Alaska

Ameriketako Estatu Batuetako estatua From Wikipedia, the free encyclopedia

Alaskamap
Remove ads

Alaska (ingelesez /əˈlæskə/ ahoskatua; aleutieraz: alaxsxaq, «kontinentea» esan nahi duena) Amerikako ipar-mendebaldeko muturrean dagoen lurraldea da. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) estatuetako bat da 1959tik. Ozeano Artikoa du iparraldean, Ozeano Barea hegoaldean, Kanada ekialdean, eta Beringeko itsasartea mendebaldean. Itsasarte horren bestaldean, Errusia dago. Geografikoki, AEBetako gainerako estatuetatik bereizita dago. Mendebaldeenen dagoen estatua da, baina zati bat ere ekialdeko hemisferioan du, beraz ekialdeenen dagoen estatua da[1]. Hiriburua Juneau da.

Datu azkarrak Ereserkia, Administrazioa ...
Remove ads

Orografia

Hiru eskualde nagusi bereizten dira: batetik, mendilerro garaiak, Denali (6.194 m, Ipar Ameriketako gailurra), Logan (5.956 m) eta San Elias (5.510 m); bestetik, barnealdeko goi ordokiak, Yukon ibaiak igarotzen dituenak; azkenik, Brooks mendiek bereizten duten Artiko Ozeano aldea.

Klima

Hegoaldeko ozeano aldeko klima hain gogorra ez bada ere, barnealdeko kontinente aldeko klima oso hotza da (-57° C-rainoko tenperaturak). Iparraldea polarra da.

Ekonomia

Mea aberastasunak handiak dira: urrea (gainbehera), kobre eta petrolio ustiapenak eta ikatz eta burdin gordailu handiak. Arrantza industria (izokina, halibuta eta karramarroak) mea industriaren parekoa da; halaber, kontserba industria. Laborantza (lekadunak eta fruitu mamitsuak) oso zabalduta dago, latitudea kontuan hartzen bada. Larruki eta zur industria handiak ditu. Komunikazio zailtasunak oztopo handia dira ekonomiarako. Aire-trafiko handia du.

Historia

Beringek 1741. urtean esploratu ondoren, Errusiaren eskuetara igaro zen, okupazio hura hala moduzkoa izan bazen ere.

Alaskaren salerosketa

Ingalaterrarekin izandako Krimeako Gerraz geroztik, Errusiak finantza arazo handiak zituen. Bestalde, tsar Alexandro II.ak eta presidente Abraham Lincolnek konfiantza harremana ondu zuten, biek ere Mendebaldeko Europako finantza gizon boteretsuen kontra borrokatu behar izan baitzuten (Rothschild familia), bereziki Ingalaterraren aurka.

Lurraldea batik bat urruti zegoen San Petersburgotik, defendatzeko zaila zen eta Kanadatik –Britania Handiaren menpekoa zen– gero eta esploratzaile eta urre-bilatzaile gehiago barneratzen ari ziren Amerikako ingurune horretan. Tsar Alexandro II.ak Britainia Handiaren aldeko ordainik gabe Alaska galtzearen arriskua ikusita, Estatu Batuetako adiskideei saldu nahiago izan zuen.

Horrenbestez, Estatu Batuetako Andrew Johnson presidente zela, 1867ko martxoaren 30ean, Estatu Batuek Alaska erosi zioten Errusiari, 7,2 milioi dolarren truke (4,19 $/km²).

Urrearen eztanda eta geroko bilakaera

Lurraldeak garapen handia izan zuen urreketarien etorrerarekin (1885-1907, nagusiki). Fairbanks eta AEBak Columbia Britainiarrean barrena lotzen dituen bidea 1942. urtean eraiki zen, japoniarrek Aleutiarrak hartu ondoan. 1959ko urtarrilaren 5ean, Alaska AEBetako 49. estatua bihurtu zen. 1964an, lurrikara izugarri batek astindu zuen Alaskako hegoaldea eta 1989ko martxoan, «Exxon Valdez» petrolio ontziak izan zuen istripuaren ondorioz, 40 milioi litro petrolio isuri zen hango kostaldean, kalte ekologiko izugarriak sorraraziz.

Remove ads

Demografia

2020ko apirilaren 1eko datuen arabera, Alaskak 733.391 biztanle zituen.[2] AEBetako estatuen artean, Alaskak biztanleriaren dentsitate txikiena zuen, 0,46/km2.[3]

Arraza eta etnizitatea

Alaskako biztanleriaren banaketa arrazaren arabera
1990[4] 2000[5] 2010[6] 2020[7]
Zuriak % 75,5 % 69,3 % 66,7 % 59,4
Indigenak % 15,6 % 15,6 % 14,8 % 15,2
Asiarrak % 3,6 % 4,0 % 5,4 % 6,0
Beltzak % 4,1 % 3,5 % 3,3 % 3,0
Hawaiiko indigenak

eta Ozeano Bareko uharteetakoak

% 0,5 % 1,0 % 1,7
Beste bat % 1,2 % 1,6 % 1,6 % 2,5
Bat baino gehiago % 5,5 % 7,3 % 12,2

Hizkuntzak

Hizkuntzei dagokienez, ingelesa nagusia da. 2019ko American Community Survey-ren arabera, biztanleriaren % 83,7k ingelesez soilik hitz egiten zuen. Biztanleriaren % 4k gaztelaniaz hitz egiten zuen eta % 5,6k, Asiako eta Ozeano Bareko uharteetako hizkuntzaren bat.[8]

Alaskan 20 hizkuntza indigena daude,[9] gehienak inuit-yupik-unangax edo na-dene familietakoak; horiez gain, tsimshian eta haida ere hitz egiten dira.[9] 2014ko urrian, 20 hizkuntzari ofizialtasuna eman zitzaien[10] eta 2024an, beste batzuei.[11] Hauek dira legeak barne hartzen dituenak:

  1. Iñupiaqera
  2. Siberiar yupikera
  3. Alaskako yupikera
  4. Cup’ig
  5. Alutiiqera
  6. Unangax (aleutiera)
  7. Dena'ina
  8. Deg xinag
  9. Holikachuk
  10. Koyukon
  11. Goiko kuskokwim
  12. Gwich'in
  13. Beheko tanana
  14. Erdialdeko tanana
  15. Goiko tanana
  16. Tanacross
  17. Hän
  18. Ahtna
  19. Wetał (tsetsaut)
  20. Eyakera
  21. Tlingit
  22. Haida
  23. Sm'álgyax (tsimshian)
Remove ads

Hiri nagusiak

Thumb
Anchorage, Alaskako hiririk handiena.
Thumb
Fairbanks, Alaskako bigarren hiririk handiena eta barnealdeko nagusia.
Thumb
Juneau, Alaskako hirugarren hiririk handiena eta hiriburua.
Thumb
Denali mendiaren ikuspegia.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Alaska mendebaldeenen eta ekialdeenen dagoen estatua da, geografiaren gaineko zortzi bitxikerietako bat da bideo honetan.
Informazio gehiago Zbk., Udalerria ...

Oharra: EEL erroldak esleitutako lekuak dira.

Remove ads

Erreferentziak

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads