euskara zaindu, aztertu eta zabaltzea helburu duen erakunde araugilea From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskaltzaindia euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea helburu duen hizkuntza akademia ofiziala da, 1919an sortua. Gehienez, 32 euskaltzain osoz osatzen da (2007 arte, 24 euskaltzain oso ziren)[1] eta Euskaltzain oso horiez gainera, baditu —kopuru mugarik gabe— hainbat euskaltzain urgazle eta euskaltzain ohorezko ere. Euskaltzaindiaren goiburua Ekin eta jarrai da.
Euskaltzaindia | |
---|---|
Ekin eta jarrai | |
Datuak | |
Izen ofiziala | Euskaltzaindia, Real Academia de la Lengua Vasca eta Académie de la langue basque |
Mota | hizkuntz arauemailea eta datu-basea |
Herrialdea | Espainia eta Frantzia |
Jarduera | |
Kidetza | Euskal Editoreen Elkartea |
Agintea | |
Lehendakaria | Andres Urrutia |
Egoitza nagusi | |
Delegazioak |
|
Historia | |
Sorrera | 1918 |
webgune ofiziala |
Euskaltzaindia, zuzenbidez, Hego Euskal Herriko lau aldundiek sortu zuten, Eusko Ikaskuntzarekin batera. Egoitza Bilboko Zazpikaleetako Plaza Barrian du, eta ordezkaritzak ditu Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan. Euskaltzaindiaren finantzaketa iturri nagusia diru laguntzak dira eta, egun, lau erakunde publiko hauek ditu finantzatzaile nagusi: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Euskaltzaindiaren berariazko helburuak Arautegi akademikoan azaldurik eta mugaturik daude (1920). Hasierako Arautegi hura behin eta berriz eguneratua izan da, eta osatua ere bai, Barne Erregelen bidez; izan ere, garaian garaiko hizkuntzazko edo kulturazko aldakuntzek halaxe eskatu dute une bakoitzean (1954, 1972, 1976, 2005, 2009, 2011).
Hala ere, Euskaltzaindiaren azken xedeez ziharduten arautegi-artikuluek berretsi baizik ez dituzte egin hastapenean esandakoak, premiazko zehaztapen berriak gehituz (ikus, adibidez, 1976ko 1. artikulua). Horregatik, gogoratzekoa da Euskaltzaindiaren lehenengo Arautegian Erakundearen xedeak nola marraztu ziren (nahiz eta orduko hizkera aski aldatua dugun gaur):
Horrela, bada, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpusaz arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere. Hortaz, handik hona bi sail ditu Euskaltzaindiak bere jardueraren baitan: Iker eta Jagon.
Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarrean, lau lurralde historikoetako (Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoa) aldundien babesean sortu zuten, Oñatin, 1919an. Sortze-ekitaldian orduko Espainiako erregeak, Alfontso XIII.ak honako hau esan zuen:
« | Sagaratu zaitezke ikasketa eta sustatu ahal den guztian Herriaren aurrerapen eta garapenerako, zeuon hizkuntza landu, milaka urteko euskara beneragarria, gizateriaren altxorraren bitxi preziatua, zeuon gurasoengandik jaso duzuena eta zeuon semeei osorik oinordetzan utzi behar diezuena. | » |
Irailaren 5ean izendatu ziren lehen lau euskaltzainak: Resurreccion Maria Azkue, Luis Eleizalde, Julio Urkixo eta Arturo Kanpion. 1919ko urte horretan bertan, hamabi euskaltzain izendatzeko araudia onartu zen, eta honako kideak izendatu: Txomin Agirre, Piarres Broussain, Jean-Blaise Adema, Erramun Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande. Resurreccion Maria Azkue izan zen lehenengo euskaltzainburua, eta hamabi izan ziren lehen euskaltzain osoak.
Erakundearen helburuak era honetan agertzen dira lehenengo Arautegian: "1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. 2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik".
Denboraren poderioz, kopuru hori handitu egin da eta, egun, 24 dira euskaltzain osoak. Euskaltzain osoez gain, urgazleak 150 inguru dira. Ohorezko euskaltzainak: J. Alliers, J. Bilbao, J. Caro Baroja, Basarri, J. Etxaide, J. Garate, N. Holmer, J.M. Jimeno, B. Larrakoetxea, G. Lopez de Gereñu, A. Martinet, S. Onaindia, R. de Rijk, H. W. Terence, P. de Irizar eta Y. Zytsar. Euskaltzain osoen kopurua finkoa da, baina ohorezkoena eta urgazleena beharren araberakoa da. Euskaltzain osoek hitza eta botoa dute, baina gainerakoek hitza bakarrik.
Euskaltzaindia, hasieran, bi ataletan banatu zen: ikerketa-atala, euskararen hizkuntza arazoak bideratzeko, eta ariketa lana burutuko zuen atala, hau da, gizarteko arlo guztietara euskararen erabilera bultzatuko zuena. Hasierako urteetan, batzarrak gazteleraz egiten ziren, eta euskara batuarena izan zen erakundeak konpondu behar izan zuen arazoetako bat.
Halaber, garai hartan, neologismoak nabarmen ugaldu ziren eta, berauek arautu eta onartu beharra zegoenez, Euskaltzaindiak lan horri ere ekin zion. Elerti lehiaketak antolatu zituen, euskara ikastegietan irakats zedin saiatu zen, euskara neurtzeko azterketak gertatu eta burutu zituen, baita bertsolari txapelketak antolatu ere. Euskaltzaindiaren erabakiak argitaratzeko Euskera aldizkaria sortu zen.
Espainiako Gerra Zibilak eta Mundu Gerrak eragin handia izan zuten, euskaltzainak bi bandoetan bereizirik eta sakabanaturik gelditu baitziren. 1941eko apirilean Resurreccion Maria Azkuek adierazi zion Agustin Zarrantzi Euskaltzaindia berriro abian jarriko zela, hilaren amaieran egindako batzar batean, Bizkaiko Diputazio frankistaren baimenarekin. 1947ko azaroan Federiko Krutwig euskaltzain oso izendatu zuten, historiako gazteena, 26 urterekin. 1949ko irailean sinatutako gutun batean aurkeztu zuen Krutwigek Euskaltzaindia berritzeko proposamena.[3] Ondorioz, 1949ko azaroan gerra zibilaren ostean lehen aldiz izan zen Ipar Euskal Herriko ordezkaririk Euskaltzaindiaren batzar batean.
Julio Urkixo 1950eko urrian hil ondoren, Krutwigek hala proposatuta, akademiaren batzarrak euskaraz egiten hasi ziren. 1951ko azaroan Azkue hil zen, lehen euskaltzainburua. 1952ko maiatzean Luis Villasante euskaltzain osoaren sarrera hitzaldiari emandako erantzunean, Krutwigek gogor kritikatu zuen Eliza Katolikoa, euskara baztertzeagatik bere jardunean. Adierazpen horien ondorioz, erbesteratu egin behar izan zuen. 1952ko azaroan Ignazio Maria Etxaide izendatu zuten euskaltzainburu. 1954ko abuztuan Euskaltzaindiaren araudiaren berriztapena onartu zen eta urte bereko abenduan Euskera agerkaria argitaratzeko baimena berreskuratzen du Euskaltzaindiak.[4]
Euskararen problematikaren inguruan biltzarrak antolatu zituen, eta lehena Arantzazun egin zen, 1956an. Oihartzun berezia izan zuen Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun burututakoa. Bertan, euskara batua sortzeko bideari ekin zioten eta hizkuntza idatziari buruzko arauak eta erabakiak hartu zituzten: idazkera, joskera, jokabidea, aditza eta hiztegia. Euskaltzaindiak bigarren aldi horri ekin zionetik lan joria egin du, literatur lehiaketak, gramatika lehen urratsak eman (EGLU), hiztegigintzako erabakiak, idazkera landu, euskal alfabetatze eta euskalduntzean lehen urratsak eman, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), eta abar.
1979an, Espainiako trantsizioaren garaian, 1970ko hamarkadako azken urteetan, udal hautatu berrietan izenak ofizialki euskaraz jartzeko aukera ireki zen, eta arautu gabeko alorra zenez, presazko eta premiazko lan bat beharrezkoa zela erabaki zuen Euskaltzaindiak, Koldo Mitxelena onomastika batzordeburuak bultzatuta. Ondorioz, Euskal Herriko udalen izendegia argitaratu zuen, zeinean asmatutako izenak ez ziren gutxi. Hango erabakiak zuzentzen eta fintzen joan ziren ondoren, akademiak erabaki baitzuen 1998an herri-izenak arau bihurtu behar zirela, gomendio edo izendegi bateko elementu soilak baino gehiago[5]..
Azken urteotako lan nagusiak lau izan dira: Orotariko Euskal Hiztegia, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Euskal Gramatika eta Hiztegi Batua.
Milurtekoa aldatzearekin batera, UPNren Nafarroako Gobernuak ordu arteko diru laguntzak ukatu zizkion Euskaltzaindiari, akademiak Nafarroa Euskal Herriaren barruan agertzen duelako.[6] 2015ean, gobernu berriaren etorreraz, ordea, harremanak hobetu egin ziren. 2019ko otsailaren 23an, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian, Nafarroako Gobernuak berritu egin zuen hamarkada luzez nafar agintariek Euskaltzaindiarekin izandako lankidetza, erakunde horren mendeurren ospakizunen testuinguruan.[7]
2013ko irailaren 23an, Europako Parlamentuaren Europar Hiritarra 2013 saria jaso zuen. Sari horren bitartez, urtero saritzen dira europar balioen alde borroka egin, estatu kideen eta herritarren arteko integrazioa edo lankidetza bultzatu eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean azaltzen diren balioak aldarrikatzen dituzten pertsonak eta erakundeak.[8] 2013ko abenduaren 3an, berriz, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko hamabost kideek dimisioa eman zuten, Euskaltzaindiko zuzendaritzak baztertu zituelakoan.[9][oh 1] 2019ko martxoaren 6an, Pedro Sanchezek, kargua uzten zuen Espainiako gobernuburuak, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza bisitatu zuen, eta erakundearen ohorezko liburuan sinatu, herrialde horretako gobernuburu batek inoiz hori egindako lehendabiziko aldia.[10]
2012ko urriaren 18an, Bilbon, Akademiaren egoitzan egin zen bilkura berezian, euskaltzainek hurrengo lau urterako Zuzendaritza berria aukeratu zuten, lagun hauek osatuta:[11]. 2016ko urriaren 28an, Zuzendaritza berretsi zuten.
Zuzendaritza taldea[12] | |||||
Euskaltzainburua | Euskaltzainburuordea | Idazkaria | Diruzaina | Iker sailburua | Jagon sailburua |
Andres Urrutia | Xarles Videgain | Xabier Kintana | Sagrario Aleman | Adolfo Arejita | Jean-Baptiste Coyos |
Lurralde ordezkariak[13] | |||||
Araba | Gipuzkoa | Nafarroa | Iparraldea | ||
Roberto Gonzalez de Viñaspre | Miriam Urkia | Andres Iñigo | Xarles Videgain |
Kudeatzailea[14] | Idazkariordea[14] |
Joseba Zabaleta | Erramun Osa |
1919-1951 | 1952-1962 | 1963-1966 | 1967-1970 | 1970-1988 | 1989-2004 | 2005-gaur egun |
Resurreccion Maria Azkue | Inazio Maria Etxaide | Jose Maria Lojendio | Manuel Lekuona | Luis Villasante | Jean Haritxelhar | Andres Urrutia |
Euskaltzainak Euskaltzaindiko kideak dira, hau da, euskararen akademiako kideak. Eginkizunen arabera, hiru mailatan sailkatuta daude:
Euskaltzain osoak Euskal Akademiako kide izatearen eskubide guztiak dituzten euskaltzainak dira, hau da, Euskaltzaindiko zuzendaritzako kide izan daitezke, eta boto eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretan. Euskaltzain osoek, sortzez edo jatorriz, euskal lurralde guztietakoak izan behar dute, horrela euskalki guztiek Euskaltzaindian ordezkaria izan dezaten.[15] 2019an, 29 dira eta, gehienez, 32 izan daitezke. Euskaltzain osoak 75 urtera iristen direnean, euskaltzain emeritu bihurtzen dira automatikoki. Emerituen kopurua ezin da euskaltzainen heren bat baino gehiago izan.
Euskaltzain urgazleak dira euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak bere lanean lagun diezaion izendatutako pertsonak. Eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretara joateko eta haietan hitz egiteko, baina botorik gabe; orobat, ez dute Euskaltzandiko zuzendaritzako kide izaterik. Izan ere, euskaltzain osoek bakarrik dituzte bi eskubide horiek.
Euskaltzain ohorezkoak dira euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak ezagutza ematearren izendatutako pertsonak. Eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretara joateko eta haietan hitz egiteko, baina botorik gabe; orobat, ez dute Euskaltzandiko zuzendaritzako kide izaterik. Izan ere, euskaltzain osoek bakarrik dituzte bi eskubide horiek.[17][18]
Egun, Euskaltzaindiak ondorengo zerbitzuak eskaintzen ditu (koadroan arduradunak adierazita).[20]:
Azkue Biblioteka eta Artxiboa | Onomastika | Argitalpenak | Komunikazioa eta Irudia | Informatika eta Telekomunikazioa | Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokia |
Prudentzio Gartzia | Mikel Gorrotxategi | Jon Artza | Iñaki Mendizabal | Iñaki Kareaga | Andoni Sagarna |
Azkue Liburutegiko eta Artxiboa Bilboko Plaza Barrian daude. Bere helburua euskal kulturako gaien ikerkuntzan eta hedapenean dihardutenei laguntzea da.[21] 1997. urteaz geroztik Pruden Gartzia da zuzendaria.[5] Bere funtsen katalogoa oso zehatza da eta paperean zein digitalki kontsultatu daiteke. Dauzkan liburuen artean aipagarrienak hauek dira: Auspoa liburu-bilduma. Antonio Zavalak sortu zuena; Principe de Viana aldizkaria; Anaitasuna aldizkariko ale guztiak (1953-1982); Luis Villasantek idatzitakoak; Nafarkaria astekaria, Euskaldunon egunkariaren gehigarria (1991-2002); Herri literatura jardunaldietako antologia; Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak liburuaren inguruan eratutako datu-basea[22]; eta Azkue sariketako liburu sarituak (1975-1990).
1919an Euskera aldizkaria argitaratzen hasi ziren, eta zenbait etenaldi izan zituen, halabeharrez. 2009ko urrian Erlea aldizkaria argitaratzen hasi zen, Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean.[23]
2015eko abenduaren 18an eta 2016ko martxoaren 16an, Euskaltzaindiko langileek lanuzteak egin zituzten, lan hitzarmenaren alde.[24][25] 2016ko urriaren 27an, Euskaltzaindiko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek hitzarmen propio baterako oinarriak ezartzen dituen aurreakordioa sinatu zuten. Horrenbestez, bertan behera geratu zen urriaren 28rako deitutako greba deialdia.[26]
Euskaltzaindiari elitista izatea kritikatu zaio. Halaber, bertako kideak dinosauroak direla eta gerontokrazia osatzen dutela adierazi izan da kultura esparru batzuen aldetik, horren autoritatea aitortuta ere, "lan-metodologian eta dinamismoan" lukeen eredugarritasuna zalantzan jarriz.[27][28] Era berean, hizkuntzaren gaurkotasunari buruzko kritikak sortu dira Euskaltzaindiak hartutako hainbat erabaki direla eta.[29] Akademiak badu guzti horren berri, eta agerikoa da XXI. mendeko premietara egokitzeko azken urteetan egin duen ahalegina[erreferentzia behar]: esaterako, 2016an paperean eta Interneten argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia; 2016tik, sare sozialetan tarte nabarmena dauka Akademiak; Jagonet zerbitzua azkartu da... Eta Mendeurrenerako (2018-2019) beste horrenbeste berrikuntza ezarri nahi dira.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.