From Wikipedia, the free encyclopedia
1770eko Bengalako gosete handia (bengaleraz: ৭৬-এর মন্বন্তর, chhiattōrer monnōntór; literalki, 76ko gosetea) 1769 eta 1773 bitartean (Bengaliar egutegian 1176tik 1180ra) Indiako Ganges ibaiaren beheko haranean sortu zen gosete hondamendia izan zen.[1] Goseteak 10 milioi pertsona hil zituela kalkulatzen da, eta Bengalako biztanleria, garai hartan Bengalarekin batera gaur egungo Bihar eta Odisha estatuak barne hartzen zituena, 30 milioi pertsonara murriztu zen.[2]
Gosete horren arrazoi nagusia britainiarren okupazio garaian haien interes sozio-ekonomikoetan aurki behar da. Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak, opioa ekoizteko tokiko nekazariei behartu zien; opio hori Txinara esportatzeko estrategiaren barruan sartzen zen. Politika horren ondorioz, nekazariek tokiko elikagaien laboreak baztertu behar izan zituzten eta horrek zerealen eskasia sortu zuen.
Egoera politiko-ekonomiko horrekin batera, lehorte egoerak eman ziren, egoera muturreraino eramanez.
Gosetea Bengala izeneko lurraldean eman zen. Lurralde horretan egungo Mendebaldeko Bengala, Bangladesh, Assam, Odisha, Bihar eta Jharkhand zeuden. XVI. mendetik, Mogol Inperioaren zatia izan zen. Gobernua nawab baten eskuetan zegoen. XVIII. mendearen hasieran, Mogol Inperioaren porrotarekin batera, nawab hori berez inperiotik independentea egin zen.
XVII. mendean, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak Shah Shuja mogol printzearen eskutik Kalkuta hiriaren gobernua eskuratu zuen. Urte haietan konpainia britaniar mogolen zergadun zen. XVIII. mendean zehar konpainiak probintziaren eskubide ekonomikoak lortu zituen eta Bengalako botere nagusia bihurtu zen. 1757an, Plassey guduan, britainiarrek Siraj Ud Daulah nawaba menperatu zuten eta Bengalako altxorra arpilatu zuten. 1764an Buxar guduarekin britainiarren boterea berriro ere finkatu zen. Ondoren sinatu zen itunean zergak biltzeko eskubidea edo diwani lortu zuten eta, praktikan, Britainiar Konpainia Bengalako gobernatzailea bihurtu zen.
Lehen aipatu diren lurraldetan, Mendebaldeko Bengala, Bangladesh, Assam, Odisha, Bihar eta Jharkhand, hondamendi handiena eman zen; horien barruan zenbait inguruetan ondorioak larriagoak izan ziren: Bengalako Birbhumen eta Murshidabaden, Biharko Tirhuten, Champaranen eta Bettiahen.[3]
Zetorren krisiaren lehenengo zantzuak 1768an ikusi ziren. Urte horretan nahiz eta harritzeko modukoa ez izan, uzten jaitsiera nabarmendu zen. Baina 1769an joerak berean jarraitu zuen, orduan lehortearekin gogortuta. 1769ko irailan lehortea handia zen eta zenbait nekazari inguruetan lehenengo txosten kezkagarriak jaso egin ziren. Konpainiaren buruek, hala ere, ez zieten garrantzirik eman. 1770eko hasieran gosetea nabarmena zen eta urte horren erdian hildakoak pilatzen hasi ziren.
1770eko bukaeran euriek uzta ona ekarri zuten eta gosetea gutxitu egin zen. Dena, dela, hurrengo urteetan uztekin ere arazoak izan ziren eta, hildakoen azken balantzearen arabera, 10.000.000 pertsona inguru hil ziren, lurraldearen biztanleriaren herena.[4] Bengalakoa, proportzionalki, munduko goseterik handienetako bat izan zen.[5]
Gosetearen ondorioz, hurrengo hamarkadetan eremu handiak jenderik gabe geratu ziren, bizirik atera zirenak masan elikagai bila joan zirenean. Landatutako lur asko abandonatuak izan ziren — Birbhumeko zati handi bat, adibidez, oihana izatera itzuli zen eta urtetan ia zeharkaezina izan zen. 1772tik aurrera, bestetik, bidelapurrak eta delinkunte bandak ohiko bihurtu ziren Bengalan. 1780ko hamarkadan soilik zigor-ekintzen bidez kontrolatu ahal izan ziren.
Gosetea, hein handi batean, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak Bengalan zituen politiken ondorioz sortu edo larriagotu zen. Merkataritza-enpresa gisa, Ekialdeko Indietako Konpainiaren lehen helburua etekinak maximizatzea eta handitzea zen. Horretarako Bengalako zergak kudeatzeko eskubideak erabilli zituen kupidarik gabe, batez ere lurraren gaineko zergetatik eta merkataritzako muga-zergetatik zetozenak. Konpainiak lurren kontrola irabazten ari zen arabera, zergak bost aldiz biderkatzen zituen; horrela, ekoizpenaren %10etik %50era handitzen ziren. Hasiera batean, zerga berriak sartu zirenean, Konpainiaren diru-sarrerak bikoiztu egin ziren. Diru-sarrera gehienak herrialdetik kanpora eramaten ziren. Hurrengo urtean, goseteak bere unerik txarrena iristen zuenean, 1770eko apirilean, beste zerga batzuk ezartzea zituen aurreikusita.[6]
Sushil Chaudhuryk idatzi du Bengalako elikagai-laboreak esportaziorako opioa landatzeko suntsitzeak elikagaien eskuragarritasuna murriztu zuela eta goseteari lagundu zion. Konpainia kritikatua izan da, halaber, nekazariei arrozaren ordez anil lortzeko landareak landatzeko agintzeagatik, baita arrozaren «akaparamendua» debekatzeagatik ere. Horrek eragotzi egin zien saltzaileei eta merkatariei erreserbak edukitzea, populazioei garai gogorrenak gainditzen lagunduko zietenak.[7]
Gosetea gertatu zenean, ale-merkataritza Konpainiak eta bere agenteek ezarritako monopolioaren mende zegoen. Konpainiak ez zuen ale-eskasia arintzeko inolako planik, eta merkatari eta merkatari klaseei eragiten zietenean bakarrik hartzen ziren erabakiak. Lurraren gaineko zergen diru-sarrerak % 14 jaitsi ziren gosete-urtean, baina azkar suspertu ziren. McLaneren arabera, Britainia Handiko Indiako lehen gobernadore nagusiak, Warren Hastingsek, 1771aren ondoren onartu zuen zergen bilketa «bortitza» izan zela: Konpainiak 1771n lortutako diru-sarrerak 1768an lortutakoak baino handiagoak ziren. Guztira, konpainiaren irabaziak hamabost milioi errupiatik 1765ean hogeita hamar milioira igo ziren 1777an.
Hala ere, Konpainiak bere arazo ekonomikoekin jarraitu zuen, eta 1773an Erresuma Batuko Parlamentuak Tea Act edo Tearen Legea onartzeko presionatu zuen. Lege horrek historian garrantzi handia izan zuen baina ez Indian, Ameriketako kolonietan baizik, zeren eta Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra eragin baitzuen.[8]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.