Ipar Amerikako herrialdea From Wikipedia, the free encyclopedia
Ameriketako Estatu Batuak[1] (ingelesez: United States of America) Ipar Amerikako errepublika federala da, 50 estatuk eta barruti federal batek osatzen dutena. Haietako 48 Kanada eta Mexiko artean daude: horiei, Estatu Batu kontinentalak deitzen zaie. Beste biak Hawaii eta Alaska dira. Halaber, beste zenbait dependentzia eta urruneko uharte ditu. 9.833.517 kilometro koadroko eremua hartzen du[2], eta 2023an 336 milioi biztanle zituen;[3] beraz, munduko herrialderik jendetsuenetan hirugarrena da, Indiaren eta Txinako Herri Errepublikaren atzetik. Hiriburua Washington da, eta New York hiririk handiena.
Ameriketako Estatu Batuak | |||
---|---|---|---|
United States of America | |||
Ereserkia: The Star-Spangled Banner | |||
Goiburua: In God We Trust | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Washington | ||
Azalera | 9.826.675 km² | ||
Punturik altuena | Denali mendia (6.190 m) | ||
Punturik sakonena | Badwater Arroa (−86 m) | ||
Kontinentea | Ipar Amerika, Uharteetako Ozeania eta Asia | ||
Mugakideak | Mexiko eta Kanada | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | presidentzialismo, Errepublika federal eta errepublika | ||
Ameriketako Estatu Batuetako Presidentea | Joe Biden | ||
Epai autoritatea | Ameriketako Estatu Batuetako Gorte Gorena | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 332.278.200 | ||
Dentsitatea | Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km² | ||
Talde etnikoak | ikusi
| ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Emankortasun-tasa | 1,8615 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 2.528.999 (2014) | ||
Alfabetizazioa | % 99,4 (1979) | ||
Bizi-itxaropena | 78,69024 (2015) | ||
Giniren koefizientea | 47,7 (2011) | ||
Giza garapen indizea | 0,921 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 19.390.604.000.000 $ (2017) | ||
BPG per capita | 59.927 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 19.485.394.000.000 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 59.927,93 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 1,6 % (2016) | ||
Erreserbak | 451.285.263.406 $ (2017) | ||
Inflazioa | 2,2 % (2016) | ||
Historia | |||
1776 | Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapena | ||
1784 | Parisko Ituna | ||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +1 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | US | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | USA | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 120 V. 60 Hz.NEMA 1-15 (en) eta NEMA 5-15 (en) | ||
Internet domeinua | .us, .mil eta .gov (mul) | ||
usa.gov |
Lehen eta Bigarren mundu gerretako garaipenen ondoren, eta 1991. urtean Gerra Hotza amaitu zelarik, Estatu Batuak dira munduko nazio-estaturik indartsuena. Ekonomiak hazkunde jarraitua du, langabezia ez da handia, inflazioa apala da, eta oso lasterra teknologiaren aurreramendua. Gizarte oparo horrek duen arazorik larriena irabazien banaketa da: 1975. urteaz gero, nazio sarreren gehitzea ia osorik joan da biztanleen % 20ren eskuetara.
Hizkuntza nagusia ingelesa da; ingelesaz gainera, espainiera, frantsesa, alemana, eta indiarren hizkuntzak ere erabiltzen dira, navajoa eta hopiera (Arizonan) batez ere.
Herrialdeak Ipar Amerikaren erdialdea hartzen du, eta baita Alaska, Hawaii, eta Ozeano Bareko beste eskualde txiki batzuk ere. Estatu Batu kontinentalek 7.825.268 kilometro koadroko eremua hartzen dute; iparraldean Kanada dute, ekialdean – Ozeano Atlantikoa, mendebaldean – Ozeano Barea, eta hegoaldean – Mexiko eta Mexikoko golkoa. Alaska estatuak Kanada du ekialdean, Ozeano Barea – hegoaldean, Ozeano Artikoa – iparraldean, eta Bering itsasartea – mendebaldean; 1.717.854 kilometro koadro da luze-zabalean. Hawaii estatua Ozeano Bareko uhartedia da, kontinentetik 3.200 kilometro hego-mendebaldera dagoena.
Estatu Batuetako eremuak ez du gorabehera handirik. Erdialdea ordoki zabala da, Mississippi arroa eratzen duena. Arro hori Appalache mendiek mugatzen dute ekialdetik, eta goi-ordokiek eta Mendi Harritsuek, Sierra Nevadak eta Ur-jauzien mendikateak mendebaldetik.
Appalacheak Ozeano Atlantikoaren kostaldean daude. Mitchell mendia da garaiena (2.037 metro). Appalache mendikatea (Blue Ridge, Adirondacks, White Mountains) ipar-ekialdetik eta hego-mendebaldera luzatzen da. Beste aldean, mendebaldean alegia, Mendi Harritsuak daude. Horiek goi-ordokiak inguratzen dituzten bi mendilerrok osatuak dira. Ur-jauzien mendikatean gailur garaiak daude (Rainier, 4.392 metro). Sierra Nevada, berriz, zenbat eta hegoalderago jo orduan eta garaiago da; Whitney mendia da garaiena (4.418 metro).
Sierra Nevadaren mendebaldean, Kostako mendikatera bitartean, Sacramento eta San Joaquin haranak daude, oso oparoak; ekialdean hainbat goi-ordoki eta Arro Handia daude. Mendi Harritsuak Kanadatik Mexikora luzatzen dira 650 kilometroan. Bertan daude Yellowstone Parke Nazionala eta Coloradoko goi-ordokia. Kostako mendikateak iparraldera jotzen du, Kanada aldera. Alaskan dago Estatu Batuetako gailurrik garaiena – Denali (6.194 metro). Iparralderago, Aleutiarrak sumendi-uhartedia dago (Makushin, 2.857 metro).
Estatu Batuetako lurralderik gehiena Mississippiren arroan dago. Mississippi ibaia, Missouri adarrarekin batera, munduko luzeena da. 1.970 kilometro egin ondoren Mexikoko golkoan itsasoratzen da. Rio Grandek, berriz, Mexikorekiko muga eratzen du. Hori ere Mexikoko golkoan itsasoratzen da. Ozeano Barera isurtzen diren ibaiak dira Colorado, ahoa Kaliforniako golkoan duena, eta Columbia. Ozeano Atlantikoan itsasoratzen direnak laburrak dira. Appalache mendietan dute iturburua eta nagusiak Hudson, Delaware, Potomac, Susquehanna eta Savannah dira.
Estatu Batuetako aintzirarik zabalenak Aintzira Handiak dira, Kanadaren mugan: Superior, Huron, Michigan, Ontario eta Erie. Aintzira horiek San Laurendi emari handiko ibaiak lotzen ditu. Erie eta Ontario aintzirak Niagara ibai laburrak lotzen ditu.
Alde handiak daude eskualdetik eskualdera Estatu Batuetan, bai garaieragatik, bai Atlantiko edo Pazifikoko itsaslaster hotzengatik; baina klimaren eragile nagusia haizea da: iparretik hegorantz trabarik gabe dabilela eta Mexikoko tropikotik datorren haize bero hezeak aurrez-aurre topo egiten duela Ipar polotik datorren haize hotz eta lehorrarekin. Kaliforniako itsasertzean oso hezea da klima. Oro har, bi multzo nagusi bereiz daitezke: mendebaldea, lehorra, Mendi Harritsuetatik Kostako mendikateraino hedatzen dena, eta ekialdea, hezea. Floridako klima, berriz, tropikala da. Mexikoko golkotik Ohioko haranera hedatzen den lurraldeak klima kontinentala du.
Ipar Amerikako lehenbiziko biztanleak K. a. 18000 eta 8000 artean iritsi ziren Siberiatik, Beringian zehar egindako migrazioen bidez. Ehunka hizkuntza eta kultura zeuden, eta horietako asko herri nomadak edo erdi-nomadak ziren. Gehienak galdu egin dira.
XVI. eta XVII. mendeetan, Europarekin izandako lehen topaketak kultura talka handia izan ziren, tartean euskal baleazaleak zeudela (egungo Kanada ekialdean). Espainiarrak hegoaldera iritsi ziren, ingelesak ekialdera, eta frantsesak iparralde eta Mississippiren arrora. Mayflower izan zen Ingalaterratik Ameriketara kolonizatzailez beteta joandako lehen itsasontzia. Ingelesen lehen kokapena 1607an izan zen, Jamestown herrian (Virginia).
Laster, hainbat kolonia ezarri ziren ekialdeko kostaldean (Plymouth, Boston, Salem, Williamsburg). XVII. eta, batez ere, XVIII. mendean, esklaboak eraman zituzten, Afrikako jendearen salerosketaren bidez, batez ere hegoaldeko kotoi sailetan lan egiteko, baina baita era guztietako azpiegiturak eraikitzeko ere. Hasieran, Britainia Handiaren koroapeko lurretan finkatutako ingelesak, herbeheretarrak, eskoziarrak, alemaniarrak eta eskandinaviarrak itunetara heldu ziren bertako biztanleekin (ekialdeko amerindiarrekin), eta hauek, oro har, europarren hainbat teknika eta kultura ezaugarri onartu zituzten. Europarren kolonizazioa Appalache mendien ekialdera mugatzen zen. Hala ere, berehala hasi ziren pizten tentsioa eta gatazka, europar jatorriko herritarren hazkuntza demografiko eta hedakuntzarako joera zela-eta. Liskar haietako handienaren aukera hartuz, Europako Zazpi Urteko Gerraren une berean, britainiar kolonoek frantziarren lurraldeen erdia berenganatu zuten, eta halaxe azalera bikoiztu.
1763an Ingalaterrak eta Frantziak sinaturiko Parisko Itunaren ondorioz, kolonien defentsa eta mantenimendu kostuaren zati bat kolonoek ordain zezaten saiatu zen Ingalaterra. Argudio hori erabili zuten Londresen parlamentu-neurri sail bati ekiteko; neurri horiek zerga berriak zekartzaten eta koloniak zuzen-zuzenean ukitzen zituzten. 1763-1767 bitartean, zenbait legek aduana eskubideak eta merkataritzarako dokumentuak (paper tinbratua) ezarri zituzten hainbat produkturen gainean. Neurri horiek berehalakoan arbuiatu zituzten kolonoek, uste baitzuten, britainiar mendeko izanik, ez zutela zergarik ordaindu beharrik berak Londresko parlamentuan egon gabe. Ez protestek, ez kolonoek Londresa bidalitako ordezkariek, ez zuten inolako eraginik izan, zeren eta Jurgi III.a erregeak asaldura egoera adierazi baitzuen kolonientzat, 1773ko Bostongo Tearen Matxinadaren ondoren.[4]
Kolonoak geroko sistema federala iragartzen zuen elkarte baten inguruan antolatu ziren; Filadelfian egindako bi kongresutan, 1774 eta 1775ean, mamitu zen antolamendu hura. George Washington aukeratu zuten kolonietako gudarostearen jeneral buru, Jurgi III.ak bidalia zuen ingeles eta aleman mertzenarioen armadari aurre egiteko. Horiek horrela, 1776ko uztailaren 4an, hamahiru britainiar kolonien independentzia aldarrikatu zuten (Independentzia adierazpena). Berehala, gerra piztu zen Erresuma Batuarekin, 1783 arte, baina metropoliak atzera egin behar izan zuen. 1787an Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioa onartu zuten, Mendebalde osoko lehena. Bi testu horiek jarri zituzten estatubatuar nortasunaren lehenengo oinarriak.
George Washington hautatu zuten errepublika berriaren presidente, baina luze gabe sortu ziren elkarren kontrako bi alderdi: Alderdi Federalista, boterea zentralizatu eta metatzearen aldekoa (garapena), eta Alderdi Errepublikanoa, herriaren oinarrizko askatasunei eta estatuen subiranotasunari eustearen aldekoa (jeffersondar demokrazia). 1792-1796 bitartean, hurrenez hurren, Kentucky eta Tennessee erantsi zitzaizkion errepublikari. Federalisten bultzadaz, Washington D.C. hiriburu federala sortu zen, baita AEBetako lehenengo banku zentrala ere. Thomas Jefferson presidentetzara heldu zen 1801ean, eta 1803an Louisiana erosi zioten Frantziari. 1811n, gatazka piztu zen Erresuma Batuarekin, artean Europako monarkia horrek ez baitzuen esperantza galdu nola edo hala errepublika berria atzera menpera ekartzeko.
1815ean bukatu zen gerra hori, baina mugarria izan zen estatubatuar kontzientzia pizteko, baita armada indartsua sortzen hasteko eta finantzen garapenerako ere. 1816an, Estatu Batuetako Bigarren Bankuari AEBetako banku zentrala izateko baimena eman zioten. Britainiarren laguntzat jotako Alderdi Federalistarenak egin zuen, baina, ordainean, jaun eta jabe geratutako Alderdi Errepublikanoa zatitu egin zen, eta federalisten balio asko errepublikanoen talde batek hartu zituen, Henry Clay buru zuela. Kontrako aldean zuen Andrew Jackson, eta azken hau izan zen presidentea 1829–1837 bitartean. Jacksonek hedatze politika garatu zuen bere agintaldian. Florida ordurako bereturik (1819), Mexiko Espainiatik bereizi zen unetik (1823) mexikarrak ziren lurralde batzuk erantsi zituen (Texas, Kalifornia eta Mexiko Berria); gainera, Oregon ingeles-ipar amerikar administrazioaren azpian zegoen 1818tik.[4] Horrezaz gainera, amerindiarren kontrako lehenengo neurri sistematikoak hartu zituen, mendebaldera, Mississippi aldera, kanporatuz (Malkoen bidea, 1831-1838). Bertako biztanle amerindiarrak baztertuak izan ziren gero eta gehiago, bereziki 1815eko gerraren ondoren, eta asko hil ziren, kolonoek ekarritako gaixotasunen ondorioz (baztanga, elgorria) eta haiekin izandako liskar odoltsuetan.
Hedapenak beste ondorio erabakigarria ekarri zuen: AEBen gizarte eta ekonomia lurraldekatzea. Zenbait hiri, New York edo Baltimore adibidez, biztanle kopuru handi samarra hartzen hasiak ziren, baina lurralde berrietan biztanleria guztiz barreiatua zegoen gaitzeko lurralde zabaletan eta gune txikietan, estatu gisa sendotu gabeko lurraldeetan. Begien bistako desberdintasuna zegoen, orobat, produkzioari eta gizarte egiturari dagokienez, iparraldearen, erdialdeko mendebaldearen eta hegoaldearen artean. Iparraldea hiritsuena eta industrialena zen; erdialdeko mendebaldean indiarren lurren konkistan eta harrapaketan beren lurrak lorturiko nekazariak bizi ziren, eta hegoaldeak esklaboen bidezko produkzio sisteman oinarriturik jarraitzen zuen, hartarako etekin handia ematen zuten lur guztiz zabalak behar zirelarik.
Arrazoi horrexegatik, esklabotzaren arazoak lehen planora pasa ziren 1840-1850 urteetan. Mugimendu abolizionistak, iparraldekoak gehienbat, mehatxu zuzentzat hartzen zituzten hegoaldeko lur-jabeek zein estatuek. Hauek, Kongresuak esklabotza deuseztatzeko edo esklaboak iparraldera ihes egitea bideratzeko konstituzioa aldatuko ote zuten beldurrez, beren burua posibilitate horren aurka babestu nahi izan zuten. 1860an, Hego Carolina batasunetik bereizi zen Abraham Lincoln errepublikazalea lehendakari zela. Haren atzetik beste sei estatu bereizi ziren (Mississippi, Florida, Alabama, Georgia, Louisiana eta Texas) eta Ameriketako Estatu Konfederatuak osatu zituzten 1861ean. Gobernu federalak borrokari ekin zion Batasunaren alde, eta esklabotasuna legezkotzat zuten beste lau estatu lotu zitzaizkion Konfederazioari (Virginia, Ipar Carolina, Tennessee eta Arkansas). Garapen industrial eta teknologikoak Batasunaren alde jokatu zuen, eta 1865ean hegoaldeko estatuen konfederazioak amore eman zuen. Nazioarentzat garrantzi handiko ondorioak izan zituen Gerra Zibilak: 650.000 lagun hil ziren eta milioi bat zauritu, hegoaldeari hondamena ekarri zion, har gertatu baitziren gudurik latzenak, lau milioi esklabok askatasuna lortu zuen, eta Batasuna eta gobernu federala indartuta atera ziren.[5]
Gerra zibilari eta indiar nazioekiko liskarrei esker, herrialdeak barne batasun handia lortu zuen eta kolonizazioaz gero amerikar muga izandako lurraldeak menderatu zituen. Horrela jarri ziren zabalkunde berrirako oinarriak. 1867an Alaskako lurraldea erosi zioten Errusiari. 1890eko Wounded Kneeko sarraskia izan zen indiarren aurkako azken liskar armatu handia. 1893an, estatu kolpe batek Hawaiiko Erresumako monarkia eraitsi zuen; bost urte geroago, AEBek uhartedia beretu zuten. Espainiaren aurkako gerra irabazirik, Filipinak, Guam eta Puerto Rico anexionatu zituzten 1898an.[6]
Urte haietan europarrek oldeka emigratu zuten Ipar Ameriketako hirietara, garai hartako hiririk jendetsuenetara, eta lurraldea oso bizkor urbanizatu zen. Emigrazioa eta urbanizazioa, ordea, ekonomia hazkundeari esker gertatu ziren, nagusiki. Estatu Batuek nekazaritza modernoa eta baliabide natural ugari zituzten, garraio sistema bikaina zen eta, batez ere, garrantzi handiko aurreramendua izan zuen bertako industriak, Cornelius Vanderbilt, John D. Rockefeller eta Andrew Carnegie bezalako magnateen eskutik. Bankuek ere pisu handia hartu zuten. Edison eta Teslari esker, argindarra herrialdeko bazter guztietara zabaldu zen, eta Henry Fordek automobilgintza irauli zuen. Hori guztia zela-eta, Estatu Batuetako ekonomia munduko aberatsena zen 1918rako.[5]
Lehen Mundu Gerra hasi zelarik neutral iraun bazuten ere, 1917an gerran sartu ziren Aliatuen alde. Gerra osteko Parisko Bake Biltzarrean, Woodrow Wilson presidentea nabarmendu zen, Estatu Batuak herrialde ahaltsua zirela erakutsiz. 1920ko hamarkadan, industria handi eta kontsumo izugarrian oinarrituriko oparoaldia bizi izan zuen herrialdeak. Gizartean, ordea, erreakzio kontserbadore eta nazionalista gertatu zen eta, aldi berean, astialdiko kultura berria (jazza, zinema eta kirolak) sortu zen; politikari dagokionez, joera kontserbadorea izan zen nagusi.[7]
Mundu hark 1929ko kraka eta Depresio Handiarekin jo zuen hondoa. 1932ko hauteskundeak irabazirik, Franklin Delano Rooseveltek New Deal delakoa abiarazi zuen, herri guztia lanean jarriz eta erakundeen baliabide guztiak erabiliz Estatu Batuetako ekonomia eta gizartea berpizteko; lan horri esker lortu zuen herrialdeak Bigarren Mundu Gerran demokrazien aitzindari izatea.[7] Gerran 400.000 estatubatuar soldadu hil baziren ere,[8] herrialdearen indar ekonomiko eta militarra handitu zen. Bretton Woods eta Jaltako batzarretan, Estatu Batuek beren onurarako baliatu zuten garaipena. 1945eko abuztuaren 6an eta 9an, lehenbiziko bonba nuklearrak jaurti zituzten Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hirietan; 150.000 lagun baino gehiago hil ziren bonbardaketetan.[9] Japonia irailaren 2an errenditu zen.
Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna izan ziren munduko bi superpotentziak. Elkarren kontrako bi eredu ziren, gizarte, politika eta ekonomian, kapitalista bata, eta komunista bestea. Roosevelten desioa, demokrazia politikoa, merkataritza askatasuna eta nazioarteko lankidetza landuz, mundua berritik antolatzekoa, Stalinen pragmatismoaren aurrez aurre zegoen, haren interes nagusia errusiar lurraldea zabaltzea eta Ekialdeko Europa menderatzea baitzen.[10] Bi superpotentzien arteko tentsio egoerari Gerra Hotza izena eman zitzaion. Mundua bi bloketan banatu zen, eta Estatu Batuek bloke kapitalistaren buruzagitza eta defentsa hartu zuten beren gain. Marshall Planaren eta NATOren bidez bideratu zuten Mendebaldeko Europarako laguntza; bien bitartean, histeria antikomunista (macarthismoa) piztu zen beren lurraldean.
Gerra Hotzean AEBek eta SESBk ez zuten inoiz elkarren aurka jo zuzenean, zeren eta bi-biek sustaturiko armamentu lasterketa neurrigabeak izuaren oreka delakoa ekarri baitzuen. Hau da, gerra nuklearra lehertuz gero, garailerik gabe amaituko litzatekeelako segurantza. Tentsio handieneko uneak 1947 eta 1953 bitartean gertatu ziren, Berlingo Blokeoan (1948–1949) eta Koreako Gerran (1950–1953) batez ere.[11] 1957an, espazioko lasterketa lasterketa hasi zen, SESBk lehenbiziko satelite artifiziala Lurraren orbitan jarri zuenean. Sobietarra izan zen espazioratu zen lehenbiziko gizakia ere, baina Neil Armstrong eta Buzz Aldrin estatubatuarrak izan ziren Ilargia lehenengo aldiz zapaldu zutenak, 1969an.[12] 1965etik aurrera, Estatu Batuak erabat nahasi ziren Vietnamgo Gerran.
Barne egoerari dagokionez, ekonomia eta biztanleria hazi ziren. Eskubide zibilen aldeko mugimenduak indarkeriarik gabeko protesta ekintzak erabili zituen afro-amerikarrek jasaten zuten diskriminazioaren aurka; Rosa Parks eta Martin Luther King izan ziren mugimendu horretako buruzagi nagusiak. John F. Kennedyren hilketaren ondoren, Lyndon B. Johnsonen agintaldian onartu ziren eta Eskubide Zibilen Legea (1964) eta Boto Eskubide Legea (1965). 1960ko eta 1970eko hamarkadetan indar handia hartu zuen kontrakulturak, nazionalismo beltzak, Vietnamgo Gerraren aurkako protestek eta sexu iraultzak bultzaturik.
1974an, Richard Nixon presidenteak dimisioa eman behar izan zuen Watergate eskandalua zela-eta; Gerald Fordek ordeztu zuen.[13] Estanflazioak eta Teherango gatibuen krisialdiak markatu zuten Jimmy Carterren agintaldia (1977–1981). Ronald Reaganek sakonki aldatu zuen politika ekonomikoa, gastu publikoa murriztuz eta merkatu librea sustatuz.[14] 1991ean, Reaganen bigarren agintaldian, Sobietar Batasunaren desegin zen; horren ondorioz, Gerra Hotza amaitu zen.
Golkoko Gerra izan zen Gerra Hotzaren osteko lehen gatazka handia. 1990ean hasi zen, Irakeko gudarosteak Kuwait inbaditu zuenean. Estatu Batuek berehala erantzun zioten bere aliatuaren okupazioari, eta Basamortuko Ekaitza zeritzan operazio militarra abiarazi zuten 1991ko urtarrilaren 16an.[15]
2001. urtean, gerraz kanpoko herrigune batean inoiz izandako erasorik handiena gertatu zen AEBetan. Al Kaida talde terroristak zenbait hegazkin bahitu zituen barruan bidaiariak zihoazela, eta Dorre Bikien aurka egin zuten talka: 3.000 hildakotik gora izan ziren. Erasoa arrazoi hartuta, AEBek Afganistango Gerra justifikatu zuten, terrorismoaren aurkako gerra hasiz. Aldi berean, Irak ere inbaditu zuten eta Patriot Act terrorismoaren aurkako lege ospetsua aurrera atera zuen George W. Bush orduko presidentearen administrazioak.[16]
Errepublika konstituzional, demokratiko eta presidentzialista da. Sistema horren oinarrian “botere bereizketaren printzipioa” dago, zorrotz-zorrotz aplikatuta egon ere; botere hauek, hiruki baten hiru aldeen antzera ikus ditzakegu:[17]
Ameriketako Estatu Batuak 50 estatuz eta barruti federal batez (Columbiako Barrutia) osatuta daude:
48 estatuk (denak, Alaska eta Hawaii izan ezik), kontinenteko estatuak edo lower 48 izenekoek Ipar Amerikako erdialdea hartzen dute. Alaska Kanadak banantzen du beste estatuetatik. Hawaii, berrogeita hamargarrena, Ozeano Barean kokatutako uhartedia da.
Estatu Batuen mendeko eskualdeak dira Baker uhartea, Birjina Uharte Estatubatuarrak, Guam, Howland uhartea, Ipar Marianak, Jarvis uhartea, Johnston atoloia, Kingman uharria, Midway, Navassa uhartea, Palmyra atoloia, Puerto Rico, Samoa Estatubatuarra eta Wake. Bertako biztanleek ez dute hauteskunde federaletan parte hartzen. 1947ko uztailaren 18tik 1994ko urriaren lehena arte, Estatu Batuek administratzen zuten Ozeano Bareko Uharteetako zainpeko lurraldea. Gaur egun, haien egoera aldatu da: 1986ko azaroaren 3az gero, Ipar Marianak commonwealth bat dira, Estatu Batuekin lotura politikoa dutenak; Palauk elkartze libreko itun bat izenpetu zuen Estatu Batuekin, 1994ko urriaren 1az gero eraginkorra; Mikronesiako Estatu Federatuek elkartze libreko itun bat dute, 1986ko azaroaren 3az gero eraginkorra; eta Marshall Uharteetako Errepublikak elkartze libreko ituna izenpetu zuen, 1986ko urriaren 21az gero eraginkorra.
Gobernuko Errolda Bulegoak lau eskualdetan eta 9 azpieskualdetan banaturik du herrialdea, errolda eta beste zenbait biztanleria datuetarako:
Segurtasun indarrak Ameriketako Estatu Batuetan justizia kriminalaren sistemako hiru osagaietako bat da kartzela eta auzitegi sistemekin batera. Herrialdean 5 mailatako polizia agentziak daude: federalak, estatukoak, konderrikoak, udalerrikoak eta polizia talde bereziak.
Indar Armatuak, zuzenean Defentsa Sailaren ardurapean daude eta 5 gorputz edo armadatan banatzen dira.
2018an, 326,9 milioi biztanle zituen.[3] Adinka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 18,7 dira, 15-24 urte bitartekoak – % 13,2, 25-54 urte bitartekoak – % 39,4, 55-64 urte bitartekoak – % 12,9, eta 65 urtetik gorakoak – % 15,6. Bizi itxaropena 80 urtekoa da; 77,7 urtekoa gizonezkoena eta 82,2 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[20]
Herrialde askotarikoa da etnia eta arraza taldeen aldetik. Izan ere, europar jatorria dutenez gain, afroamerikarrak (% 12,6 2010ean), latinoamerikarrak (% 16,3) eta asiarrak (% 4,8) oso talde garrantzitsuak dira.[20] Halaber, europarrak iritsi baino lehen, herri amerindiarrak bizi ziren lurraldean, besteak beste siuxak, txerokiak eta komantxeak, gaur egun oso egoera gutxitu eta baztertuan daudenak. Azkenik, aipagarria da Euskal Diasporak herrialde honetan daukan presentzia, hainbat euskal etxe baitago barreiatuta North American Basque Organizations (NABO) erakundeak batuta.
Ameriketako Estatu Batuek ez dute hizkuntza ofizialik, baina 32 estatutan ingelesak du estatus ofiziala. Hawaiin ingelesa eta hawaiiera dira ofizialak, eta Alaskan 20 hizkuntza indigena daude onarturik.[20] Ofizialak izan gabe, Mexiko Berriko legeriak ingelesa eta gaztelaniaren erabilpena sustatzen du, eta Louisianakoak ingelesa eta frantsesarena.[21] Puerto Ricon gaztelania da ofiziala, eta Guamen, naiz eta hizkuntza nagusiena ez izan, txamorroa ofiziala da. Polinesiako beste uharteetan bertako hizkuntzak ere onartzen dira.
Erabilpenari dagokionez, ingelesa da hizkuntza nagusia, biztanleriaren % 79ren etxeko hizkuntza baita (2015eko zenbatespena).[20] Gaztelania da % 13ren etxeko hizkuntza, eta txinera – % 1ena. Gaztelania da eskoletan bigarren hizkuntza bezala gehien erakusten dena. Amerindiarrek eusten diete beren hizkuntzei, baina oso hiztun gutxirekin eta. Duela bi mendeko egoerarekin alderaturik, hizkuntza indigenetako asko desagertu dira. Hauek dira hizkuntza indigena nagusiak: navajoa, siuxera, yupikera, txerokiera, mendebaldeko: apatxea, pimera, txoktawera, keresera, zuniera eta ojibwa.