Batan
Euskal Herriko ibaia From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Batan[1] Gasteizko (Araba) erreka bat da, Zadorra ibaiak ezkerretik duen adar nagusietako bat.
Remove ads
Izena
Ibaiek hainbat izen izatea ohikoa zen antzina, ibilguaren zati bakoitzean izen bat jartzen baitzitzaion:
- Abendañu: erreka Abendañu (gaztelaniaz, Abendaño) herritik igarotzen zenez, izena hartu zion herriari.[2] Gaur egun, Gasteizko auzoa da Abendañu, eta alde horretan oraindik auzoaren izenarekin da ezaguna erreka.[3][4]
- Batan: errekaren ertzean, uraren indarra baliatuz oihalak trinkotzeko mailuak zerabiltzaten makinak jarri zituzten, orain erreka Gasteizko hirigunean sartzen den tokian. Makina horien izena, gaztelaniaz, batán da, eta toki horrek El Batán izena hartu zuen; horregatik eman zioten errekari ere Batan izena, XIX. mendean.[2] Gaur egun, hain zuzen ere, Batan da errekaren izenik erabiliena, eta Euskaltzaindiak euskara baturako onartu duena.[1]
- Berroztegieta: erreka Berroztegieta herritik igarotzen denez, Berroztegieta izena ere badu zati horretan.[5]
- Txirrio: txirrio hitzak, euskaraz, «txorrota, ur emari txikia» esan nahi du, eta Arabako gaztelanian «errekasto» esanahiarekin gorde zen. Gasteizen, bertako industriak zikindutako erreka horri mespretxuz Txirrio zeritzon,[2] bai eta hiriko beste hainbat errekari ere.[6] XX. mendean ere, gasteiztarrek gaztelaniaz «¡Vete al Txirrio!» esan ohi zuten, «zoaz pikutara!» esanahiarekin.
Remove ads
Ibilbidea

Gasteizko mendietan sortzen da, Zaldiaran mendian zehazki, eta iparralderantz jotzen du; Eskibel eta Berroztegieta herriguneen ekialdetik eta Lasarte (Gasteiz) herrigunearen iparraldetik igarota, Gasteizko hirigunea zeharkatu (estalita, Frai Frantzisko pasealekutik behera) eta, Lakua zeharkatu ondoren, Ibaiondon, Zadorrara isurtzen da.
Egoera ekologikoa
Gasteizko hiriguneraino, ur garbiko erreka da Batan. Gasteizko hirigunean egiten duen tartean, ordea, lurperatuta eta egoera ekologiko kaskarrean dago. Izan ere, orain, lurpetik doan tarte horretan, ur zikinak isurtzen zaizkio Batani, nahiz eta urak Zadorrara isuri aurretik araztu egiten zaizkion. Gasteizko Eraztun Berdearen proiektuaren barruan, Udalaren asmoa da tarte horretan ere erreka azaleratzea eta ekologiaren aldetik oneratzea.[7] Lan horiekin, gainera, erreka artifizialki lurpera sartzen den tokian —Gasteizko hirigunearen hegoaldean— sarri izaten diren uholdeak eta ur zikinen azaleratzeak saihestuko dira.[8][9]
Gasteiz mendietatik Gasteizko hirigunerainoko tartean ere, erreka bazterreko jatorrizko landareditik zuhaitz ale bakan batzuek baizik ez dute iraun. Gasteizko Udalak ibar basoak berriz ezartzeko hainbat proiektu egin du. Landaredi hori ere lagungarria litzateke uholdeak saihesteko, ibar basoek ibaien emaria erregulatzen baitute, euriteetan ura gordez eta lehorteetan ura askatuz. Gainera, Gasteizko Eraztun Berdea osatzeko balioko lukete, eraztunaren bi etengune nagusietako bat baita Gasteizko hegoaldeko ingurune hori, aspaldiko urteotan.[10]
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads

