Bere mugape zabalean (46,93 km²) protohistoria motako hainbat barruti gotortu erroldatu dira, batzuk ondoko udalerrira ere hedaturik: Madalena edo Argañe mendia (Atharratze-Sorholüze eta Iruri), Haitzhandialtea, Lexegieta (Iruri), Ollohoki eta Zerra mendia.[8]
Barkoxeko altxorra edo "altxortxoa", XIX. mendean, Larraja auzoko Espelia baserrian aurkitutako txanponen multzoa da. Ebro arroko erromatartze hasierako txanponen multzo garrantzitsuenetakoa da. Altxorrak 1.700 eta 1.800 pieza bitarte zituen.
XIX. mendean, Larraja auzoko Espelia baserrian, burdin aro amaiera edo erromatartze hasierako 1724 txanpon aurkitu zituzten, Barkoxeko altxorra, hain zuen. Ebro arroko txanponen multzo handiena da, eta gertuko protohistoriako gazteluzaharrekin.
Barkoxen Zuberoako bizkonderriaren menekoa zen abadetxe laikoa zegoen. Han, errege-epaitegia edo bailego zegoen,[2] eta haren epaiak Lextarreko gortera apelatu zitezkeen. 1790. urtean Maule-Lextarreko barrutiaren menekoa zen kantonamendu bateko buru izan zen Barkoxe. Kantonamendu horretan, Barkoxez gain Arrokiaga eta Ospitalepea herriak zeuden. 1879. urtean, Ezpele etxaldeko lurretan altxor bat aurkitu zen, 1.700 edo 1.800 zeltiberiar txanponez osatua, K.a. 400-100. urteen ingurukoa.
Barkoxek biztanleen galera etengabea eta garrantzitsua izan zuen XIX. mendearen erdialdetik aurrera. 1841ean 2.372 biztanlera izatera iritsi zen, baina ordutik populazioa galduz joan zen eta 1960ko hamarkadan 1.000 biztanleen mailatik behera geratu zen. XXI. mendearen hasieran 700 biztanle inguru zituen.