cover image

Tsunami

From Wikipedia, the free encyclopedia

Tsunamia (japonieraz 津波, portuko olatua) olatu erraldoi bat[1] edo multzo bat da, itsasoko ur kopuru handia bertikalki eta laster desplazatzen denean sortua. Fenomeno natural hau lurgaineko zein itsaspeko lurrikarak (itsasikara[1]) sortua da gehienetan[2], baina baita luizi, sumendi erupzio zein meteorito handien talkak ere[2]. Itsaspeko eztanda atomikoek ere sortu omen ditzakete. Horregatik, nahiz eta olatu erraldoi itxura izan, ez dira egiazko olatuak, hauek haizeak eragindakoak baitira.

2004ko Indiako ozeanoko tsunamia (Ao Nang, Krabi probintzia, Thailandia)
Kostarantz doan tsunami baten infografia.

Fenomeno hau sarrien pairatzen duen eskualdea Ozeano Bareko kostak dira, bertan kokaturik baitago Suzko Eraztuna edo aktibitate sismiko handien duen bi plaka tektonikoen talka lerroa, batez ere Asiako ekialdea.

Garrantzitsua da jakitea ez dela nagusiki tsunamiaren garaiera suntsitzaile egiten duena, baizik eta ur mailaren igoeraren iraupena eta honek desplazatutako ur kopurua: hainbat metro garaierako olatuak, agian hamar metro ingurukoak, sarri agertzen badira ere Ozeano Bareko kostetan, ez dute nahiko ur eramaten lur barnera sartzeko haina. Aldiz, olatuak bi metro eskas izanik ere, ur kopuru handia badu, suntsitzailea izan daiteke oso, lehorrean ehunka metro sartuz, leku laua eta oztopo naturalik gabea bada. Halaxe gertatu zen Indonesiako Banda Aceh estatuan 2005eko abenduan, olatua lehorrean hainbat kilometro sartu baitzen.