Judith Chomsky
abokatu eta ekintzaile estatubatuarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Judith Chomsky, Judith Brown jaiotzean, (Filadelfia, Pennsylvania, 1942) giza eskubideen aldeko abokatu estatubatuarra da. Noam Chomsky hizkuntzalaritza irakaslearen koinata da.[1]
Judith Chomsky aktibista eta abokatu bihurtutako akademikoa da, azken hamarkadetan giza eskubideen arloan izandako gudu garrantzitsuenetako batzuk gainditu dituena. Bere ibilbide gehiena Eskubide Konstituzionaletarako Zentroaren (CCR, Center for Constitutional Rights) abokatu laguntzaile gisa egin du. Palestinako gas negar-eragileen kontrako auziak izan ditu, Guantanamoko eta Abu Ghraibeko atxilotuak ordezkatu ditu, Bosniako gerra kriminalen epaiketan parte hartu du eta giza eskubideengatik demandak aurkeztu ditu Hirugarren Munduko herrialdeetan zigorgabetasunez jarduten duten enpresen aurka.[2][3]
Remove ads
Biografia
Lehen urteak
Judith Brown David Chomskyrekin (1934–2021), Noam Chomskyren anaia gaztearekin, ezkondu zen 1960an; 60 urte baino gehiago egon ziren ezkonduta,[3] David 2021eko uztailean hil zen arte. Bikoteak bi seme izan zituen, Daniel eta Don.[3]
Judith Brown 1950eko hamarkadan hasi zen politikan sartzen. Urte haietan, afroamerikarrek jangeletan bereizi gabeko mahaietan jateko eskubidearen aldeko manifestazioetan parte hartu zuen.[3] Antropologiako graduondoa ikasten ari zenean, Vietnamgo Gerraren aurkako herri oposizioa antolatzeko proiektu batean sartu zen.[2] Graduondoko ikastaroa utzi eta hurrengo urteak, 1967tik 1972ra, Filadelfiako Gerraren Aurkako Erresistentzia antolatzeko lanean eman zituen.[4] Zeregin horretan, batez ere, armadan jardunean zeuden soldaduekin eta Vietnamgo beteranoekin lan egin zuen. Ameriketako Estatu Batuen gerrako parte hartzea gutxiagotzen hasi zenean, Chomskyk pentsatu zuen, bere bi umeen zaintza-lana zela eta, antolatzaile gisa lan egiteari uztea. Zuzenbideko fakultatera joatea erabaki zuen borroka berberetan parte hartu ahal izateko, baina bere bizitza pertsonalera hobeto egokitzen ziren arloetan.[3]
Abokatua eta aktibista
Juvenile Law Center
1975ean, Filadelfiako Temple Zuzenbide Fakultatean (Temple Law School) graduatu ondoren, Filadelfiako Adingabeen Zuzenbide Zentroa (Juvenile Law Center) sortu zuen zuzenbide fakultateko Robert Schwartz, Marsha Levick eta Philip Margolis lagunekin batera. [5][6][7] Zentroak edozein ume edo gazterentzako aholkularitza juridikoa ematen zuen erakunde gisa funtzionatu zuen. Aurrerago estatu mailako erakunde izatera heldu zen eta geroztik haurrentzako interes publikoko abokatu bulego nazional bihurtu zen.[8] Chomskyk 1979ra arte jarraitu zuen bertan lanean[9], azkenean utzi behar izan baitzuen: «Niretzat erdiragarria zen» aitortu zuen. «Legeaz baliatuta, auzi-jartzaileek ezin dute gazteen egoera aldatu. Gazteak helduok erabiliak izaten dira. Azken finean, kontua zein leku beldurgarritan utzi behar ditugun besterik ez da. Familia-etxe izugarrian edo harrera-etxe desegokian? Adin txikikoak direnez, ezin diegu inoiz erabakiak hartzeko ahalmena eman. Lan hura ez zen niretzat».[10]
AEBetako nekazari migratzaileak
Urte batzuk geroago, nekazari migratzaileak legalki ordezkatzeko aukera izan zuen. Testuinguru horretan, Filadelfian, 1978tik 1981era, Langileen Eskubideen Lege Proiektua (Workers Rights Law Project) eta, 1979tik 1980ra, Nekazarien Askatasun Zibilen Proiektua (Farm Workers Civil Liberties Project) sustatzen lan egin zuen.[9] Haien helburua zen nekazariei beren antolaketa garatzen laguntzea, sindikatu demokratikoagoak eta aktiboagoak sortuz.
Center for Constitutional Rights (CCR) eta Palestina
Horren ondoren, 1984an, Eskubide Konstituzionaletarako Zentroa (CCR, Center for Constitutional Rights) harremanetan jarri zen Chomskyrekin. Zentroa Gazara eta okupatutako Zisjordaniara joan zitekeen abokatu baten bila ari zen, Israelen okupazioak eragindako zibilen heriotzekin lotutako kasu bat prestatzen laguntzeko. Horrela hasi zuen bere egungo lana CCRren abokatu laguntzaile gisa, giza eskubideen urraketak izan diren nazioarteko hainbat kasutan parte hartuz.[3]
Hauteskundeetako begirale
Chomsky 1984ko El Salvadorko hauteskundeetan eta1994ko Hegoafrikakoetan begirale gisa aritu zen.[3]
Guantanamo

2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, 2002ko urtarriletik aurrera, AEBko armada hasi zen atxilotu talde bat Guantanamoko badian, Kuban kartzelatzen. Amninstía Internazionalak "zulo beltz legaltzat" jo zuen preso horien egoera, Estatu Batuetako gobernuak argudiatu baitzuen 40 bat naziotako ia 650 atxilotu haiek ez zutela eskubiderik Estatu Batuetako lege nazionalaren edo giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen legezko babesa jasotzeko.[3]
2002ko otsailaren 25ean, Judith Chomskyk, bere izenean eta beste norbanako eta erakundeekin batera, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren (Inter-American Commission on Human Rights) aurrean atxiloketen aurkako nazioarteko lehen errekurtso judiziala aurkeztu zuen. Eskaera New Yorken egoitza duen Eskubide Konstituzionalen Zentroak (Center for Constitutional Rights) koordinatu zuen, Washingtongo Justizia eta Nazioarteko Zuzenbiderako Zentroarekin (Center for Justice and International Law) lankidetzan.[3]
2008ko uztailaren 19an, Chomskyk, 05-CV-1645 zenbakiko Demanda Zibilean, kasuaren egoerari buruzko txostena aurkeztu zuen Guantanamon espetxeratutako Hussein Salem Mohammed yemendarraren izenean.[11][12] Chomskyk adierazi zuen 2005eko abuztuaren 16an habeas corpus eskaera bat aurkeztu zela. Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentuak, ordea, 2006ko ekainaren 5ean, behar bezala osatugabeko gertaeren deskribapena aurkeztu zuen eskaeraren erantzun gisa. Horren ondoren, 2007ko apirilaren 26an, 07-cv-1132 zenbakiko errekurtsoa aurkeztu zuen, 2005eko Atxilotuak Tratatzeko Legean (Detainee Treatment Act) oinarritua.
Horren ondoren, Judith Chomskyk Waleed Said Bin Said Zaid yemendar presoaren ordezkapena ere eraman zuen 05-CV-1646 (JDB) zenbakidun Demanda Zibilean.[13][14]

Kolonbia
2007ko ekainaren 13an, Kolonbiako zenbait familiaren ordezkari izan zen Cincinnatiko (Ohio) Chiquita Brands International banana ekoizle eta banatzailearen kontrako demanda federalean, AEBetako Estatu Idazkaritzak berak terroristatzat jotako Kolonbiako talde ezagunak —haien artean, Kolonbiako Autodefentsa Batuak (Autodefensas Unidas de Colombia, AUC)— finantzatzeagatik eta armatzeagatik enpresaren irabaziei eusteko.[15][16][17]
Bolivia

2018ko martxoan eta apirilean, Gonzalo Sánchez de Lozada Boliviako presidente ohia eta José Carlos Sánchez Berzaín Defentsa ministro ohia Estatu Batuetan epaitu zituzten, 2003an Bolivian izandako protestetan errepresio militarrak 50 pertsona baino gehiago hil izana egotzita. Pasarte hura, "Urriko Sarraskia" (La masacre de octubre) izenaz ezaguna, Boliviako historia hurbileko ilunenetako bat da. Gertaera haietan eraildako zortzi pertsonaren senideek jarri zuten demanda. Eskubide Konstituzionalen Zentroaren arabera —Center for Constitutional Rights (CCR), demandatzaileak ordezkatzen dituen erakundeetako bat— «lehen aldia zen estatuburu ohi bat bere akusatzaileen aurrean esertzen dela AEBko gorte bateko giza eskubideen epaiketa zibil batean». Judith Chomskyk parte hartu zuen epaiketan, eraildakoen senideen abokatuetako bat izan baitzen.[18][3] 2018ko apirilean, Estatu Batuetako epaimahai zibil batek Sánchez de Lozada eta Sánchez Berzaín indigenen judizioz kanpoko exekuzioen errudun jo zituen, "Urriko sarraskia" deiturikoan. Hori zela eta, hamar milioi dolarreko kalte-ordaina ematera zigortu zituzten, poliziak gertakari haietan hil zituen zortzi indigena aimararen senideei.[19] Hala ere, James Cohn epaile federalak epai irmoa eman zuen 2018ko ekainaren 1ean, eta epaimahaiari aurkeztutako ebidentziak «legez nahikoa ez» zirela esan zuen, demandatzaileek «zibilak hiltzeko pentsatutako plan» baten frogarik aurkeztu ez zutela iritzita.[3] 2021eko apirilaren 5ean, baina, Estatu Batuetako Barruti-Auzitegiaren epai bereizi batek 2018ko epaimahaiaren epaia berretsi zuen, Sánchez de Lozada eta Carlos Sánchez Berzain erantzuletzat jo baitzituen.[20]
Nigeria
1996an Saro-Wiwa familiak Royal Dutch Shell konpainiaren aurka jarritako demandan, familia ordezkatu zuten Eskubide Konstituzionalen Zentroko (Center for Constitutional Rights) abokatuetako bat Judith Chomsky izan zen.[21]

Auzian, Ken Saro-Wiwaren familiak 1996an aurkeztutako hiru demanda bereizi izan ziren, Royal Dutch Shell konpainiaren, Shell Nigeria subsidiarioaren eta Brian Anderson subsidiarioaren zuzendari orokorraren aurka. Karguetan hainbat delitu jasotzen ziren: ogoni herriaren giza eskubideen aurkako gehiegikeriak Niger ibaiaren deltan, exekuzio sumarioak, tortura, atxiloketa arbitrarioa eta zabarkeriagatik eragindako giza hilketa erruduna.[22][23] Shellek lortu zuen auzitegiak 12 urtez demanda kontuan ez hartzea; baina azkenean, 2009ko maiatzaren 26an, entzunak izan ziren.[3]
2009ko ekainaren 9an, Nigeriak Ken Saro-Wiwa idazle eta aktibista eta beste zortzi pertsona exekutatu zituenetik 13 urte baino gehiago igaro ondoren, Shell akordio estrajudizial batera iritsi zen Saro-Wiwa familiarekin eta beste bederatzi demandatzailerekin.[9] Enpresak 15,5 milioi dolar eskaini zituen guztira. Akordioak ogoni herriaren garapena sustatzeko fideikomiso bat ere barne hartzen zuen.[24] Hala ere, konpainiako ordezkariek uko egin zioten elkarrizketatuak izateari, baina komunikatu bat igorri zuten esanez akordioa «keinu humanitarioa» zela, «Ogoni Lurreko gertaera tragikoak aitortzeko, Shellek gertatu zen indarkerian parte hartu ez zuen arren».[24][25] Judith Chomskyk esan zuen akordioa garaipen bat izan zela demandatzaileentzat, nahiz eta aitortu zuen «akusatuak akordio batera iristeko arrazoietako bat izan zela auzitegiak ez xedatzea leporatzen zizkietenak egia zirela». Eta gaineratu zuen: «Nire ustez, akordioan halako ordainketa garrantzitsua eskeintzean aitortu zuten epaimahai batek abusu horien erantzuletzat jo zitzakeela».[9]
Gaza
Israelen Gazako inbasioa 2023ko urrian hasi zenetik, herri palestinarrari babesa ematen dioten AEBetako erakundeek zenbait auzi-eske jasan dituzte. Judith Chomskyk, Center for Constitutional Rights erakundeko lankide gisa, haietako batzuk, USCPR (US Campaign for Palestinian Rights), adibidez, ordezkatu ditu.[26][27]
2024ko martxoaren 8an, UNRWA USA, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari (UNRWA) laguntza ematen dion AEBetako irabazi asmorik gabeko erakundea, 2023ko urriaren 7ko erasoen ondoren, terrorismoa laguntzeagatik eta bultzatzeagatik auzitara eraman zuten, UNRWAri dirua ematen ziolako. Eskaera faltsu hori Israelgo gobernuak eta bere aldekoek UNRWAren —duela gutxi arte Gazako laguntza humanitarioaren hornitzaile nagusia— aurka egindako eraso zabalago baten parte zen. Judith Chomskyk UNRWA USA ordezkatu zuen abokatuetako bat izan zen demanda zibil horren aurrean.[28][29] 2025eko abuztuaren 8an, AEBko barrutiko auzitegi federal batek demanda ezetsi zuen.[29]
2025eko uztailaren 23an The Philadelphia Inquirer egunkariko zuzendariari zuzendutako gutunean honako hau adierazi zuen[30]:
Ohorerik gabea Beharbada izango duzu Cheltenhameko Bigarren Eskolako ikasleek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren izena Ospearen Aretotik kentzeko egin duten eskaeraren berri. Eskola horretako ikasleek Netanyahu eredu gisa ikustea nahi dutenek kontsideratu beharko lukete haren irudiari testuinguru bat gehitzea. Gazako herriaren aurkako gerraren hasieran, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallant-ek honako hau iragarri zuen: «Israel Gazari setio osoa ezartzen ari da. Elektrizitaterik, janaririk, urik, erregairik gabea. Dena itxita dago. Giza-animalien aurka borrokatzen ari gara eta horren arabera jokatzen ari gara». Adierazpen horretan Netanyahuren gobernuaren asmo genozida argi geratu ez bazen, are argiagoa geldituko zen 2023ko urriaren 28an, Netanyahuk Amalek-en historia biblikoa eta israeldarrei erasotzaileak erabat desagerrarazteko egindako deia aipatu zituenean.[30]
Remove ads
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads