Inprimatze

From Wikipedia, the free encyclopedia

Inprimatze
Remove ads

Inprimatzea da marka edo aztarna bat zerbaiten gainean uztearen ekintza eta efektua. Inprimaketaren euskarria papera izan ohi da, baina beste material batzuk ere inprima daitezke, hala nola plastikoak, ehunak (serigrafia) eta abar. Inprimatzea da paper, pergamino eta abarren gainean idazki baten, marrazki baten eta abarren tintazko marka erreproduzitzearen artea, xafla metaliko edo konposatu baten gainean grabatua, metalezko edo zurezko piezak elkartuta, pieza bakoitzak letra bat, irudi bat eta abar grabatuta dituela. Euskaltzaindiaren hiztegiak honela definitzen du: «paperean edo kideko gairen batean testu edo irudi baten aldakiak egin, hartarako makina edo tresnen bidez».[1]

Thumb
Jost Ammanen tipografia (1568).

Historian zehar inprimatze sistema ugari garatu izan dira. Batzuk, serigrafia edo litografia, adibidez, teknikaren bilakaerara egokitzen joan dira, eta oraindik ere irauten dute; beste batzuk, berriz, asko erabilitako xilografiak, adibidez, indarra galdu du, eta gaur egun artelanak erreproduzitzeko baino ez da erabiltzen. Inprimaketa digitala agertu arte, metodo guztiek ezaugarri bat izan dute: matrize negatibo bat erabiltzea, behin tintaz bustita, paperean transferitzeko aukera ematen zuena. Inprimatze teknikak azkar garatu ziren, eta behar berriak asetzen zituzten edo aukera tekniko berriei erantzuten zieten prozedura berriak agertu ziren. Akuafortea, litografia, fotograbatua (argazkian oinarrituta) edo offseta nabarmendu behar dira. Xerografiaren eta tintazko inprimagailuen teknika modernoek lotura estua dute inprimatu beharreko datuen tratamendu informatikoarekin, inprimatzeko makinara zuzenean bidaliak. Horren karietara, ordenagailuz lagundutako argitalpen software espezifikoa sortu da, autoedizio izenaz ezagutzen dena.[2]

Remove ads

Historia

Txinan, VII. mendetik aurrera, inprimatzeko teknologia zaharrenetan molde finkoak erabiltzen zituzten, eta askoz lehenago zurezko letra moldeak (xilografia), haiekin estanpa nahiz liburu ikusgarriak inprimatzen baitziren, oso tirada laburrekin. XV. mendean, letra molde mugikorrak eta inprimatzeko makinak agertu ziren. Halakoei esker, lan idatziak argitaratzea asko erraztu eta merkatu zen. Ondorengo garapen teknologikoa beti joan izan da eskulanaren beharra murriztera eta ekoizpen kostuak murriztera.

Zurezko blokeak

Thumb
Diamantezko sutra, inprimatutako libururik zaharrena, 868an inprimatu zen.

Testua edo irudiak inprimatzeko zurezko blokeak antzinatean erabiltzen hasi ziren Txinan; gerora, Ekialdeko Asia osora zabaldu zen teknika hori. Lehenik, ehunen gainean inprimatzeko teknika bat izan zen, eta, geroago, paperaren gainean ere. Txinan gordetzen dira ehunetan inprimatutako alerik zaharrenak, 220. urtearen aurrekoak, eta Egipton IV. mendekoak.[3]

Ekialdeko Asia

593. urte inguruan inprimatze prentsa asmatu zelarik, lehen egunkaria kaleratu zen Pekinen 713an, zurezko blokeekin inprimatua. Gordetzen den inprimatutako libururik zaharrena Txinan inprimatu zen, 868. urte inguruan, zurezko blokeen teknika erabiliz, bai testuan, bai ilustrazioetan ere, Diamantezko sutra testu budistaren txinerazko itzulpena.[4]

Ekialde Hurbila

Zurezko blokez egindako ehunen gaineko inprimaketa Egipton agertu zen IV. mendean; ez dago ziurtatzerik txinatarren teknikak ikasi ote zituzten edo modu independentean garatu ote zen. Arabierazko testu blokeen inprimaketa Egipton garatu zen IX. eta X. mendeetan; ez dago argi blokeak zurez edo beste material batez eginak ote ziren.[5] Badirudi teknika erabiltzeari utzi ziotela Txinatik letra molde mugikorrak sartu zirenean.[6]

Europa

Blokeen bitartez inprimatzeko teknika musulmanen eskutik iritsi zen Europara; 1300ean, ehunetan inprimatzeko ohiko metodoa zen, batez ere gai erlijiosoak inprimatzeko. Papera eskueran izatea aiseago izan zenean, 1400 inguruan, irudi erlijiosoekin eta joko kartekin estanpak egiten hasi ziren eskala handian.[7]

Thumb
Tipo mugikorrak,

XV. mendearen erdialdera, liburuak zurezko blokeekin inprimatzea, bloke berean grabatutako testu eta irudiekin, aukera merkeagoa bihurtu zen, eskuizkribuen eta tipo mugikorrez inprimatutako liburuen aldean. Inpresio mota hau, ilustrazio ugariko eta tirada handiko lan laburretan aplikatu zen, garaiko supersalmentak eta bertsio ezberdin askorekin; adibide izan ziren Ars Moriendi[8][oh 1] eta Biblia Pauperum[9][oh 2] liburuxkak. 1440 eta 1460 artean, oraindik bada eztabaida bat adituen artean, ea tipo mugikorrak lehenago edo geroago hedatu ote ziren.[10]

Remove ads

Tipo mugikorren inprimatzeko makina

Thumb
Gutenbergen inprimatzeko makinaren erreprodukzioa, Garza Roja Parkeko museoan (Ekuador) .

Letra molde edo tipo mugikorrak inprimatze eta tipografia sistema bat dira, erabiltzen dituzten pieza mugikorrak dira.[11] Teknika horri esker, testu edo irudi baten erreprodukzioa errazagoa eta malguagoa izan zen, eskuzko kopia edo blokeen bidezko inprimaketarekin alderatuta.

1040 inguruan, Bi Shengek (txinera tradizionalez: 畢昇) buztinez egindako tipo mugikorren lehen sistema ezaguna sortu zuen Txinan, nahiz oso hauskorrak ziren. 1298 inguruan, Wang Zhenek (txinera tradizionalez: 王禎; pinyinez: Wáng Zhēn) zurez egindako tipo iraunkorragoak erabili zituen, baina garai hartan metodorik erabiliena zurezko blokeena zen.[12]

Gutenbergen inprimatzeko makina

1450 aldera, Johannes Gutenberg urregileak bere inprimatze sistema aurkeztu zuen, tipo mugikorrekin eraikia, Europan modu independentean egindako asmakuntza.[13] Gutenbergek berun, eztainu eta antimoniozko aleazio batez egin zituen lehenengo tipoak, gaur egun ere erabiltzen diren osagai berak.[14]

Gutenberg 1436. urte inguruan hasi zen inprimatzeko makinarekin lanean, Andreas Dritzehen[oh 3] eta Andreas Heilmann paper fabrikatzailearekin elkartu zenean.[16] 1439an, Gutenbergen aurkako lege eskaera baten ondorioz, erregistro ofizial bat sortu zen; dokumentu horretan, inprimatzeko makinari buruzko xehetasunak agertzen dira, metalen inbentario batekin (beruna barne) eta tipo motak azalduta.[16]

Zurezko blokeekin egindako inprimaketaren aldean, inprimatzeko makinaren sistema mugikorrari esker orria azkarrago egokitu zitekeen eta denbora gehiago irauten zuen. Metalezko tipo edo moldeek denbora gehiago irauten zuten eta letrak askoz uniformeagoak ziren: horrek zabalduko zien bidea letra tipoei eta, orobat, tipografiari.[17] Gutenbergek argitaratutako Biblia (1455) bertsioaren kalitate handiak eta prezio apalak argi nabarmendu zuen inprimatzeko makina mugikorren nagusitasuna; aise uler daitekeenez, berehala hedatu ziren Europa osora lehenik, Pizkundearen faktore garatzaile gisa, mundu osora geroago. Ipar Amerikan, lehen inprimatze kania Cambrigden ezarri zen, 1639an.[18] Gaur egun, inprimatzeko makina mugikorren sistema guztiak, azken batean, Gutenbergen hastapeneko makinatik datoz; hura izan baitzen, ziurrenik, bigarren milurtekoko asmakizunik garrantzitsuena.[oh 4]

Gutenberg ondorengo bilakaera

Artikulu nagusia: «Inprimatzeko makina»
Thumb
Antzinako prentsa birakaria (Deutsches Museum, Munich).

Gutenbergen asmakizunetik XIX. mendera arte, inprimatze teknologiak berrikuntza apalak izan zituen, eraginkortasuna eta eragimena hobetzera bideratuak. Letra tipoak egiteko aleazioa berdina zen. XVIII. mendearen amaieran, Charles Stanhope (1753-1816) britainiar zientzialariak lehen inprimategi guztiz metalikoa eraiki zuen, aurrez Christophe Plantin frantses editoreak egindakoa nabarmenki hobetu zuena.[20] Inprimatzeko behar zen indarra % 90 murrizteaz gain, inprima zitekeen azalera bikoizteko aukera ematen zuen,[21] eta 480 orrialdera arteko ekoizpena aurrekoaren bikoitza zen.[22]

Prentsa birakari edo errotatiba 1847an eraiki zuen lehenengoz Richard March Hoe (1812-1886) estatubatuar asmatzaileak. Inprimatzeko makina horretan, inprimatzekoak diren irudiak eta testuak zilindro birakari baten inguruan ipintzen dira, biratzekoan paperaren gainean kontaktua egiten duelarik. Lehenengo makina orduko 12.000 inpresio egiteko gai zen. Danbor birakariaren sistema nabarmenki hobetu zuen geroago William Bullock (1813-1867) asmatzaileak. Inprimaketa substratu ugaritan egin daiteke, papera, kartoia eta plastikoa, orriak banan bana elikatuta edo haril jarraitu baten bidez. Inprimatzeaz gain, Errotatibak aldi berean substratua bera alda dezake zuloak, gaininprimaketa bernizadura edo erliebea eraginez. XIX. eta XX. mendean egunkari handiek denbora laburrean tirada gero eta luzeagoak ekoizteko beharren arabera, errotatibak azkar garatu ziren, urtez urte hobekuntzak eginez.[23]

Thumb
Linotipia makina bat (1965, (Deutsches Museum, Munich).

Inprimaketa guztiz irauli zen 1880ko hamarkadan, Ottmar Mergenthaler (1854-1899) asmatzaile alemanak linotipoa eraiki zuenean. Inprimatzeko makina honek hobekuntza handia ekarri zuen testu bat osatzeko behar den denboran, letra tipo mugikorren eskuzko manipulazioaren ordez testu lerro bakoitza[oh 5] teklatu baten bidez eratzeko aukera ematen baitzuen. Teklatuaren bidez testu bat idazten zenean, lerroaren matrize bat sortzen zen, berunezko eta eztainuzko aleazio urtua jasotzen zuena, lerro bakoitzeko pieza bakarra osatuz. Bloke hori erabiltzen zen, beste manipulaziorik gabe, benetako inprimaketa egiteko. Hala, Monotype Corporation etxeak bere tipo propioak sortu zituen urteetan zehar, letra tipo historikoetan inspirazioa hartuta, horietako gehienak egile eskubideen bidez babestuta baitaude oraindik. Makina honek inprenta tradizionalak ordeztu zituen eta liburuen inprimaketaren nahiz idatzizko prentsaren alorrean 1900etik 1970era arte nagusi izan zen zalantzarik gabe.[24]

1940ko hamarkadan, lerro moldeen ordezko bat asmatu zen: xafla bat zen, testu bat nahiz irudi bat erreproduzitzeko erabil zitekeena. Tinta nahi ziren posizioetan finkatzen zen karga elektrostatiko baten bidez; horregatik esaten zaio xafla elektrografiko. Geroago, karga elektrostatikoaren ordez laser bat erabiltzen hasi zen. Xerox konpainiak lehenengoz erabili zuenez, «xerografia» izeneko teknika oinarri bat izan zen lehen fotokopiagailuak sortzeko, gaur egungo laser inprimagailuen aurrekariak, eta argazki motako offset plakak diseinatzeko bidea ireki zuen.[25]

Thumb
Offset makina bat lanean.

1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hamarkadaren hasieran, fotokonposizio metodoak agertu ziren. Ispilu sistema bat zegoen, karaktereak moztuta zituena eta txantiloi gisa balio zuena, argiak gainazal hunkibera batean eragin zezan, eta argazki paper arrunta bezala errebelatu eta finkatzen zena. Horrela osaturiko testuak euskarri batean muntatu ziren, orriaren diseinua eskuz eginik. Orrialdearen muntaketa amaitutakoan, multzoarekin klixe bat egiten zen, inprimatzeko erabiliko zen plaka sortzeko. Fotokonposizioak eta offsetak ia hogei urte iraungo zuten, baina laserrak erabiltzen hasi zirenean filma zuzenean hunkitzen hasi ziren, ispilu sistemaren beharrik gabe. Geroztik, inprimatzea ez zen karaktereak paper gainean sakatuz egiten, baizik tinta offset plakan finkatuta zegoen paperak xurgatzen zuen.

Thumb
Fotokopiagailu moderno bat.

XX. mendean inprimatze arloan sortutako iraultza ordenagailu pertsonalak ekarri zuen, bereziki Apple etxearen Macintosh agertu zenean, 1980ko hamarkadaren hasieran. Autoedizioa demokratizatu egin zen, ordura arte konputagailu nagusietara eta miniordenagailuetara.[oh 6] Ordenagailu pertsonalei esker, inprimatze lanetan zerikusia zuten zeregin guztiak lanpostu bakar batetik egin ahal ziren: irudi digitalak sortu edo editatu, irudi bektorialak eratu, testua idatzi eta abar software espezifiko batzuen bidez egin zitekeen, testua eta irudiak konbinatzeko aukera ematen zuena. Ordurako, eragiketa horiek guztiak egin zitezkeen sistema dedikatu handietan, baina kostu askoz ere handiagoz. Macintoshek, bereziki, inpresioaren lanbidea mundu guztiaren eskura jartzen lagundu zuen.[26]

Konposizioaren bilakaerarekin batera, arte grafikoetako zeregin guztietan aldaketa sakonak gertatzen hasi ziren. Hala, konposizioaren, argazki tratamenduaren eta orriaren diseinuaren zeregin tradizionalei zenbait gailu gehitu zitzaizkion, hala nola filmagailuak edo CTFak («Computer To Film»), ordenagailutik zuzenean inprimatu ahal izateko film bat eta kolore bakoitzeko klixea bana sortzeko (lau, kuatrikomiaren kasuan), gero horien bitartez transferentzia optikoko plakak ekoizteko. Hobekuntza horrek orriak eskuz diseinatzeko eta muntatzeko beharra ezabatu zuen. Hala ere, transferentzia optikoak definizioa galtzen zuen, eta zaila zen alboratzea hauts aleak edo bestelako zikinak itsastea plakan.[27]

Hurrengo bilakaera CTP («Computer To Plate») edo xafla grabagailua izan zen. Prozesuan ez da tarteko filmik behar, inprimaketa xafla zuzenean sortzen da, oro har, aluminiozkoa, eta, batzuetan, poliesterrezkoa. Plantxa sortu ondoren, operadoreak zuzenean prentsa makinan jar dezake.[28]

Offset makina konbentzionalaren azken bilakaera izan da CTP prentsan txertatzea, «Direct Imaging» deitzen den prozeduran. Jada ez da bitarteko eragiketarik orrien konposizioaren eta prentsaren artean, grabatua prentsaren offset xaflen zilindroaren gainean egiten da zuzenean. Abantaila da denbora aurreztea eta ekoizpen gastuak merkatzea.[29]

Fotokopiagailuen teknologian oinarrituta, jarduera sektore berri bat agertu da, inprimatze digitala. Ohiko sistema guztien ordez, irudiak transferitzeko sistemak erabiltzen dira, tirada berehalakoak eta jatorrizko dokumentuarekiko leialtasunik batere galdu gabe. Kostua sistemena tradizionaletan baino dezente handiagoa da, eta, horren ondorioz, oraingoz, halako sistemak tirada laburrak egiteko erabiltzen dira, hala nola autoediziorako, doktore tesietarako edo eskaripeko liburuak inprimatzeko. Datu baseekin lotuta, inprimaketa digitaleko sistemek aukera ematen dute testua eta irudiak denboran zehar aldagarriak dituzten dokumentuak ekoizteko. Horren adibide dira urtekari estatistikoak, ordutegiak eta tarifak, katalogoak, eta abar.[30]

Remove ads

Inprimatze teknikak

Matrizearen irudiaren arabera

Matrizearen materialaren arabera

Material ugari erabiltzen da: zura (xilografia), metalak (kalkografia), harria (litografia), zetazko, plastikozko edo nylonezko pantailak (serigrafia), linoleoa, kartoia, azetatoa, polibiniloa eta abar.

Matrizearen grabatuaren arabera

  • Inprimaketa zuzena: matrizearen grabaketa tresna batzuen bidez egiten da, hala nola, gubila edo ganibetak, gainazaletik materialaren zati bat kenduta. Adibide dira xilografia eta punta lehorra.
  • Zeharkako inprimaketa: matrizearen grabatua metalezko xafla bat (zink, kobre eta abar), azido batek (normalean nitrikoak) gainazalean duen eragin korrosiboaren bidez egiten da; ukitu gabe egon behar duten zatiak bernizekin, azukrearekin, erretxinekin eta abarrekin babesten dira. Teknika horren adibide dira akuafortea eta akuatinta.

Inprimatzearen hastapenak Euskal Herrian

Arnaut Gilen Brocario[31] izan zen, XV, mendearen amaieran, lehen inprimatzeko makina bat ezarri zuena Euskal Herrian, Iruñean. Bertan argitaratu zituen, 1489-1501 bitarte, hogeita bederatzi liburu, gehienak gai erlijiosoak, nahiz liburu batzuen alerik ez den gorde.[32] agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra hasi zenean, 1503an, Logroñora joan zen eta geroago, 1510 inguruan, Alcalá de Henaresera, bertan jarraitu zuen inprimatze lanetan.[32]

Miguel Egia Brocarioren suhiak jarraitu zuen langintza, bere jaioterri Lizarran ezarri baitzuen inprimatzeko lantegi bat 1546an.[33] Liburu asko argitaratu ez bazuen ere, lan zaindu eta dotoreak egiten zituen, bai letra moldeei dagokienez, bai ilustrazioei dagokienez, bai paperaren kalitateari dagokionez.[34] Haren lantegiari jarraitu zion Adrian Anbereskoak, 1567ra arte. Nafarroako Erresumako inprimatzaile ofizial izatera iritsi zen.[35]

Matias Mares izan zen Bizkaiko lehen inprimatzeko makina ezarri zuena, Bilbon, 1578an.[36]

Remove ads

Oharrak

  1. Giristinoen gomendioak ontsa hiltzeko.
  2. Pobreen Biblia.
  3. Harribitxien leunketan aditua zen.[15]
  4. 1997an, Life aldizkariak Gutenbergen asmakizuna aukeratu zuen, bigarren milurtekoko asmakizunik garrantzitsuena bezala. 1999an, A&Eren Sareak «Milurteko Gizona» izendatu zuen Johannes Gutenberg.[19]
  5. Linea edo lerroa, hortik izena
  6. «Mini» aurrizkiak bestela iradoki dezakeen arren, gaur egungo zerbitzariak dira.
Remove ads

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads