Nafarroako Museoa
Iruñean dagoen museoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Nafarroako Museoa Iruñean dagoen historia eta arte museo bat da, historiako garai guztietako lanak biltzen dituena, baldin eta Nafarroan eginak edo aurkituak izan diren edo Nafarroarekin zerikusia duten. Bilduma finkoa kronologikoki antolaturik dago, eta aldizkako erakusketak ere izan ohi ditu, batez ere arte garaikidekoak. Nafarroako Museoa publikoa da, 1956ko ekainaren 24an[1] ireki zuten eta egun Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen du. Mercedes Jover da museoko zuzendaria 2011tik[2].
Museoan daude, bertzeak bertze, Abauntzeko mapa, Lergako hilarria, Iruñeko harresiaren mosaikoa, Leireko kutxatila edo Goyaren San Adriango markesaren erretratua. Pompeloko togatusa ere museoan dago une honetan, eta hortxe segi dezan saiatzen ari da Gobernua[3]. 2024ko abenduaren 17tik Irulegiko Eskua eta Loizuko Gizona ere erakusgai daude, Historiaurreko areto birmoldatuan[4].
Aipaturiko bi pieza arkeologiko horiek museoan daudenetik bisitarien kopuruak goiti egin du nabarmen. Museoko arduradunek emandako datuen arabera, 2024ko abenduaren 17tik 31ra 2.918 bisitari izan zituzten (2023ko egun bertsuetan baino 1.751 gehiago) eta 2025eko urtarrilaren 2tik 12ra, 2.459 (2024an baino 1.136 gehiago)[5].
Remove ads
Kokalekua
Museoa Iruñeko Alde Zaharrean dago, Santo Domingoko aldapan, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eraikinetik gertu. Aldapa Arrotxapetik Udaletxe plazarako noranzkoan igota, ezkerrean Hezkuntza Departamentuaren aparkalekua dago, eta eskuinean, eskailera batzuk —malda bat aurreraxeago—. Horiek igota iristen da museoko sarrera nagusira.
Aldapako eskaileren ondoan San Ferminen irudi ospetsua gordetzeko nitxoa dago. Sanferminetako entzierro bakoitza hasi baino lehentxeago, korrikalariek irudi horri kantatzen diote hiru aldiz. Dena dela, zehaztu beharrekoa da urtean zehar egoten den irudia ez dela sanferminetan erabiltzen dutena.
Remove ads
Ordutegia
- Asteartetik larunbatera: 09:30-14:00 eta 17:00-19:00.
- Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00
- Astelehenetan, itxita. Baita jaiegun hauetan ere: urtarrilak 1, uztailak 7 eta abenduak 25.
Eraikina
Museoa XVI. mendeko Errukiaren Andre Mariaren Ospitalea izandakoan dago, baina jatorrizko eraikinetik aurrealdea eta kapera baino ez ditu mantendu. Etxaurrea 1556an Juan Villarreal eta Martin Azkaratek egin zuten; Iruñeko eraikin zibil pizkundetar bakarra da.
Kaperak itxurazko erretaula fatxada du, Garesko XVII. mendeko ermita batetik ekarria. Kapera Juan Antxetak egin zuen 1547 eta 1550 urteen artean, gotiko-pizkundetar estiloan.
1932an ospitalea kendu zuten eraikinetik; Nafarroako Ospitaleak ordezkatu zuen eginkizun horretan. 1952an José Yarnozek berreraiki zuen, museo bilakatzeko.
1986an Jordi Garces eta Enric Soriak museoa berritu eta berrantolatu zuten.
Gaiaren araberako antolaketa
Museoak 7.700 m2 baino gehiago ditu edukiak erakusteko, eta sei solairutan ditu banatuak, kronologikoki eta gaiaren arabera:
- -1 solairua: Historiaurrekoa.
- 0 solairua: Erromatarra.
- 1 solairua: Erromatarra, prerromanikoa, musulmana, erromanikoa eta gotikoa.
- 2 solairua: Gotikoa eta Errenazimentukoa.
- 3 solairua: Barrokoa eta XIX. mendekoa.
- 4 solairua: XX. mendekoa.
Lanak
Lan gehienak 1860ko Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzarrak eta 1940an Vianako Printze Erakundeak bildu zituzten. Agian nabariena Leireko kutxatila da, 1000. inguruko islamdar artearena.
Museoko artelan nabarienen iruditegia
- Ramaleteko erromatar villan. Tuteran, aurkitutako IV. mendeko mosaikoa.
- Behe Erdi Aroko tapiza, Joan Oliver margolariaren maisu lana.
- Iruñeko harresiaren mosaiko erromatarraren bi zatietako bat.
- Loizuko Gizona, aurkitu zuten tokian.
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads