Garapen Jasangarrirako 4. helburua: kalitatezko hezkuntza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Garapen Jasangarrirako 4. helburua edo GJH 4 kalitatezko hezkuntzan oinarrituta dago, eta izenak berak dioen bezala Garapen Jasangarrirako Helburuetan laugarren da. Helburu horrekin, haur guztiek 2030erako doako lehen eta bigarren hezkuntza osatzea lortu nahi da. Era berean, prestakuntza tekniko eskuragarrirako berdintasunezko sarbidea eman nahi du, genero-desberdintasunak eta diru-sarrerak desagerrarazi nahi ditu, eta kalitatezko goi-mailako hezkuntzarako sarbide unibertsala lortu nahi du. Helburu honek 7 helmuga, 8 plangintza-tresna eta bi ekimen legegile ditu.
2000. urteaz geroztik, aurrerapen handia izan da lehen hezkuntza unibertsalaren xedean. Matrikula-tasa osoa % 91ra iritsi zen 2015ean garapen bidean dauden eskualdeetan, eta eskolara joaten ez diren haurren kopurua ia erdira jaitsi zen mundu mailan. Alfabetatze-tasak ere nabarmen igo dira, eta inoiz baino neska gehiago joaten dira gaur eskolara. Zalantzarik gabe, lorpen nabarmenak dira.
Hala ere, garapen bidean dauden eskualdeetan ere aurrerapena zaila izan da, pobrezia-maila altuak, gatazka armatuak eta bestelako larrialdiak direla eta. Mendebaldeko Asian eta Afrikako iparraldean, abian diren gatazka armatuek eskolara joaten ez diren haurren proportzioa handitu dute, eta joera kezkagarria da.
Garapen bidean dauden eskualde guztien artean Saharaz hegoaldeko Afrikak lortu zituen aurrerapen nabarmenenak lehen hezkuntzako matrikulazioan, baina oraindik desberdintasun handiak daude, batez ere landa- eta hiri-eremuetan. Bestalde, etxe pobreenetako haurrek baliabide gehiago dituzten familietatik datozenek baino lau aldiz aukera gehiago dituzte eskolara ez joateko.