From Wikipedia, the free encyclopedia
Silvio Berlusconi (Milan, Italia, 1936ko irailaren 29a - ibidem, 2023ko ekainaren 12a)[1], ezizenez Il Cavaliere ("Zalduna"), enpresaburu eta politikari italiarra izan zen. Italiako Errepublikako lehen ministroa hiru aldiz izan zen: 1994-1995, 2001-2006 eta 2008-2011.
1994tik 2008ra Forza Italia alderdiko buruzagia izan zen eta, handik aurrera, Il Popolo della Libertà ("Askatasunaren Populua") alderdikoa. Telebista kateen artean, Frantziako La Cinq eta Espainiako Telecinco barne hartzen dituen Mediaset enpresako nagusia izan zen, eta ETBrekin ere kontratuak izan zituen[2]. Halaber, 1986tik AC Milan futbol taldearen jabea zen.[3] 2012an, Forbes aldizkariaren arabera, munduko aberatsenen zerrendako 169.a zen.[4]
Zuzenbidea ikasi zuen Milanen. Enpresa ugari sortu eta zuzendu zituen. 1994an, Fininvest haren holdingak enpresa hauek biltzen zituen, besteak beste: garrantzi handiko hiru telebista kate, bi egunkari, aldizkari asko, Mondadori argitaletxea, La Standa saltoki handiak, aseguru eta finantza etxeak eta AC Milan futbol taldea. 1994an Forza Italia alderdia sortu zuen eta hauteskunde orokorretara aurkeztu zen, martxoan, Iparraldeko Ligarekin eta Aliantza Nazionala alderdi neofaxistarekin batera. Forza Italiak botoen % 21 lortu zituen, eta haren aliatuek, berriz, % 23. Silvio Berlusconi lehen ministro izendatu zuten, baina handik gutxira, 1995eko urtarrilean, kargua utzi behar izan zuen, haren aurkako anitz ustelkeria salaketa zirela kausa. 1996ko urtarrilean, Berlusconiren kontrako epaiketa hasi zen, Milanen. Hiru hilabete geroago, hauteskundeak galdu zituen. 1997ko abenduan, urtebete eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina 2000ean barkamena eman.[5]
2001ean, bigarrenez lortu zuen lehen ministro izatea, Casa delle Libertà ("Askatasunen Etxea") zentro-eskuineko koalizioak hauteskundeak irabazi ostean. 2005eko apirileko udal hauteskundeetan zentro-eskuinak emaitza txarrak izan ondoren, Berlusconik dimititu zuen, baina bi egun geroago gobernu berria osatu zuen, berriz ere bera lehen ministro izanik. Zentro-ezkerra nagusitu zen 2006ko Parlamenturako hauteskundeetan; hala ere, Romano Prodik bi urte baino ez zuen agintean iraun.[3] Alderdiaren izena hirugarrenez aldatuta, 2008ko apirileko hauteskundeak Il Popolo della Libertà koalizioarekin irabazi zituen Berlusconik. 2009tik aurrera, haren sexu eskandaluek oihartzun handia izan zuten. Azkenik, 2011ko azaroan, egoera ekonomiko larriak, diru merkatuen presioak eta legebiltzarraren babesa galdu izanak dimititzera behartu zuten.[6][7]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.