Abortu

From Wikipedia, the free encyclopedia

Abortu
Remove ads

Abortua (latinetik eratorritako abortus edo aborsus), umekia umetokitik ateraz, haurdunaldia etetea da, kausa edo ondorioa umekiaren heriotza izanik[1]. Abortua berezkoa (umegaltze eta hilaurtze izenez ere ezaguna[2]), edo nahita eragindakoa (ume-galaraztea[2]) izan daiteke. Umeki abortatuari, hilaurra deritzo. Munduan, gutxi gorabehera, 42 milioi abortu eragiten dituzte nahita urtero; horietatik, 20 milioi seguruak ez diren baldintzetan[3].

Thumb
10 asteko umekia, umetokiko minbiziaren diagnosi goiztiarra egin dioten 44 urteko emakume bati abortu terapeutikoa eraginda ateratakoa
Remove ads

Abortu motak

Thumb
Eragindako abortuaren legezkotasuna, munduan:      Legezkoa, eskatzea aski.      Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, gizarte eta ekonomia faktoreak, umekiaren akatsak.      Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, umekiaren akatsak.      Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua.      Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua.      Legez kanpokoa, salbuespenik gabe.      Eskualde batetik bestera aldatzen da.      Informaziorik ez dugu.

Berezko abortua

Sakontzeko, irakurri: «Berezko abortu»

Berezko abortua, umegaltze eta hilaurtze izenez ere ezaguna[2], istripu baten edo kausa naturalen ondorioz haurdunaldia etetea da umekia bizirik irauteko gai ez den aldian. Berezko abortua, oro har, haurdunaldiko hogeigarren asteraino gertatutakoari esaten zaio[4] o 24[5]; hortik aurrera, erditze goiztiarra izan dela eta haurra hilik jaio dela jotzen da[4][6]. Gehienetan, berezko abortua haurdunaldiaren lehenengo hamabi asteetan gertatzen da[7].

Haurdunaldiaren irizpideari, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 500 gramo baino gutxiago pisatu behar duela erantsi dio. Hala ere, irizpide hori zuhurtziaz interpretatu behar da; izan ere, batzuetan, kanporatutako 500 g baino gutxiagoko umekia suspertu egin daiteke, eta bizirik iraun dezake. Geroago hiltzen bada, jaioberri heriotzatzat ematen da[7].​ Bi abortu mota bereizten dira: abortu goiztiarra, haurdunaldiko 12. astearen aurretik gertatzen denean eta, abortu berantiarra, 12. astearen edo gehiagoren ondoren[7]. Berezko abortua eragin dezaketen faktoreak askotarikoak dira: umekiaren beraren genetiko edo kromosomatikoak, ingurumen-toxinekiko esposizioa, amaren hormona-arazoak, eta beste batzuk, hala nola tabakismoa, droga mendekotasuna edo alkoholismoa.

Zantzu eta sintomen artean dago baginako odoljarioa. lunbagoa, abdomeneko min gorra, akutua edo kolikoa, edo baginatik irteten diren gatzapenak. Horiek guztiak ginekologo batek baloratu behar ditu[4], eta, askotan, berehala artatu behar dira. Sintomen aurrean, hainbat proba eta azterketa daude abortu mota horiek egiaztatzeko edo prebenitzeko, hala nola baginako edo abdomeneko ultrasoinua, enbrioi/umekiaren garapena, bihotz-taupadak eta odol-jarioaren kantitatea aztertzen laguntzen duena. Abortuaren kasuan, emakumearen osasunerako, funtsezkoa da umetokian umekiaren edo Karen ehunaren aztarnarik geratzen den egiaztatzea; umekiaren aztarnarik geratzen bada, berehala kendu behar dira. Kanporatutako produktua aztertu egin behar da, bat-bateko abortuaren arrazoia tratatu daitekeen zehazteko eta etorkizunean prebenitzeko[4].

Berezko abortua animalietan

Berezko abortua hainbat animalietan gertatzen da. Adibidez, ardietan estresak edo esfortzu fisikoak eragin dezake, hala nola ateetan pilatzea edo txakurrek jazartzea. Behietan, berriz, gaixotasun kutsakorrek eragin dezakete abortua, esaterako, bruzelosiak edo Campylobacterrek, baina, askotan, txertaketa bidez kontrola daiteke. Pinu-orratz jateak ere abortuak eragin ditzake behietan. Jakina da zenbait landarek, hala nola anbrosia, aza mofeta, astaperrexil handia eta zuhaitz-tabakoa, umekiaren deformazioak eta abortua eragiten dituztela ganaduan, hala nola ardi eta ahuntzetan. Zaldietan, umekia abortatua edo birxurgatua izan daiteke sindrome zuri hilgarria badu (hesteetako sortzetiko aganglionosia). Gene zuri nagusiarentzat (WW) homozigotoak diren moxal enbrioiak ere jaio aurretik abortatu edo birxurgatzen direla teorizatzen da. Marrazo- eta raia-espezie askotan, estresak eragindako abortuak, maiz, harrapaketan gertatzen dira[8][9][10][11][12][13].

Birusaren infekzioak abortua eragin dezake txakurrengan. Katuek berezko abortua izan dezakete arrazoi askorengatik, hormona-desoreka barne. Kateme haurdunetan, abortu konbinatua eta esterilizazioa egiten da, batez ere tranpa eta-zikiratze-itzulera programetan, nahi ez diren kumeak sor ez daitezen. Karraskariek haurdunaldia eten dezakete, haurdunaldiaz arduratzen ez den ar baten usainaren eraginpean daudenean; Bruce efektua deritzo[14][15].

Abortua animaliengan ere eragin daiteke abeltzaintzaren testuinguruan. Adibidez, abortua oker estalitako behorrengan eragin daiteke, edo behorrak haurdun daudela ohartu ez diren jabeek erositakoak, edo moxal bikiz haurdun daudenak. Abortua zaldi eta zebretan gerta daiteke, haurdun dauden behorren arren jazarpenaren edo behartutako sarpenaren ondorioz, nahiz maiztasuna naturan zalantzan jarri den. Tximino langure grisen arrek emeei eraso egin diezaiekete botere maskulinoa hartu ondoren, horrela berezko abortua eraginez[16][17][18][19].​​​

Eragindako abortua

Txantiloi:Skontzeko Eragindako abortua[20] edo haurdunaldia borondatez etetea[21] (HBE) legeak onartutako baldintzetan, haurdun dagoen emakumearen berariazko baimenarekin eta abortuak praktikatzen diren zentro eta establezimendu publiko zein pribatu batean mediku baten eskutik egindako abortua da. Lege-baldintzak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera[22], eta, munduan, herrialde askotan debekatuta dago[23].

Eragindako abortua enbrioi edo umeki bat umetokitik kanpo bizirik iraun ahal izan baino lehen kenduz egiten da[24]. Abortua terapeutikoa izan daiteke arrazoi medikoengatik egiten denean, edo norberak hala erabakitako abortua izatea (haurdunaldia borondatez etetea[25]),) haurdun dagoen emakumeak eskatuta[24].

Era berean, abortua eragiteko erabiltzen den teknikaren arabera, hitz egin daiteke abortu medikoz edo medikamentuekin eragindakoa[26], baita abortu kirurgikoz ere[27].

Herrialdeen arabera, hainbat legeria daude eragindako abortuari buruz, hasi muga gutxirekin baimentzen dutenetatik (ugaltze-eskubideen zabaltze gisa hartzen delako) giza hilketatzat hartzen delako debekatzen dutenetaraino.

Hain zuzen ere, abortu bakoitzaren lege egoera dela eta, nahita eragindako abortuen beste sailkapen hau egin dezakegu:

  • Legezko abortua: abortua legearen barnean egiten denean. Espainian onartuta dago: emakumearen baimena badago; egiteko toki apropos batean egiten bada, eta osasun arazoak ekiditeko; bortxapen baten ondorioz, edo umekia malformazioak baditu.
  • Legez kanpoko abortua: legeak esaten duenaren kontra egiten denean. Arriskutsuak izan ohi dira egoera horretan egindakoak (higiene falta; mediku prestakuntza egokia ez duten abortu-eragileak...).

Abortu terapeutikoa

Abortu terapeutikoa enbrioiaren edo umekiaren bizi-garapena etetea da (beraz, eragindako abortua da), baina, aurretik, arrazoi guztiz medikoak ditu. Arrazoi horien artean dago: amaren osasuna (fisiko edo mentala) haurdunaldi horrekin zuzenean konprometituta egotea edo amaren bizitza arriskuan dagoen.

Zeharkako abortua

Zeharkako abortua gertatzen da umekia interbentzio mediko batean hiltzen denean, eta bi baldintza bete behar dira[28]:

  • Haurdun dagoen ama hiltzeko nolabaiteko arriskua dagoenean eta haren bizitza salbatu nahi denean interbentzio horren bidez.
  • Gaixotasunaren edo kasuaren inguruko ezagutza dela eta umekiaren bideragarritasuna nulua denean.

Ez da parekatzen, beraz, abortu terapeutikoarekin; izan ere, abortua bera ez den beste interbentzio mediko batzuetan gertatzen baita, eta ondorio eratorria da, zuzenean nahi ez dena, eta, beraz, eragindako abortuari buruzko gogoeta bioetiko desberdinak dakartza berekin.​ Zeharkako abortua dela jotzen da nahiz eta medikuak jakin ebakuntzak umekiari eragin diezaiokeela[29], baina ez badu esku hartzen edo fetua umetokitik kanpo bideragarria izan arte itxaronez gero, badaki bai ama, bai umekia hil egingo liratekeela[28]. Horren adibide argia da haurdunaldi ektopiko batean esku hartzea[30].

Remove ads

Eragindako abortuaren historia

Antzinatik, abortuak hainbat metodo erabiliz egin izan dira, tartean sendabelarrak, tresna zorrotzak, indarra erabiliz edo beste metodo tradizional batzuen bidez. Eragindako abortuak historia luzea du, eta hainbat zibilizaziotan du jatorria, hala nola Shennong garaian (K.a. 2700), Antzinako Egipton Ebers Papiroarekin (K.a. 1550), eta Erromatar Inperioan Juvenalen garaian (K.o. 200 inguruan). Izan ere, abortuaren lehen irudikapen artistiko ezagunetako bat Angkor Wat-eko behe erliebe batean dago (1150 ingurukoa). Kultura hindu eta budistan, heriotzaren ondorengo epaiketa irudikatzen duten friso batzuetan aurkitu dute, eta sabelaldeko abortuaren teknika irudikatzen du[31][32].

Mediku aditu eta abortuaren aurkari batzuek iradoki dute Zin hipokratikoak debekatzen ziela antzinako mediku greziarrei abortuak egitea; beste aditu batzuk ez daude ados interpretazio horrekin, eta diote Corpus Hipokratikoko testu medikoek, Zinarekin batera, abortatzeko tekniken deskripzioak dituztela. Eskribonio Largo medikuak K.o. 43an idatzi zuen Zin hipokratikoak abortua debekatzen duela, baita Soranok ere, nahiz eta itxuraz, mediku guztiak ez ziren une horretan harekin bat etorri. Soranoren I. edo II. mendeko Ginekologia lanaren arabera, mediku talde batek abortu guztiak baztertu zituen Zin hipokratikoak eskatzen zuenari jarraituz; beste alderdia, zeinaren kide zen, prest zegoen abortuak egiteko, baina amaren osasunaren onerako bakarrik. Aristotelesek, gobernu-politikari buruzko Politika tratatuan (K.a 350), infantizidioa gaitzesten du populazioaren kontrol-baliabide gisa. Halakoetan, abortua hobetsi zuen, baldintza honekin: «Egin behar da sentsazioa eta bizitza garatu baino lehen, zeren legezko eta legez kanpoko abortuaren arteko marra sentsazioa edukitzeak eta bizirik egoteak markatuko baitu»[33].

Kristautasunean, Sixto V. Aita Santua (1585-1590) izan zen lehen Aita Santua, 1869. urtea baino lehen, abortua homizidioa zela adierazi zuena, haurdunaldia edozein zela ere; eta, 1588ko erabakia, hiru urte geroago atzera bota zuen bere ondorengoak. Bere historiaren zatirik handienean, Eliza Katolikoa zatituta zegoen abortua goiztiarra erailketa ote zen edo ez, eta, XIX. mendera arte, ez zen abortuaren kontra gogor egiten hasi. Hainbat historialarik idatzi dutenez, XIX. mendea baino lehen autore katoliko gehienek ez zuten abortutzat jotzen haurdunaldia «azkar» etetea. 1750etik aurrera, eskumikatzea abortuen zigor bihurtu zen. 1992an, Eliza Katolikoaren katiximan (Elizaren irakaspenen laburpen kodifikatua) egindako adierazpenak abortuaren aurka azaldu ziren[34][35].

2014an, Guttmacher-ek Estatu Batuetan abortatu zuten pazienteei buruz egindako inkesta batean aurkitu zuten askok afiliazio erlijioso baten berri eman zutela: % 24 katolikoak ziren, eta % 30, protestanteak. 1995eko inkesta batek jakinarazi zuen emakume katolikoek, orokorrean, haurdunaldia gainerako biztanleria beste eteten dutela; protestanteek gutxiago eteten dute, eta kristau ebanjelikoak dira gutxien eteten dutenak. Tradizio islamikoak, tradizionalki, abortua ahalbidetu du musulmanek arima umekian sartu dela uste duten unera arte; hainbat teologok hartzen dute gertatzen dela: sortzean; sortzea gertatu eta 40 egunera, edo 120 egun edo bizkortzean. Hala ere, abortua, neurri handi batean, oso murriztuta edo debekatuta dago islamiar fede handiko eremuetan, hala nola Ekialde Ertainean eta Iparraldeko Afrikan[36][37].

Europan eta Ipar Amerikan, abortatzeko teknikek aurrera egin zuten XVII. mendetik aurrera. Hala ere, mediku gehienek sexu kontuekiko zuten kontserbadurismoak abortu segururako tekniken hedapen zabala eragotzi zuen. Beste mediku batzuek beren zerbitzuak iragarri zituzten, eta, XIX. mendera arte, ez ziren oso erregulatuta egon, praktika debekatu egin baitzen, bai Estatu Batuetan, bai Erresuma Batuan. Elizako taldeak, baita medikuak ere, eragin handiko abortuaren aurkako mugimenduak izan ziren. Estatu Batuetan, zenbait iturriren arabera, abortua erditzea baino arriskutsuagoa zen 1930. urte ingurura arte; hain zuzen, erditzeari lotutako abortu-prozeduretan izandako hobekuntza inkrementalen ondorioz, abortua seguruagoa izan zen arte. Hala ere, beste iturri batzuen arabera, XIX. mendean, oro har, nahiko seguruak ziren abortu goiztiarrak emaginek lan egiten zuten baldintza higienikoetan. Gainera, iruzkingile batzuek idatzi dute ezen, prozedura medikoak hobetu arren, 1930eko hamarkadatik legeztatu arteko aldiak abortuaren aurkako legeen aplikazio gogorragoa ere ikusi zuela eta, horrekin batera, antolatutako krimenak gero eta abortu hornitzaile gehiago kontrolatzen zituela[38][39][40].

Sobietar Batasuna (1919), Islandia (1935) eta Suedia (1938) izan ziren abortu mota batzuk edo guztiak legeztatu zituzten lehen herrialdeetako batzuk. 1935ean, Alemania nazian abortua baimentzen zuen lege bat onartu zuten «herentziaz gaixo» kontsideratzen zirenentzat; alemaniar jatorrikotzat jotzen ziren emakumeei, berriz, abortatzea debekatu zitzaien berariaz. XX. mendearen bigarren erditik aurrera, herrialde gehiagotan legeztatu zuten abortua[41].

2024an, Frantzia izan zen bere Konstituzioan emakumeek abortatzeko duten askatasuna ofizialki aitortu zuen lehen herrialdea[42].

Remove ads

Arazo etikoak

Herrialde garatu guztiek onartzen dute abortua, egoera batzuen baldintzapean. Estatu bakoitzak bere legea du gai honi buruz. Dena dela, hainbat herrialdetan, delitutzat hartzen da, hala nola Andorra, Txile, Filipinak, El Salvador, Somalia eta Vatikanoan.

Erlijioen arabera

  • Katolizismoa: ez du abortua onartzen. Erlijio horren ustez, umekia hiltzean datza, eta hilketatzat hartzen du. Kristautasunean, ernalketa gertatzen denetik, umekia pertsona bat da.
  • Judaismoa: ez du abortua ontzat hartzen, baina zenbait egoeratan onartzen du (amaren osasuna arriskuan dagoenean, umekiak malformazioak dituenean...), ez baitu umekia pertsona kontsideratzen.
  • Islama: lege islamiarrak abortua onartzen du osasun arrazoirik baldin bada. Islamak ez du legearen eta etikaren artean bereizketarik egiten. Umekia pertsona gisa kontsideratzen du jainkoak bere pertsona arima ematen dion momentutik. Bi zuzenbide eskola daude: Janafi (abortua liberalki onartzen du) eta Maliki (abortua debekatzen du egoera guztietan, eskola honen arabera ezin baitugu natura aldatu).

Zientziaren arabera

Zientziaren munduan, ikuspuntu desberdinak daude. Batzuen ustez, umekia ez da pertsona (ez da gauza independenteki bizitzeko, garuna garatu gabe dago...) beraz ez du sufrimendurik jasaten. Beste batzuen esanetan, ordea, umekia pertsona da ernaltzearen momentutik. Emakumearen eta umekiaren DNA desberdinak dira; beraz, umekia pertsona da.

Giza eskubideen arabera

Arlo honetan ere, 2 ikuspegi etiko-filosofiko bereizten ditugu: umekiaren eskubidea bizitzeko eta emakumearena ama izateko. Abortu eskubidearen alde daudenak diote abortua debekatzea emakumearen eskubideen aurka egitea dela. Bestalde, abortua debekatu nahi dutenek esaten dute bizitzeko eskubidea errespetatu behar dela eta umekiak garrantzi gehiago duela defendatzeko aukerarik ez duelako. Hori dela eta, amaren askatasunaren eta umekiaren bizitzaren arteko oreka bilatzean dago gakoa.[43]

Ondorioen arabera

Badago beste ideia bat kontuan izan behar dena: ondorioak. Ondorioei begiratzen badiegu, leku eta egoera batzuetan, abortatze debekua kendu beharko litzateke. Adibidez, hirugarren munduan, haurdunaldiek pobretasun eta hilkortasun tasak igotzen dituzte. Ez ditugu alde batera utzi behar ere beste faktore psiko-sozialak, esate baterako, ezkongabe dauden emakumeak haurdun gelditzea edo oso gazte diren emakumeak edo intzestuaren ondorioz haurdun geratu direnak, horiek dakartzaten arazo psikologiko eta fisikoekin. Adibide horiek darakuskite abortua baliozkoa izan daitekeela sufrimendua ekiditeko erabiltzen bada. Abortua ez da haurdunaldien hautatzeko metodorik hoberena, ez eta hobesten dena ere, baina erabilgarria izan daiteke emakumeen sufrimendua ekiditeko, ondorioen aldetik begiratuta noski.

Remove ads

Ikus, gainera

Erreferentzia

Bibliografia

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads