Sutton Hoo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Sutton Hoo Goi Erdi Aroko arkeologia-aztarnategia da, Suffolk konderrian dagoena, Erresuma Batuan. Bertan VI. eta VII. mendeetako hilerri anglo-saxoi bat dago, 1938tik induskatua izan dena. Hilobirik aipagarriena ehorzte ontzi bat da, Basil Brown arkeologo amateurrak aurkitutakoa, oso ostilamendu aberatsa zuena.[1][2]
Aztarnategia garrantzi handikoa izan da East Angliako erresumaren historia ezagutzeko, eta baita garai anglo-saxoiaren hasiera ikertzeko ere, aldi hartako dokumentazio historikorik ez baitago.[3]
Remove ads
Kokapena
Sutton Hoo Ingalaterra ekialdeko itsasaldean dago, Deben ibaiaren estuarioaren eskuineko bazterrean, hareazko tontor batean. Beste aldean, Woodbridgeko kaia dago, Ipar itsasotik 11 kilometrora.
Aztarnategia
18 hilobi daude Sutton Hooko hilerrian. Batzuek higadura jasan dute mendeetan zehar, eta zaila da jakitea zenbat zeuden. Ehorzketak VII. mendekoak dira. Bertan lurperatutakoek ez zuten erregistro idatzirik utzi. Beraz, ezinezkoa da jakitea nor ziren, baina historialariek uste dute Sutton Hoo East Angliako errege leinuaren hilerria zela, Wuffinga dinastiarena.[4]
Tumulu gehienak arpilatuak izan ziren, Tudor Aroan batez ere, eta han zegoen guztia galdu zen. Bi tumuluk iraun zuten osorik, harrapakatuak izan gabe: Ontzi Handiaren hilobia, Erregearen tumulua ere deitua, eta Zaldunaren tumulua.[4]
Remove ads
Indusketak

Basil Brown arkeologo autodidaktak induskatu zuen lehenik aztarnategia, 1939an, Edith Pretty lur-jabearen babespean. Brownek ehorzte ontzi bikain bat aurkitu zuen Ontzi Handiaren hilobian, baina, Bigarren Mundu Gerra zela eta, lanek ez zuten jarraipenik izan.[2][5]
1980ko hamarkadan beste indusketa kanpaina bat egin zen, Martin Carverrek zuzendurik, gainerako hilobiak ikertzeko.[5] 2000ko hamarkadan, beste ehorzketa gune bat aurkitu zuten.
Ontzi Handiaren hilobia
1939an Sutton Hooko tumulurik handiena induskatu zuelarik, Basil Brownek aurkikuntza harrigarria egin zuen: 27,4 metroko luzera zuen itsasontzi erraldoi baten hondakinak. Egurra desagertua zen, barruan lurperatutako giza gorpuzkiekin batera, baina lurrean inprimaturik ageri zen mila urte baino gehiagoko ontzi baten aztarna ikaragarria. Ontziaren erdian, hilobi-ganbera gisa eraikitako egurrezko txabola bat zegoen, barnean arrunt ostilamendu aberatsa zuena.[2]
Hilobi-ganberaren erdian gorpua egon beharko zatekeen, baina ez zen agertu. Arkeologo ustez, deseginen izanen zen lurzoruaren azidotasunaren eraginez. Ondoan hildakoaren altxor pertsonala zegoen. Zorro-estalki handi bat agertu zen, urrezko eta granatezko apaingarriak zituena,[6] eta poltsaren barnean zeudekeen 37 urrezko txanpon, 625 aldekoak. Erregearen gerrikoa lotzen zuen lokarrietako bat ere urrezkoa zen, granate gorrizko inkrustazioekin apaindua.[5]

Kaskoa bilakatu zen Sutton Hooko hilobiaren sinbolo. Lur azidoak jana eta 100 zati baino gehiagotan puskatua atzeman zuten, baina osatzea lortu zen British Museumeko kontserbazio taldearen lanari esker.[5]
Beste objektu anitz aurkitu ziren ganberan, horietako batzuk urrutitik ekarriak: zilarrezko ontziak eta Bizantzion egindako plater handi bat, hau ere zilarrezkoa; ontzi zintzilikari zelta bat; armak (ezpatak, arkuak...); ezkutu handi bat, hilobi-ganberako hormaren kontra pausatua; errege makila izan zitekeenaren eskutokia... Mota askotako ehunen hondakinak ere atzeman ziren.[1][5] Hilobi paganoa bada ere, gauzaki batzuek jatorri kristaua izan zezaketen: "Saulos" eta "Paulos" idazkunak zituzten bi koilara, eta gurutze-formako dekorazioa zeukaten ontziak.[3]
1939ko indusketan gorpuzkirik azaldu ez baitzen, aditu batzuek iradoki zuten Ontzi Handia zenotafioa izan zitekeela, alegia, hilotzik gabeko hilobi-monumentua. Hori zela-eta, 1965-1971 bitartean arkeologoak Sutton Hoora itzuli ziren, zalantza hori argitzen saiatzeko. Hilobi-ganberaren azpiko hondarraren analisi kimikoek fosfato maila handia agertu zuten. Horrek erakutsi zuen bertan gorpu bat deskonposatu zela eta, beraz, hilobia izana zela, eta ez zenotafioa.[3]
Ontzi Handian nor ehortzi zuten jakitea ezinezkoa den arren, teoria nagusia da East Angliako Rædwald erregea izan zela. Izan ere, halako ehorzketa bat agintzeko bezain ahaltsua zela uste da, eta garai hartan zendu zen. Rædwald Wuffing dinastiako kidea izan zen, Woden germaniar jainkoaren ondorengoa izatea aldarrikatzen zuena.[3]
Remove ads
Zaldunaren tumulua

Ontzi Handiaren hilobi ospetsuaz landa, 17. tumulua da arkeologoen eskuetara ukitu gabe iritsi den bakarra. Martin Carverren taldeak induskatu zuen 1991n, eta bi hobi agertu ziren; batean gerlari gazte bat zegoen ehortzirik, eta zaldi bat bestean.[7]
Gazteak hogeita bost urte inguru zituen, eta zurezko zerraldo laukizuzen batean zegoen lurperaturik. Adarrezko eskutokia zuen ezpata luze bat zegoen haren ondoan, burdinazko aizto batekin batera. Ezpata-gerrikoaren belarria brontzezkoa zen, granatezko inkrustazioekin. Sorbaldaren ondoan, larruzko poltsa txiki batean, basalandutako zazpi granate, txori mokoaren forma zuen beste granate bat, eta beira zati bat agertu ziren.[7]
Zerraldoaren azpian bi lantza eta ezkutu bat zeuden, eta albo datean, brontzezko pertz baten barnean, eskutada bat bildots saiheski. Pertzak, ziur asko, beste material galkorren bat edukiko zuen jatorrian, zereal aleak esaterako. Zaldi-uhaleria bikainak atzeman zituzten hobiaren mutur batean, urre koloreko brontzezko apaindurekin edertuak, eta baita zela baten hondakinak. Azkenik, orrazi bat ere agertu zen.[7]
Remove ads
Zineman
2021ean "The Dig" filma egin zuen Simon Stonek, aurkikuntza honen historia kontatzen duena. Ralph Fiennes eta Carey Mulligan izan ziren aktore nagusiak.[8]
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads

