From Wikipedia, the free encyclopedia
Spinosaurus (antzinako grezieraz «arantzadun musker» esan nahi duena), dinosauro teropodoen genero bat izen zen. Kretazikoko hasieran bizi izan zen duela 99-93'5 milioi urte artean[1], gaur egungo iparraldeko Afrikan. Bi espezie ezagutzen dira, S. aegyptiacus (Egipton aurkiturikoa) eta S. maroccanus (Marokon aurkitua)[2], azken hau eztabaidagai bada ere.
Spinosaurus | |
---|---|
112 Ma-97 Ma | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Saurischia |
Familia | Spinosauridae |
Subfamilia | Spinosaurinae (en) |
Generoa | Spinosaurus Stromer, 1915
|
Azpibanaketa | |
| |
Datu orokorrak | |
Elikadura iturri nagusia | haragijalea |
Luzera | 14 m |
Inoiz bizi izan den haragijalerik handienetako bat izan zen, Tyrannosaurus baino handiagoa zen. 12-18 metro arteko luzera eta 7-9 tonako pisua hartzen zituen[3].
Richard Markgrafek 1912an teropodo erraldoi baten hezurdura zatia aurkitu zuen Egipto mendebaldeko Bahariya Formazioan. 1915ean Ernst Stromer paleontologo alemaniarrak deskribatu zuen eta Spinosaurus aegyptiacus izena eman zion[2]. 1934an Stromerrek berak Bahariya Formazioko orno batzuei eta atzeko hanken hezurrei Spinosaurus B izena emanz zien[4]. Dena dela Carcharodontosaurus edo Sigilmassasaurus espezien aztarnak izan zitezkeela uste zuen. Aztarna hauek Munichera bidean kaltetu egin ziren eta ondoren 1944ko aliatuen bonbaketek suntsitu egin zituzten.
1996an Dale Russellek lepoko orno bat aurkitu zuen Marokoko Kem Kem Ohean eta S. maroccanus izena eman zion, S. aegyptiacus espeziearen ornoak baino luzera-altuera ratio txikiagoa zuelako. Hainbat zientzilarik banakoen arteko aldakortasun onargarria zela iritzi zioten eta gaur egun nomen dubium[5] edo S. aegyptiacus ale gazte bat dela kontsideratzen da[6].
Zazpi Spinosaurus ale deskribatu dira:
Aztarna txikiagoak ere aurkitu izan dira, hortz solteak edo hezur zati batzuk.
Hasieratik ikusi zen Spinosaurus-a dinosauro teropodo handienetakoa zela[13]. Friedrich von Huene (1926)[14] eta Donald F. Glut (1982)[15] paleontologoek 15 metrotik gorako luzera eman zioten eta sei tona baino gehiagoko pisua. Gregory Paul-ek (1985) ere 15 metrotik gorako teropodoa zela esan zuen baina gehienez 4 tona izango zituela kalkulatu zuen[16].
2005ean Dal Sasso-ren taldeak Suchomimus espinosauridoaren proportzioak aintzat hartuta 16-18 metrotako luzera eta 7-9 tonatako pisua zehaztu zuen[11]. 2007an François Therrien eta Donald Henderson paleontologoek 12'6-14'3 metrotako luzera eta 12-20'9 tonako pisua kalkulatu zuten[3].
Mutur estua zuen eta kono itxurako hortz zuzenak zituen. Muturrean sei-zazpi hortz zituen eta alboetan beste hamabina. Alboetako hortzen artean bigarrena eta hirugarrenak nabarmen handiagoak ziren. Begiartean gandor txiki bat zuen. Dal Sassoren taldearen arabera garezurrak 1'75 metrotako luzera zuen, gaur egun 1'6-1'68 metrotakoa zela pentsatzen da[17].
Lepo gihartsu luzea zuen, "S" itxurakoa. Sorbalda irtenak zituen eta besoak luzeak eta sendoak ziren. Eskuetan hiru erpe zituen eta lehenengo hatza handiagoa zuen. Falangeak luzeak ziren eta barnerantz okertuta zeuden[12].
Bizkarraldeko ornoek arantza luzeak zituzten gorantz zabaltzen zirenak, animaliari "bela" antzeko egitura bat gehituz. "Bela" horrek Eguzkiak jotzerakoan odola azkar berotzeko funtzioa izango zuen, eta beroa sakabanatzeko ere balio zezakeen. Ornoek dituzten arantza luze hauek ornoaren gorputza baino hamar aldiz luzeagoak ziren[18]. Aurreko arantzak luzexeagoak ziren atzekoak baino eta oinarrian zabalagoak puntan baino. Zalantza dago konkorraren itxura izango ote zuen egiturak (Stromer, 1915) ala bela itxura (Ibrahim 2014).
Gainerako teropodo erraldoiekin alderatuta aldakoa txikia eta atzeko hanka laburrak zituen. Tibia femurra baino luzeagoa zen gainera. Isatseko ornoek ere arantza fin eta laburrak zituzten[19], eta bertikalki zapala izango zela pentsatzen da, gaur egungo uhandreen eta krokodiloen isatsen antzekoa[20].
Spinosaurus-ak Espinosauridoen familiari ematen dio izena. Familia honek bi subfamilia ditu, Baryonychinae (Baryonyx walkeri da espezie ezagunena) eta Spinosaurinae. Bigarren honetan kokatzen da S. aegyptiacus. Ardenen aurkikuntzak kontutan hartuta honako kladograma osatu zen 2018an[19]:
Spinosauridae |
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Ez da zehazki ezagutzen Spinosaurus-aren bizkarreko arantzen funtzioa baina hainbat hipotesia plazaratu dira. Argi dago animaliaren itxura nabarmen handitzen zutela eta gainerako espezieak beldurtzeko egitura egokia izango zela[18].
Hipotesi nagusia termorregulaziorako egitura izatearena da. Arantzak elkartzen zituen mintz bat izanzezakeen, "bela itxurakoa" eta odol hodiz josia, eta azalera hori erabiliko zuen beroa xurgatzeko. Honi esker animalia odol berokoa izan zitekeen erdizka, eta gauetan tenperatura asko jeisten zen eremuetan bizitzeko aukera izango zuen. "Bela" honek eguzkitan odola berotzeaz gain haizelekuetan asko freskatzeko aukera ere izango zuen[21]. Baileyren ustetan ordea (1997) belak bero gehiago xurgatuko zuen irradiatuko zuena baino eta horregatik gantz geruza izango zutela pentsatzen da berotatik isolatzeko[18].
Beste hipotesi baten arabera bikotea erakartzeko egitura bat izango zen, gaur egungo paumen itsatsaren antzera erabili ahalko zuena. Stromerrek dagoeneko iradoki zuen arrek eta emek tamaina desberdinetako arantzak izango zituztela[4].
Gimsaren taldeak hirugarren hipotesi bat atera zuen 2015ean. Marlin beladun arrainaren antzeko egitura ikusita helburu hidrodinamikoa zuela iradoki zuen[22]. Animalia urtarra zela ondorioztatu zuten. Bela marlinak bezala erabiliko zuen eta isatsa Alopias marrazoen antzera. Marlinek bela erabiltzen dute taldelanean arrain saldoen bola erraldoiak sortzeko eta ondoren erasotzeko.
Ez dago argi harrapari lehortarra edo urtarra zen. A. J. Charig eta A. C. Milner paleontologoek Baryonyx walkeri arrantzalea zela esaterakoan Spinosaurus-a ere izan zitekeela pentsatu zen. Hainbat ezaugarri anatomikok krokodiloekin lotzen ditu gainea, sudurzuloak gorantz begira, hortz konikoak eta isatsa bertikalki zapaldua adibidez. Urdailean arrainen hondarrak eta iguanodon hezurrak zituzten Baryonix-ak aurkitu dira, Spinosaurus-a ordea harrapari oportunista izango zela pentsatzen da, tamaina txikiko eta ertaineko animaliak ehizatuko zituena, eta sarraskijalea ere izango zen[16]. Pterosauro baten hondarretan ere aurkitu da Spinosaurus-aren hortz bat.
2010an espinosauridoen hortzak oxigeno isotopo analisi bidez ikertu ziren eta garai hartako krokodilo eta dortoken hortzekin alderatu ondoren, bizimodu erdi urtarra zutela ondorioztatu zen[23]. Donald Hendersonek 2018an biriken kokapena aztertu zuen eta ur azaletik asko ezingo zela murgildu ondorioztatu zuen, ondorioz burua uretatik kanpora zuela flotatuko zuela iradoki zuen. Horregatik denbora gehiena uretatik kanpora edo sakonera txikiko uretan pasako zuela iradoki zuen[24].
XX. mendean zehar lau hankatan irudikatu izan zen baina 1970. hamarkadaren erdialdetik aurrera bi hankatan ibiltzen zela ikusi zen, Baryonix-a aurkitu ondoren bereziki. Espinosauridoek ezin zuten eskua errotatu eta ahurra lurraren kontra zapaldu[25].
Gaur egungo Afrika iparraldean aurkitu dira Spinosaurus-aren fosilak, Egipton, Tunisian, Aljerian eta Marokon[26]. Egipton aurkituriko aleek erakusten dute itsasertzean bizi zirela, marearteko gunean, eta bertako flora nagusia mangladia izango zen. Harrapari erraldoi ugari izango ziren Spinosaurus-aren inguruan, Bahariasaurus-a eta Carcharodontosaurus-a adibidez. Sauropodoak ere baziren eta dortokak eta muskerrak. Uretako faunaren barnean plesiosauroak eta arrain kartilagosoak zeuden[27].
Urtesasoi lehorrean pterosauroak ehizatuko zituen[28].
Dinosauroen inguruko liburuetan sarritan marraztu izan da, "bela" egitura hori dela eta, baina informazio urria izan da urteetan zehar eta oinarri zientifikorik gabeko irudikapenak izan dira.
Jurassic Park III filmean protagonista nagusia bihurtu zen. Tyrannosaurus-aren aurka borrokatu eta irabazle ateratzen da[29].
Afrikako hainbat herrialdetako zigilutan irudikatu izan da; Angolan, Gambian eta Tanzanian esate baterako[30].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.