Deustuko elizatea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Deustuko elizatea Bizkaiko udalerri independentea izan zen, 1925eko urtarrilaren 1 arte;[1] egun hartan, Bilbori anexionatu zioten, Bilbok lur gehiago behar zuelako. Nekazaritzako udalerria zen Deustu, eta udaletxea San Pedro elizaren ondoan zegoen. Udalerriaren erdigunea izen bereko plaza zen, pilotalekuarekin batera.
Udalerria bi aldetan banaturik zegoen: goierria, baserritarra; eta erribera, arrantzalea. Dena den, gaur egungo Deustuko San Pedroko auzoaren iparraldean Ybarra familiak jauregi bat eraikiarazi zuen 1893ean. Jauregi hura oso handia zen, eta auzoaren lurralde gehiena hartzen zuen; hipodromo bat ere bazeukan. Sarrikoko gainean, ostera, Zubiriatarren etxaldea zegoen, egun Larrako dorretxea dagoen tokian.