Aiako Harriaren natura parkea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Aiako Harriaren natura parkea Gipuzkoako ipar-ekialdeko natura parke bat da. 6.913 hektarea ditu, eta Irun, Errenteria, Oiartzun, Donostia eta Hernani udalerrietako lurrak hartzen ditu barne, Bidaso Beherea, Oiartzualdea eta Donostialdea eskualdeetan. Ekialdean, Bortziriekin (Nafarroa Garaia) egiten du muga; eta iparraldean, Hendaiako kantonamenduarekin (Lapurdi).
Aiako Harria mendiaz beraz gain, beste tontor hauek osatzen dute parkea: Zaria (635m), Bunanagirre (781 m), Bianditz (797 m), Errenga (786 m), Irufagoeta (534 m), Erlaitz (498 m), PagogaƱa (480 m), Urdaburu (599 m) eta Aldura (537 m). Parkean dago Aitzondoko ur-jauzia.
Oiartzun ibaia bertan sortzen da, eta mendiguneak elkarrengandik banatzen ditu Urumea eta Bidasoa ibaiak.
Eusko Jaurlaritzak 1995eko apirilaren 11n izendatu zuen natura parke.[1] 2005etik 2009ra, Europar Batasunaren LIFE programaren laguntza jaso zuen; LIFE Aiako Harria proiektuaren helburu izan zen Aiako Harria BGLa kontserbatzea eta lehengoratzea. Proiektu horretako partaideek, parkearen natura ondarea hobetzera bideratutako 2.260.318 euroren inbertsioa egitea hitzeman zuten; erdia Europar Batasunak ordaintzekoa, eta beste erdia Euskal Herriko hainbat erakunde publikok.[2]