Stegosaurus
Stegosaurus generoko dinosauroen izen arrunta. Bizkarrean plaka dermiko handiz osatutako gangar-moduko egitura eta isatsean bi edo lau ezten-pare zituzten. Belarjaleak ziren eta Jurasikoan bizi izan ziren From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Stegosaurus edo estegosauroa ("narrasti teilatuduna", grezieraz) Ornithischia dinosauroen barneko genero bat izan zen. Jurasikoan bizi zen (156 eta 144 milioi urte inguru), gaur egungo Ipar Amerikan eta Europan. 2006an Portugalen ale bat aurkitu zen[1].
Lau hankako belarjalea zen. Bizkarra oso okertua zuen eta bertan kokaturik zituen plaka handien bi lerroengatik errazen identifikatzen den dinosauriotako bat da. Aurreko hankak oso motzak ziren eta horri esker burua lurretik gertu eramaten zuen. Isatsa zurruna zen, arantza luzeak zituena, eta airean eramaten zuen.
Remove ads
Aurkikuntzen historia
Aurreneko fosilak eta izendapena
Lehen fosilak Othniel Charles Marshek identifikatu zituen 1877an, Hezurren Gerraren garaian. Fosilak Morrison (Colorado) herriaren iparraldean aurkitu zituen eta Stegosaurus armatus izena eman zien[2]. Plaka handi horiek ikusita, dortoka itxurako animalia bat zela pentsatu zuen eta "narrasti teilatuduna" izena ezarri zion generoari. Hurrengo urteetan, ale gehiago aurkitu ziren eta Marshek berak hainbat argitalpen egin zituen 1877 eta 1897 artean[3].
Espezie berriak

1878an Edward Drinker Copek antzeko animalia baten fosil zatiak aurkitu zituen eta Hypsirhophus discurus izena eman zion, baina gaur egun Stegosaurusen sinonimo kontsideratzen dute ikerlari gehienek.
Hurrengo urteetan, Stegosaurus espezie berriak aurkitu zituen Marshek: Stegosaurus ungulatus (1879), Stegosaurus "affinis" (1881, egun nomen nudum kontsideratzen dena), Stegosaurus stenops (1887), Stegosaurus duplex (1887) eta Stegosaurus sulcatus (1887)[3]. 1901ean, Frederick Lucasek espezie berria aurkitu zuen eta, Marshen omenez, Stegosaurus marshi izendatu zuen, baina Hoplitosaurus generora aldatu zuten urte horretan bertan.
Harez geroztik, makina bat hezurdura aurkitu dira Wyoming, Utah eta Colorado estatuetan (AEB).
Plaken kokapena

Museoetan Stegosaurusen hezurdurak eraikitzen hasi zirenean, eztabaidak sortu ziren plaken kokapenaren inguruan[4], izan ere, aurkitu ziren aztarnetan, plakak hezurduraren inguruan edozein modutan agertzen baitziren.
- Aurreneko interpretazioan Marshek teilatuko teilen antzera kokatu zituen plakak.
- 1891ean plaka lerro bakarra kokatu zuen Marshek, bizkarraren gainaldean luzatzen zena[5].
- 1901ean bertan Charles R. Knightek bi lerrotan kokatu zituen, lerro bakoitzeko plakak parekatuta.
- 1960eko hamarkadan, lerro bietako plakak norantza txandakatuta kokatu ziren[6].
Remove ads
Deskribapena
Gorputza

Hainbat espezie deskribatu dira: handiena Stegosaurus ungulatus zen. Estegosauro helduak 9 metroko luzera[7], 4 metroko garaiera eta 7 tonako pisua zituen[8]. Lau hanka apaxdunek eusten zioten gorputzari. Gorputza aurrerantz estutuz zihoan, buru txikiraino. Beste aldetik, isats zurruna zeukan eta lau arantzaz hornituta zegoen.
Estegosauroaren osagai adierazgarrienak bizkarrean zituen plaka edo xaflak ziren, bi ilaratan antolatuta.
Garezurra
Garezurra luzea eta estua zen, gorputzarekin alderatuta oso txikia. Sudurra eta begiaren artean dagoen fenestra zuloa txikia zen, egungo txorien antzekoa. Burua lurretik gertu zuenez, landaretza baxua jaten zuen, horrela interpretatzen da aurreko hortzen gabezia eta horren ordez zeukan adar itxurako mokoa. Azpiko baraila alboetatik luzatzen zen, haginak estaliz. Gaur egungo dortoken antzeko itxura bide zuen. Haginak txikiak, triangeluarrak eta lauak ziren, landareak ongi xehatzeko[9].
Garezurraren tamaina ikusita, estegosauroaren garuna intxaurra baino pixka bat handiagoa zen, ziur aski: zentzumenak gutxi garatuta zeuzkala iradokitzen du horrek.
Hezurdura
Bizkarrezurrak lepoko 10 orno eta bizkarreko 27 zituen eta ondoren sakroko 4 orno zeuden. Horri isatseko 46 ornoak gehitu behar zaizkio. Hezur muina isatseko 35. ornoraino iristen zen.
Plakak
Stegosaurus espezie guztiek bizkarraldean plakak zituzten. Elkarrekiko banaturik zeuden 17-22 plaka lau ziren[10]. Osteodermo esaten zaie eta gaur egun hainbat krokodilo espezietan ere ikusten dira. Plaka handienak aldakaren inguruan zeuden eta 60 cm zabal eta 60 cm garai ziren[10], espeziearen arabera plaken tamaina eta kokapena aldatu egiten da, ordea. Plakok keratinazko zorro batek estaltzen zituen[11].
Remove ads
Paleobiologia
Postura

Aurreneko fosilak identifikatu zituenean, aurreko hankak txikiak zirela ikusita bi hankako dinosauroa izango zela pentsatu zuen Marshek[12]. 1891ean, aldiz, animaliaren gorputz sendoa aintzat hartuta, lau hankatan ibiltzen zela ondorioztatu zuen[5] eta Stegosaurus ungulatusaren ilustrazio famatua egin zuen. Robert T. Bakkerrek proposatu zuen tarteka isatsa tripode gisa erabili eta tente jar zitekeela, zuhaitzetako hostoak jateko[13] baina Carpenterrek kontrakoa irizten zion[14].
Plakak kopulaziorako oztopo izango zirela ikusi da. Hainbat hipotesi proposatu dira: agian emea alboraka etzaten zela, isatsa altxatzen zuela... Baina hortaz ez da erabaki zehatzik hartu[15].
Aurreko hankak eta atzeko hankak hain tamaina desberdinekoak izanik, pentsatzen da animalia nahiko geldoa izango zela eta gehienez ere 6-7 km/h abiadura finkatu zaio[9]. Aurkitu diren oinatzak aztertu ondoren, adin desberdinetako estegosauroek taldeetan bidaiatzen zuela ikusi da. Lauzpabost kumeren aztarnak norabide berean aurkitu dira. Estegosauro gaztea helduaren oinatzak zapaltzen ditueneko arrastoak ere aurkitu dira[16].
Plaken funtzioa

Bizkarreko plakak defendatzeko zirela proposatu zuen Marshek, horregatik deitu zion Stegosaurus armatus ("armatua") aurkituriko aurreneko fosilari[12]. Davitashviliren ustez ordea ez ziren oso baliagarriak defendatzeko, finak zirelako eta asko kulunkatzen zirelako. Animaliaren alboak gainera babesik gabe uzten zituzten[17]. Horrela beraz aurkaria izutzeko funtzioa beteko zutela uste da, animalia handiagoaren itxura emango bailiokete estegosauroari.
Beste teoria batek adierazten du xaflak tenperatura erregulatzekoak zirela, gaur egungo elefanteen edo erbien belarrien antzera, izan ere plaka hauek oso baskularizatuak zeudela ikusi baita[18]. Airea plaka artean igaroz gorputza hozteko erabiliko zituzketen[19]. Kontrako hipotesiak ere badaude; eguzkiaren energia xurgatzeko erabiltzen zutela proposatu izan da[20].
Dieta
Estegosauroak belarjaleak ziren, dena dela haginak Ornithischia ordeneko gainerako dinosauroengandik desberdinak ziren eta oraindik ez da ongi zehaztu estegosauroen elikadura estrategia[21]. Hortzak ez zeuden elkarri itsatsita eta badirudi goitik beherako mugimendua bakarrik egin zezaketela[22]. Fosiletan ez da gastrolitorik aurkitu, digestioan laguntzeko dinosauroek urdailean sartu izan ohi zituzten harriak, eta ondorioz landare kopuru handiak jan beharko lituzketela proposatu da.
Estegosauroak bizi ziren garaian belarrik ez zegoen oraindik eta goroldioa, iratzeak, azeri buztanak, zikadak, koniferoak eta fruituak jaten zituzten[23].
Remove ads
Sailkapena
Espezieak
Onartuak

Hasiera batean, espezie ugari deskribatu baziren ere, egun hiru espezie ziurtzat hartzen dira, zalantzazko batzuk ere dauden arren[24].
- Stegosaurus ungulatus (Marsh, 1879), Como Bluff (Wyoming) eremuan aurkitu zen eta "apatxduna" esan nahi du[25]. Estegosauroen artean luzeena zen, 9 metrotaraino iristen baitzen. Portugalen aurkituriko alea espezie horretakoa zela uste da. Stegosaurus stenops espezieak baino atzeko hanka luzeagoak zituen eta bizkarreko plakak ere desberdinak ziren, txikiagoak baina punta zorrotzekoak. Baliteke lerro bietako plakak parekaturik egotea.
- Stegosaurus stenops (Marsh, 1887), Cañon City (Colorado) eremuan aurkitu zen eta "aurpegi estua" esan nahi du[26]. Hezurdura guztia aurkitu denez, ongien ezagutzen den estegosauroa da. Horretaz gain, gazte eta helduen 50 hezurdura partzial aurkitu dira. Bizkarreko plakak txandakaturik zituen.
- Stegosaurus sulcatus (Marsh, 1887), "ildaskatua" esan nahi du[26]. Stegosaurus armatus espeziearen sinonimotzat hartu izan da historikoki, baina gaur egun desberdinak direla uste da. Espezie horren isatseko arantzak luzeak eta ildaskatuak ziren.
Zalantzazkoak
- Stegosaurus armatus (Marsh, 1877), aurkitu zen aurreneko estegosauro alea izan zen eta "armatua" esan nahi du[2]. Hezurdura partzialak baino ez dira aurkitu, 30 inguru[22]. Fosil guztiak hain egoera eskasean daudenez, zaila da gainerako espezieekin alderatzea; horregatik, egun nomun dubium ("zalantzazkoa") kontsideratzen da[24]. Generoaren espezie tipo izateko, Stegosaurus stenopsak hartu zuen haren lekua.
- Stegosaurus "affinis" (Marsh, 1881). Pubis-hezur bat baino ez da aurkitu[3].
- Diracodon laticeps (Marsh, 1881). Baraila hezur bat aurkitu da[27].
- Stegosaurus duplex (Marsh, 1887)[24].
Berdefiniturikoak
Hainbat espezie hasiera batean Stegosaurus generokoak kontsideratu baziren ere, gaur egun beste genero batzuetan daude.
- Stegosaurus marshi (Lucas, 1901) Hoplitosaurus generoan sartu zen 1902an[28].
- Stegosaurus priscus (Nopcsa, 1911) Lexovisaurus generoan sartu zen eta gaur egun Loricatosaurus generoko espezie tipoa da[29].
- Stegosaurus longispinus (Charles W. Gilmore, 1914)[3] Alcovasaurus generoko espezie tipoa da[30].
- Stegosaurus madagascariensis (Piveteau,1926). Madagaskarren aurkituriko hortz bat baino ez zen eta gaur egun oraindik ez da inon kokatu.
Taxonomia
Ondorengo kladograma hau Mateusek eraiki zuen 2009an[31]:
Stegosauridae |
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Remove ads
Paleoekologia

Stegosaurus ugari aurkitu diren Morrison Formazioa ingurune nahiko lehorra izango zen, ongi bereizitako sasoi hezea eta lehorra zituena. Uholde lautadak zeuden eta ibaien ertzean konifero zuhaitzak eta iratzeak bide zeuden. Haietaz gain, alga berdeak, onddoak, goroldioak, zikadak, gongkoak eta azeri-buztanak aurkitu dira; animaliei dagokienez, bibalboak, barraskiloak, arrainak, igelak, arrubioak, dortokak, muskerrak, krokodilazeoak...
Estegosauroarekin batera, beste hainbat dinosaurio ere bizi izan ziren, besteak beste, Allosaurus terapodo haragijalea eta Brachiosaurus, Apatosaurus, Diplodocus sauropodoak. Dena dela, estegosauroak horiek baino eremu lehorragoak atsegin zituen[32].
Remove ads
Stegosaurus-a egungo kulturan
Identifikatzeko erraza izanik filma, marrazki bizidun eta komiki askotan agertu ohi da. Halaber, haurrentzako jostailu ugari ere egin dira. Hasierako fosilak egoera kaskarrean zeudenez, itxura desberdin asko eman izan zitzaizkion, baina 1891ean Marshek itxura zehaztu zuenetik, dinosauro marraztuenetakoa da.
Marsh-en ilustrazioa erabili zen King Kong (1933) filmean agertu zen estegosauroa eraikitzeko[33].
Museo askotan ezinbestekoak dira estegosauroaren hezurdura eraikiak. Ezaguna da Londresko Historia Naturalaren Museoko "Sophie" izeneko estegosauroaren hezurdura, geologia atalera sartzeko korridorean[34].
Remove ads
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads