ATP World Tour Masters 1000
From Wikipedia, the free encyclopedia
ATP World Tour Masters 1000 (Masters 1000 izenarekin ere ezagunak), munduko hiri ezberdinetan jokatzen diren teniseko 9 txapelketek duten maila eta izena da. Txapelketa hauek ATParen zirkuituaren parte dira, eta Grand Slameko txapelketen ostean maila altuena dutenak dira. Hori dela eta, orain gutxi arte, ATP sailkapenaren goi postuean zeuden tenislarien parte-hartzea derrigorrezkoa zen (2009. urtetik aurrera ez dute zertan parte hartu).
Talde honen sorrera 1990. urtekoa da, ATPak gizonezkoen tourra antolatzea bere esku hartu zuenetik. Hasiera batean super-9 izenarekin ezagunak ziren. Talde honetakoak diren txapelketa guztiak zirkuituan urte luzeetan egondakoak ziren, eta ordurako sona handiko txapelketak ziren. Beranduago, eta gaurko izendapena baino lehen, Tennis Masters Series (TMS) izenarekin ezagunak ere izan ziren. 2009. urtetik dute ATP World Tour Masters 1000 izena.
Gaur egun taldea osatzen duten txapelketak, Indian Wells, Miami, Monte Carlo, Erroma, Kanada, Cincinnati, Madril, Shanghai eta Paris dira. Gehienak hasieratik dira Mastersak, Shanghaiko Mastersa ordea 2009. urtean Hamburgoko Mastersaren lekukoa hartu zuen. Beste alde batetik Madrileko Mastersak Stuttgarteko Mastersaren lekukoa hartu zuen 2002an, honek aldi berean 1996an Estokolmoko Mastersari kendu zion lekua, aipatzekoa da gainera 1995ean Essenen jokatu zela Masters hau.
Txapelketa hauek, Grand Slameko txapelketen eta Tennis Masters Cuparen atzetik tenislariei puntu gehien eta sari ekonomiko handienak ematen dizkietenak dira.
Gainera, urtearen amaieran, 8 tenislari hoberenek Tennis Masters Cupa jokatzen dute. Horretarako urteko 4 Grand Slamen, ATP World Tour Masters 1000 diren 9 txapelketen eta beste 5 txapelketen puntuak batzen direlarik.