Itun Berriko azken liburua From Wikipedia, the free encyclopedia
Apokalipsia[1][2][3], Errebelazioa[4] edo Agerpena[5][6][7][8] liburua (antzinako grezieraz: Αποκάλυψις Ιωάννου; euskaraz: "Joani Agertutakoa", Ap) Itun Berriko eta, beraz, Bibliako azken liburua da. Liburua irekitzen duten hitzen arabera, Jesus idazleari agertu zitzaion Patmosen; idazleak bere buruari "Joan" izena eman zion.[9] Liburu hau Joan Ebanjelariak idatzitakotzat hartu izan ohi da, baina ia hasieratik Apostolua benetan egilea ote zen eztabaidatu izan da. Egileak bere buruari "Joan" deitzen dionez, halaxe deitu zitzaion, eta "Joanes Patmoskoa" izendapena asmatu zen, egileari dagokiola, apostolutik bereizteko.
Koinez idatzia da, ordurako erromatarrek kristauak jazartzen zituztenean, eta kristauontzat euren zapalketaren oinazeak arintzeko eta itxaropena emateko liburu bilakatu zen. Erdi Arotik, liburua 22 kapitulutan banatu da. Hebrear Biblia eta idazlearen sasoiko egoera asko aitatzeagatik eta metaforak sarri erabiltzeagatik Apokalipsia hainbat eratan interpreta daiteke.
Liburuak hiru literatura-genero barne hartzen ditu: gutunena, apokaliptikoa eta profetikoa,[10] eta, aditu gehienen ustez, Itun Berriko izaera profetikoa eta apokaliptikoa duen liburu bakarra da.[11] Liburuaren hasieran, Joanesek, lehenengo pertsonako kontalari lez, "Asiako Zazpi Elizengana" gutun bat zuzentzen du, Egeoko Patmos uhartean. Jarraian, ikuskari profetiko batzuk deskribatzen ditu, besteak beste, Zazpi Buruko Herensugea, Sugea eta Piztia lako irudiak dauzkatenak, Bigarren Etorrerak burutzen dituenak.
Liburu honen jatorrizko izena Αποκάλυψις Ιωάννου da, hitzez hitz "Joani Agertutakoa" esan nahi duena. Euskaraz, gehienetan, Apokalipsia[1][2][3], Joanen Apokalipsia[12][13] edo San Joanen Apokalipsia[14] izenburua eman izan zaio.
Joanes Leizarraga kalbindar artzainak Itun Berria (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria) lehenengo biderrez euskaratu zuenean, Apokalipsiari Ioanes Theolojianoaren Apokalipsea edo Rebelationea (euskara batuan: "Joanes Teologoaren Apokalipsia edo Errebelazioa") izena eman zion.[4] Joan Piarres Duvoisinek egin zuen Biblia osoaren itzulpenean (Bible Saindua) Apokalipsiari Jaun Done Joanes Apostoluaren Apokalipza deitu zion.[15] Erramun Olabidek liburua Yon Deunari Ageritakoa izendatu zuen, eta Jaime Kerexetak Joanen Agerpena, bizkaierazko Euskal-Biblian.[5][6]
Horretaz gain, liburu honek Jesusek idazleari agertutakoa jasotzen duenez, Jesu Kristoren Agerpena gisa ere ezaguna da.[8]
Liburu honen izenburua itzultzeko joera zabalduagoa da germaniar hizkuntzetan (e. b. ingelesez: Revelation; alemanez: Offenbarung; nederlanderaz: Openbaring; danieraz: Åbenbaring), erromantzeetan baino; horietan, orokorrean, grezierazko Apokálypsis (Αποκάλυψις) euren arauetara moldatzen da (espainieraz: Apocalipsis; frantsesez: Apocalypse; portugaleraz: Apocalipse; italieraz: Apocalisse).
DAGOENEKO BADENA (1:9–3:22)
GEROAGO GERTATZEKOA (4:1–22:21)
|
|
Idazleak bere buruari "Joan" deitu zion. Eliza goiztiarrak K.o. II. mendetik Joan hura Joan Ebanjelaria zelako uste osoa eduki zuen. Ekialdeko eliza ortodoxoetan hori oso eztabaidagarria izan zen, eta luzaroan Apokalipsia ez zen Itun Berriko kanonean sartu. Joan Apostolua ustezko egilea den idazlanen egiazko egilea ote den auziari joandar auzi deritzo.
Papias Hierapoliskoaren († K. o. 130 inguru) eta Justino Martiriaren († K.o. 165 inguru) ustez, liburua apostolutar jatorrikoa zen. Ireneok egilea Joan apostolua izan zela argi eta garbi adierazi zuen, eta hori Klemente Alexandriakoak († 215 inguru) eta Tertulianok († 220 ostean) berretsi egin zuten. Origenesek († 254 inguru) idatzi zuen: "Joanek, Jesusen golkoan etzanda, azkenean Berri On bat utzi zuen... Apokalipsia idatzi egin zuen".
Gaur egungo exegesian ez da daborduko ikuspuntu hori erabiltzen. Hizkuntzazko, funtsezko eta estilozko desbiderapenak arestian aitatzen dira. Apokalipsiaren egileak ez zuen inon adierazi apostoluen izena zeukanik, Paulok ez lez. Horretaz gain, hark bere izena hiru biderrez aitatu zuen,[16][9][17][18] Joan Ebanjelariak, ostera, bere izena aitatzea saihestu eta "Jesusek maite zuen ikasle hark" erabili zuen.[19][20] Berebat, Eusebio Zesareakoaren arabera, Dionisio Alexandriakoak Apokalipsiaren eta Joanen Ebanjelioaren egilea berbera ez zelako arrazoiak aurkeztu zituen.[21]
Gaur egun, kristau-profeta goiztiar batek egindakoa dela uste da, bere burua profeta-talde bateko kidetzat zeukana.[22] Hizkuntzak eta pentsaerak Palestinako hebrear kristau jatorria iradokitzen dute. Idazkian bertan egileak Patmosa erbesteratu zutela idatzi zuen, Efesoko itsasaldearen aurrean.[9]
Bidenabar, Leizarragak ebanjelariari eta lehenengo, bigarren eta hirugarren gutunen egileari "Joan" (S. Ioan)[23][24][25][26] baina Errebelazioaren idazleari "Joanes" (Ioanes Theolojianoa) deitu zion.[4] Duvoisinek, ostera, egileari "Jaun Done Joanes Apostolu" izena eman zion.[15]
Liburua 96 urtekotzat jo izan ohi da, Domizianoren agintaldian; hala ere, badira lehenagokotzat jotzen dutenak, orokorrean, 68 edo 69 urtekotzat, Neronen agintaldian. Elizako Guraso Ireneoren lekukotzak geroagoko data aldezten du, Joanes zuzenean ezagutzen zutenen informazioa jaso zuela-eta. Apokalipsia "ez zela ikaragarri aspaldi ikusi" idatzi zuen. Geroagoko dataren aldeko beste froga batzuk liburuaren baitakoak dira: liburuak Asia Txikiko kristauen aurkako jazarpen handia aitatzen du. Hori Domizianoren agintaldiari Neronenari baino hobeto egokitzen zaio. Neronen jazarpena nagusiki Erromaren inguruan izan zen, Paulok Asia Txikian ere zailtasunak eduki zituen arren.
Apokalipsia kanonikoa zenetz oso eztabaidagarria izan zen antzinako Elizan, batik bat Erromatarren Jaurgoko sortaldean. Hala ere, Elizako Guraso gehienek kanonikotzat ezagutu zuten.
367an, Atanasiok 39. Pazko Gutuna idatzi zuen, eta, ordutik aurrera, sartaldeko ia kristau guztiek Bibliako kanonaren baliozko ataltzat onartu zuten. Gaur egungo ekialdeko elizetan, Apokalipsia gurtzan inoiz irakurtzen ez den Itun Berriko idazti bakarra da. Eliza Ortodoxo Siriakoak ez du inondik ere Apokalipsia kanonikotzat ezagutzen, ez eta hura bere Biblietan (Pexitta) inprimatu ere.
Apokalipsiaren sinbolismoa, irudiak eta edukia interpretatzeko hiru pentsaera-eskola daude:
Eskola horiek ez dute elkar baztertzen, eta hainbat kristauek ikuspegiok bateratzen dituzte, erabilgarriak direlakoan.
Zenbait interpretazio analitikoren arabera, Apokalipsiak ez dihardu ongia eta gaizkiaren arteko aurkakotasunaren kristau-ikuspegiaz, ezpada orduan sektatzat jotzen zen judaismoa eta Erromatarren Jaurgoaren arteko borrokaz. Halako interpretazioei jarraituz, Erromarekiko aipu batzuk aintzat hartu dira, besteak beste:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.