrian zuten inplikazio militarrarekiko ezinikusi publikoa[72] eta, Watergate eskandaluarekin batera, Estatu Batuei 1970eko hamarkada osoan eragin zien konfiantza-krisia[73].