Dolores Delgado
Espainiako fiskala eta politikaria From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Dolores Delgado García (Madril, 1962ko azaroaren 9a) madrildar politikaria, legelaria eta fiskala da, 2020tik 2022ra Estatuko fiskal nagusia. 2023an Salako fiskal lanetan hasi zen, Estatuko Fiskaltza Nagusiko Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren arloan.[1]
Bere ibilbide profesionalaren zati handi bat Ministerio Fiskalean garatu du, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko fiskaltzetan, Drogaren Aurkako Fiskaltza Berezian eta Auzitegi Nazionalean, non 1993 eta 2022 bitartean terrorismo jihadistan aditu gisa lan egin duen. 2022an, Espainiako Auzitegi Goreneko Togadun Fiskaltza Salako fiskal izendatu zuten.[2]
2018ko ekainean, Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak Justizia ministro eta Erresumako ex officio notario nagusi izendatu zuen, eta kargu horretan egon zen 2020ko urtarrilean kargua utzi zuen arte. Horren ostean, Espainiako Gobernuak Estatuko fiskal nagusi izendatu zuen, eta kargu hori bete zuen, berak eskatu eta 2022ko uztailean kargua utzi zuen arte.
Remove ads
Bizitza
Lehen urteak eta prestakuntza
Madrilen jaio zen, 1962an.[3] Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM), eta, gero, master bat egin zuen, Madrilgo Praktika Juridikoko Eskolak eta Unibertsitate Konplutentsean.[4]
Fiskal ibilbidea
1989an oposizioetan fiskal lanpostu bat lortu zuen.[5] «Lola» ezizenez ezaguna, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian (1989-1993), Drogaren Aurkako Fiskaltza Berezian, eta, 1993tik, Auzitegi Nazionalean jardun du fiskal lanetan.[6][7][4][8][9]
Baltasar Garzonen gertukoa, terrorismo jihadistaren aurkako borrokan aditua da.[10][11][12] 2013an, Herve Falciani informatikari frantziar-italiarra Suitzari ematearen aurka agertu zen.[12] Delgadok fiskal gisa parte hartu zuen Adolfo Scilingoren auzian, eta justizia unibertsalaren printzipioaren murrizketen aurka agertu da.[13][14] Fiskalen Batasun Progresistako kidea da eta 2018ko apirilean Kontseilu Fiskaleko bokal bihurtu zen.[11]
Justizia ministro
2018ko ekainaren 1ean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aukeratu zuen, Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa onartu ostean eratu zuen ministro kontseilu berrian parte hartzeko. Felipe VI.ak ekainaren 6ko Errege Dekretu bidez izendatu zuen Justizia karteradun titular izendatzea; Delgadok kargua hartu zuen —horrek ere «Erresumako Notaria Nagusia» ohorezko ex officio titulua zekarren—, ekainaren 7an, Zarzuelan.[15][16][17]
2018ko irailean Senatuan gaitzetsi zuten, Alderdi Popularraren eta Ciudadanosen botoekin, Belgikako auzitegietan Pablo Llarena epailea defendatzeko orduan nahikoa irmoa ez izateagatik.[18]
2018ko urriaren 9an Alderdi Popularrak proposatuta gaitzetsi zuen Diputatuen Kongresuak, Jose Manuel Villarejo komisario erretiratuarekin izandako «adiskidetasun maltzurrarengatik» eta baita Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile izandakoarekin izandako harremanarengatik ere.[19]
2019ko urriaren 24an, jarduneko gobernuko ordezkarietako bat izan zen Francisco Francoren deshobiratzean, Erresumako Notaria Nagusi gisa aritu zen, diktadorearen gorpuzkiak barruan zituen hilkutxa istilu barik atera izanaren fede emanda.[20][21]
2018ko azaroaren 22an, Behe Ganberak berriro gaitzetsi zuen, hori bigarren aldia zela (Senatuaren gaitzespenarekin hirugarrena), Estatuko Abokatutzari eskatu ziolako matxinada delitua baztertzeko kartzelan zeuden buruzagi separatistei.[22]
2020ko urtarrilaren 13an utzi zuen Justizia ministro kargua, eta Juan Carlos Campok ordezkatu zuen.
Estatuko fiskal nagusi
2019ko azaroaren 10eko hauteskunde orokorretako emaitzen ondoriozko itunen ondorioz sortutako gobernu berria osatu ostean, hark Estatuko fiskal nagusi izateko hautagai gisa proposatu zuen ministro kargua utzi zuen egun berean.[23]
2020ko urtarrilaren 16an, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aldeko hamabi botorekin eta kontrako zazpirekin babestu zuen fiskal nagusi izendatzea. Bere izendapenaren aurkako argudio nagusietako bat, eta ezezkoa eman ziotenen gehiengoak sostengatu zuena, hauxe izan zen, ez zegoela jarraipenik Gobernuko kide gisa zuen postuaren eta fiskal nagusi izendatzearen artean, eta horrek Ministerio Fiskalaren independentzia falta sumatzea eragin ziezaiekeela herritarrei.[24][24]
Fiskal nagusi izateko hautagaia Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen aurrean agertu zen 2020ko otsailaren 20an, behe ganberak bere egokitasuna balora zezan, aurreko ministro karguak oso zalantzan jarri baitzuen. Agerraldian, Delgadok esan zuen bere profila «aberastu» zuen faktore bat izan zela Gobernutik igaro izana.[25]
Felipe VI.a Espainiako erregearen aurrean zin egin zuen kargua, otsailaren 26an.[26]
2020ko maiatzean, Alderdi Popularrak helegitea jarri zion fiskal nagusi izendatzeari, «objektibotasun eta inpartzialtasun falta erabatekoa» zegoela iritzita, Gobernuko ministro izan zen aurreko karguarengatik.[27] 2021eko urrian Auzitegi Gorenak atzera bota zuen helegitea.[28]
2022ko uztailaren 19an jakinarazi zen fiskal nagusiak karguari uko egiteko asmoa zuela osasun arrazoiengatik, bizkarrean ebakuntza egin ostean.[29][30] Kargugabetzea uztailaren 20an egin zen ofizial, eta María Ángeles Sánchez Conde teniente fiskalak (fiskalordeak) hartu zuen kargua, behin-behinean, hurrengo fiskal nagusia izendatu arte.[31]
Fiskal
Fiskaltza Nagusia utzi ostean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren plazara itzuli zen 2022ko uztailaren 26an.[32] Urte horretako irailean Salako fiskal mailara igo zen, Karrera Fiskaleko kategoria gorenera.[33][33] Hurrengo hilabetearen hasieran gauzatu zen, eta Auzitegi Goreneko Togadun Fiskaltza Salako fiskal izendatu zuten.[34]
2023ko ekainaren 8an fiskal nagusiak Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salako lehen fiskal izendatu zuen.[35]
Dolores Delgadoren igoera baliogabetu zuen Auzitegi Gorenak
Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak aho batez baliogabetu zuen, 2023ko azaroaren 21ean, Dolores Delgado Salako fiskal izendatzea. Auzitegi Gorenak partzialki onartu zuen Luis Rueda fiskalaren helegitea, eta hark Delgado Arlo Militarreko Salako fiskal izendatzeko errege-dekretua inpugnatu zuen. Gorenak botere desbideraketa ikusi zuen izendapenean, eta jardunak atzera egitea agindu zuen.[36] Hilabete batzuk geroago, 2024ko maiatzaren 7an, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak berriro baliogabetu zuen, gehiengoz, Delgadoren izendapena —ordukoan, Memoria Demokratikoaren Salako fiskal gisa—. Auzitegi Gorenak aintzat hartu zituen 2023ko ekainaren 13ko Errege Dekretuaren aurka aurkeztutako hiru errekurtsoak; errege-dekretu horren bidez, Dolores Delgado Fiskaltzaren Salako fiskal izendatua izan zen Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren arloan.[37][38]
Remove ads
Bizitza pribatua
1986an ezkondu zen Jordi Vallsekin, eta bi seme-alaba izan dituzte.[39][5]
Sariak eta kondekorazioak
- Karlos III.aren Errege Ordenaren Gurutze Handia (2021)
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
