Kristobal Kolon
italiar nabigatzailea eta kartografoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Kristobal Kolon[1][2] (Genova, Genovako Errepublika, 1451 - Valladolid, Gaztelako Koroa, 1506ko maiatzaren 20a) nabigatzailea eta kartografoa izan zen, Gaztelako Koroaren zerbitzura. 1492ko urriaren 12an Amerika aurkitu zuen europarrentzat. Kolonbiako Errepublikak izena haren omenez hartu zuen.
- Artikulu hau Kristobal Kolon esploratzaile eta itsastarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kolon (argipena)».
Lau bidaia egin zituen Indietara —Amerikaren hasierako izena—, eta, nahiz eta badagoen ez zela kontinenteko lehen esploratzaile europarra izan esaten duena, lur berrien —Mundu Berria deituak— aurkitzailetzat hartzen da lehena izan zelako Ozeano Atlantikoan zeharkatuz joan-etorriko ibilbide bat egin eta berria ezagutarazi zuena. Lehen espedizioa 1492ko abuztuaren 3an abiatu zen Palos de la Fronteratik (Huelva), eta urte horretako urriaren 12an iritsi zen Guanahanira (gaur, Bahama uharteetan). Gertaera horrek mundu mailako Europako zibilizazioaren hedapena bultzatu zuen, baita kontinentearen konkista eta kolonizazioa ere. Ez dakigu ziur zenbateraino jabetzen zen Amerika lur-masa erabat bereizia zela, sekula ez baitzion uko egin Ekialde Urrunera iritsia zela sinesteari.
Kolonia-gobernadore gisa, bere garaikideek basakeria leporatu zioten Koloni, eta laster kendu zuten kargutik. Hispaniolan agintean egon zen denboran, tainoak[3][4] –sarraskitu eta garai hartako zentsuetan zenbatzeari utzi baina oraindik ondorengoak dituen herria– kolonoen artean banatzen zena zerga baten xede izan ziren[5][6], eta esklabo gisa saldu zituzten[7][8]. Historialari batzuek ukatu egin dituzte beste batzuek haren kontra egindako genozidio akusazioak[9][10]. Kolonek Gaztelako Koroarekin eta Amerikan izendatutako administratzaile kolonialekin zituen harreman tirabiratsuek ekarri zuten 1500ean atxilotu eta Hispaniolatik kanporatzea, eta ondoren auzi luze batera, non berak eta bere oinordekoek galdegiten zuten koroak zor zien etekinek.
Bere antroponimoa mundu mailako ikono bat da, izen ezberdinak inspiratu zituena, hala nola Kolonbia herrialdea[11] eta Ipar Amerikako bi eskualde: Columbia Britainiarra, Kanadan, eta Columbia barrutia, Estatu Batuetan.
Remove ads
Jatorria
Helduaroaren zatirik handiena Espainian eta Portugalen eman bazuen ere, Genoako Errepublikan jaio zela da Kristobal Kolonen jaioterriari buruzko adituen arteko adostasuna[Oh 1][12][13], 1451ko urriaren 31n ziurrenik[14]. Bere jatorriari buruzko beste teoriak, gehienetan, aditu nagusiek baztertu izan dituzte[13], baina Gaztelaren agindupean aritu zen nabigatzailea izan zen. Gizon polemikoa eta misteriotsua, autodidakta eta behatzaile handia izan zen; berak, 1492ko urriaren 12an, europarrentzat Amerika aurkitu zuen.
Gehien aipatutako tesiek diotenez, Cristoforo Colombo 1451n jaio zen Savonan, Genovako Errepublikan; nahiz eta berriki egindako ikerketa baten arabera, 1446an jaio[15]. Bere gurasoak Domenico Colombo —ehule maisua eta gero merkataria— eta Susanna Fontanarossa izan ziren. Senar-emazteen bost seme-alabetatik bik, Kristoforok eta Bartolomeok, laster izan zuten marinel izateko bokazioa. Hirugarrena, Giacomo izan zen, ehule lanbidea ikasi zuena. Gainerako biei dagokienez, Giovanni gazterik hil zen, eta emakume bakarrak ez zuen arrastorik utzi[16]. Badira tesi hori defendatzen duten akta notarial eta judizialak, hala nola semearen testamentua, non bere aitaren genovar jatorria baieztatzen duen[17]. Gainera, Kolonek berak genovarra dela adierazten du «mayorazkoaren fundazioa» izeneko agirian, non esaten baitu «della salí y en ella nací [Genovan]»[18][19][20], baina hainbat autore eta ikerlarik diote deklarazio hori Gaztelako Koroarekin bere ondorengoek mantendu zituzten auzi kolondarrengatik interesatua izan zitekeela[21], eta horregatik faltsutzat edo apokrifotzat jo zuten; hala ere, beste ikertzaile batzuek, XX. mendearen hasieran, Simancaseko artxiboan aurkitu zuten deklarazio horren egiazkotasuna erakusten zuen dokumentazioa, haien arabera. Idatzi hori 1925ean aurkitu zen, eta behar ziren sinadura eta zigilu guztiak zituen, 1501eko irailaren 28an emandako dokumentuaren sinesgarritasuna berretsi zuen batzorde berezi batek baliozkotu zituenak[22][23]. Bada, halaber, Ingalaterran Errege Katolikoen enbaxadore izan zen Pedro de Ayalaren gutun bat, non esaten duen Joan Caboto, Atlantikoa Ingalaterrarako esploratzea proposatzen zuen veneziarra, «Kolon bezalako beste genovar bat» zela[24][25]. Gainera, Genovako udal-agintariek, 1931 eta 1932 artean, beren jatorri genovarra baieztatzen zuten akta fidagarriak erakutsi zituzten[22][26].
Kristobal Kolonen nafar jatorriari buruzko teoria
Jose Mari Ertzilla medikuak proposaturiko teoria batek Kristobal Kolonen jatorria Ainhize-Monjolose udalerrian kokatzen du, zehazkiago Monjolose herrian[27].
Haren tesiaren arabera, puntu erabakigarri bat Kolonek da HLA-B27 antigenoa izatea, agoten gene bereizgarri bat[28]. Horrela, Kolonek Reiter sindromea izatea antigeno horrekin lotuta zegoen, antza. Gainera, Granadako Unibertsitateko analisi forentse eta genetikoek frogatu zuten Diego Kolon anaiak espondilitis ankilosatzailea zuela, hau da, kako-formako esku bat[29]. Horren ondorioz, kolondarrak Baztango eta Erronkaribarreko agoten Okzitaniako eskualde beretik etorriak ziren, agian. Agotak Okzitaniako Donejakue bideetatik zihoazen etorkinak ziren, eta denak Monjolosetik oso gertu dagoen Izuran elkartzen ziren.[30]
Bere teoria babesteko, Ertzillak XV. mendean Garazin bizi ziren Kolon batzuk erakusten ditu. Era berean, Kolonek bere jatorria ezkutatzeko erabili zituen bi arrazoietako bat garai hartako Monjoloseko biztanle gehienak agot izatea zela dio.[31] Horregatik, Monjolosekoa zela esatea, albitar, heretiko eta agot salatzearen parekoa zen.
Kolon Monjolosen jaio izanaren teoriaren aldeko beste argudio bat da Bartolome Kolonen, Kristobal Kolonen beste anaietako baten, sinadura. Bartolome Kolonek Henrike VII.a Ingalaterrakoa erregearen aurrean, bere mapamundi proiektu bat aurkeztu zuen, latinez pro auctore sive pictore, Ianua cui patria est, nomen cui Bartholomeus Columbus de Terra Rubra (euskaraz itzulita: pintoreak sinatzen du; bere aberria Ianua da; bere izena Bartolome Kolon da, Lur Gorrikoa) sinatuz[32]. Ertzillak dioenez, Terra Rubra (Lur Gorria) lekuri buruzko aipamena, Baigorriko Bizkonderriari buruzkoa da (ikus Baigorriko etimologia): Monjolose zegokion 1447an. Halaber, adierazi du Ianua toponimoa ez dela Genovarekin lotzen uzten duena, baina bai Donibane Garazirekin, modu erromantzatuan euskal toponimoa izango bailitzateke, Unanua (Unanu gaztelaniaz) kasuarekin gertatzen den moduan.
Ertzillaren teoriaren hurrengo interesgunea Kolonen armarria da. Errege-erregina Katolikoek bat eman zioten arren, Kolonek berea erabiltzen segitu zuen. Iturri askoren arabera, Kolon familia oso apala zen, «armarririk gabea». Hala ere, Kolonek bat erabili behar izan zuenez, horretarako, gertu zegoen Iholdi herrikoa aukeratu zuen. Ertzillaren arabera, Monjolose bere herriarena ez izatea Nafarroako Erresumaren armarri bera delako da. Monjolose Nafarroako erregeek sortutako Erdi Aroko bastida bat zenez, hartu zen armarria Nafarroakoa izan zen, Donapaleuko kasuan hartu zen moduan[33][34].
Kolonek hitz egindako hizkuntzei dagokienez, Ertzillak dioenez, ama hizkuntza, ziurrenik, gaskoia zuen, Nafarroako Erresumako bastida frankoen berezko hizkuntza (Monjolose, San Zernin edo Bastida kasuak)[35]. Horrela, gaskoiaren eta gaztelaniaren arteko nahasketa bat hitz egiten bide zuen, segur aski, Donibane Garaziko gaztelaniak eraginda, herri horretan hizkuntza komuna baitzen. Euskararekin lotura izan zezakeela ere adierazi zuen, hitz egiten ez bazuen ulertzen zuela esanez, Kristobal Kolonek Amerikan euskal toponimoak zituzten ehun leku baino gehiago izendatu baitzituen. Gainera, erregistratuta dago makala edo berrikera hitzak erabiltzen zituela[36].
Remove ads
Bizitza
Jatorriari buruzko zalantza asko badago ere, Genovan jaio zela onartu ohi da; hala ere, Kolonen jatorriari buruz, bada hainbat iritzi: Kataluniakoa zela, frantsesa eta abar. Agota eta baxenafarra zela esaten dutenak ere badaude[37]. Bestalde, haren jaioteguna 1451ko abuztuaren 26tik urriaren 31ra bitartean dagoela esaten da. Ehule batzuen semea zela ere esan zen; badirudi aita Domingo Colombo zela, eta ama, berriz, Susana Fontanarrosa.
Txikitan hasi zitzaion nabigatzeko gogo bizia, eta, horregatik, oso gazte aritu zen itsasmutil lanetan. Aita eta bere lagunekin ikasi zuen. Matematika eta geografia oso gustuko zituen, eta, Pisako Unibertsitateko antzinako biografia liburuek diotenez, gai horiek bereziki landu zituen. Azkenean, irakasleen laguntzaz, bidaiatzeko bere grina martxan jarri ahal izan zuen.
Asko izan ziren haren eginiko bidaiak. Apunteak eta idatzizko notak egiten iaioa zen, eta, horrela, berak eginiko hainbat bidaia kontatzen ditu, Egeo itsasotik, Erresuma Batua eta Islandiaraino. Etxetik kanpo egoten zen maiz, eta, zegoen leku horietan, arlote edo erotzat jotzen zuten askotan.
1480an, Filipa Monizekin ezkondu zen Portugalen. Jatorri nobleko dama zen, eta Kolon bera ere hala bide zen. Ezkondu eta bi urte geroago, haien lehen semea jaio zen: Diego Kolon.
Geografian interes handia zuenez, garai hartako mapa guztiak irakurri zituen. Indiara iristeko irrikaz zegoen, paraje haietan aberastasun handia zegoelakoan. Emaztea hil zitzaionean, Gaztelara joan zen, Diego semearekin batera.
Eliza haren teoriaren alde jarri zen, eta, 1486an, Errege-erregina Katolikoekin elkarrizketatu zen Madrilen, baina gorteko jakintsu talde batek proiektu guztiak baztertu zizkion.
1488an, Beatriz Enríquez de Arana ezagutu zuen, eta harekin izan zuen bere bigarren semea: Fernando. Juan Perez fraidearekin batera, errege-erreginen laguntzaren bila jo zuen berriro: horrek espedizioaren zorrak ordaintzen lagundu zioten. Hil arte, Beatriz bikotekide izan zuen, baina ez ziren sekula ezkondu. Hori bai, hil zenean, ondarea hari utzi zion. Kontuan izan behar da Kolon Indietako gobernadore izan zela, eta, Santa Feko Kapitulazioen arabera, bidaietan lortutako onuren % 10 Kolonentzat zela. Kristobalen lehen semeak bere ama balitz moduan tratatu zuen, eta harekin izandako semea, Fernando Kolon (1488-1539), laugarren bidaian Kolonekin bidaiatzeaz gain, aitaren gertuko biografoa izan zen.
Urriaren 12an, San Salvador ("Guanahani" deitu zioten) uhartera iritsi zen lehenengo aldiz. Rodrigo de Triana ontzi mutilaren garrasiak ospe handia lortu du: ¡Tierra a la vista! (Lurra agerian!). Ordudanik, Kolonek beste hainbat bidaia egin zituen, baina horietako batek ere ez zuen horrenbeste arrakasta lortu, berak jakin gabe, Mundu Berria aurkitu baitzuen.
Triste eta gaixo, egin zuenaren garrantziaz ohartu gabe, 1506ko maiatzaren 20an hil zen Valladoliden. 1544an, haren errautsak Santo Domingora eraman zituzten, eta, 1796tik aurrera, Habanako katedralean egon ziren.
Remove ads
Kolonen asmoa: Asiako hego-ekialdera iristea

Kolonen iritziz, ekialdeko lurretara, Indietara edo Zipangora (Japonia), Europatik mendebalderantz bidaiatuz irits zitekeen. Portugaldarrak, berriz, urrutiko leku horietara Afrika inguratuz iritsi nahian zebiltzan.
Ziurrenik, Paolo dal Pozzo Toscanellik, Florentziako matematikari eta medikuak, Portugalgo erregearentzat egindako txostenen berri izan zuen. Marco Poloren bidaietan oinarrituz eginiko mapa batzuk ere baziren, eta bazirudien Europaren eta Asiaren arteko distantzia ez zela hainbestekoa mendebalderantz bidaiatuz. Kolonen liburutegian aurkitutako liburuetan, berak azpimarratutakoa ikus dezakegu: bere ametsetako ekialdea aurkitzen lagunduko zioten ideiak, alegia.
Kolonen ustez, Lurrak 29.000 km-tako zirkunferentzia izango zuen Posidonioren neurketan oinarrituz, eta Kanarien eta Zipangoren (Japonia) artean 2.400 mila nautiko egongo ziren (egiaz, 10.700 ziren!). Bere proiektua aurkezteko, mapa bat marraztu zuen, Toscanellirena osatuta eta uharte asko jarrita.
Dena den, haren aurretik izan zen beste marinel bat Ameriketara abiatzen, errege-erreginen babespean, 1492ko udaberrian: Migel Ibarra zumaiarra. Hala ere, ez zuen bere asmoa bete ahal izan, eta, gerora, haren familia kalte-ordainak eskatzen agertzen da[38].
Finantziazio bila
1483 edo 1484 artean, Joan II.a Portugalgoari aurkeztu zion proiektua, baina horrek atzera bota zuen. Gaztelara joan behar izan zuen, eta, esan bezala, bere semea Diego Kolonekin batera iritsi zen 1485ean.
Palos de la Fronterara (Huelva) joan, eta, La Rabidako monasterioan, Joan Perez eta Antonio de Marchena fraideen lagun egin zen, eta bere planak kontatu zizkien; haren alde egin zuten, eta Hernando de Talaveraren aurreraino lagundu zioten, Elisabet I.a konfesatzen zuen fraidearenganaino, alegia. Badirudi Santa Klara komentuko buru eta Fernando Katolikoaren izeba, Ines Enriquez, ere haren alde jarri zela. Horrela iritsi zen Kolon garai hartan Kordoban zegoen gortera.
Errege kontseiluak atzera bota zuen, baina, 1486an, Elisabet erreginak hartu zuen, eta bere planak kontatzeko aukera izan zuen. Erreginak interes handia jarri zuen, baina, Koroaren diru laguntza bat eman bazion ere, gorteko jakintsuei galdetu zien bideragarritasunaz.
Kontseilua Salamancako Unibertsitatean bildu zen, eta proiektua ezin zela aurrera eraman erabaki zuen. Gainera, Kolonek eskatzen zituen baldintza ekonomiko eta politikoak handiegiak ziren.
Erreginak Kristobali deitu zion, eta erabakiaren berri eman zion, baina ez zuela plana guztiz baztertzen ere esan zion. Zain egon zen epe horretan, Kolon beharrean izan zen, eta mapak eta liburuak saldu zituen bizirauteko. Garai horretan elkartu zen Beatrizekin.
Berriro joan zen Portugalera, baina berriz ere ezer lortu gabe itzuli zen. Medinaceliko dukeak interesa erakutsi zuen, baina erreginak Granadako konkista bukatu bezain pronto lagunduko ziola agindu zion.
1491ko abenduan, Kolon erregeren Granadako Santa Fe izeneko kanpaldira iritsi zen. Beste batzorde batek aztertu zuen proiektua, eta berriro bota zuten atzera. Azkenean, Kolonek bere eskariak apaldu zituen, eta bera ere dirua jartzeko prest agertu zen. Berme handiagoa zen hori, eta, 1492ko apirilaren 17an, Santa Feko Kapitulazioak sinatu zituzten. Haien arabera, Kolonek hau guztia lortu zuen:
- Amiral titulua aurkitutako lur guztietan, bere familian oinordekotzan geratuko zena.
- Erregeorde eta Gobernadore izatea, aurkitutako uharte eta lurretan.
- Lortutako salgaien hamarrena; Koroak, berriz, bostena jaso behar zuen (Erregeren bostena).
- Espedizioaren zortziren batean parte hartzeko aukera, etekinetan proportzio bera jasotzea.
Era horretan izenpetu zituzten kapitulazioak.
Remove ads
Bidaiak

Kolon Palosera iritsi zenean, biztanleek ez zioten harrera onik egin, eta oso fidagaitz agertu ziren. Marinelak errekrutatzeko ere, arazo ugari izan zen, baina La Rabidako fraideek arazoa konpontzea lortu zuten, eta Martin Alonso Pinzonekin harremanetan jarri zuten: bertako nabigatzailea zen, eta haren alde jarri zen. Gainera, ekintzaren kostoa herena berak jarri zuen, milioi erdi marabedi. Handik aurrera errazago izan zen errekrutamendua, eta inguruko familia ospetsuak –Niño de Moguer, Quintero...– erabakigarriak izan ziren horretarako.
Lehen bidaia
Lehen espedizioa 1492ko abuztuaren 3an abiatu zen Palos de la Fronteratik (Huelva). Hiru karabela irten ziren: Santa María, Pinta eta La Niña.
Badirudi Kolonen hipotesia esferaren tamainari buruzko errore batetik sortu zela, egiazki zena baino txikiagotzat jo baitzuen. Edozein eratara, Kolon Ameriketaraino iritsi zen; Europara itzuli zen, eta lau bidaia egin zituen. Jakina da siberiarrak Ameriketara iritsita zeudela Pleistozeno garaian, eta bikingoak ere lortua zutela hori XI. mendean, baina Kolonen bidaien ondoren ezarri ziren Europa eta Amerika arteko lotura egonkorrak. Inka eta azteken Inperioak desegin zituzten, eta hango kultura, galarazi ere bai, idazkera eta ezagutza zientifiko eta artistikoak, erlijioak eta hizkuntzak ezerezean utzirik. Europako hizkuntza eta erlijioek hartu zuten haien ordea.
Kolonen helburua espeziak eta urrea lortzea zen. Espeziak, zeta eta ekialdetik etortzen ziren gainontzeko produktuak, Ekialde Hurbila eta Egipto zeharkatuz iritsi ohi ziren Europara, baina Otomandarren Inperioak oztopoak jarri zizkion bide horri, eta funtsean italiar merkatarien monopolioa izaten bukatu zuen, horiek otomandarren lagun baitziren. Portugalek eta Gaztelak, garai hartako Europako inperio aberatsenek, merkataritza-gai horiek nahi zituzten, artekaririk gabe: Portugal Afrika inguratuz saiatzen ari zenez, Gaztela beste bide berri bat aurkitu beharrean zen.
Amerikarako bidea ireki zenean, elikagai berri ugari etorri zen Europara: artoa, patata, kakaoa, tabakoa, piperra, kalabaza eta abar. Ikerketa batzuek oraingo ekoizpenaren hiru bostenak Ameriketatik inportatutakoak direla diote. Alderantzizko trukea ere izan zen, Kolonek gurpila, burdina, zaldia, txerria, kafea, azukre kanabera edo armak eraman baitzituen.
Lehen bidaian, San Salvador uhartera ("Guanahani" deitu zioten) iritsi zen, bi hilabeteko zeharkaldi baten ondoren, eta Kuba eta Hispaniola ere bisitatu zituen. Handik zazpi hilabetera Espainiara itzuli zen. Azken bidaian, hilabete bat eta 4 egun pasatu behar izan zuen Ameriketara iristeko.
1493ko apirilaren 3an, Fernando Katolikoa Bartzelonan elkarrizketatu zen Kolonekin, haren ustezko Indiarako bidaiaren txostena jasotzeko. Europarrak Kolon hil ondoren ohartu ziren hura ez zela Asia, beste kontinente bat baizik.
Bigarren bidaia
1493ko irailaren 25ean atera zen Kolonen bigarren espedizioa, Cadizko portutik. Berarekin batera, 1.200 edo 1.500 pertsona zihoazen, 17 ontzitan: Santa María edo Marigalante, Gallega, Fraila, Santa Clara edo Niña, Pinta, San Juan, Cardera, Gallarda, Gutierra, Bonial edo Bonuela, Rodriga, Triana, Prieta, Colina, Gorda eta Quintera, gehienak karabelak ziren[39].
Amerikan finkatzea, lur eremuak populatzea eta herri indigenak ebanjelizazioa izan ziren bidaiaren helburuetako batzuk; hori dela eta, itsas-gizonetatik haratago, ofizio desberdinak zituzten pertsonak itsasoratu ziren, emakumeak barne. Bidai horretan, hainbat euskaldun hartu zuten parte, besteak beste Domingo Bermeo, Joan Hernani, Anton Escalante (Marigalante itsasontziaren maisu eta jabea), Frantzisko Garai eta Joan Peritz Errekaldeko[39].
Remove ads
Oharrak
- Aditu gehienek Kolonen jatorri genovarra baieztatu dute
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
