Sipuncula
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Sipuncula edo Sipunculida (latinezko siphunculus hitzetik, tutu txikia)[1] animalia zelomatu protostomoak dira, Annelida filumaren ordenakoak[2]. Itsastarrak dira eta gorputz ez-segmentatukoak. 144 eta 320 espezie artean ezagutzen dira. Normalki ez dituzte 10 zentimetro baino gehiago neurtzen. Euren anatomiaren alderik garrantzitsuena ahoa da, tentakulu barneragarriz inguratutako eraztun batekin. Digestio hodia, U edo J itxurarekin, ahotik igarotzen da eta gorputzaren atzealderantz doa, gero berriro igoz eta animaliaren alde batean dagoen uzkiraino iristen da. Batzuek uzkiaren inguruan egitura kaltzifikatua (ezkutua) dute. Zeloma dute, baina ez zirkulazio-aparaturik.

Remove ads
Habitata
Sipunkulido guztiak bentonikoak dira, eta gehienak sakonera txikiko urtean bizi dira. Batzuek (Sipunculus generokoak, adibidez) aktiboki zulatzen dute hondarrezko edo lohizko hondoa, eta beste batzuk mukiz betetako galerietan, moluskuen hustutako oskoletan, anelidoek utzitako tutuetan edo koralen arteko arrakaletan bizi dira. Egurra zulatzen duen espezie bat ere ezagutzen da.[3]
Kanpo-anatomia
Sipunkulidoen gorputzak saltxitxa itxura du, eta bi zati ditu: aurrealdekoa, tronpa erretraktil moduko bat da —introberto esaten zaio— eta, atzealdekoak, enbor edo zaku lodixeago baten itxura du. Introbertoa uzkurtuta dagoenean, espezie batzuek kakahueteen antza dute, eta horregatik du ingelesezko peanut worms izena.
Introbertoaren aurreko muturrean, ahoa eta elikadura-garroak edo daude, eta, garro edo tentakulu hauen kokapenaren arabera, animalia hauek bi talde handitan sailka daitezke:
- Sipunculidea azpiklasean, 18-24 garro ziliatuko masa batek inguratzen du ahoa (garro periferikoak).
- Phascolosomatidea azpiklasean, aldiz, garroak ahoaren gaineko arku batean jarrita daude, organo nukala deritzona inguratuz (garondo-garroak)
Gorputzaren gainazalean, normalean, erraboila txikiak, garatxoak, tuberkuluak eta arantzak agertzen dira, eta genero batzuek egitura epidermikoak dituzte, uzki- eta isats-ezkutuak deritzenak. Ezkutu horiek plaka lodi eta gogorren adabakiak dira, eta haitzak zulatzeko erabiltzen dira.[1][3]
Remove ads
Digestio-sistema
Sipuncularen digestio-traktua hestegorriarekin hasten da, eta J edo U formako hesteak gorantz eta beherantz jarraitzen du enborretik, bere baitan kiribilduz eta helize bikoitza osatuz. Heste honen amaieran, enborraren aurreko herenean dagoen uzkian amaitzen den ondestea dago. Digestioa zelulaz kanpokoa da, eta hesteetako lumenean gertatzen da.
Sipunkulidoak sedimentuak jaten dituzte, eta elikadura-partikulak beren garroekin biltzen dituzte. Espezie hondeatzaileetan, animaliak hondeaketan aurrera egin ahala lokatza eta harea irensten ditu.[3]
Fluidoen garraioa eta gasen trukea
Sipunkulidoek ez dute zirkulazio- edo odol-sistemarik; beraz, fluidoen garraioa eta gasen trukea zelomaren bidez egiten dira. Gorputzeko barrunbeko likidoak 5 zelula mota ditu, besteak beste, granulozitoak eta hemeritrina arnas pigmentua duten globulu gorriak. Zeloman, batzuetan peritoneoari lotuta, kutxa itxurako egitura zelulaniztunak ere badaude, hondakin-materialak eta zelula hilak metatzen dituztenak.[1][3]
Remove ads
Nerbio sistema

Sipunkulidoen nerbio-sistemaren egitura orokorra anelidoena bezalakoa da. Ahoaren atzean garuneko gongoil bilobulatu bat dago, eta handik faringearen inguruko nerbio batzuk ateratzen dira, nerbio-kate bentralarekin lotzen dutenak. Sabelaldeko nerbio-kate horrek gorputzaren hormaren barruko aldetik zeharkatzen du animaliaren introbertoa eta enbor osoa.
Zentzumen-errezeptoreak oso banatuta daude gorputzean. Epidermis osoan (bereziki tronparen aurrealdean, ingurua miatzeko) ukimenezko zelula sentsorialak daude eta espezie batzuek organo kimiohartzaileak dituzte introbertoaren alde dortsalean. Beste batzuek argiarekiko sentikorrak diren ozeloak dituzte.[1]
Remove ads
Iraizpen eta erregulazio osmotikoa
Oro har, sipunkulidoek nefridio pare bat izaten dute, enborraren aurreko aldean sabelaldean dauden poroetatik kanporantz irekitzen direnak. Hondakin nitrogenodunak zelomaren likidoan metatzen dira eta, nefridioen bidez, gehiegizko nitrogenoa amonio moduan iraizten dute. Kutxa itxurako egitura zelulaniztunek ere badute iraitz-papera, zeloman pilatzen diren hondakinak bilduz.
Sipunkulidoak kanpoko ingurunearekiko oreka osmotikoan daude (osmosiarekiko konformista dira), hortaz haien barne-baldintza osmotikoak aldatu egiten dira inguruneko aldaketen arabera.
Nefridioak erregulazio osmotikoan parte hartzen dute, baina, baita ere, errunaldiaren aurretik, gametoak biltegiratzeko erabiltzen dira.[1][3]
Remove ads
Ugalketa eta garapena

Sipuncula taldeak ugalketa sexualeko eta asexualeko formak erakusten ditu, eta espezie gehienek birsortzeko ahalmen moderatua dute, oro har.
Espezie batzuen ugalketa asexualari dagokionez, jakina da gorputzean gertatzen den zeharkako fisio baten ondorioz gertatzen dela: atzeko zatiak, txikiagoak, eta aurrekoak, handiagoak, falta diren zatiak birsortzen dituzte.
Sexu ugalketari dagokionez, sipunkulidoak dioikoak dira, eta sexu bakoitzeko gametoak peritoneotik eratortzen dira; hain zuzen, introbertoaren muskuluak abiatzen diren zonatik. Gametoak aske geratzen dira zeloman, eta kanporatu arte nefridioetan biltegiratzen dira. Arrak espermatozoideak askatzeak estimuluren bat eragiten du, eta horrek, aldi berean, obuluak askatzea eragiten du. Ernalketa uretan gertatzen da eta zigotoak protostomoen ohiko enbrioi-garapena erakusten du. Espezie batzuek zuzenean helduaroko itxurarekin eklosionatzen duten arren, askok larba trokoforo bat garatzen dute. Gainera, espezie gutxi batzuetan, larba trokoforoa ere ez da zuzenean heldu bihurtzen, eta tarteko larba pelagosfero etapa bat ere badute.[1][3]
Remove ads
Taxonomia
Garai batean, Sipuncula segmentatu gabeko zizareen filumtzat hartu zen, baina, DNA mitokondrialaren analisietan oinarrituta, Annelidaren orden bat bezala sailkatu da.[4]
- Antillesomatidae Kawauchi, Sharma & Giribet, 2012
- Aspidosiphonidae Baird, 1868
- Golfingiidae Stephen & Edmonds, 1972
- Phascolosomatidae Stephen & Edmonds, 1972
- Siphonosomatidae Kawauchi, Sharma & Giribet, 2012
- Sipunculidae Rafinesque, 1814
Remove ads
Erabilerak

Tropikoetako Indiako Ozeanoren eta Ozeano Barearen zenbait lekutan gizakiak sipunkulidoak jaten ditu[3][6]. Adibidez, Visayas eskualdean (Filipinak) zizare hauek ozpin eta espezietan marinatzen dira, gero beste osagai batzuekin zerbitzatzeko (cevichearen antzeko plater bat da). Oinarrizko elikagaia da bertako arrantzaleentzat. Elikagaiak prestatzeko estilo horri kilawin edo kinilaw esaten zaio, eta arrainetan, moluskuetan eta barazkietan ere erabiltzen da.
Vietnamen ere, sipunkulidoak, bereziki lehorrak, ahogozagarri hartzen dira, eta Minh uharteko kostetan emakumeek bizimodua ateratzeko modua dira.[7]
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
