Juri Gagarin

From Wikipedia, the free encyclopedia

Juri Gagarin
Remove ads

Juri Alekseievitx Gagarin[1] (errusieraz: Ю́рий Алексе́евич Гага́рин, /ˈjʉrʲɪj ɐlʲɪˈksʲejɪvʲɪtɕ ɡɐˈɡarʲɪn/ ahoskatua; Klushino, Gzhatsk-etik gertu, 1934ko martxoaren 9a - Novosyolovo, 1968ko martxoaren 27a) Sobietar Batasuneko kosmonauta izan zen. 1961eko apirilaren 12an, Gagarin espaziora bidaiatu zuen lehen gizakia izan zen, Vostok 1 espazio-ontziaren barnean Lurraren orbita bat osatu zuenean. Gagarinek nazioarteko ospe handia lortu zuen, eta domina eta titulu asko jaso, Sobietar Batasuneko Heroia barne, bere nazioko ohorerik handiena[2].

Datu azkarrak SESBeko Sobiet Goreneko kide, Bizitza ...

Gagarin Kluxino herrian jaio zen, Gzhatsketik gertu (gero bere izenarekin, Gagarin, berrizendatua). Gaztetan, altzairu-galdategi batean lan egin zuen, Liúbertsi hirian. Ondoren, Sobietar Aire Armadan pilotu sartu zen, eta Luostariko aire basera bidali zuten, Norvegiako mugatik gertu, Sobietar Batasuneko programa espazialerako hautatua izan aurretik, kosmonauta izateko beste bost hautagairekin batera. Espazio-hegaldi aitzindariaren ondoren, Gagarin Kosmonauten Entrenamendu Zentroko entrenamendu-zuzendari ondoko bihurtu zen; geroago, erakunde hori ere, haren ohoretan berrizendatua izan zen. Gainera, lehen, Batasuneko Sobieteko diputatu hautatu zuten 1962an, eta, ondoren, Nazionalitateen Sobietekoa, hurrenez hurren, Sobietar Batasuneko Sobiet Goreneko behe eta goi ganberak, Sobietar Batasuneko organo legegile gorena.

Vostok 1 espazio-ontziko orbita izan zen bere hegaldi bakarra, baina Soiuz 1 misiorako erreserbako tripulatzaile izendatu zuten. Misio hori istripu hilgarri batekin amaitu zen, non Vladimir Komarov haren lagun kosmonauta hil baitzen. Heroi bihurtuta eta bere bizitzarekin kezkatura, sobietar agintariek espazio hegaldi gehiago egiteko betirako debekua ezarri zioten. Hala ere, berriro hegazkinak pilotatzeko baimena eman zitzaion 1968ko otsailaren 17an Zhukovski Aire Indarraren Ingeniaritza Akademian entrenamendu ikastaro bat burutu ondoren. Azkenean, bost aste geroago, Gagarin hil zen bere hegazkin instruktorearekin gidatzen zuen MiG-15 entrenamendu ehiza egazkinak lurra jo zuenean Kirzhach herritik gertu[2].

Remove ads

Haurtzaroa eta gaztaroa

Kluxino herrixkan jaio zen[3], Gzhatsk-etik hurbil (haren omenez, 1968an, hiriari Gagarin izena eman zioten)[4]. Aleksei Ivanovitx Gagarin eta Anna Timofeievna Gagarina gurasoek landetxe kooperatiba batean egiten zuten lan[5]. Ama liburuzale handia zen, eta esne-etxalde batez arduratzen zen; aita, berriz, zurgin aparta zen. Juri lau senideren artean, hirugarrena zen[6]. Anaia nagusia, Valentin, hamar urte zaharragoa zen, eta, Juri jaio zenean, jada gurasoak laguntzen zituen. Arreba nagusiak, 1927an jaioa, Juri eta anaia gazteena, Boris, zaindu zituen gurasoak lanean ari ziren bitartean[7][8].

Bigarren Mundu Gerran, naziek haien herrixka hartu zutenean, familiaren etxea ofizial nazi batentzako etxebizitza izan zen. Gagarindarrek bederatzi metro koadro inguruko buztinezko etxola bat egin zuten, eta urte bat eta bederatzi hilabete eman zituzten han, naziek alde egin arte[9]. 1943an, Valentin eta Zoja anaia-arreba nagusiak Poloniara erbesteratu zituzten nazientzako eskulanak egiteko, eta guda amaitutakoan itzuli ziren[10][11]. 1946ean, familia Gzhatsk hirira joan zen bizitzera; han, Jurik bigarren mailako hezkuntza ikasten segitu zuen[9].

Thumb
Gagarin, Saratoveko hegaldi-taldeko kadete (ca. 1954).

1950ean, hamasei urte zituelarik, Gagarin galdategi bateko ikasle-mutil gisa hasi zen Liúbertsiko altzairutegi batean, Moskutik gertu[10][11], ata, aldi berean, langile gazteentzako arratsaldeko eskola batean matrikulatu zen[12]. Hurrengo urtean, ikasketak emaitza apartekin bukatu zituen[12]. Gero, Saratov hiriko Industria Eskola Teknikora joan zen ikastera; bertan, traktoreei buruzko ikasketak egin zituen[10][11][13]. Saskibaloia gustatzen zitzaion, eta eskolako entrenatzaile eta epaile izan zen. Metalgintzan aritu zen 1954 arte. Urte horretan, Saratoveko aeroklubean eman zuen izena boluntario gisa, asteburuetan, eta dirua irabazten zuen Volga ibaiko kaian[9]. Aeroklubean, hegazkin biplanoak pilotatzeko ikasketak zuen, eta, ondoren, Jak-18ak[11][13], eta badirudi urte haietan errugbia asko gustatzen zitzaiola; horregatik, gerora, Gagarin Akademian kirol hori praktikatzeko ohitura ezarri zen.

Jelena alabak esan zuen Juriren hegazkinen zaletasuna Bigarren Mundu Gerran hasi zitzaiola. Horri buruz, badago istorio bat: dirudienez, hegazkin sobietar bat bere herri inguruan bota zuten, eta Juri eta haren lagun bat pilotuaren bila joan, eta nazien atzaparretatik ezkutatu zuten, pilotuaren lagun bat, beste hegazkin batean, haren bila joan zen arte.

Remove ads

Sobietar Aire Indarra

1955ean, Txkálovski Aire Armadako Pilotuen Lehen Goi Eskolan onartua izan zen, Orenburgeko hegazkintza-eskola bat[14]; hor, Jak-18 pilotatzeko, dagoeneko ezaguna zitzaion hegazkina, prestakuntza hartu zuen eta, 1956ko otsailean, MiG-15eko entrenamenduan graduatu zen[14].​ Gagarinek bi lurreratze gorabeheratsu izan zituen instrukzioko bi plazako hegazkinarekin eta, horren ondorioz, pilotuen entrenamendutik kaleratua izateko arriskuan egon zen. Hala ere, erregimentuko komandanteak beste aukera bat eman zion lurreratzeetan, eta bere hegaldi-instruktoreak kuxin bat jarri zion eserlekuan, kabinatik hobeto ikus zezan, eta, hala, ondo lurreratzea lortu zuen. Entrenamendu-aireontziko ebaluazioa amaitu ondoren[15], 1957an hasi zen bakarrik hegan egiten[10].

1957ko azaroaren 5erako, 166 ordu eta 47 minutuko hegaldia egina zuen, eta Sobietar Aire Armadako teniente izendatu zuten. Hegaldi-eskolan, hurrengo egunean graduatu zen, eta Luostariko Aire Basera bidali zuten, Norvegiako mugatik gertu, Múrmansk-eko oblastean, Iparraldeko Flotarekin bi urteko aldia egiteko[16]. 1959ko uztailaren 7an, 3. mailako pilotu militar izendatu zuten[17]. 1959ko urriaren 6an Луна 3 (Luna 3, "Ilargia 3") espazio-zunda jaurti ondoren, espazio-esplorazioan interesatu zen, eta Babushkin teniente koronelak Sobietar Batasuneko Espazio Programarako Gagarinen gomendioa babestu, eta igorri zuen[16][18]. Ordurako, bazituen 265 orduko hegaldi denbora pilatuta[16].​ 1959ko azaroaren 6an, lehen teniente mailara igo zuten[17], eta, hiru aste geroago, mediku-batzorde batek elkarrizketatu zuen espazio programarako sailkatzeko[16].

Eskolan zebilela, Moskuko Plaza Gorrira joan zen Langileen Eguna ospatzera. Han, Valentina Goriacheva ezagutu zuen, Orenburgeko Medikuntza eskolan ikasitako erizaina; Gagarinek hegalak lortu ostean ezkondu ziren, 1957an.

Remove ads

Sobietar espazio programa

Aukeraketa eta entrenamendua

Sakontzeko, irakurri: «Vostok»

Vostok Programarako Gagarinen hautaketa Sobietar Armadako Zerbitzu Medikoko Konstantin Fiodorovitx Borodin jeneral nagusiak zuzendutako Hegaldiko Batzorde Mediko Zentralak gainbegiratu zuen. Moskuko Abiazioko Ikerketa Zientifiko Zentraleko Ospitalean proba fisiko eta psikologikoak egin zizkioten. Osasun batzorde horren buru A.S. Usanov koronela zen, eta haren kide ziren Jevgeni Anatoliievitx Karpov koronela, geroago Entrenamendu Zentroko zuzendaria; Vladimir Ivanovitx Jazdovski koronela; Nikolevitx Santxuvski komandante mediko nagusia, eta Babyevitx jeneral nagusia[19].​ Batzordeak 25 eta 30 urte bitarteko pilotuak bakarrik aukeratu zituen. Sergei Koroliov programako ingeniari nagusiak zehaztu zuenez, hautagaiek 72 kg baino gutxiago pisatu behar zuten, eta ez zuten 1,70 metro baino luzeago izan behar Vostok espazio-ontziaren leku mugatuan sartzeko[20][21]; Gagarin 1,57 metro luze zen[22].

Aireko Indarreko unitateek aurrez hautatutako 154 pilotuetatik, mediku militarrek 29 hautagai aukeratu zituzten kosmonauta izateko, eta, horietatik, 20 onartu zituen Sobietar Batasuneko Gobernuaren Kredentzialen Batzordeak. Lehen hamabiek, Gagarin barne, 1960ko martxoaren 7an hartu zuten onarpena; horiei, beste zortzi gehitu zitzaizkien ekainera arte emandako ondorengo zenbait agindutan[19].​ Gagarin 1960ko martxoaren 15ean hasi zen entrenatzen Moskuko erdiguneko Jodinka aerodromoan ariketa fisiko indartsu eta errepikakorrak eskatzen zituen entrenamendu erregimen baten pean; Aleksei Leonov-ek Olinpiar Jokoetarako prestaketaren antzeko zerbait bezala deskribatu zituen entrenamendu haiek[23]. 1960ko apirilean, Saratov oblastean, paraxutarekin jauziak egiten hasi ziren, eta bakoitzak 40-50 jauzi egin zituen, bai altuera txikian, bai handian, lehorrean zein uretan[24].

Gagarinek bere kideen faborea zuen, izan ere, eurez gain hegan egiten lehenengoetarikoa izatea gustatuko litzaiekeen hautagai baten alde anonimoki bozkatzeko eskatu zitzaienean, hiruk izan ezik beste guztiek Gagarin aukeratu zuten[25].​ Hautagai horietako batek, Jevgeni Jrunovek, uste zuen Gagarin oso kontzentratuta zegoela eta, behar zenean, bere buruari eta ingurukoei asko exijitzen ziela[26].​ 1960ko maiatzaren 30ean, entrenamendu azkarreko talde baterako hautatu zuten, «Abangoardiako seiak» edo «Sochiko seiak» izenez ezaguna[27]; talde horretatik, Vostok programako lehen kosmonautak aukeratuko zituzten. Taldeko beste kideak Anatoli Kartaxov, Andrian Nikolaiev, Pavel Popoluvitx, German Titov eta Valentin Varlamov izan ziren. Hala ere, Kartaxov eta Varlamov zaurituta gertatu, eta Jrunov eta Grigori Neliubovek ordezkatu zituzten[28].

Programarako aukeratutako hainbat hautagaik, Gagarinek barne, goi mailako hezkuntza titulurik ez zutenez, izena eman zuten gutun bidezko ikastaro programa batean Zhukovski Aire Indarraren Ingeniaritza Akademian. Jurik 1960ko irailean eman zuen izena programan, eta, 1968ko hasierara arte, ez zuen lortu bere espezialista diploma[29][30]. Erresistentzia fisiko eta psikologikoa frogatzeko diseinaturiko esperimentuak ere egin zizkioten, adibidez, hipoxia-probetan (oxigeno falta) kosmonautak isolatze-ganbera batean sartu zituzten airea poliki-poliki ponpatuz edo g indar zentrifugoa esperimentatuz[28][31]. Proba psikologikoetan, hautagaiak erabat isolatuta zeuden ganbera anekoiko batean sartu zituzten; Gagarin uztailaren 26tik abuztuaren 5era egon zen bertan[32][24].​​ 1960ko abuztuan, Sobietar Aire Armadako mediku batek honela ebaluatu zuen bere nortasuna:

« Apala; lotsatu egiten da bere umorea garratzegia denean; Juriren garapen intelektual handia ikusten da; oroimen oso ona, bere lankideengandik bereizten da inguruarekiko arretazko zentzu zorrotz eta zabalagatik; ongi garatutako irudimen; erreakzio azkarrak, iraunkorrak, zehatz-mehatz prestatzen da bere jarduera eta entrenamendu-ariketetarako, zeruko mekanika eta matematikako formulak aise menderatzen ditu, matematika aurreratuetan nabarmenduz gainera; zuzena iruditzen bazaio, ez du bere burua mugatzen bere ikuspuntua defendatu behar duenean. Badirudi bere lagun askok baino hobeto ulertzen duela bizitza[25]. »
Thumb
Gagarinen Vostok 3KA kapsula espaziala Koroliov-eko RKK Energia museoan, Moskutik gertu.

«Abangoardiako seiek» 1961eko urtarrilean jaso zuten pilotu-kosmonauta titulua, eta Nikolai Kamanin teniente jeneralak, Vostok programaren gainbegiraleak, zuzendutako sail arteko batzorde berezi batek egindako bi eguneko azterketa batean parte hartu zuten[28]. Batzordeak Vostok lehen giza misiorako prestaketaren arabera sailkatu zituen hautagaiak. Urtarrilaren 17an, M. M. Gromov Hegaldien Ikerketa Institutuko simulagailu batean proba egin zieten Vostok kapsularen tamaina errealeko erreplika baten barruan. Gagarinek, Nikolaievek, Popovitxek eta Titovek kalifikazio onak jaso zituzten probako lehen egunean, non egitekoaren faseak deskribatzeko eta, ondoren, batzordearen galderei erantzuteko eskatu baitzitzaien[26].​ Bigarren egunean, idatzizko azterketa egin zieten eta, horren ostean, batzorde bereziak Gagarin jo zuen hautagai onentzat. Gagarin eta maila goragoko hurrengo bi kosmonautak, Titov eta Neliobov, Tyuratam-era bidali zituzten azken prestaketarako[26].​ Apirilaren 7an, Gagarin eta Titov aukeratu zituzten dagoeneko hegaldirako prestatuta zegoen espazio-ontzian entrenatzeko. Asif Siddiqi historialariak hauxe idatzi zuen azken hautespenari buruz:

« Azkenean, apirilaren 8an Estatu Batzordeak egindako bileran, Kamanin zutik jarri, eta, formalki, Gagarin izendatu zuen pilotu nagusitzat eta Titov ordezkotzat. Eztabaida handirik gabe, batzordeak proposamena onartu, eta azken orduko beste auzi logistiko batzuetara pasa zen. Aireratu aurretik Gagarinek osasun arazoak izanez gero, Titovek bere lekua hartuko zuela eta Neliobov ordezko izatera pasako zela onartu zen[33]. »

Vostok-1

Sakontzeko, irakurri: «Vostok-1»
Remove ads

Lehen mundu-bira espaziotik

Lurrari, itzuli osoa egin zion espaziotik ia bi ordutan. Pojekhali! ("Abia gaitezen!") esanez abiatu zen Kaspiar Itsasotik, gutxi gorabehera, mila kilometro inguru ekialdera, eguerdian (6:07 UTC, Ordu Unibertsal Koordinatuaren arabera). Siberia osoa zeharkatu zuen, eta ordu laurdenean heldu zen Kamtxatka penintsularaino. Ozeano Barean sartzerakoan, berehala aurkitu zuen gaua (6:37 UTC); ilunpean ozeano osoa ordu betean zeharkatu eta Magallaes itsasartetik pasa ondoren, egunsentia ikusi zuen (7:10 UTC). Atlantikoa beste ordu laurden batean zeharkatu, eta Angolaren kosta aldetik pasatzerakoan, abiadura moteltzeko atzeko koheteak piztu zituen. Atmosferan berriro sartzerakoan espero gabeko biraketa gogorrak gertatu ondoren, balaztatze-lana eginda lortu zuen atzeko koheteen moduluak askatzea Egipto gainean (7:35 UTC). Mediterraneo eta Kaspiar itsasoetatik pasa ondoren, Gagarinek ontzia utzi zuen eserlekutik jaurtikita (7:55 UTC) 7.000 metroko altueran. Jausgailua zabalduta, hamar minutuan lurrera heldu zen arazorik gabe (8:05 UTC). Teorian, ia abiatze-toki berera itzuli behar zen, baina, planetak ekialdera bira egiten duenez, mendebalderago lurreratu zen 40.000 km egin eta gero, Kaspiar Itsasotik ekialdera ez iparraldera baizik. Nekazari baten etxe alboan lurreratu zen: Sobietarra naiz. Telefonoz deitu behar dut Moskura, esan zien estralurtar baten iritsiera ikusi zuten lehenengoei[34].

Thumb
Vostok 1 espazio-ontzia
Thumb
Orbitaren ibilbidea. 6:07 Launch: jaurtiketa; 6:37 Sunset: gautzea; 7:10 Sunrise: egunsentia; 7:25 Retrofire: atzeko koheteak piztea; 7:35 RV SEP: atmosferara itzultzeko, gailutik banatzea; 8:05 Landing: lurreratzea


Vostok 1 misioa izan zen Gagarinen espazio-hegalaldi bakarra, baina Sojuz 1 misiorako ordezko taldean ere egon zen gero. Misioa istripu larrian amaitu zen, eta haren lagun eta kide Vladimir Komarov kosmonauta hil zen.

Gagarinen bizitzaz beldur zirela eta, sobietar funtzionarioek betiko debekatu zioten beste espazio-hegaldirik egitea. Zhukovskiko Aire Indarraren Ingeniaritza Akademian beharrezko entrenamendua amaitu ondoren, 1968ko otsailaren 17an, hegazkin arrunt bat pilotatzen utzi zioten. Bost aste geroago hil zen MiG-15 entrenamendu-hegazkinean zebilela Vladimir Seriogin hegaldi-irakaslearen gidaritzapean. Kirzhatx hiritik gertu erori ziren.

Remove ads

Espazio-bidaiaren ostean

Heroi nazionala bihurtu zen. Mundu osoko aldizkariek haren argazkia eta biografia atera zuten, eta pertsonaia famatuena bilakatu zen. 1961eko apirilaren 14ean, Moskuko kaleetan hamalau kilometroko ibilbidea egin zuen, ofizialekin batera, Kremlineraino. Han, hitzaldi labur baten ostean, Nikita Khrustxovek Sobietar Batasunaren Heroiaren domina eman zion. Halaber, Sobietar Batasuneko beste hiri batzuetan jende pila bildu zen.

1961eko apirilaren 15ean, Moskun, eta Sobietar Zientzia Akademiaren ofizialekin batera, prentsaren galderak erantzun zituen. Vostok 1 misioa eta hiru hilabete ondoren, Britainia Handira joan zen, Londres eta Manchesterrera. Manchesterren euri jasa ikaragarria egin zuen, baina euritakorik gabe joan zen kotxean, jende guztia ikusteko. Lehenengo lau hilabeteetan, beste herrialde hauetan ere izan zen: Brasil, Bulgaria, Kanada, Kuba, Txekoslovakia, Finlandia, Hungaria eta Islandia.

Remove ads

Bizitza pribatua

Thumb
Gagarin eta bere emaztea Valentina Gagárina 1964an, Moskun kontzertu batean.

Gagarini izugarri gustatzen zitzaion kirola: izotz-hockeyan jokatzen zuen atezain gisa; saskibaloi zalea zen, eta kirol horretako arbitro izateaz gain, taldeko entrenatzaile izan zen Saratoveko Industria Eskola Teknikoan.

1957an, hegazkin eskolan kadete zela, Moskuko Plaza Gorrian Valentina Goriátxeva[35], Orenburgeko Medikuntza Eskolan graduatutako medikuntza-teknikari bat[11][13][36], ezagutu zuen Maiatzaren Lehenaren ospakizunetan;​ urte hartako azaroaren 7an ezkondu zen[11], Gagarin bere hegaldi-eskolan graduatu zen egun berean. Bi alaba izan zituzten[37][38]: Elena Jurievna Gagarina, 1959an jaioa[38], artearen historialaria eta Moskuko Kremlineko museoen zuzendari nagusi gisa lan egin du 2001etik[39][40],​​ eta Galina Jurievna Gagarina, 1961ean jaioa[38], Moskuko Errusiako Plejanov Ekonomia Unibertsitatean ekonomia irakasle eta departamentu burua[39][41]. 1961eko irailean, Gagarin ospetsu bihurtu ondoren, bere emazteak aurkitu zuen Itsaso Beltzeko turismo zentro batean nabigazio istripu baten ondoren zaindu zuen erizain batekin harremanak izaten ari zela. Gagarin leiho batetik ihes egiten saiatu zen, eta bigarren solairuko balkoi batetik salto egin zuen, baina aurpegian min hartu zuen, eta ezkerreko bekainean orbain iraunkor bat geratu zitzaion[10][13].

Iturri batzuen arabera, Gagarinek bere hegaldian esan omen zuen: «Ez dut Jainkoa ikusten hemen goian», nahiz eta hitz horiek ez diren agertzen espazio hegaldian Lurreko estazioekin izandako elkarrizketen erregistro literalean[2][42]. 2006ko elkarrizketa batean, Valentin Petrov koronelak, kosmonautaren lagunak, adierazi zuen hark ez zituela inoiz hitz horiek esan eta aipua sortu zela Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren osoko bilkuran, estatuaren erlijioaren aurkako kanpainari buruzkoa Nikita Krustxovek esan zuenean Gagarinek espaziora hegan egin zuela baina han ez zuela Jainkorik ikusi[43][2]. Petrovek aipatu zuen, halaber, pilotua umetan Errusiako Eliza ortodoxoan bataiatu zutela; 2011n, berriz, Foma aldizkariko artikulu batean, Izarren Hiriko Eliza ortodoxoko errektorearen hitz batzuk aipatu ziren: «Gagarinek bere alaba nagusia, Elena, espazio-hegaldia baino lehentxeago bataiatu zuen; bere familiak Gabonak eta Pazkoak ospatu ohi zituen, eta etxean ikonoak zituzten»[44][2].

Heriotzaren inguruabarrak

Heriotzaren inguruabarrak sekretuak izan ziren lehen unetik. Hiru ikerketa egin ziren: bata, KGB inteligentzia agentziak egina; bestea, Gobernuko Ofizialen Batzordeak; eta, azkena, Aireko Indarrak. Jamie Doranek eta Piers Bizonyk –haren biografia idatzi zuten– esan zuten KGBk beste bi ikerketen kontra jo zuela. Liburuaren izenburua honako hau da: Izarretako gizona: egia Juri Gagarin kondairaren atzean.

KGBren txostena 2003ko martxoan desklasifikatu zen. Txostenean, argi geratzen da eguraldia txarrera aldatu zela, eta, gainera, fuel deposituak hegazkinera itsatsita utzi zituzten, eta bi gauzak eragina izan zutela dio hark. Hala ere, lau urte geroago, beste ikerketa bat egiteko asmoa izan zen, baina Kremlinek ez zuen ikerketa berria baimendu.

2011ko apirilean, beste dokumentu batzuk desklasifikatu ziren: haietan esaten da maniobra kritiko bat egin zutela.

Remove ads

Monumentuak, muralak eta estatuak

Haren omenezko monumentuak errusiar hiriotan daude: Orenburg, Txeboksary, Irkutsk, Izhevsk, Komsomolsk-na-Amure eta Joxkar Ola. Orobat, Errusiatik kanpoko hiriotan daude: Duzkivska (Ukraina), Nikosia (Zipre), Karagandy (Kazakhstan) eta Tiraspol (Moldavia). 1980ko ekainaren 4an, Moskun, haren omenezko estatua paratu zuten Gagarin enparantzan: 38 metro luze da, eta titanioz eginda dago. Atzealdean, itzultzeko erabili zuen moduluaren erreplika dago.

2011n, estatua bat jarri zuten Admiralty archen, Londresen. Estatua James Cook kapitainaren aurrean zegoen, baina, 2013an, Greenwich-era mugitu zuten.

2008ko apirilean, Belgraden estatua bat jarri zioten. Lan horrek polemika ikaragarria sortu zuen artistak haren burua oso txikia egin zuelako, eta Goran Vesic-ek esan zuen, ez hiriak, ez Serbiako Kultura Ministerioak, ez eta lana ordaindu zuen fundazioak ere, ez zekitela diseinuaren neurriak aurretik.

2019ko abuztuan, Jorit artista italiarrak haren aurpegia margotu zuen Odintsovo-ko distrituan, Errusian. Haren omenezko munduko mural handiena da.

Remove ads

50. urteurrena

2011n, munduak haren bidaia omendu zuen. Lehenengo orbita filma egin zen, eta Nazioarteko Espazio Estaziotik bidali zuten. Filma egiteko, bidaiaren ibilbidea eta soinu grabaketak erabili ziren. Han ziren 27. espedizioko errusiar, italiar eta estatubatuar eskifaiek, Gagarinen irudiko elastikoak jantzirik, bideo bat grabatu zuten. Grabaketan, Juriren zorion gaua ospatzeko mezua bidali zioten munduari.

Errusiako Banku Zentralak urrezko eta zilarrezko txanponak egin zituen urteurrenaren omenez, eta Soiuz TMA-21 espazio-ontzia Gagarin izendatu zuten 2011ko apirilean, 50 urte egiten zituenean.

Ukrainak zigilu bat atera zuen haren aurpegia eta Lurra erakusten.

Remove ads

Galeria

Erreferentziak

Bibliografia

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads