From Wikipedia, the free encyclopedia
Sendabelarrak sendagai gisa erabiltzen diren landareak dira, normalean gaixotasun, min edo ondoezen sintomak arintzeko erabiltzen direnak, nahiz eta batzuetan medikamentuen dosia jaisteko ere erabiltzen diren. Sintomak arintzeko gaitasun hau landareek dituzten konposatu kimiko batzuei esker lortzen da, fitokimikoei esker, hain zuzen. Sendabelarrak, antzinako garaietatik erabili izan dira, medikamentu sintetikoak sortu baino askoz ere lehenago, eta gaur egun, medikamentu industrialak oso erabiliak diren arren, sendabelarren erabilerak luzaroan iraun du.
Sendabelarrak sailkatzeko hainbat metodo erabiltzen dira, hala ere, farmakologikoki erabiltzen dena fitokimikoen sailkapena da. Sendabelarretatik eskuratutako konposatu guztiek ez dute erabilera medikorik baina, fitokimikoek eragin positiboa izan dezakete organismo baten osasuna hobetzen.
Lurzoruaren tenperaturaren, hezetasunaren, landarearen adinaren eta landarearen egituraren arabera fitokimikoen kontzentrazioa desberdina izaten da eta landarearen atal desberdinetan kokatuta egongo dira.
Alkaloideak, konposatu organiko nitrogenodunak dira. Alkaloideek eragin fisiologiko desberdinak dituzte gizakietan eta beste animalia batzuetan eta landare loredunetan agertu ohi dira. Landareen prozesu metabolikoen hondakinak besterik ez direla iradoki da, baina ebidentziak adierazten du funtzio biologiko espezifikoetarako balio dezaketela. Landare batzuetan, alkaloideen kontzentrazioa hazi baino lehentxeago handitzen da, eta gero desagertu egiten da hazia helduta dagoenean.
Alkaloideek hainbat funtzio dituzte, lehenik, analgesikoa, morfinak eta kodeinak adibidez, landare jatorria daukate baina, arriskutsuak izan daitezke menpekotasuna sortu ahal baitute. Ondoren, arnas edo bihotz estimulatzailea, kinidina adibidez. Horrez gain, beste hainbat efektu izan ditzake infekzioen aurkakoa, anestesikoa, malariaren aurkakoa, minbiziaren aurkakoa edo haluzinogenoa[1].
Fitosterolak ezaugarri hipokolesterolemikoak dituzten landareetan dauden konposatuak dira, isoprenoideen biosintesi bidez sortzen direnak. Landareen metabolitoak sekundarioak dira, zelulek sintetizatu eta erabiltzen dituztenak, eta funtsezkoak ez diren arren, funtsezko zeregina dute landareen biziraupenean, adibidez, mintzaren jariakortasunean, prekurtsore hormonal gisa edo seinale molekula gisa.
Gaixotasun kardiobaskularrei aurrea hartzen lagun dezakete. Kolesterol kopuru totalaren erregularizazioan lagundu egiten dute eta hazidun landareetan ohikoagoak dira[2].
Konposatu sufredunak garrantzia biologiko handiko konposatuak dira, metabolismoan berebiziko garrantzia duten metabolitoak sintetizatzeko eta homeostasirako erabiltzen direnak. Hormonak, entzimak, koentzimak, kofaktoreak, bitaminak, eta aminoazidoak sintetizatzeko erabiltzen dira.
Gizakiek ezin dute lurrean aurkitzen den sufre elementala zuzenean erabili eta ondorioz, landareetatik lortu behar dute, konposatu organiko bezala. Gehienetan hau aminoazido bidez lortzen da, metionina eta zisteinatik hain zuzen.
Polifenolak eraztun fenoliko bat baino gehiagoz osatutako konposatu kimikoak dira. Landare askotan metabolito sekundario gisa sintetizatzen direnak; batzuk landareen biziraupenerako ezinbestekoak dira eta beste batzuek defentsa mekanismo bezala erabiltzen dituzte estres egoeren aurrean, bereziki erradikal askeak sortzen dituzten estimuluen aurrean, adibidez, erradiazio ultramorea. Egitura kimikoaren arabera polifenolen artean hainbat sailkatzen dira; taninoak, lignanoak eta flabonoideak.
Polifenolen artean talderik handiena flabonoideena da, hauen funtzioa antioxidatzailea da nagusiki. Hori horrela, C bitaminaren xurgapena hobetzen dute eta erradikal askeek sor ditzaketen arazoetatik babesten dute organimoa. Erradikal hauek, gorputzak etengabe sortzen ditu metabolismoaren ondorio gisa eta balantzean erradikal gehiegik minbizia, gaixotasun kardiobaskular edo gaixotasun neurodegeneratiboen garapena eragin dezake.
Horrez gain, beste funtzio batzuk ere badituzte; basodilatatzaileak, antitronbotikoak, antiinflamatorioak, antiapoptotikoak… baina, denak daude haien ahalmen antioxidantearekin loturik.
Flabonoideak normalean eguzkiarekin kontaktuan dauden frutetan, landare lekadunetan (soja adibidez) edo tean ager daitezke. Landareen artean gehienbat angioespermoetan ageri dira, onddo eta algetan ere ager daitezkeen arren.
Tilakoideen mintzean ageri dira beraz, landarearen egitura aereoetan ohikoagoak izan ohi dira. Landareari pigmentazioa emateaz gainera defentsarako balio dute[3].
Metabolitoen talderik handiena osatzen dute, horien artean hormonak, karotenoideak, kinonak eta esterolak daude. Hauek landarearen baitan fotosintesian, arnasketa aerobikoan eta mintzen egituraketan parte hartzen dute besteak beste.
Hauek dira landareen sapore eta usaina sortzeaz arduratzen diren konposatuak, horregatik, kosmetikan eta elikagai industrian oso erabiliak dira. Gizakian hainbat funtzio medizinal betetzen ditu hala nola, antibiotikoa, antiinflamatorioa, antidepresiboa, antifungikoa edo basodilatadorea. Funtzio hepatikoa hobetzeaz arduratzen dira eta behazunaren isuria ere.
Sortzen dituzten esentzia olioetako batzuek intsektuen aurkako babesa ematen diote gizakiari eta landareei polinizatzeko erraztasuna. Normalean kolore berdea duten landareetan, sojan edo zerealetan ageri dira. Amanita generoko onddoen pozoitzearen antidoto bezala erabiltzen dira[4].
Tiolak karbono atomo bat sufre atomo bat edo gehiagori lotuta duten organosufre-konposatuak dira. Gehienetan sustantzia aromatikoetan ageri ohi dira. Medikuntzan garrantzi handiko sustantziak dira: penizilamina Wilsonen gaixotasunaren aurkako tratamendu gisa erabiltzen da eta, "captopril-a" hipertensio arteriala edo bihotz gutxiegitasun kongestiboaren aurkako tratamendu gisa.
Landare zeluletan erredox erreakzioetan parte hartzen dute. Landarearen estres faktore ia denen erantzule dira, baita zelulen metabolismoaren erregulazioarenak ere. Gizakietan, sustantzia hauek erradikalak edo elektrofilo toxikoak murrizten dituzte, eta konplexu egonkorrak sortzen dituzte metal astunekin (artseniko edo kobrearekin, besteak beste)[5][6].
Alfa-tokoferolak, landareen hostoetan aurkitu daitezken konposatuak dira. Kloroplastoen mintzean eta tilakoidetan daude.
Landareetan aurkitu den E bitamina gehien duten konposatuak dira, eta antioxidatzaile funtzioa dute: fotosintesitik deribatutako oxigeno erreaktiboak inhibitzen dituzte. Hauen kontzentrazioa landarearen ingurumenarekiko erantzunen baitakoa da, landareak duen estresaren menpekoa. Azken batean, glutationa, karotenoide eta beste flabonoideekin batera fotosintesi prozesuaren babesle gisa jokatuko duten konposatuak dira[7][8].
Fitoterapia sendabelar bidez gaixotasunak sendatzearen praktika da, sendabelarrak modu desberdinetan erabil daitezke eta kanpo eta barne erabilerak banatu dira. Gainerako sendagaien antzera landareek nahi den efektua lortzeko ondo prestatzea derrigorrezkoa da intoxikazioak ekiditeko. Sendabelarrak erabiltzeko metodoak anitzak dira baina, landareen identifikazioa, biltzea eta kontserbazioa nola egin jakin behar da. Identifikazioa egiteko bibliografia espezifikoa kontsultatzen da, deskribapen eta ilustrazioak begiratuz. Bilaketa zehatzagoa izateko Nomenklatura Botanikoaren Nazioarteko Kodea begiratu daiteke.
Bilketa berriz, landa eremuan egiten da eragin antropogeniko duten eremu kutsakorretik kanpo. Ez dira kantitate handian batzen fitokimikoen galera gerta baitaiteke eta eguraldi ona dagoenean egiten da, hodeirik ez, hezetasun handirik ez eta euririk ari ez duenean.
Landarearen osagaiaren arabera sasoi desberdinetan egiten da bilketa. Hostoak lurretik urrun dauden landarearen guneetatik biltzen dira, fruituak ia-ia helduak daudenean. Lehorrak edo kutsatuak dauden hostoak kentzen dira, beraz, hosto fresko eta osasuntsuak batzen dira. Sustrai eta errizomen biltzea normalean udaberrian eta udazkenean egiten da eta erraboilak berriz, landarearen parte aereoa jadanik hilda dagoenean. Zuhaitzen eta zuhaixken kortexa udaberri eta udan egiten da loratzea baino lehenago betiere. Azkenik, loreak infloreszentziaren beheko zatia irekita eta goikoa ireki gabe dagoenean biltzen dira.
Bilketa egin ondoren oso sendabelar gutxi daude egoera freskoan erabiltzen direnak horregatik, lehortze prozesua egiten da. Lehen pausu bezala landareak ondo garbitu behar dira: lurra kenduz eta infloreszentziak eta adarrak banatuz. Erretiluetan, paperezko orrietan edo egur gainean lehortzen uzten dira baina, esekita sorta txikietan ere lehor daitezke gune lehor, aireztatu eta ilunetan. Salbuespen gisa errizoma, erraboil eta sustraiak eguzkitan utz daitezke lehortze hobea lortzeko.
Behin sendabelarrak lehortuak daudela beirazko poteetan edo paperezko poltsetan gordetzen dira kutsatzea ekiditeko. Arazoak ekiditeko poteak errotulatu egiten dira espeziearen izen eta bilketa datarekin[9].
Belarrekin egindako infusioak dira tisanak, tradizionalki erabilienetakoa da prestatzeko daukan erraztasunaren ondorioz. Hauek lortzeko hainbat erauzketa metodo erabil daitezke; infusioa, konposatu begetalen egosketa edo beratzea.
Normalean erabilera orala daukate baina, topikoki erabil daitezke konpresa, kolirio… bezala. Printzipio aktibo ugari dituzten landareekin erabiltzen dira tisanak. Kontuan izan behar da sendabelarren erabilera honek mikroorganismoak garatzeko medio ezin hobea sortzen duela, beraz, egin bezain laster erabiltzea gomendatzen da.
Infusioa, normalean landarearen hostoekin, loreekin edota kimuekin erabiltzen dira. Konposatu begetalen egosketa landarearen osagai gogorretatik konposatu aktiboak ateratzeko erabiltzen da, egosten denbora gehiago utziz. Beroaren ondorioz ordea, egiturak degradatzeko arriskua dago. Horregatik, tenperaturarekiko sentikorrak diren fitokimikoak ateratzeko beratzearen metodoa erabiltzen da[10].
Zukuak sendabelarrak bildu bezain-laster prentsatutako edo txikitutako landare freskoekin eskuratutako likido iragaziarekin egiten dira. Tinturak prestatzeko lehortutako landare txikitua alkoholetan beratzen uzten da berotu gabe. Hauek uretan diluituz erabiltzen dira, tanta pare batzuk bakarrik botaz.
Landare lehor eta freskoak beratuz ardo medizinalak lor daitezke. Sendabelarrak sakarosarekin nahastuz berriz jarabeak sortuko dira, sakarosa erabili beharrean eztia erabiliz gero berriz, melitoak. Nahastura hauek sendabelarrek izan ohi duten zapore txarra ezkutatzeko erabiltzen dira.
Beratze bidez edo poro finetatik egindako iragazketa bidez lortzen dira hautsak, tradizionalki oihaletan zehar iragaziz. Ondoren medioaren ebaporazio totala gertatu behar da. Industrialki pilulak egiteko kontserbagarriak, aromatizatzaileak eta abarrekoak gehituz egiten dira[10].
Olio esentzialak landare aromatikoetatik ateratako olioak dira prentsatuz edo beratzez egin daitezkeenak. inhalazioz kontsumitzen dira hauek eta funtzio antidepresiboa, erlaxatze funtzioa edo bestelako eraginak izan ohi dituzte.
Kolutorioak ahoko mukosa hobetzen duten disoluzio alkoholdunak dira, irakuzketaz erabiltzen dira. Antzekoak diren disoluzio nasalak ere presta daitezke, arnasbideen arintzerako eta antiseptiko gisa erabiltzen dira.
Linimentuak olio edo alkohol eta sendabelarren aterakinekin prestatutako kremak dira azalean erabiltzen direnak arazo muskularrak tratatzeko. Lozioak igurzterik behar ez duten soluzio likidoak dira azalean erabiltzen direnak.
Kanpo erabilerarako metodo solidoak ere badaude: argizaria bezalako lipido hidrofiloak badituzte pomadak deitzen dira, disolbatzaile lipidiko hidrofoboa badute ukenduak eta soluzio hidroalkoholiko bat badute gelak.
Aplikazio lokala izaten dute metodo hauek, gelek funtzio hidratagarria zan ohi dute eta zauriak edo infekzioak tratatzeko erabiltzen dira, ukenduak zaurien zikatrizazioan baliagarriak dira eta azkenik, pomadak normalean azal lehorra tratatzeko erabiltzen dira[11].
Biodibertsitatean eta ekosistemetan sortutako onurak zerbitzu ekosistemikoak dira. Sendabelarrek naturalki edo hauen kudeaketaren bitartez sortzen dituzten onurak hainbat dira. Etnobotanika bere aldetik landareen propietateen inguruan izandako ezagutza kulturala aztertzeaz arduratzen den zientzia da.
Orokorrean sendagaien %40 landareetatik eratorriak dira, gizakiaren dietaren oinarria dira eta erregai ugari sortzeko beharrezkoak dira. Lehenik, dibertsitate begetalaren ezagutza hobetzen dute, erabilera, aplikazioak eta maneiua ezagutzeak dibertsitate biologikoaren kontzientzia hobetzen du. Dibertsitate kulturala mantentzeko erabilgarria da naturarantz eta tradiziorantz hurbilduz.
Azkenik, ekosistemen dibertsitatea bermatzen dute eta polinizatzaileei espezie desberdinak eskuragai uzten dizkiete[12][13].
Jakina da medikuntza tradizionala sendabelarretan dagoela oinarrituta.
1571n argitaratutako Los XL libros d'el compendio historial de las chronicas y vniuersal Historia de todos los reynos de España liburuan, garaiko Gipuzkoako medikuntzaren inguruan eginiko aipamen euskaratua da ondorengoa:
« | Gipuzkoako probintzian, medikurik gabe mantendu dira urtetan zehar, belarrekin egindako gantzudura eta enemak erabiltzen dituztelako. Ambrosio de Moralesen hitzetan, gaixoak herriko plazara ateratzen dituzte, gaixotasun hori pairatu duen edonork, gaitza nola sendatu duen esan dezan. | » |
Zientziaren garapena iritsi aurretik, sorginek edo herrixketako aztiek (orohar, herritar jakintsuek) egiten zuten sendaketa. Horrez gain, erritual paganoak egiten zituzten, erremedio belarkara eta herrikoien nahasketak eginez (akelarreak, besteak beste). Honen adibide da Nafarroako San Juan Xar iturria; hemengo urak azaleko gaixotasunen aurrean propietate bereziak omen ditu.
Beste adibide bat, San Juan sua, gaur egun oraindik ere ospatzen den erritua da. Udako solstizioan ospatzen da, gizakia naturatik gertuen dagoen urteko sasoia omen delako. Egun bestelako objektuak erretzen badira ere, tradizionalki, bezperan jasotzen den belar-sorta erretzen da San Juan gauean. Sendabelar hauek deabrua eta espiritu txarrak uxatzen omen dituzte.
Satanismoa herri-kulturan sartzen hasi zen neurrian, sendatzeko erritual horiek gorputzaren energia aldaketatzat hartzen hasi ziren. Inkisizio garaian sorgin eta azti ugari erre zituzten, deabruaren ahalmena zutenaren susmoarekin (ikus Zugarramurdiko sorginkeria prozesua).
Zientzia eta teknologiaren garapenarekin, belarren erabilera zuzena hain ohikoa ez den arren, sendabelar hauetatik lortutako esentziak eta olioak gaur egungo medikamentu askoren osagai aktiboak dira.[14]
Euskal Herrian sendabelarren dibertsitatea oso handia da, taula honetan ezagunenak bildu dira [15].
Izen zientifikoa | Izen arrunta | Fitokimikoak eta erabiltzen den atala | Funtzioak |
---|---|---|---|
Agrimonia eupatoria | Latxaskia | Lore eta zurtoin lehorren tanino/flabonoideak | Faringe eta ahoko gaixotasunak.
Zirkulazio arazoak |
Anagallis arvensis | Pasmo-bedarra | Zukuetan edo tisanetan kantitate txikian, taninoak | Espektorante, antibiriko.
Zikatrizatzaile |
Arum italicum | Suge-artaburua | Oso toxikoa, hosto eta fruituen infusioa | Arnas aparatuko gaixotasunak |
Arnica montana | Arnika | Lore eta errizomak, tinturetan eta kremetan | Analgesiko, antiinflamatorio |
Asparagus officinalis | Zainzuria | Aminoazidoetan aberatsa, flabonoideak | Diuretikoa |
Asplenium trichomanes | Txardin-bedarra | Infusioetan | Abortu eragile, odola garbitzeko |
Buxus sempervirens | Ezpela | Zurtoinean edo sustraietan buxina alkaloidea. Toxikoa | Sukar paludikoak tratatzeko |
Betula pendula | Urkia | Flabonoide eta saponinoak. Hosto eta sustraiak infusioan | Diuretiko, zikatrizatzaile |
Calendula officinalis | Illena | Kremak eta ukenduak, tinturak prestatzeko loreak | Zauri, erredura, digestio aparatuko inflamazioa |
Calluna vulgaris | Iñarra | Taninoak, azido silizikoa. Loreak tisanan | Inflamazio urinarioak, ile galera. |
Capsella bursa-pastori | Txorrontela | Tanino, flabonoide eta olio esentzialak infusioan. | Antihemorragiko, menstruazio ugariak tratatzeko |
Castanea sativa | Gaztainondoa | Hostoak eta kortexa ezti eta azukrearekin nahastuz | Beherako, aho eta faringeko gaixotasunak |
Centaurium erythraea | Lubeazuna | Glukosidoa dauka infusioan erabiltzen da | Katarroa, sukarra, diabetesa tratatzeko |
Chamaemelum nobile | Bitxilora | Olio esentzialak lore eta hostoetan | Funtzio antipasmodikoa. Begiak eta zauriak garbitu |
Chelidonium majus | Enara-belarra | Alkaloideetan aberatsa | Garatxoak edo papilomak
Buruko minak |
Clematis vitalba | Aien-belarra | Tintura bezala, olio esentzialak | Sukarra eta erreuma tratatu |
Cornus sanguinea | Belzurda | Hostoak infusioan | Sukarra jeisteko |
Crataegus monogyna | Elorri zuria | Infusioan edo tinturetan | Bihotz, odoleko gaixotasunak |
Cichorium intybus | Txikoria | Sutraiak entsaladetan edo infusio bezala | Digestio aparatuko gaitzak, adibidez, parasitoak kanporatzea |
Digitalis purpurea | Kuku-fraka | Flabonoide eta kinonak. Hostoak infusioan | Zikatrizante, diuretiko |
Fagus sylvatica | Pagoa | Flabonoide, tanino eta mineralak. Infusioak | Infekzioak, sukarra edo sabeleko mina |
Ficus carica | Ikondoa | Latexa eta bitaminak, fruituak | Laxante eta eztula tratatzeko |
Foeniculum vulgare | Mihilua | Haziak, hostoak infusioan, erraboilak entsaladan | Laktantziarako esne produkzioa hobetu |
Frangula alnus | Zumalakarra | Oso toxikoa | Zurtoina purgatzaile gisa |
Fraxinus excelsior | Lizarra | Flabonoide, polifenol eta taninoak. Kortexa, hostoak pomadak egiteko. | Antiinflamatorio eta zikatrizatzaila |
Geranium robertianum | Zangogorria | Taninoak, flabonoideak eta azido fenolikoak hostoetan. | Sudur, biriketako hemorragiak tratatu eta beherako tratamendu gisa |
Briophyta dibisioa | Goroldioa[16] | Plastoetan landare freskoa jarriz. Flabonoide, tanino, terpeno eta olio esentzialak | Hemorragiak sendatzeko, antikartzinogeno |
Humulus lupulus | Exker-aiena | Lupulina dauka, tisanetan edo infusioetan | Efektu lasaigarriak, loezina, takikardia sendatzeko |
Hypericum perforatum[17] | Santio belarra | Hosto eta loreek hiperforina daukate infusio edo metodo topiko gisa erabil daitezke | Antsietate nahiz depresioaren aurrean eraginkorra, minbiziaren aurka ere |
Hypericum androsaenum[18] | Orkatz-belarra | Fruitu gorri antioxidatzaileak, hostoak ere infusioan | Antidepresibo, antioxidatzaile, diuretiko |
Ilex aquifolium | Gorostia | Egosiz edo infusioetan hostoak | Efektu laxante eta diuretikoak, izerdiarazlea beraz, sukarraren kontrakoa |
Juglans regia | Intxaurrondoa | Azido organikoak, esterolak eta flabonoideak. Infusio edo olio esentzial gisa, fruitua janez | Sabeleko min, beherako, sinusitis, asma eta minbizia tratatzeko |
Juncus sp. [19] | Ihia | Esterolak, terpenoak, flabonoideak landarean | Edemak eta eztarriko minak tratatzeko. Depurazio eta antiinflamatorio gisa |
Juniperus communis[20] | Ipar orrea | Olio aromatikoetan, erretxina, terpeno, alkaloide eta taninotan aberatsa. | Antioxidatzaile, antibiotiko eta antifungikoa |
Laurus nobilis[21] | Erramua | Terpeno eta flabonoideak dauzka eta hostoak infusioan eta sukaldaritzan erabiltzen dira. | Gaixotasun biriko, beherako eta gaixotasun kardiakoak tratatzeko |
Lavandula latifolia[22] | Astaizpilikua | Olio esentzialak dauzka, lore, hosto eta zurtoina erabiltzen da | Efektu antibiotikoa, erlaxantea. Depresio eta loezinaren kontra. |
Linum usitatissimum[23] | Lihoa | Flabonoide, esterol eta fenolak. Kantitate andian toxikoa, hazi gordinak kontsumitzen dira | Antioxidatzaile, mibiziaren aurka edo antibiotiko. |
Lonicera sp. | Ahuntz hostoa | Infusioetan hartzen dira | Antibakterianoak, hanturen aurkakoak eta depuratiboak |
Malva sylvestris[24] | Malma | Infusioetan hartzen dira | Mukosako inflamazioak, zistitisa eta beherakoa tratatzeko |
Mentha pulegium[25] | Txortaloa | Hostoek flabonoide eta glikosidoak dauzka, toxikoak gibelerako | Eztularen eta biriketako gaixotasunak |
Mentha spicata[26] | Mendabeltza | Landare olioak dauzka | Antioxidatzaile, antibiotiko eta minbiziaren aurkakoak |
Mentha suaveolens[27] | Asto-menda | Landarearen olio esentziala | Antifungikoa, kandidiasi baginala sendatzeko |
Olea europaea[28] | Olibondoa | Flabonoide, biofenol eta metabolito sekundario ugari | Gastrobabeslea edo laxantea |
Origanum vulgare[29][30] | Oregano | Flabonoide eta azido fenolikoetan aberatsa, olio esentziala erabiltzen da | Antioxidatzaile eta antiinflamatorioa |
Papaver rhoeas[31] | Mitxoleta | Alkaloideetan aberatsa | Eztula eta insomnioak sendatzeko |
Petroselinum crispum | Perretxila | Flabonoideetan aberatsa, hostoak, adarrak eta sustraiak erabiltzen dira | Hepatobabesle, antikoagulatzaile |
Plantago lanceolata[32] | Zainbelarra | Flabonoide, azido fenoliko eta terpenoak ditu. Gargarak, txikitutako haziak... | Zauri sendatzailea eta laxantea |
Potentilla reptans[33] | Bostorria | Taninoak dauzka | Azalean inflamazioen aurkako babesa |
Prunus avium | Basagerezia | Fenolak, melatonina, serotonina eta karotenoideak gerezitik eskuratzen dira | Antioxidatzaile, diuretiko eta neurobabeslea |
Prunus spinosa[34] | Elorri beltza | Polifenolak fruitu lehor edo freskotik lortzen dira | Antiinflamatorio eta antioxidatzailea |
Rhamnus alaternus[35] | Karraskila | Flabonoideak, fruituak, hostoak eta hazietan | Hipertentsioaren aurkakoak eta laxanteak, melanomaren aurkakoa dela uste da |
Rosa sp. | Arrosa | Terpenoa eta flabonoideak loreetatik ateratzen dira | Antidiabetiko, antioxidatzaile eta antiinflamatorioa |
Rubus sp.[36][37] | Masusta | Fruituan alkaloide, terpeno eta flabonoideak dauzka | Antiinflamatorio, antioxidatzaile eta minbiziaren aurkakoa |
Rumex acetosa[38] | Mingarratz handia | Polifenolak eta flabonoideak hostoetan | Antimutageniko, antioxidatzaile eta antiinflamatorioak |
Ruscus aculeatus[39] | Erratza | Errizoma eta sustraiak kontsumitzen dira | Odolaren zirkulazioa hobetzeko balio du |
Sambucus ebulus[40] | Andura | Antozianina, fitoesterol flabonoideak eta fenolak landare osoan zehar | Antioxidatzaile, analgesiko eta depresioaren aurkakoak |
Santolina[41] | Astakamamila | Lorea flabonoideetan aberatsa da | Antiinflamatorio, analgesiko eta estimulatzailea |
Sambucus nigra[42] | Intsusa beltza | Loreak eta fruituak baliatzen dira | Hotzeria eta gripea tratatzeko |
Salix atrocinerea[43] | Sahats iluna | Flabonoide, terpeno eta esterolak dauzka | Minbizia eta HIESAren kontrakoa. Baina, antifungiko eta antioxidatzailea da |
Sempervivum tectorum[44] | Betilorea | Hostoak infusioan hartzen dira eta konposatu fenolikoak dauzka | Efektu antibiotikoa dauka |
Tamus communis[45] | Apomahatsa | Zurtoinean esterolak eta konposatu fenolikoak dauzka | Antiinflamatorio, analgesiko eta antibirikoa da |
Taraxacum officinale[46] | Txikoria belarra | Karotenoide, flabonoide, esterol eta azido fenolikoak sustrai, hosto eta loreetan | Antioxidatzaile, antifungiko eta minbiziaren aurkakoa |
Thymus vulgaris | Ezkaia | Terpenoideak eta konposatu fenolikoa hostoetan | Antiseptikoa eta antifungikoa |
Tilia cordata[47] | Ezki hostotxikia | Loreak polenoletan aberatsak dira | Efektu antioxidatzailea |
Triticum aestivum[48] | Garia | Aleak erabiltzen dira | Antioxidatzailea, antidiabetikoa eta minbiziaren aurkakoa |
Ulex europaea [49][50] | Ote zuria | Alkaloide, konposatu fenolikoak eta flabonoideak dauzkate sustraiek | Efektu antioxidatzailea |
Umbilicus rupestris[51] | Txantxapota | Hostoak konposatu fenolikoak dauzka | Antiinflamatorio eta antioxidatzailea |
Urtica dioica[52][53] | Asuna | Lignanoak, esterolak, flabonoideak, alkaloideak eta terpenoideak dauzka kimu eta hostoetan | Antifungiko, antibiriko eta analgesikoa |
Verbascum thapsus[54][55] | Apo-bedarra | Zurtoin, hosto eta loreek konposatu fenolikoak dauzkate | Azaleko gaixotasunak, tumoreen formazioa eta infekzioak sendatzeko |
Verbena officinalis[56] | Berbena | Flabonoideak, konposatu fenolikoak, terpenoideak eta esterolak hostoetan | Depresioaren eta minbiziaren aurka eta antiinflamatorioa |
Viscum album[57] | Mihura | Flabonoide eta alkaloideak fruitu eta hostoetan | Presio arteriala, mareoak eta artritisa tratzeko |
Vitis vinifera | Mahatsondoa | Konposatu fenolikoak eta flabonoideak fruituan | Obesitatearen aurka, antiinflamatorio eta antioxidatzailea |
Zea mays | Artoa | Hostoak eta zurtoina polifenoletan aberatsak dira | Analgesiko eta antiinflamatorioa |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.