Txillardegi
idazle, hizkuntzalari eta intelektual euskalduna (1929-2012) / From Wikipedia, the free encyclopedia
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa (Antigua, Donostia, Gipuzkoa, 1929ko irailaren 27a - 2012ko urtarrilaren 14a[1]), donostiar ingeniari, hizkuntzalari, idazle eta politikaria izan zen.[2] Txillardegi izengoitiaz gain, idazlanetan Igara, Usako, Harrizkibieta eta Larresoro ezizenak ere erabili izan zituen.[3] Euskera, Euzko-gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca-Eusko Lurra, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile aritu zen. Branka aldizkariaren sortzailea izan zen, baita Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria ere, 1992tik 2002ra.[4]
Txillardegi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | José Luis Álvarez Emparanza |
Jaiotza | Donostia, 1929ko irailaren 27a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 2012ko urtarrilaren 14a (82 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Jone Forcada Adarraga |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa (Bilbo) |
Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | hizkuntzalaria, idazlea, politikaria, soziolinguista eta katedraduna |
Lantokia(k) | Donostia |
Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea Deustuko Unibertsitatea Bordele Montaigne Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Jean-Paul Sartre eta Albert Camus |
Kidetza | Udako Euskal Unibertsitatea Euskadi Ta Askatasuna |
Izengoitia(k) | Txillardegi |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Euskal Sozialista Biltzarrea Herri Batasuna Aralar |
Euskal hizkuntzalaritzaren arloan lan egin zuen batez ere, eta irakasle izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean. XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian eragin handienetakoa izan zuen, hainbat arlotan nabari den moduan:
- Hizkuntzalaritzan, euskara batua sortzearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen,[5] eta euskal azentuari buruzko aditu handienetako bat zen (doktorego tesia gai horrexetaz egin zuen).[4]
- Literaturan, berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaz, euskal nobelagintza modernoaren sorreratzat hartzen baita.[6][7] Haren bidez, existentzialismoa —artean modan zegoen— euskal letrei iritsi zitzaien.[8]
- Soziolinguista aitzindaria izan zen. Hizkuntza estandarraren beharrezkotasuna defendatu, soziolinguistikan eredu matematikoa aplikatu, eta soziolinguistikaren eta politikaren arteko lotura azpimarratu zuen.
- Ekin eta gero, ETAren sorreran pisu ideologiko handiaz parte hartu zuen, baita Herri Batasunarenean ere.
Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa izan zen, eta Udako Euskal Unibertsitateko kide hasieratik bertatik. Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko, baina inoiz ez zuen izendatzea lortu: 1980an, Patxi Altuna aukeratu zuten; 1987an, Juan Mari Lekuona; eta 1988an, Ibon Sarasola. Euskaltzain urgazle izan zen 1957tik.[9][10] Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kide zen, 1993an batzorde hori sortu zenez geroztik.
« | Profil poliedrikoa dauka, gutxik bezala herri honetan, Txillardegik. Politika, hizkuntza, soziolinguistika eta literatura. Azken hamarkadetako erreferentzia nagusietakoa. Alor horietan guztietan lehen mailako eragilea izan zen, baina soziolinguistikarenean aitzindaria. | » |
« | Bizi osoa eman du Euskal Herriaren aldeko ahaleginean eta haren jarduna garbia eta gardena izan da. Ez da sekula isildu eta kikildu, ez da sekula lausengu eta zurikerietan aritu. Nonbait ere horregatik itxi zizkioten Euskaltzaindian sartzeko ateak, eta nonbait ere horregatik baztertu dute beste zenbait erakundetan. | » |