Txakur
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Txakurra, zakurra edo ora[1] (Canis lupus familiaris[2] otsoen azpiespezietzat hartzen denean eta Canis familiaris[3] espezie ezberdin gisa hartzen denean)[4] ugaztun haragijalea da. Caninae taldeko kide[5], eta lur-lehorreko haragijalerik ugariena da[6][7][8][9][10]. Txakurrak eta otsoak (Canis lupus) taxon ahizpak dira; izan ere, txakurrak etxekotu zirenean existitzen ziren otsoak ez dira gaur egungo otsoak bezalakoak[11][12]. Hertsiki, gaur egungo otso zein txakurren arbasoa desagertua dago[13]. Txakurra izan zen etxekotutako lehen animalia[14], eta, milurtekoetan zehar, hautespen artifizial bidez, hainbat ezaugarri izateko aukeratu ditu gizakiak[15].
Gizakien eta txakurren arteko lotura luzeak sakonki aldatu du txakurren portaera gizakien behar ezberdinetara egokitzeko[16]. Txakurrak almidoi handia duen dieta batera ere egokitu dira, beste kanidoak ez bezala[17]. Ikerketen arabera, gizakiengan soziabilitatea handitu eta inteligentzia erlatiboki jaisten duten eremu genetikoetan mutazioak dituzte txakurrek[18][19]. Txakurrek bariazio handia izan dute tamainan, kolorean eta forman[20]. Horiek paper oso ezberdinak dituzte gizakien ondoan; lan horietako batzuk dira: ehiza, abeltzaintza, leretatik tiratzea, zaintza, poliziak laguntzea, adiskidetasuna edo ezgaituak laguntzea. Duen papera dela eta, askotan «gizakiaren lagunik onena» etiketa eman zaio.
2021etik 2022ra bitartean, maskotatzat hartutako txakur-kopurua 11 milioitik gora hazi da Europan. 2021etik zenbatu den etxeko txakurren populaziorik handiena duen Europako herrialdea Errusia da: 17,5 milioi txakur, gutxi gorabehera[21]. Estatu espainiarrean, 2022an, 9,3 milioi etxe-txakur zeuden, gutxi gorabehera[22]. Urte horretan bertan kalkulatu zuten mundu osoan zeuden txakurren kopurua 900 milioi ingurukoa zela[23][24].
Etxeko txakurra duela hogeita hamar mila urte inguruko talde komun batetik dator, eta, harrezkero, munduko bazter guztietara zabaldu da[25]. Jordan haranean aurkitu zituzten gizakiekin batera lurperatutako lehen txakur fosilak, eta duela hamabi mila urte ingurukoak dira[26]. Orduz geroztik, txakurrek eta gizakiek batera eboluzionatu dute, bai Afrikako eta Eurasiako kulturetan, bai Amerika populatu eta haiekin XV. mendera arte harremanik izan ez zutenetan[27]. Txakurrek gizakien ingurunea, ohiturak eta bizimodua partekatzen dituzte, hala nola zereal eta almidoi ugaridun dietak. Elikadura desegokiak eta antibiotikoak erabiltzeak hanturazko gaixotasun eta gaixotasun immunologiko asko sortzearen errudun dira[erreferentzia behar]. Txakurraren laurehun gaixotasunek giza baliokidea dute, eta bereziki aipagarriak dira: Alzheimer gaixotasuna eta beste trastorno neurologiko batzuk, baita zenbait minbizi-mota, gaixotasun autoimmuneak eta gaixotasun kardiobaskularrak ere[28][29][30][31].
Harreman handia dute gizakiekin, eta harreman horien artean daude: lagun-animaliak izatea, laguntza-txakurrak, txakur zaindariak, lan-txakurrak, ehiza-txakurrak, lasterketako txakurrak, txakur gidariak, ardi-txakurrak, unai-txakurrak, gerra-txakurrak, polizia-txakurrak, etab[32][33][34][35].
Remove ads
Jatorria
| Otsoaren dibergentzia denbora | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| Genoma osoaren analisi filogenetikoarekin osatutako zuhaitz honetan gaur egungo otso eta txakur populazio ezberdinak agertzen dira[7], bi mutazio denbora ezberdin kontuan hartuz, Lindblad-Toh (1x10−8)[5] edo [Skoglund] (0.4x10−8).[36] Txakurra azpiespezie genetikoki dibergentea da otsoarekiko, baina txakurren arteko dibergentziak txakurrek eta otsoek dutenaren ia parekoak dira; ziurrenik, antzinako nahasketa genetiko eta otso-geneen prebalentzia handiagoaren ondorio izango da.[7] |

Txakurren jatorriari buruz, gero eta ikerketa gehiago daude[37]. Txakurra eta otsoaren mapa genetikoen konparazioaren arabera, txakurra otsoaren azpiespeziea dela onar daiteke[38]. Txakur etxekotu baten ebidentzia fosil zaharrena 2008an aurkitu zen Belgikako Goyet kobazuloan, 31.700 urte ingurukoa eta, dirudienez, Aurignac aldiko kulturari lotua[39]. Ordura arte, ebidentzia zaharrenak Errusian aurkitu ziren (Eliseevichin, Briansk oblasta), 14.000 urteko antzinatasunarekin. Gizakiak otsoen zenbait ale etxekotu zituen, edo, segur aski, ez zen otsoa beren herrixketan sartu, eta txakurkumeak han edukitzea eragozteko gai izan. Txakurra baliagarria zen ehizan laguntzeko eta taldea eta bere bizilekua defendatzeko, Saudi Arabian topaturiko duela 8.000 urteko grabatuek erakusten dutenez[40]. Pixkanaka, gizakiak bere beharretara egokitu zituen, eta hainbat arraza sortu zituen ingurune eta lantegi desberdinetara moldatuak. Ebidentzia genetiko eta arkeologikoak iradokitzen du etxekotze-prozesua Afrikako eta Eurasiako bi muturretan gertatu zela modu independentean –nahiz eta gerora ekialdeko populazioak mendebaldekoa ia erabat ordezkatu zuen–[41], bai eta Amerikako kontinente osoa populatu zuten kulturetan ere[42].
Gizakia berehala ohartu zen txakurrak zituen usaimenaren eta entzumenaren zentzu finez: bere usaimena gizakiarena baino indartsuagoa da —usaimen-eremua hogei aldiz lodiagoa du; artzain-txakur alemanaren kasuan, azalera gizakiek baino hogeita hamalau aldiz handiagoa du, eta berrogei aldiz usaimen-zelula gehiago—, eta bere belarriak gizakiek entzuten duten maila baino askoz beheragoko eta goragoko soinuak hautemateko gai dira. Abantaila horiek oso erabilgarri dira ehizarako eta zaintza-lanetarako (adibidez, artzaintzarako eta artaldeak babesteko). Txakurrak oso estimatuak dira ehizan ematen duten laguntzagatik. Danimarkako Mesolitoko Svaerdborg hilerrian lurperatutako txakurrek erakusten dutenez, Europa zaharrean, jada lagun baliotsuak ziren. talde erabat hierarkizatuetan bizi den gizarte-ohituradun animalia izanik, gizakiekin batera bizitzera egokitu zen.
Zibilizaziorako prozesuan, txakurra gizakiaren lagun izan da. Bere presentzia frogatuta dago munduko kultura guztietan. Horrela, Perun, garai aurrehispanikoan, mocheek ehizarako laguntza gisa erabiltzen zituzten, baita etxeko maskota gisa ere. Sipango jaunaren ehorzketan, ehizan erabili bide zen (burezurrak haginak ongi garatuak baitzituen) txakur baten arrastoak aurkitu ziren hilobien barruan.
Etxeko txakurraren Burezurra eta hortzak, otsoarekin alderatuta, txikitu egin dira, ez baitute harrapakin handirik hil behar. Era berean, haragizko dieta batetik gizakien elikaduratik eratorritako hondakinez osaturiko dieta batera pasatzean, garun txikiagoak garatu zituzten, hazteko eta elikatzeko kaloria eta proteina gutxiago behar dituztenak.
Gizakiak txakurraz duen pertzepzioa aldatu egin da eta aldatu egiten da kulturen arabera. 1492 baino lehenagoko zenbait etnia amerikarretan, Asiako Ekialde Urruneko zonaldeetan oraindik gertatzen den bezala, zakurrak, zuzenean, jateko erabiltzen zituzten. Ekialde Ertaineko zonaldeetan, berriz, txakurrak, itxuragatik, txakalekin lotu izan dira —izan ere, XX. mendearen amaieran genetika garatu zen arte, mundu osoko txakur arruntak txakalen ondorengoak zirela uste izan zen zientifikoki—, eta, txakalak nagusiki sarraskijaleak direnez, txakurrak ere zikintzat jo izan dituzte inguru horretan. Agian, otsoarengandik eratortzen ez den txakur espezie bakarra txakur fuegino edo yahgana da, Lycalopex culpaeusetik eratorriko bailitzateke.
2016an, Antropologia Ebolutiboko Max Planck Institutuko Giza Eboluzioaren Saileko Angela Perrik dio, balitekeela txakur modernoa ez izatea otso gris modernoaren leinu berekoa, baizik eta oraindik identifikatu gabeko Pleistozenoko otso azpiespezie batekoa[43][44].
Remove ads
Etologia
Txakurrak hamar hilabete betetzean, ikaste adina heldu zaio. Momentu horretan, haren kume aroa bukatzear dago, eta heldu garairako prestatu behar du gizakiak. Ikaste hori oso garrantzitsua da haren bizitza egokiro garatzeko. Prozesu horretan hasi aurretik, eguneroko bizitzan bizi izandako eskarmentu positibo nahiz negatiboak premia handikoak izango ditu ikasketa prozesu hori errazteko edota sailkatzeko. Ordu arte, animalia ez da inoiz derrigortu ezer egitera, hau da, bakean ibili da, eta jolasaren truke ez zaio ezer eman.
Baina, une horretatik aurrera, taldearen barruan bere lekua zein den ikasi behar du. Hots, hortik aurrera, ez du katuen atzean ibili behar; bere jabearen ondoan geratu behar da, bai zutunik, bai jesarriz; bere abiaduran ibili, tiratu gabe, eta hainbat gauza gehiago. Txakurra, ordea, ez dago aginduetara ohituta, eta ez du ohitu nahi.
Prozesu oso zaila eta luzea da inoiz, baina ezinbestekoa. Ikasketa hori garatzeko, hainbat ariketa daude, eta, txakurrak ahalik eta azkarren ikas dezan, ikasketa bukaeran, janaria eta jolasa erabiltzen dira saritzat. Horrekin jakingo du ondo egitearen ondorioz saria eta jabearen poza izango dituela.
Animaliaren bezaketak (etxekotzeak, alegia) txakur orekatua izatea du helburu.
Aipatzekoa da Euskal Herrian, orain arte, ez dela etologia batere zabaldurik egon beste herrialde batzuekin alderatuz. Beste herrialde askotan, oso murgilduta daude gai horren inguruan, eta txakurra, familiaren barnean, beste kide bat da bere osotasunean, bai dendetara joateko, bai jatetxera joateko, eta abar.
Remove ads
Txakurra eta gizakia
Txakurra gizakiaren jarduera ekonomikoetan laguntzailetzat erabili ohi da, bereziki artzaintza lanetan abereak gidatu eta beste piztiengandik babesteko. Defentsarako eta zelataritzat ere erabiltzen dira; horrela, ohikoa da etxe aurrealdeetan txakurra lotuta edukitzea pertsona arrotzen etorreraz ohartarazteko eta polizia-lanetan. Itsuak eta beste ezinduak laguntzeko ere erabiltzen dira, itsuen kasuan kaleetan zehar mugitzen eta mugikortasun-arazoak dituzten pertsonen kasuan gauzak garraiatzen. Polizia lanetan ere erabili dira, horien usaimen zorrotzari esker droga ilegalak, lehergailuak eta bestelako substantziak hautemateko gauza baitira.
Txakurraren eragina biodibertsitatean
Txakurrek, gizakiak etxekoturiko gainerako animaliek bezala, inguratzen dituzten ekosistemetan eragiten dute. Katu, karraskari eta txerriekin batera, ornodun espezie askoren beherakada edo desagerpenaren erantzule dira[45]. Harrapakaritza da gehien dokumentaturiko kaltea; bestelako eragozpen, gaixotasun transmisioek, lehiak eta hibridazioek hainbat kalte eragiten dituzte beste espeziengan[46].
Esaerak
- Txákurrak buztana ógiagatik erabiltan du.[47]
- Gaur txakurren eguna egiten du.
- Han ere txakurrak hanka-hutsik ibiltzen dira.
- Txakurraren gauerdiko ametsa izan / Txakurraren putza izan.
- Nagusia nolako, txakurra halako.
- Txakurra katean, ez dago bakean.
Euskal Herriko bertako txakur arrazak
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
